www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

XVI
SAN MARTIN!!!

 

Suizatik eta Nort'Itsasora, ikaran, gur'aintzinean,

Etsaia, xixpak bizkar gainean, gineraman azkenean!

Gure Foch gaitzak zafratzen zuen lehengo Marne ibaian;

Castelnau oldar izigarrian, saltatzera zen abian...

 

Eta gero, San Martin goiz batez, oi gu ororen loria!

Lau urthez entzun orro handia betbetan zen eroria!

Clemenceau zaharra erhotu zen, erhotu Frantses Herria,

Elizan, ezkilen zalapartaz dardarikatu dorrea!

J.B.

 

        Piarresen erreximendua hola gudu izigarritan ari zen artean, eta gero, noizbeit, ongi beretua zuen deskantsuan hantxet zagolarik, angles, amerikano, frantses, belgikano eta bertzeak ez zaudan bada geldirik! Champañan, Argonan, Ipar-aldean, karraskan bazoazin aintzina, bethi eta orotan aintzina. Dixmude, St-Quentin, Lens, Armentières, Brimoneko gaztelua, Moronvilliers aldea, Cambrai, Le Cateau, Andereen-Bidea, Vouziers, La Fère, Laon, St-Gobaineko inguruak oro, Lille, Douai, Ostende, airez aire hartuak ziren. Itsasoan, gaina ginuen. Buruilaren ondarrean, bulgaroek bakea galdetua zaukuten. Urriaren bortzean jada, alemanek, autrixianoek, hats-hartze labur bat bederen eskatua zuten. Feratu ginituen. Eta, hilabethe beraren azken egunetan, Turkia gure meneko zen, bakearen galdez hura ere. Eta gero, hazilaren hastean, autrixianoen aldi hala-hala...

        Eta gaitzeko berri horiek oro, sanka-sanka, bat bertzearen ondotik, beren pausa-tokira heldu zitzaizkoten Piarresi eta haren laguneri, bihotzak oro erhoturik ezartzen ziozkatela.

        Bas-urdea ihiztarien aintzinean bezala, orok bazterrerat eta bakarrik utzia, gure aintzinean, burua aphalik, gogoa ilhunik, ihes eta ihes bazoan alemana, gauaz egunaz ere baino zaluago. Non ziren lehenagoko kopeta ozarrak? Zer eginak othe?... Jainko-zaharra non othe zagon, heien alde gehiagokorik agertu gabe?

        Eta Lurdeko Ama Birjinaren burlatzaileak bazoazin beraz, gu guzien aintzinean ihesi! Lehertuak, ezinduak, non azkenean eroriko ziren?

        Argona guzia galdua zuten, galduak Valenciennes, Rethel, Vervins, Tournai, Avesnes, Maubeuge, Mézières, Charleville...

        Gorago erran frantses, amerikano, angles jeneral gaitzekin, izendatu bederen behar ditugu hemen bertze zonbeit oraino: Pétain, Fayolle, Anthoine, Maistre, Degoutte, Douglas-Haig, Rawlinson, Byng, Horn, Pershing. Bai, muthil zinez onak zituela Fochek bere aldean, harek manatu bezala oro kaskaka ari eta sistaka, munduan izan diren soldado hoberenekin.

        Nihon ez ziteken gehiago onik alemanarentzat. Miliun erdi bat eta gehiago gizonekin, Castelnau handia, han, Lorraine aldetik jauzian atheratzera zoan, Metz hiriaren bi aldeetarik, Alemaniari buruz; beharbada... Berlin hiri nausiari buruz!...

        Eta, lephotik hola etsaiaren hartzera ginoazilarik eta urkatzera, hor, hazilaren 11an, San Martin goiz eder batez, jakiten da berri espantagarria: etsai hori belhaunez lurrerat eroria zen eta bakea galdetzen zeraukun! Berrogoita hameka ilhabete luzeren buruan, begiak sutan, hegalak zaflaka, Frantses Oilarra, alemanaren gainerat iganik, kukurukuka ari zen: Sellier kaporal-turrutaria, zainak atheraturik, ez dakit nik zenbat eta zenbat gudularieri, hatsa galdurik ari zen:

        «Cessez le feu! Levez-vous! C'est fini!»!!!...

        Lau urthez entzun gerlako orro handia betbetan ixildua zen, St-Mihieletik eta Ostenderat! Eta ixiltasun hortaz harritu zen lur guzia!

        Piarresek, Joanesek, bertzeek, jakiten zituzten orduan berriak oro; eta erhotzeko ere bazen egiazki.

        Beren ahalkea ilhunbez estali nahi izan balute bezala, argia gabe, hazilaren 8an, alimaleko bandera zuri bat lehenbiziko berebilaren gainean emanik, jin ziren beraz alemanak. Lhuillier frantses kapitain gazteak hartu zituen han, gure lerroen muga-mugan; begiak itsutu ziozkaten, eta, xoratua, bazeramazkan Debeney jeneralarengana.

