www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

XV
AZKEN GUDUAK

 

        Lehenbiziko igandean berean mezen irakustea egin zen, eta astelehenean gero, Senperen Frogua bethi deithu den bederatziurrena. Ahokua moldatu zen berriz ere.

        Bainan, Piarres ez zen han gehiago. Bihotza ilhunik, Alzazerat itzulia zen, manua zuen bezala. Handik laster, Auberiveko ondoan zen, Champañan, bere bihotzmin dorphearen azpian lehertua. Maite ere zutelakotz biziki, lagunak oro hainitz urrikaltzen zitzaizkon, senpertar adixkideak guziz gainetik. Joanesek ez zakien zer egin bere Piarresendako. Laborari bat baizik ez zen garaztar soldadoa, bainan bihotz bat bazuen paregabekoa. Eta, solas alferrik gabe batre, bihotz hartarik heldu zitzaizkon ama baten mainak oro, haurride bat bezala maitatua zuen senpertarrarentzat.

        Egunak jin, egunak joan —ez baita halakorik— emeki-emeki, bizitzeari berriz lothu zen Piarres. Non-nahi eta bethi ikusten zuen ama harek berak hola egitea galdetzen ziola seguratu zen. Orhoitu zen, hiltzean, begiez erakutsi ziola nigarrez haren aldean zagon Lizartzako neskatxa gazte prestua. Othoitzean ari heien bientzat sumatu bezala zuen ama hura, eta sosegu handi bat, indar berezi bat jautsi zitzaion bihotzerat.

        Bertzalde, urri hartan guzian lanik aski emaiten zioten etsaiak, nehor sobra luzaz bere amets dorpeekin egoiteko.

        Gauaz, egunaz, etsai hari emaiten ziozkaten hek ere sistako batzu saminak. Ez zen bere bihotzaren gainean lokartzerik. Ilhun beltzean, gauerdi irian, herrestaka en patrouille joaitea zuten noiznahi. Eta soldadorik hazkarrenek aithortua zen, bi bihotz bederen behar zirela, itsurat, kuku-mauka hola joaitea zutelarik. Den mendreneko harrabotsak iduri zuen orduan ortzi-azantza, eta erhi-muthurrak ikaratzen ziren xixparen gainean... Beltz hura, hantxet, zer othe ziteken? Herrestaka heldu zen aleman bat? Ala zonbeit egun lehenago han erori lagun hura?... Eta hori ezin jakin, hil edo bizi, suge batzuen pare haraino herrestatu gabe!...

        Eta gero, bost ilhabethez, urriaren ondarretik eta martxoaren lehen egunetaraino, Tahure aldean egon behartu zitzaiotelarik!... Berririk hitsenak heldu zitzauzkun Rusiatik. Lénine zelako giz-otsoak Kérenzki maleta iretsia zuen aspaldi, eta, arte laburrik barnean, saldu behar gintuen alemaneri, Brest-Litovskeko bake berezia heiekin eginik.

        Rumaniak, gogo kontra eta Rusiak hura ere saldurik, bakea galdegin behar izan zioten alemaneri eta bulgaroeri.

        Bainan, zonbeit hilabethe hartan jada, heien untziak itsaso zolarat alemanek jautsarazirik, amerikanoak gure alde emanak ziren; eta burrustaka heldu ziren gure laguntzera, ehun milaka hilabethe guziez. Gure adixkide italianoak hala-hala, gibelerat lehenik egin ondoan, bermatu beharrak ziren lasterxko eta hazkarki. Serbia hura ere, ez zen geldirik egon beharra. Han, iguzkialdean, Salonikako gure armadarekin batean, Guillaumat eta Franchet d'Esperey gure jeneralak aintzindari, bulgaroak lehenik eta gero turkoak eta autrixianoak setiatuko zituzten eta azkenean azpiz-gora uzkailiko...

