www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa  

XVIII
EZTEIAK

 

        Zonbeit egun oraino, eta Piarres eta Goaña bat eginak zitezken Jainkoaren aintzinean. Oihanaldean, Lizartzan, ororen moldatzen ari ziren. Othoitzaz, Sakramenduez bere arima gehiago oraino edertu zuen Goañak, eta eskerrik aski ez zuen Piarresek Jainko maitearentzat.

        Gaxuxa zenaren mina sobra handia zuten Oihanaldekoek, gisa ez zenik deusere egiteko ezteietan. Musikarik ez zen behar: hoi... gauza ageria. Ez zukeen ere bertzela nahiko Oihanaldeko andreak berak, bizi oraino izan balitz.

        Joanesenganik ikasia, bazakien Piarresek, seietan hogoi bazkaltiarretaraino biltzen zirela Garaziko etxalde on zenbeitetan. Senperen ez zen holakorik ikusten. Bainan han ere jada, asko jende aphal baziren, beren indarrez gorago egun hetan altxatu nahi zirenak. Deus ez zitzaioten sobra orduan. Eztei gaitzak egin zirela heien ezteiak: horra heien gogo eta grina bakarra. Hirri maltzurrak oro ikusi baluzte biharamunean eta mihi-sistako guziak entzun! Eta ethenduak, hustuak gelditzen ziren gero, ilhabetheak iraganen baitziren eta beharbada urtheak, hek deuseri lotzen hasi orduko: bazka... ferderik jana alabainan! Gaixoak! Norbeit ontsa orhoit zen orai heien ezteiez!

        Bertze indarrik bazen Oihanaldean eta Lizartzan hala-hala; bainan bertze zuhurtziarik ere bai. Ahaideak han izanen ziren, behar ziren auzoak hala-hala. Piarresek galdeturik, ethorriko ziren pilotari lagun zonbeit, gerlako haren adixkide Mixel, Manex eta bertzeak. Joanes Garaztarra Senpererat jautsiko zela egun hartan, ez dugu erraitearen beharrik: hura gabe ez zitezken Piarresen ezteiak. Goañaren kantari lagun multxo bat jinen ziren hek ere: orotarat, berrogoi bat ezteiliar.

 

* * *

 

        Espos bezpera goizean, Goaña, Piarres, jaun erretorarenganik geroari buruz behar ziren argiak oro harturik, belhaunikatu ziren Mahain sainduan, eta hazkartuak altxatu, Jesus bihotzean emanik.

        Eta bazen haro Oihanaldeko sukaldean eta etxearen inguruan ere. Oilo, ahate eta oilaxkoak eskapaka zabiltzan, berro-sasietan gorde nahirik. Bainan lerro-lerro gero, hil eta biphilduak, hedatuak ziren mahainaren gainean, hori-horia aztaparrak, gorri-ubel kukurustak. Su-alimaleko baten aintzinean, sekulako eltzeak lanean ari ziren kal-kal-kal. Elizako dorreak iduri, ez zen Katalinbroxik ageri, bainan bai, ordean, pastizaz zernahi leiho ondo guzietan. Eta, Lizartzako andrea eta Marie orori behatzaile, harat hunat bazabiltzan emaztekiak, beren ulitxekin uzteko hobeak baitziren segurki, hainbertze egitekoen erdian! Thomas, Piarres, arnoaren erausten ari ziren eta, erautsi bezenbat, selaururat eremaiten. Eta gero, Xemartin zurgina lagun, selauru eder hartan moldatu zuten biharamuneko mahain handi-luzea. Artexa zen Xemartin, osoki artexa, eta lana bazeraman airean. Bainan, tartean, paretari kontra xutik eman arno-untzi heieri behatu eta, ñir-ñir zioten begiek...

        Baxenabarren, zonbeit aldiz bederen, egiten dire oraino etxe-sartze handiak, halakorik ez baita ikusten gehiago Senperen. Beren uso xuriekin kaskoan, hiru-lau katalinbroxetaraino lerroan agertzen dire, neskatxa gazteen besoetan; bazterrak oro dirdiran emaiten dituela, huna mirail handia; dena floka eta xingola, jauzika emaztekien buruaren gainean, horra zare edo otharre xuriak, gain-gaineraino ogi, arno, edari, zernahi puskez mukurru betheak; huna orai kutxa eder, ohe eta bertze mubleak, flokarekilako akilua eskuan, orgetan ekartzen baitutu etxeko-semeak, heien egile zurgina, mailu bat eskuan, laneko-soinetan heldu dela orgen eskuinetik; horra azkenean dotzen-erdi bat edo gehiago ahari, gizenak, ederrak, xingolaz estalirik, xixtuka bere aintzinean baiteramazka artzainak, bulunbulun egiten dutela heien goare handiek...