        Eta, Rethonden, wagon edo gurdi handian, Fochen aintzinean ziren orai bake galdez ethorri eskelariak: Winterfeld jeneral lerdena... bi plegu bildua, Erzberger lodia... ttiki ttikia egina, Obemdorf eta bertzeak, oro xuri-xuria eta ikare-daldaretan.

        Weygand jenerala alde batetik, Rosselyn-Weinyss angles amirala bertzetik dituela, Foch bere begi argi eta garbiekin heieri beha dago. Jauzi bada tenore hartan haren bihotzean!... Zapart eginen ere ez othe dio bihotz horrek?

        —Que demandez-vous?

        —On vient recevoir les propositions des Alliés.

        —Les Alliés n'ont pas de propositions à faire.

        —Soit. On est prêt à écouter les conditions de l'Entente.

        —Question préalable: Demandez-vous l'armistice?

        —Oui.

        —Dans ce cas, écoutez...

        Eta mailu ukaldi batzu bezala, alemanen gainera erori ziren gure galdeak: Rhin ibaia iraganik, frantses lur guzia utzi behar zuten berehala, utzi behar Belgika, Alzaze-Lorraine aldeak oro; kanoiak, mitralleuzak, aireko xori-burdinazkoak, burdin-bidetako tresnak milaka eman behar, gelditzen zitzaizkoten itsas-untziak hala-hala. Rhenania guzian hedatuko ginen aldiz, eta behar zen ephe guziarentzat, frantses, belgikano, angles, amerikanoak... Hiru egun hartu zituzten, gogoeten egiteko.

        Eta, San Martin goizean, buruak aphalik berriz ere Fochen aintzinean, oro onhesten zituzten aleman bake-eskelariek.

        Bertze galderik ere onhetsiko zuten beharbada oraino. Erreboluzionea zuten han, Berlinen eta bertze hiri handietan; Suizarat jada Autrixiako Enperadorea bezala, Guillaume... Holandiarat eskapatua zuten... Miliun erdi bat aleman preso egiten ahal gintuen, Clemenceauri Fochek berak erraiten zion bezala... Bertzerik galda ginezaken beraz oraino.

        Bainan, hola Berlineraino gu joaitekotan, galtze itsusienen azpian gerlan artzea zen zonbeit astez oraino... Berrogoita hamar mila gizon galdu behar gintuen guhaurek. Eta bihotz bat bazuen gure Foch handiak. Girixtinoa zen; eta, gainerat, —ongi edo gaizki— iduri zitzaion, odolik aski baginduela ixuririk eta aitamarik aski bazela nigarrez ari bazterretan. Ongi ezin-bertzean, eta bakea nahiago zuelarik, ari zen gerlan. Jeanne d'Arc-i lehenago bezala, damu egiten zion frantses odolak...

        Etsaia lurrean zen; eta Fochek, bere ospeaz grinarik gabe batere, gizon bati gerlak sekulan eman diozkan indar eta ahalik handienak aphal-aphala eskuetarik erortzerat utzirik, geroan zer erranen ere baitzuen etsai harek, San Martineko bakea eman zion. Mulhouse, Strasbourg, Metzen sartzera ginoazin...

 

* * *

 

        Baionako gerlarien loria zerbeit bazen, han, beren pausa-tokian! Zuri-zuria bulta bat egonik, aintzindari eta soldado, oro ari ziren orai zoko guzietan, jauzika, dantzan, elgarri lothuak besataraka, betbetan erhotu balire bezala. Erreximenduko musikak oro zapartaka ezagun ziren, ezker, eskuin, orotan.

        Beren xirula debru batzu atheraturik, ez dakit nik nundik, Barkoxen, Atharratzen, Sohotan eta Mendikotan, edo Ahunxki-mendin bezala, dantzan tira-ahala ari ziren xuberatarrak, zinka zinkaren gainean dardarikaraziz.

        Joanes Garaztarra ere nahiko zen trikatu pixka bat. Bainan belhaunak min egiten zion oraino... Orduan, erdi-mainguka joan zen guzien erdira, eta oihuka hasi:

        «Xuberatar zinkaren ondotik, huna orai baxenabartar irrintzina.»

        Eta, bere ahur alimalea ahoaren inguruan bildurik, ai, ui, ui, ui, ui, ui, ui... egin zuen irrintzina bat izigarria, hilak pitzarazteko irrintzina. Aintzindari, xuberatar eta bertze soldadoak, oro espantituak gelditu ziren, eta gero esku-zartaka hasi guziak.