        Bainan, etsaiaren azken oldarra, han, Reimseko ondoan behar zen lehertu, bertze uztailan berean. Eta lanean ari ziren Baionako soldadoak, lanean ixil-ixila, pezoin eta erreka handien moldatzen, aleman bala-erauntsien azpian hartuak, haintzur batek bertzea sekulan kaskatu orduko. Eta xitun egoitea zuten orduan guziek.

        Noizetik noizera, etsaiari ihardokitzeko edo bardin haren urrunago haizatzeko, sobraxko hertsatzen gintuelarik, sukar gehiago izaiten zen oraino erreka-ziloetan. Eta orduan, —ez zenez bada gauza bitxia?— alegia eta deusik ez, aintzindari zonbeit, bethi ta bethi, gure eskualdunen ondorat heldu ziren, pezoin gainerat jauzian oro igan baino lehen. Eta hortaz jelostua bezala zen Garaztarra.

        —Errak, to, Piarres, errazie, Mixel eta bestiak, sistako bat etsaiari eman behar den aldi guzian, gureganat bethi heldu baita gure lotinant hau... Zertako demuntre othe?

        —Zertako? Joanes? Erranen daiat berehala. Hi bezalako gizon baten aldean hobe baita, —zer hel ere guduan— ezen ez eta perttoli baten ondoan. Eta hala-hala, beharbada, eskualdun gehienen aldean...

        Eta, nahiz bakar bati ari zen, bere frantses ederrean eta aintzindariari hirri maltzur batean behatzen ziola begi bazterretik, hasi zen Garaztarra:

        «Ah! bande dé baches, c'est commé ça!... Il n'est pas bête, toi!»

        Xerri-gorria erranen zion bezala, erraiten zion hoi, erdi-ahapetik eta —bere ustez— arras maiteki.

        Entzun othe zuen aintzindariak eta aditu?... Ez dakit; bainan, bethi, gehiago oraino hurbildurik eta eskuak orori tinkatuz, erran zioten:

        —Je compte sur vous, mes amis, comme vous pouvez compter sur moi.

        Eta Joanesek ihardetsi zion berehala:

        —C'est très bien, ça, mon liéténant, nous férons possible...

 

* * *

 

        Martxoaren hastetik eta hogoita sei arte, pausurat igorri zituzten Piarres eta haren lagunak. Alemanak ari ziren Parise izitu eta lehertu beharrez. Heien Gotha deithu burdinazko xoriak burrunbaka zabiltzan hiri-nausiaren gainean; Bertha alimaleen kanoi-pezak heldu ziren aldiz lotsagarriak, nehork oraino ez zakiela zoin urrundik.

        Amerikanoak oro ethorri baino lehen, anglesetarik gu berexi beharrez, karraska itsusian abiatu zen etsaia; eta holaxet hasi zen, 400 kilometra eremutan, 6 miliun gizon borrokan eman behar zituen gudu handia. Amiens hiriari buruz abiatua zen alemana.

        Anglesak gibelerat heldu ziren, erauntsiaren azpian hartuak eta lehertuak. Bainan, heien orde, frantsesak heldu ziren lasterrez. Eta Baionako soldadoak ere, kamionetarik jautsi orduko, han ziren, erasian jada heldu zen ogiaren erdian, Montdidieri hurbil trebes emanak. Douglas-Haig, Pétain, Clemenceau eta Poincaré elgarretaraturik, Foch egina zen azkenean, angles, frantses, amerikano, belgikano, guzien buruzagi bakarra. Jainkoa gure alde ginuen beraz berriz oraino. Eta, auto-mitrailleuses berri-berrien laguntzarekin, Piarresek eta haren lagunek karraskan gibelerat jada bazeramaten etsaia, Montdidierko ondo-ondoraino. Bainan, zer egunak, zer gauak, ihurzuri mota guzien tartean!

