www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

XVII
PIARRES-GOAÑA

 

        Denbora bazoan bizkitartean. Tapaz-tapa, berriz ere abiatu zen berrogoita bederatzigarrena, eta berriz ere, bigarren aldikotz, Alzazera; bainan, astiro bazoan eta luze-luzea.

        Urtharrilaren 15ean, Mulhouse hirian zen. Banderarik eta lorerik baizik ez zen, nondik jinak ere baitziren loreak negu bethe-bethean. Pinpirinan emanak, hango jendeak oro gainean zituzten, frantses soldadoak baitezpada besarkatu beharrez. Aphez xahar bat, berrogoita hamar urthez egun eder haren beha bethi egon ondoan, hil-gogor hantxet erori ere zen betbetan, bere erretor-etxearen aintzinean, bihotzak sobera gaindi eginik.

        Castelnau jeneral handiak eman zioten sarietan ederrena: la fourragère aux couleurs de la Médaille Militaire. Gain-gainetik goretsi zituen Baionako soldado paregabeak, eta heien oinhazeak erran gora-gora, gerla handiko lehen egunetik eta iragan urriaren azken egunetaraino. Eta nigar bat baino gehiago jali zen, guduz-gudu hainbertze horma eta iguzki ikusi zuten begi hetarik. Dena zilo, dena urratua, iguzki-haizeari zaflaka ari zen Erreximenduko bandera, Belgikatik eta Reimserat erori gizonen arima-gogoak han izan balitu bezala, bere pleguetan bilduak...

        Eta gero, arratsaldean, arratsean, zer bozkarioa orotan! Farra farra, alderdi guzietarik sumatzen ziren Alzazeko floka beltz ederrak. Edaria bazen nasai, ithotzerainokoa; jatekoa, tira eta tole. Musika, beharriez gainetik: xirula, zinka eta irrintzina.

        Musean arratsalde guzian arizanik eta kantuz, unhatu zen azkenean Joanes Garaztarra. Toki hartako jende guzia jauzteka ari ikusteaz asexea, burlan hasi zen baxenabartarra:

        «Behazak, beha, atxo horri! Dolu minian dela, bere soineko beltxarekin, ez duk hor haratik ez hunatik. Eta bizkitartian, nihun ez diaok jauzika! Debru ergela! Atzo nigarrez, egun zapartaka. Gisa hortako nigar-iliak ba omen zitan lehenago gure eskualdetan. Jutsin, ehorzte batian, gaitzuru bat bihitan truk, hetarik bat hari omen zian behin oihuka:

        «Hu, hu, hu! Nik inen dut ba, hu, hu, hu!

        Bainan ez jakin gaitzurua izain dutan arrada ala mukurru?...» Bihotzmin handia zikeian eta barnetikakua! Atxo horrek bezalatsu, nunbait han!...

        Beste aldi batez, Heletan naski, nigar-ile horietarik bat hari omen zian hari, mundu huntan in-ahala gora: hi, hi, hi, eta ha, ha, ha!

        Untsa kexatu zelarik, jaun ertorak igorri ziakoian beretter bat, sobera gora hari zela erraiteko.

        Sobera gora?... Aphalago hariko nizala errakok beraz!...

        Zinezko santsana!... Guazen oherat, Piarres. Hori diuk hoberena. Burrunba horrek guziak zozotia ere nik! Bonsoir tout lé monde!...»

 

* * *

 

        Hilabetheak bazoazin berriz ere, deskantsurik hoberenean, han, Rhin ibaiaren ondoan, Saint-Louis-n, Huningueko zubi buruan, Bâle Suisako hiri handia parrez-par zutela bertze aldetik.

        Aste Saindua jada hurbiltzen ari zen, eta Joanes hasia zen bere laguneri galdeka, Erramuko igandearen ariazedo ohoretan, zer emanen zioten berririk soinean emaiteko:

        «Gure amak, herrian, ez zian Erramurik utziko, bere haurrer zerbait puska berri eman gabe, espartin-pare bat baizik ez balinbazen ere...»

        Hobeagorik eman zioten, eta, egun hetan beretan, permisionez azken aldikotz, herrira bazoazin gure bi adixkideak.

        Eta Aste-Sainduz, etxean zen berriz ere Piarres. Loriatu zen, aspaldiko orde, Senpereko elizan baitzen egun handi hetan. Bere Bazkoak egin zituen Ortzegun-Sainduz, ehunka selauruetarik jautsi gizon heien guzien erdian. Jainkoak daki zenbat urthe hartan Senperen egiten ohi den aldare handi bereziaren aintzinean belhaunikatu zen, Sakramendu-Sainduaren eta Kurutzearen adoratzeko; eta, Bazkoz, gero, berriz joan osti xuriaren hartzera, jende guzia kantu-errepikan bethi bezala ari zelarik:

        «Arropa xuri ederra, Jaun onaren ohoretan,

        Jende onak, jauntz dezagun boskarioz, Bazkoetan!»

        Kantu hunkigarria zinez, zaharra bezenbat ederra, sekulan baino ederragoa gudu luze heien guzien buruan! Jesus bezala, phiztuak ez zirena egiazki Piarres eta haren lagunak?