        Ez, holakorik ez da gehiago ikusten Senperen, hoinbertzetarainokorik egin ere bada sekulan. Garazin ere urthuz eta guttituz badoazi eta!...

        Gainerateko linja eder batekin, kaskoraino metatu ziren mihiseak, armario handian. Marie lagun, Piarres eta Goaña Baionan izanak ziren joiaketa. Soineko, urheria eta bertze gauza, behar zirenak oro erosi zituzten hantxet, haur baten loriarekin erakusten baitzituen gero Goañak, ondoko egunetan, bere adixkideeri. Ganbara bat pullita eginarazi zuten aldiz herrian berean.

        Eta, dena floka, dena xingola, alde guzietarik heldu ziren orai Senperen deusak deitzen dituzten ezteietako ikusgarriak, bertzerik ez baitzen ageri kadira eta mahain gainetan, ohe gainean eta, hots, xoko-moko guzietan.

        Arratsean, lehenagoko eskualdun gehienak bezala, lau lekukorekin, herriko etxera joan ziren Piarres eta Goaña. Paxkal Jaun Mera hila zen, zorigaitzez. Haren orde, jaun axuantak irakurtu zioten legea, bere zorionik hoberena gozo-gozoki erran, eta gizonen aintzinean bat egin zituen gero bi espos gazteak.

        Afari labur baten ondotik, bere aitarekin etxerat joan zen Goaña: Lizartzako neskatxa gazte zen gau batentzat oraino... Oihanaldean, lanean arizan ziren emaztekiak arras berant arte.

 

* * *

 

        Biharamunean, argia gabe, erne ziren bazterrak, han, Olhaso kaskoan.

        Bazkaltiarrak heldu ziren, gain-gainetik aphainduak, herriko gizon... edo andre eginak izan balire bezalako patxada berarekin. Piarres, soineko beltx eder batean emana, botoin urheak athorra xurian, laster moldatu zen, nehoren laguntza handirik gabe; Mariek esku-ukaldi bat eman zion doi-doia, beren xiloetan botoinak ezartzeko. Eta gizon ederra zen egiazki Oihanaldeko premua!

        Lizartzan, luzexago izan zen Goañaren moldatzea. Espos egunean, ez zen lehenagoko eskualdun lephoko gorrasteder hetarik emaiten gehiago, ez eta kapa beltxik lephoko-tapiaren gainean. Bi dendari ez ziren sobra, ixkilima bat hemendik kendu eta haratxago ezar, edo bardin... aintzineko toki ber-berean. Xuxen behar zen alabainan mantelin luze xuria, xuxen hala-hala haren gaineko korona pullita! Geroan baliatuko zen soin eder batean, xuri eta beltx, medaila eder batekilako gathe-urrea lephoan, Piarres bezenbat ederra zen orai Goaña. Eta hirriz ari zen, hirriz bi dendarien sukarrari, bainan gehiago biziki... bere bihotz-barneko zorionari.

        Bizkitartean, norbeit eskas zuen oraino Piarresek Oihanaldean, eta atheraino joanik, beha eta beha zagon. Betbetan argitu zitzaizkon begiak: Joanes, Joanes Garaztarra haia-haia heldu, keetaren ondoan agertu zen, eta gero, bi jauziz ethorri bere adixkide minaren ondora. Sorbaldatik ezkerrarekin elgarri lothurik, elgar inharrosi zuten, eta ezagutu zuten biek bethiko amodio bazela heien artean:

        «Barkatuko daak, Piarres, bana ez duk gero Garazi Senpereko mugan! Goizeko hiru orenetan abiatua nuk etxetik!»

        Thomas, Marie eta Oihanaldeko bertze haurrak oro ondoan zituen jada. Eta bethitik ezagutu izan balute bezala, berehala maitatu zuten guziek... Piarresek hainbertzetan aiphatu zioten Joanes on eta prestua.