        Montdidier aldean gu hala thematurik, gelditu behar izan zitzaion beraz alemanari; eta —zuzen ere zen bezala— huna geroxago Baionako erreximenduari eman zitzaion ospea:

        «Régiment animé au plus haut point d'esprit du devoir et d'ardeur combattive. Brusquement enlevé de ses cantonnements, transporté au loin et jeté dans la bataille au débarquement de ses unités, a, sous le commandement du colonel de France, combattu sans relâche, pendant trois journées consécutives. Le 30 Mars, a repoussé trois assauts de l'ennemi, maintenu, malgré tout, une liaison que tous les efforts de l'ennemi tendaient à rompre, repris ensuite l'offensive et refoulé l'ennemi, lui enlevant des prisonniers et des mitrailleuses.»

 

* * *

 

        Eta bizkitartean, itsusienak ikustekoak gintuen oraino!

        Amiens ezin beretuz, lehenago jada bezala, Calais hiri handi eta aiphatuari atrebitu ziren alemanak. Debaldetan.

        Berriz, orduan, Pariseri buruz oldartu zen; eta maiatzaren 27an, Andereen-bidea hartua zuten, Soissons, Fère-en-Tardenois hala-hala eta Marne ibaierainoko eremu guzia ere bai. Ageri zen Baionako soldadoak ez zirela han gehiago! Compiègne aldetik, inguruan, Parise hartu nahi bethi alemanek edo bederen beren kanoien azpian eman! Berriz ere alferretan. Ludendorf heien jeneral nausiak egin zuen, Marne ibaiaren ondoan behar gintuela zafratu. Bainan, Jainkoa lagun, guk behar ginduen hura, bigarren aldikotz, han erhautsi. Fochek behar zuen ereman Marneko bigarren bitoria...

 

* * *

 

        Apirilaren hamabortzaz geroz, Courcelle aldean ziren Baionako soldadoak. Hango xoko-moko guzien berri bazakiten. Eta, eriaroaren bederatzian, pozoin guziez orratu kearen erditik etsaia betbetan athera zitzaiotelarik, lehenago Verdunen bezala thematu zen Piarresen erreximendua. Zilorik ez zen behar gure eta anglesen artean, ez eta ere bertze nihon. Urhats bat gibelerat ez egiteko manua zuten; eta behatzen ere ez zuten gibelera.

        Eta, bizkitartean, han Courcelleko elizaren inguruan, bat bosten kontra ari dira, ethenduak, leher eginak egiazki. Kanoi-peza motak oro gainean dituzte. Lau aldiz, baionet-sistaka gibelerat igortzen dute etsaia. Heien erdian, bihotz guzien berotzaile, bere buruari kontu emaiten ez diola, harat-hunat badabil Blazy aphez eskualdun ernea. Bai, zinez haren beharra izan dutela Baionako gizonek, hinka izigarri hartan, hirugarren egunean oroz gainetik!

        Hatsaren hartzeko bezala, noizetik noizera, beren omonier biphilari behatzen zion Joanesek, eta —ezin egonak hartua— marmar hasten zen, Piarresi erasian:

        «Bana, debriak berekin tik gizon horrek!... Ez nuk harritzen, denek maite baitzuten, hantxet, Doniane Garazin bikari zelaik... Behazak; behazak!...»

        Holako soldadoak ez othe ziren, bakotxa bost aleman bezenbat, gutienetik? Hala behar ere zen. Bertzenaz, eriaroaren hamekan, goiz-alderat iretsiak behar ginen! Etsaia gaindika heldu zen eta deuseren beldurrik gabe, bere kanoiak berak agerian eta ozarki hedatuz...

        Eta, berriz ere, thematu ginen han; etsaiaren oldarra hautsirik, etsai hura sistaka gibelerat ere bagineraman. Odolez gorritu ziren bazter hek oro. Tenore batez, Manex eta Mixel hinka txarrean aurkitu ziren egiazki, beren aintzindari onarekin. Bainan, bi jauziz ethorria, han zen jada Joanes, gal-bidetik heien atheratzeko.