        —Horra, Piarres. Errana naukan, irrintzinaka ariko nintzala berriz oraino... Boxek ez balinbaute hori entzuten, ez duk arras ene oben. Zertako joanak dire ihesi, eta hain urrun?... Guazen musian partida baten itera: biga bier, lehen-seietarik. Beste irrintzina... inen dat orai, etxerat lé pié droit en aban joain girelaik...

        —Ba, goazen musean: Mixel eta hi, Manex eta ni, afaria noren gain. Eta gero, omonierak galdegina daukun bezala, eskualdunak bederen bilduko gaituk, Jainkoari eskerren bihurtzeko. Galdearen egiten bezala, behar ginikek ikasi... milesker erraiten.

 

* * *

 

        Zortzi egun iragan zituzten gero xoragarriak.

        Piarresi berriak ethorri zitzaizkon anhartean herritik; molde guzietako berriak. Gripa tzar bat ari zen, aspaldi hartan bazter guziak jada xahutuak baitzituen Senperen, mundu zabalean bezala. Ez gauaz, ez egunaz, nihoiz ez zen sosegurik mirikuarentzat, erretorarentzat. Eta, gerla guziak bezenbat jende eremanik bazuen, hurbil, eritasun tzarrak. Etxe batzuetan, familia guzia ohean gelditua izanez, auzoak izaiten ziren arthatzaile. Orok berogia behar eta, oro ohean izanez, —nahi eta ez— mihisek, estalkiek, garbitasunak berak eskas egiten zuten asko xokoetan; sendagailuek ere ba, zorigaitzez! Azken mugaraino, eriak bazauden gorri-gorria, pullit-pullitak kasik. Eta haurrideak ohartu orduko, edo bardin, hek ohartu ere baino lehen, txartuak ziren, hilak ziren. Etxe beretik holaxet, Hergarai kaskotik, hiru kaxa athera ziren egun berean, Sarako aphezak, lerro-lerro, betan ehortzi baitzituen, bezperan herriko erretora bera eriturik, eta zer eta nolako egunaren ondotik! Sua ari zuen bazter guzietan, lurretik, airetik.

        Gauaz, hedoiak gorri-gorria zauden eta idor-idorra, den mendrenik hezatu gabe. Eta, gerlako berrien gainera, jendea izitua zen orai heriotze hetaz guzietaz; hainbertzetaraino izitua non ezkilarik ere ez baitzen gehiago jotzen kurutze-eremaileentzat. Ehorzte egunekoak ere jada zerbeit baziren...

        Zorionez, Jainkoak iduri zuen, urrikaldua zela orai gain hartan. Jaun erretorak hala galdeturik, herri guziak barur egin zuen ortzirale batez, eta kurutzearen-bide bat egin zen, mundua lehiatu baitzen hartarat. Egun hartan berean, gerlako azken gudueri buruz, eritasun tzarrari buruz, Ama Birjinaren iduri eder batentzat behar zen diru guzia nasaiki bildu zen. Fede gutti-gutti bat baizik ez zuten arrotzak berak zoin-lehenka emaiten arizan ziren, botuz eskainia zen Ama Birjina harentzat. Nehork ez hil nahi alabainan, neholere ahal balinbazen!... Eta —ez zenez mirakuilua?— arrats hartan berean gelditu zen izurrite ikaragarria, senpertar bihi bat ez baitzen gripatik joan orduz-geroztik, auzo herrietan oraino nigarrez ari zirelarik...

        Eta, berehala manaturik, han zuten orai Ama-Birjina ederra, Senpereko aphiku-azpian. Bere ama maitearen besoetan, gerruntzeraino troxaturik, Jesus-Haur muñuña bat, besoak zabal, ororen beha hantxet zagon, ororen laguntzeko. Eta oro heldu ere zitzaizkon, zangoetako erhi ttiki-ttikiak musuz jaten ziozkatela. Eta, huna iduri ederraren azpian, bethiko orhoitzapen emenak ziren hitz hunkigarriak:

 

Senperek

Bere Amari

Botuz Emana

1918

Gerla Handia Zen,

Soldadoak Dauzkutzu Begiratu.

Oro Eri Ginen,

Eta Eriak Dauzkutzu Lagundu.

Mil-Esker Ama!

1918

 

* * *

 

        Eta ondotik, gero, emanak ziren San-Martinetako berri hunkigarriak. Gertakariak oro elizan ikasirik, herri guzia beha zagon noiz ezkila handiak hasiko ziren eliza dorrean.