        Bederatziak eta erditara zoan bizkitartean, eta Thomas oihuz hasi zen:

        «Hots! Bagirea guziak?... Zoazte kontr-esposak Lizartzara.»

        Goañaren bilha, joan ziren beraz bi gizon gazteak. Eta, handik laster, inthari behera heldu ziren oro; xaharrak elgarretaratu ziren; Piarres bere muthil adixkideekin heldu zen, neskatxa lagunekin aldiz Goaña. Arras goratik mintzo bazoazin oro. Goiz bat xoragarria zen, aintzinetik manaturikako goiz bat ederra. Eta jende eta gauza, guziek hirri egiten zioten esposeri, ogi-landa bazterretarik hola lorietan hek bazoazila.

        Xoko beretik biak heldu zirelakotz, ez zen atheratzeko etxerik behar Plazan. Karrikarat arras heldu baino lehen, lerroan moldatu ziren beraz. Bere aitaren besotik eman zen Goaña, bere Marie onarekin aldiz Piarres. Gazte multzo handiaren ondotik heldu ziren Thomas eta Luixa, eta gero adin bateko bertzeak oro. Gazteetarik zonbeit, gibel-gibelean, su-ziri batzu phizturik, banbaka ari ziren alderdi guzietara, emaztekiak karrasietan hasi baitziren lehenbiziko tiroetan. Piarresek hirri bat izan zuen ezpainetan. Aspalditik, Senperen, entzuten ohi ziren tiro horiek, eztei-egunetan, xixpekin lehenagoko denboretan, su-ziriekin orai. Eta orhoitu ere ez zen gerlako bertze su-ziri batzuz; hain urrun ziren, gaur, lehenagoko, guduak!...

        Eta, elizako xilintxa pullita zalapartaka ari zela, sartu ziren karrikan. Heieri maiteki beira han zagozin jendeak; Goañaren eta haren lagunen soineri behako baten emaiterat jin dendari-geiak; ikastera geroko ethorri gazte multzo bat; hola-hola lehen besoz-beso iragan ziren jaun-andre xahar batzu, eta mutxurdin zonbeit oraino... sekulan ezkonduko ez zirenak... Eta guziek maitetasunik baizik ez zuten agertzen aldarearen oinetara zoazin bi gazte onentzat.

 

* * *

 

        Mahain-sainduaren aintzinean ziren orai. Eta, nahiz heien gibelean harramantz asko bazen kadiretan, iduri zitzaioten Piarresi, Goañari, bakarrik, bi-biak zirela, han, eliza handian. Aldare nausia dena argi, dena lore emana zen; hala-hala Ama Birjinaren aldarea. Lege zen bezala, neskatxen bandera xuri-xuria, muthiko gazteena gorri, xuri eta urdin, hedatuak ziren heientzat aintzin hartan.

        Belhaunikatu ziren elgarren aldean, othoitz bat egin zuten; eta berehala han zuten jaun erretora, bi beattar gorriren erdian ethorria. Aphezaren loria handia zen eta ez zioten ukatu: herriko gazte hoberenetarik biga bat egitera zoazin Jainkoaren eta haren aintzinean. Gain-gainetik goretsi zituen Piarres, Goaña, heien bien familia edo sendiak. Hitz batez doi-doia, aiphatu zuen zerutik heieri beha zagon Oihanaldeko andre zena. Erran zioten: «Jainkotiar familia ederren beharra zoinen handia zen bazterretan; zoin handia zen, hortako bereko, Ezkontzako sakramendua; zer laguntzak zakarzken berekin hek bezalako espos gazte onentzat. Jainkoak nahiko zuen zorion izanen baitzuten, luzaz eta luzaz, lehenik lur huntan, eta bethi ta bethi, gero, gain hartan, hainitz haur, iloba eta ilobasoren erdian».

        Erretoraren aintzinean, Joanes eta Mixel, Marie eta bertze ahaide bat lekuko, Piarresek eta Goañak kurutzatu zituzten orduan beren eskuak. Berriz oraino benedikatzen zituela aphezak, erhaztun urhea erhian sartu zion Piarresek Goañari. Elgarrenak ziren eta bethikotz! Meza saindua hasi zen gero berehala, esposek bezala guziek han bildutasunik handienean entzun baitzuten. Meza haren erraiten ari eta espos-andrearen benedikatzen, loriatu zen jaun bikarioa. Bere Piarresez bazuen alabainan espantu harek ere!... Ofertorioan, kurutzefika bat eskuan, joan zitzaioten aintzinera; eta kurutzefika hura ezarri zioten ezpainen gainean, hazkarkixko ere kaskatu baitzituen beharbada ezpain hek. Lehenbiziko beren espos-musua horrela eman zuten beraz elgarri, Jesusen zauriak bitarteko.