        Eta gero, betbetan, zer loria, Piarresen eta haren lagunen bihotzetan, Mangin jeneralaren soldadoak Merryko kasko hetan agertu zirelarik, karraskan heldu beren tank izigarrien ondotik, bazterrak oro erhausten zituztela, pezoin guzieri aztaparka lothuak, bethi aintzina gaki, traba guziak xirxikaturik! Zenbat gizon ez ziren han erortzen, zenbat ez zen uzkailtzen burdinazko mustro hetarik, bere kanoi-pezak oro heien gainerat etsaiak itzulirik!... Bainan, etsai hori gelditua zen, errainak hautsirik; eta, nahi edo ez nahi, ez zuen Compiègnerat joaiterik aldi hartan oraino!... Bitoria, garhaitia, zaflaka guri buruz heldu, sumatu ginuen goiz hartan!...

 

* * *

 

        Pausa zerbeit gibelean harturik, uztailaren hamabitik eta aboztuaren hogoita bortz arte, Vauquois eta Neuilly aldean da orai berrogoita bederatzigarren Erreximendua. Oihanpe handi batzuetan, lehen aldikotz eta ondo-ondoan, ikusi zituen amerikano soldado gazteak; eta bihotzak arindu zitzaizkoten orori: odol berria sartzen ari zitzaioten alabainan, hazkar eta garbi.

        Han, hala-hala, izaia ederren azpian, jakin zuten Courcellen heienganat ja heldu zen garraitia, burrunbaka orai hedatzen ari zela eta alderdi guzietara. Egun hetan, zehe-erdi batez bederen handitu zen Joanes Garaztarra, bere handiaren gainera...

        Gure aldi zen beraz orai. Gure Foch handi paregabeak, angles, amerikano, ororenganik nahi zituen laguntzak azkenean eskuraturik, bere aspaldiko asmuak bururatu behar zituen. Tankako bat hemen, tankako bat han, bertze bat hantxet eta hantxet oraino, koskatu behar zuen etsaia, eta, azkenean, lau hatzez gora arthiki.

        Uztailaren 15ean, Châlonerat buruz, karraskan berriz oraino abiatu zen beraz etsai hori. Bainan, bardintsu ziteken harroka bati joka arizanik; eta Gouraud jeneral begi-erneak, ixil-ixila eta tenorez bere gizonak gerizan emanik, erhautsi zituen hantxet, Reimseko ondoan.

        Hemezortzian, gero, Mangin abiatu zen, Aisne ibaietik Ourcq ur-handira, 20.000 presoner barrastatzen zituela eta 400 kanoi hala-hala.

        Eta Fochen manua bazoan bazoan, bethi hedatuz. Hogoiean, de Mitry jeneralaren aldi zen, Dormans aldetik. Gero, Berthelot aintzina, bethi aintzina badoa ondoko egunetan.

        Aboztuaren 8an, Debeneyren aldi; 12an Humbert jeneralak Montdidier-tik eta Oise arte guzia iresten du. Mangin berriz hasia da zanpaka, aboztuaren azken egunetan, Aisne eta Ailette ibaien tartean. Hala-hala anglesak, Bapaume aldean.

        Buruilan, hainbertze aiphatua zen Hindenburg pareta alderdi guzietarik setiatua zen.

        Hamahiruan, amerikanoek, sistako samin batean, Saint-Mihieleko ethendura edo sabel-xumettoa hartu zioten etsaiari, eta Jainkoaren lorian! Amerikanorik bazenez edo ez zenez guduan, gaurgoiti bazakiten alemanek, zonbeit aste hartan jada...

 

* * *

 

        Tapaz-tapa, oinez bazoan bizkitartean Baionako erreximendua. Hura gabe, deus ez ziteken egin onik sekulan.

        Rethonden barna, —han, geroxago, bakearen galdez agertu behar baitzen alemanen bandera xuria! —buruilaren 16ean, Neuville aldean zen, hil eta kolpaturik baizik ez baitzen han-gaindi.

        Eta guduari lothua da berehala. Bere Hindenburg errekari bizkarrez dagola, bas-urdearen pare hantxet, thematzen da etsaia, fur-furian heldu ere zaukula noiznahi. Durquet kapitain-aphezaren konpainiari hazkarki atrebitzen da, 18an, goizeko sei orenetan. Toki onean ari zen! Erhautsi zuten gure mitralleuzek...