        Goiz bat xoragarria zen, zeru bat lilluragarria, Senpere guzia zeru hari beha baitzagon, aingeru bat han agertu behar balitzaiote bezala. Ahetzeko ezkila samina ari zen, ari ere Sarako burrunba. Baionako bunbak, Donianeko tiro-zalapartak ezagun ziren. Eta, betbetan, bederatziak irian, duda-mudarik ez zitekela gehiago oro seguratu ondoan, hasi ziren Senpereko zeinu handiak! Hasi ziren, hasi, eta... arratsaldeko bost orenak arte ez gelditu gehiago! Dorre guzia ikaran eman zen, ikaran eliza, ikaran herri guzia. Bihotzak jauzika ari zitzaizkoten orori. Landaren erdian, —ahalkerik gabe— belhaunikatu zen laboraria, eta lanbro bat jin zitzaion begietara. Etxe xurietan, kurutzearen seinaleak egin ziren ehunka, eta athe-alarzera, lorio azpira athera ziren ama, haurrak, aitatxi-amatxi xaharrak. Hatsik gabe eginak, beharririk baizen ez zuten, eta ezkila handieri beha zauden oro, bost urthe hartan igurikatzen zuten musika harek xoratuak eta xoxotuak. Haurrak berak geldi-geldia egon ziren bulta bat, eta gero jauzika abiatu eta putinka, sorrorat eskapatu pottoka batzuen pare... Hiru hogoi eta zonbeit etxetan, bizkitartean, nigarrez ari ziren, zeren heien 72 hilak —hetarik zonbeit doi-doia hoztuak oraino— ez ziren etxerat itzuliko!!!

        Nehork deusik erran gabe, arratsean, sekulako jendea bildu zen elizarat. Eta, loriatua erraietaraino, jaun erretorak Jainko Handiari erran ziozkan guzien eskerrak. Gero, kraskatu zitzaion mintzoa, eta nigar batean, denek othoitz egin zuten gibelerat jinen ez zirenentzat eta heien burhaso, haurrideentzat.

        Eta, lehen aldikotz, gerlako grinarik gabe gehiago lokartu ziren Senperen... eta lur guzian hala-hala!...

        Ondoko egunetan gero, bazen oraino zorion herrian. San Martin goizeko ezkilak bethi ari ziren ororen beharri barnean. Hainitz inharrosia izan den bihotza ez da emeki-emeki baizik sosegatzen, harri handi batek zafratu ur-geldia iduri bailuke.

        Aldaira guti zen urthe hartan Senpereko lau bazterretan. Etsaiaren aldaira handia aski zitzaioten gehieneri. Eriak sendatzen ari ziren; lau urthe luzez zangopetan etsaiak atxiki eta ostikatu lurrak oro guretuak gintuen, eta bozkarioak gaindi egiten zaukun noiznahi, non-nahi. Eta Mariek bere letraren barnean igorriak,Piarresek eskuetan zauzkan Senperen lorietan jada errepikatzen zituzten kopla hauk:

 

BIBA, BIBA FRANTZIA!

 

Errepika

Biba, biba Frantzia,

Frantzia maitea,

gaurgoiti duk utzia

nigar egitea!!!

 

1

Bortzgarren urthean,

goiz eder batean,

hazilaren hamekan,

San Martin goizean,

etsaia aldairan

bazoan... lasterretan!

 

2

Zerua eder zen;

orok disdiratzen;

airean zerbait bazen!

Deusik ez sumatzen,

haler'ikaratzen,

ez dakit zer goaitatzen!

 

3

Eta hor, betbetan,

eliza-dorrean,

ezkila zalapartan!...

Ene bularretan

bihotza saltokan,

zapart egitekotan!!!

 

4

Orduan berean,

alderdi orotan,

Eskual-Herri guzian,

Frantzia maitean,

mundu zabalean,

ezkila ari zian!!!

 

5

Oi! hori musika!

Jainkoa, zuk barka,

eman naiz belhaunika!...

Ezkila, ar joka,

itzul eta pika,

jozak, jo errepika!

 

6

Gerlaren hastean,

egun aphalean,

jo huen intziretan;

gerla gelditzean,

egun eder huntan,

jozak alegrantzian!

 

7

Ez nauke tokian;

zangoek airean

nabilkate larrean.

Nere zintzurrean

oihu bat, orroan,

zapartatzera zohan.

 

8

«Gora Jainko Jauna,

o bai zu lehena

aiphatu beharrena!

Biba zu Am'ona,

Lurdeko Birjina,

gure alde emana!!!

 

9

«Gure Clemenceauri,

gure Foch gaitzari,

gure soldadoeri,

gur'adixkideri,

gure hil maiteri,

ohore guzieri!!!»

 

J.B.

 

        Eta Piarres, Mixel, Manex, Garaztarra eta bertzeak, persu horien ikasten ari ziren, ahamenean oro lothuak. Eta, gogoz eta bihotzez, berriz ere han ziren gure gudulariak, Eskual-Herrian, haize hegoari hedatuak, xuri-xuria ikusten zituzten beren etxeetan...

 

aurrekoa hurrengoa