        Eta, ezkila handia, gerlako ezkila, musikan ezti-eztia Piarres xaharraren eskuek zerabilkatela, elizatik athera ziren ezteiak. Piarresen besotik heldu zen orai Goaña, eta beso haren gainean ongi finkatua, loria bat begietan bazoan, erregina maite bat bezen eder. Gazte multxoaren ondotik eman ziren Thomas eta Luixa, Batixta eta Marie Oihanaldekoa; gibelean aldiz bertzeak oro. Lerro handia hedatu zen berriz ere karrikan, eta elizaratekoan bezenbat behatzaile bazuten alde orotarik.

        Oihanalderat sobra laster ez heltzeko, eta Kattalin eta bertze eztei-bazkariaren moldatzaileeri behar zen asti guziaren uzteko, Santiagotegirat joan ziren hameketakoaren egitera. Lorez pulliki aphaindu athetik, hostailaz eginikako iaurki baten gainetik besoz-beso iragan ziren beraz jaun andre gazteak, eta bertze guziak gero heien ondotik. Mahain xuriaren gainean ez zen deusen eskasik: kafe, xokolet, bixkotxa eta olata, arno xuri eta gorri, bazen han orotarik. Hirri ere bazen eta maitetasun. Trenpurik hoberenean jada, gazte batzu kantuz hasiak ziren, eta Frantxua, Piarresen pilotari laguna buruzagi-kantari, Iruten ari nuzu xaramelatu zuten, kopla bakotxa emanez bi arno xirristen tartean...

        Banbaka, tiroak berriz ari zirela, bazoazin orai Olhaso kaskorat buruz.

        Oihanaldeko atherat heltzearekin, Piarresek maiteki erran zion Goañari:

        «Huna bururatua nere eta gu guzien amets ederra. Sar zaite, Goaña, zure etxean zira hemen, eta Jainkoak nahiko du hainitz urthez izanen baitzira Oihanaldeko etxek-andre osoki maitatua.»

        Eta, loriatuak biak, sartu ziren beren etxean...

 

* * *

 

        Gizonek trikatu nahi izan zuten sukaldean, su-burdin ederren erdian eta sahetsetan hedatu eltze eta untzi mota guzieri behatu eta berehala lilluratuak oro. Bainan burruntzalia eskuan harturik, Kattalinek mehatxatu zituen eta feratu handik zalukara. Dena urin gainerat heldu zitzaioten zali beroaren beldurrez, karrasiaka hirriz igan ziren beraz ezteiliarrak eta joan selauru handirat. Eta berehala bazen alegrantzia barne hartan!

        eskualdun girixtino onen othoitz laburra eginik, hirriz ari oraino, jarri ziren zoin beren tokietan. Piarres eta Goaña eman ziren erdi-erdian, beren Marie maitea aldean; heieri parrez par aldiz Thomas, Luixa, Batixta. Joanes Garaztarra heldu zen gero adixkide minenaren tokian, eta bertzeak oro segidan, guziak bardin loriatuak. Ganix, Gantxume, Frantxa, Xaneta, prestu-prestua jarri ziren aldiz, dena lore, pastiz eta baxera baizik ez zen mahainaren zola-zolan. Eta salda hori begiduna ethorri zen berehala mahain haren erdira, eriak sendatuko zituen usain bat hedatzen zuela orotara.

        Jainkoari esker, ez zen han eririk, eta, begien hesteko artean, klik eta klak, hustu ziren untzi xuri handiak. Herriko arnotik hurrupa bat ona xurgatu zuten gero, eta hats-hartze luze-luze bat eginik, hobeki zirela orai aithortu zuten guziek.