        Ondoko egunetan gero, hala-hala. Zehe bat lur ez zion batek uzten bertzeari. Hogoita hamar urhatsetan ez ziren elgarri! Zilo batetik bertzera bethi jauzika, xoko guzietarik herrestan atheraiak bethi eta borrokan lothuak. Hogoi eta bortzean, sekulako kanoi pezak heldu zitzauzkun erauntsian, 105 eta 150 ikaragarriak; ez Verdunen, ez Craonnen, ez Courcellen, peorragorik ez baiginuen ikusi. Zer egunak, oraino, biharamunean eta biharamunagoan, zer sistakoak, guretzat nola alemanentzat! Bethi gudua, eta nihun sosegurik ez sekulan!...

        Hogoita zortzian, etsaia parrapataka bazoan; gureak ondotik zituen berehala, Pinoneko oihanean barna, kanal-errekaren bazterreraino jauzian ethorriak. Oihan itsusia, zikina, dena matrikula, dena amarru. Hil edo bizi, behar ginduen urrunago; han ez ziteken egon.

        Urriaren 12an, zaku eta taula tzar batzuen gainean erreka iraganik azkenean, ohartzen ginen berriz ere, uko egin zaukula etsaiak. Gure loria! Arratseko, Montarcenen ginen, herriz herri hamabost bat kilometra eginik. Haia, haia, urrunago ere joanen ziren Garaztarraren ixtape alimaleak, «Halte-là!» berriz ere alemanek ez baliote oihu egin, Hunding pareta kaskoaren gainetik.

        Bertze erreximendu-lagunak baino ere aintzinago joana zen berrogoita bederatzigarrena. Hatsa doi-doia harturik, biharamunean berean, jauziz jauzi, baionetean, beretzen ditu Mont-Fendu deithu bixkarra, bertze mendixka batzu oraino, Barenton-Cel herria. Bazter guziak sutan dire eta uzkailiak. Gerrirainoko urean asko gizon sarturik, Hunding erreka setiatzen dugu ondoko egunetan; urriaren hogoita bigarren eguna gabe, Verneuil, Barenton-sur-Serre guretzen ditugu, guhauren kanoi-pezak bezen laster bethi joanak etsaiaren gainera...

        Azken azken fur-furietarik batean, —hala beharra, egiazki!— burdin-ziliporta batek belhaun-sahetsean hunkiturik, erroz gora hantxet erori zitzaioten... Joanes Garaztarra... Izituak jada, lasterka bazoazkion Piarres eta haren lagunak. Bainan, ahalketua puska bat, zankez bera xutitu zen Joanes, eta hirriz erran zioten:

        «Zer den haatik haundi izaitia! Beste bat triparen erdian hatzemain zian ziliporta horrek... Belhaunerat doi-doia heldu izan ziak eni... Aphalegi ari zitian, aphalegi! Piarres, emanazaak hire mokanesa; enia Courcellen utzia diat edo han nunbait, ez nuk xuxen ohoit... Horra, to, odola gelditia. En abant martche!...»

        Zorionez, ez zuten urrunago joaiterik. Etsaia 25 kilometretan barna beren aintzinean eremanik, eta traba guzien gainetik, ez othe zuten aski bederen eginik? Bertze erreximendu bat heldu zen, heien orde han hedatu baitzen berehala...

        Urriaren hogoita laua zen.

        Eta Baionako soldadoak, sei astez Laon aldean hala itsuski gudukaturik, bazoazin pausarat, leher eginak, zangoetarik eta kaskorat lohiz estaliak, zikinetan ederrenak janak, iretsiak. Alemanek zonbeit aste lehenago hartu nahi zauzkun eremuetarat, Compiègne alderat jautsi ziren, gerla handi luzean sekulan izan diren baino ederrago miletan...

 

aurrekoa hurrengoa