        Zaluago egin ziren mihiak, luzeago besoak eta hertzeak. Bainan, gerla aintzineko eliza-phestetan bezala, zernahi heldu zen sukaldetik, eta hirriz hasia zen jada Joanes Garaztarra:

        —Errak, to, Piarres. Ohoit hiza Craonneko haragiño hartaz, harrekin xuri-xuria ina baitzen eta gasna ustelaren parekua?... Eta Verdungo bixkotxa hartaz, ene hortzik hoberena kraskatu bainien hantxet, ahamenian hari lothuik, hortxeko pastizari sarri lothuko nizan bezala?...

        —Orhoit naizenez?... Halakorik sekulan ahantziko othe dugu, Joanes?

        —Izaitekotz ere, holako bazkari zonbeiten aitzinian... Baionako erreximendu guziaren asetzekua bahuke hemen, arimaz egia! Ez dea hala, ziek, Manex, Mixel eta beste gure lagunak?...

        Eta, egia erran, oilo, oilasko, xaalki, ahate, Frantzia eta Espainia guzia heldu ziren bethi sukaldetik. Etxe-arnoak kurritzen zuen aldiz, arnozko ithurrotxa sortu balitzaiote bezala Oihanaldekoeri.

        Kantu errepiketan hasiak ziren beraz ezteiliarrak; eta ez zuten gehiago gelditzerik, Piarres, Goaña eta Marie salbu, emaztekiak eta oro lothuak baitziren azkenekotz. Beren gaztetasuneko aireak aspaldian kraskatu boz batekin hala emaiten zituztelakotz, iduri zitzaioten hango xaharreri, berriz oraino gaztetu zirela. Eta hirri bitzi eta ximurtu bat bazoakioten ezpainetarik eta begietara, zinez hunkigarri baitzen heien hala ikustea. Dama gazte xarmant bat, Maitia nun zira, Lurraren pean sar nindaiteke, Uso xuria, bethiko edo bederen aspaldiko aire xaharrak hegaldatu ziren beraz Oihanaldeko laza handien azpitik, eta Olhaso kaskotik jautsi gero ibai zelaietaraino.

        Dorre-bixkotxak kraskatu ziren, pastizak hala-hala. Fruitu edo igaliak urtzen zitzaizkoten ahoan guzieri, eta Iguzki-paretako arno xaharrak... urhea, urhe gorri pullit bat iduri zuen basoetan.

        Alde guzietarik maiteki kitzikatua, Joanes Garaztarrak hasia zuen bere ixtoriottoa:

        «Gomak, Piarres! Sobera arthatzen gituk! Behialako ezteiliarra bano gehiago ez gituk etxetik kasatukoahal! Eta bizkitartian, aitzindu hitzakiak oraikuan, eta ernatu behar diat Garazirat, hire burlarik ez izaitekotz... Nun ez dien andere hotarik batek enekin jin nahi gure mendietarat. Ordian, hiru lau aste gabe oro gomitatzen ziuztet ene ezteietarat...»

        Zaflaka, hirriz hasi ziren guziak, eta ez gutienik hango ezkon-gai andere hetarik zonbeit, muthiko prestuaz berehala agradatuak, futxo!

        «Beraz, jende maitiak, ezteiak bazitzun behin Garazin, egun bezalako eztei batzu gaitzak. Arratsa jin, biharamuna jin, ezteiliarrak oro noizbait juan eta, hetarik bat bethi han ziozun, mahaitik ezin atheratia nehola ere, osoki han lakhetia eta lephoraino kokatia.

        Bigarren eguerditan, bigarren arratsian, hura bethi han, eta bazterrak zinez kexatzen hasiak zitzun.

        Afaldu zielaik, alegia eta norbaitek berri hori ordian ekarri, joaiten ziakozu nausia eta erraiten diakozu:

        —Errazu eta, zure emaztia eritu omen duzu bat-batian.

        Eta harek berehala:

        —Hanbat gaixtoago, gizagaixua!... Bana, zer nahuzu nik in dezadan?

        —Ez zinduke ikustea juan nahi?

        —Zertako? Lanik aski baikezi orai gaixuak bere buruarekin ere!

        Beraz, oherat juan zitzun berriz, berenak goguan. Biharamunian, etxek-andriak, hala hitzartuik bere senharrarekin, erraiten diakozu ezteiliarrari:

        —Errazu eta, zure etxia erre omen duzu gau huntan...

        —Erre? Ene etxia? Hanbat gaixtoago. Beharrik baitut hemen ene atherbia eta atherbe bat huna! Jinkuak esker diela! Bestenaz, hortxet, karrikaren gainian ninduzun!

        Etxe hartako jenden errabia!...

        Hirugarren egunian, zerbait in beharrez, nausi gaztiak erraiten diakozu baskal onduan:

        —Errazu eta, bi ixtape eta jauzian har baginte jauzika, bazkariaren lixeitzeko?

        —Berdin.

        Nausi gaztia finki deliberatia zuzun, ezteiliarrak barnetik kanporat jauzin orduko, kanpuan hantxet utziko ziela, eta briu brau gero athiak hetsiko. Bauk hoberik!...

        Sukaldeko athetik eta kanporat, iten titzi beraz bi... alimaleko ixtape eta jauzi, etxetik bi hurrats urrunago.

        —Zuri orai, hea nausituko zazkianez.

        Eta, barneko aldetik athiaren ondoraino juana baitzen arrotza, alegia eta hobeki ikusteko, deskantsurik hoberenian ihardesten diakozu:

        —Ene bethiko ara hola baitut, kanpotik eta barnerat jauzi inen dizit, gaitzitzen ez bazautzu.

        Eta sekulako bulta hartuik, badiazu ezteiliarra athe handitik eta sukaldiaren erdi-erdira. Eta lehertia, han jarri zuzun berriz, afariaren beha jadanik plantatia.

        Geroztik han diozu, etxe hartan berian, mahaitik ohera eta ohetik mahaira. Nausi etxek-anderiak, xoxotiak luzaz egon onduan, sendatuxiak ditzu orai. Bana, bethi han dizie beren ezteiliarra...

        Berriz nik erran behar banu, gomak, Piarres! Sobera untsi gituk Oihanaldian! Kasu!»

        Eta oro hirriz oraino ari zirelarik Garaztarraren atheraldi pullitari, Piarresek ere egiten zuen bere buruarekin: bai, zinez goxo zela Oihanaldean, eta gezurti bat baizik ez zela persularia, trufaz lehen erran izan zuelarik:

 

«Ezkondu arte zerbait banintzen,

ezkondu eta... deusik ez!»

 

        Hain xuxen, Frantxua xutitua zen. Kafea heldu zen bero-beroa, sutan, pattanttun hoberena ere ba untzi luxe-luxe batzutan. Eta Frantxua bere boz pullitenarekin hasia zen beraz kantuz:

       

GURE HERRIA... GURE!!!

 

Alhor handian, aita, belharren metatzen,

arratsalde erditan, deskantsuz ari zen.

Berho xokotik haurrek zioten behatzen...

Eta bere lanean aita zen xoratzen.

 

Sarrixago, haurño hek dira etxerako,

orga-belhar gainean dira hupatuko;

beren buru maiteak dituzte kurtuko,

heian, karrankaz, orga delarik sartuko.

 

Anhartean beraz, han, bere alhorrean,

burdin-sardi xorrotxa tinki ahurrean,

harat-hunat badabil iguzki beroan,

iguzki beroari behatu gabean.

 

Hatsantua, hor noizbeit, behar du gelditu;

bere esku zainhartak kurutzatu ditu;

sardi-gider gainean pixka bat da kurtu...

Gozoki bazterreri diote behatu:

 

Hara, han-nonbeit, urrun, mendi ederrenak,

haize hegoak hurbil zartzen dituenak;

hara, aldiz, beltz-beltza, herriko oihanak,

hariztegiak eta phagodi ilhunak.

 

Hurbilago, huna hor, ohiko ibarra,

ur hegia salatuz doan zur-xuria;

Horra, xuri-xuria, Eliz-hil-herria,

Jainkoaren gerizan lerroka zarria.

Beraren erresuma huna non den hasten,

huna bere arthoak non diren luzatzen,

huna ogi-garia non den urheztatzen,

haizeak farra-farra duela harrotzen.

 

Aitaxok lehenago landatu aihena,

aztaparka badoa, iguzkira dena...

Ai, zer etxe-arnoa emaiten duena,

hil bat bere hobian, ber-phitz lezakena!

 

* * *

 

Bainan, hortxet, betbetan, landa bazterrean,

nor da hola agertzen, hor, gure lurrean?...

Nongo atrebitua, gure alhorrean,

Orori beha dago, begi ozarrean?

 

Behatze hortaz gauzak oro gaitzituak,

iduri du direla betan mudatuak...

Lehengo eskualdunak, hemen higatuak,

lur-mokor bakotxetik hor dir'altxatuak!

 

* * *

 

Gure aita heldu zen, begia ilhunik...

—Zer behar duzu, jauna, hemen gureganik?

Zer nahi duzu, hiritikan jinik?

Ez dakit... bainan, jada, higuintzen zaitut nik!...

 

—Zer dirutan daukuzu etxea salduren?

Nahi duzun guzia dautzut ordainduren...

Jauregi bat ederra dugu altxaturen...

Eta, kolpe berean, zu aberasturen...

 

* * *

 

Ikare daldaretan aita emana zen,

begiak zitzaizkola biraka jalitzen...

Bere burdin-sardia bi eskuz du hartzen...

Doi-doiak egiten du... ez baitio sartzen!

 

—Zalu joanen zaizkit, zuhurra bazare;

bertzenaz, erroz-gora, gizon hil bat zare!...

Zure diru zikina atxikazu zure,

bainan utziren duzu Gur'Herria... Gure!

 

* * *

 

Zuri-zuria, huna gure hiritarra

haia-haia doala landari behera...

Haren ondotik aldiz, han harat, mugara...

Sainga'ta sainga zoan etxeko xakurra!...

 

* * *

 

Gure etxeen orde, jauregiak egin!...

Eta guk gure haurrak haziko... zerekin?

Herria utzi behar herriko lurrekin,

han, hirian, hiltzeko... gosetearekin!...

 

Sainga-zak hor, bai, sainga, etxeko xakurra!

Jende hoik erematzik Herriko mugara!

Gure etsaiak dituk; segitzak han hara!

Gur'haurrek behar ditek gur'herriko lurra!

 

J.B.

 

        Esku-zarta ederrik bildu zuen Frantxuak, Oihanaldeko eta Eskual-Herriko kantua hola suharki emanik! Piarresi, Thomasi beha plantatu ziren guziak, eta kafe-kikerak oro altxatu ziren betan, Olhaso kaskoan bethi hazkar, bethi eskualdun gelditua zen etxe handiaren goresteko! Eta nigar bat jali zitzaion Thomas zaharrari, bihotza ikaratu Piarresi, persuek aiphatu arrotzaz orhoitu eta.

        Begiak han nonbeit galduak, Mariek ikusten zuen aldiz bertze etxe bat, Oihanaldea ere baino hazkarragoa eta ederragoa zen etxe xuri-xuri bat. Eta saminki sumatu zuen, Jesus haren beha zagola orai etxe hartan...

        Piarresek, Goañak, biek amets bera egin zuten orduan, ametsetan goxoena: musean eta kaskoinkeriarik gabeko josteta garbienetan ongi deskantsatu ondoan, gau ilhunean urrunduko ziren ezteiliarrak, eta geldituko ziren hek... beren etxean.

        Biharamunean, Garazirat Joanes itzuliko zen bezen laster, amaren hil-hobiaren gainean othoitz eginik, aste ondarreraino hegaldatuko ziren Lurdera. Batek bertzearen berri jakin gabe, gerla denboran biek egin izan zuten botua lorietan betheko zuten holaxet, Harpeko amaren oinetan...

        Hek gibelerat orduko, jaun erretorak benedikatua zukeen ganbara berri pullita. Oihanaldean sartuko ziren alderat, eta, zerurat joaitean Gaxuxa zenak egin ziloa biek hola tapaturik, xutik berriz bazagoken Etxea!

        Jainkoak hola manaturik, bertze Piarres eta Goaña ttiki batzu ethorriko ziren, Jainko harek nahi bezenbat lerro luzean. Kattalin emagin xaharrak eremanen zituen bathaiatzera lephoko-tapia gorriaren barnean; eta, beren aldian, xutik atxikiko zuten hek ere Etxe hura bera...

        ................

        Amets hartarik, biak betan athera ziren; hirri maite bera izan zuten batek eta bertzeak.

        Othoitz egiteko bezala, eskua eman zuten elgarri; eta eskerrak bihurtu ziozkaten biek... eskualdun Etxeak bethitik begiratzen dituen Jainko handiari...

 

J. BARBIER

1929-urtharrilan, Senperen

 

aurrekoa