 

* * *

 

        Bainan, berak uste baino zorion handiagoa ere behar zuen gure Piarresek.

        Erreximenduak oro sobra betan ez murrizteko, klasa klasaren ondotik alderat igortzen ziren gudulariak.

        Zorionez, bere permisione luzea bururaturik, hamar bat egun baizik ez zuela bardin egiteko, manua jin zitzaion: Baionarat joaitea zuela bakarrik, gerlako berekin zituzken puskak han uzteko.

        Eta bi jauziz jo zuen beraz Baionarat. Bere Joanes han aurkiturik, harekin eta bertze lagun batzuekin egun bat goxoa iraganik, garaztarrari Oihanaldean lasterxko itzuli bat eginen zuela hitzemanarazirik, Senperen zen berriz ilhuneko.

        Lorietan eta zangoak arinik itzulia zen, arinago oraino bihotza. Gerlarik ez zen harentzat gehiago! Hogoita zortzi urthe zituen! Izar bat hantxet, zeru-urdinean, hirriz ari zitzaion, Craonnen lehen aldikotz doidoia agertu izar hura eta bera! Eta izar harek... Lizartzako Goañaren iduri handia zuen, Craonnen ere baino gehiago...

        Eta, Oihanaldean sartzearekin, Baionan Joanesek erran solasa hirriz heldu zitzaion gogora:

        «Erna hadi gero, Piarres! Bestenaz, nihau aintzinduko nitzauk Garazin...»

 

* * *

 

        Biharamunean berean, aspaldi hitzemana ere zuen bezala, eskerren bihurtzen, han zen, herriko elizan. Gerlarat joaitean bezala, gerlatik itzultzean, bere eginbide berrieri buruz, Jesus hartu zuen bihotzean, eta hazkarrago sumatu zuen bihotz hura.

        Hil-herrietara joan zen gero, eta bihotza ilhundu zitzaion han sartzean. Orhoitu zen, aintzineko urthean, han, kurutze handiaren onetan utzi zuela bere ama gaixoaren gorphutza. Bainan, gero, Oihanaldeko hil-hobiaren aldean, sosegatu zen berehala. Xutik, buru-has, arrosario bat osoa erran zuen, eta iduri zitzaion, begi on batzuekin hari begira egoki, ikusten zuela ama hura.

        Eta orhoitu ere zen, behatze maite hura bera egin ziotela Gaxuxak Goañari eta bieri, Jainkoarenganat jada bazoalarik. Orduko mezu bera ez othe zion egin nahi orai ere?...

        Kurutzearen seinalea eginik, atheratu zen hil-herrietarik, eta gogoetetan bere buruarekin, bazoan berriz, noiz eta ere ithurrotxaren ondorat heltzearekin, pegar bat eskuan harat heldu, ikusten baitu... Goaña Lizartzakoa.

        Jainkoaren nahia ez othe zen, tenore hartan hola elgarretara zitezen, amaren aldean othoitz bat ona Piarresek egin zuen ondoan?... Urriagoa egina zen jada muthil gaztearen urhatsa. Ithurrirat heltzen ari zen neskatxa hura hain zen bertze hainitz ez bezalakoa!... Ez zuen sedazko galtzerdien beharrik izan behin ere, ez eta engana-xoro baizik ez dien aphaindura zerbeitenik, Piarresen bihotz garbian... barna bide egiteko. Bere adinik ederrenaren gainera, Jainkoak eman dohainak aski ziren. Eta, hala-hala, bere aldetik, dohain horietarik bertze hainbertze bederen bazauzkan Piarresek Goañaren begietan.

        Batek bertzea bardin gora emanik ordu artean, behin ere oraino ez ziren menturatu beren barneko berriaren elgarri salatzera. Urrundik bai eta gogoz, hau erranen eta hura erranen... Eta gero, hurbildik, deusik ez. Medaila bat eman, medaila bat har gerlako mentura txarreri buruz, goraintzi bat igor eta goraintzi bat altxa, geroari buruz othoitzetan minenak elgarrekin kurutza... Bai, horiek ere egin ziren, errexki egin zitezken gauzak zirelakotz oro. Bainan, bertzerik erran eta egin behar baitzen ordean gaurgoiti, bekoz-beko!...

        Eta hoi bera biek betan sumaturik, gorri-gorria eginak hantxet ziren beraz orai, elgarri hiru urhatsetan. Oihanaldeko andrea bieri hirriz ari bide zen aldiz, zeru gainetik.

        —Jainkoak dautzula egun on, Goaña.

        —Bai zuri ere, Piarres.

        Eta huna Jainkoa berehala heldu zitzaiotela lagun, bihotz on eta zuzeneri bethitik ohi duen bezala. Heien ondoan erasian atheratuz ari zen ithurrotxari ura bezala, elhea heldu zitzaioten orai bieri, bardin garbi, bardin laño; bainan ez batre aintzinetik asmatu zuten bezalakoa:

        —Alderat jina omen zaitugu holetan, Piarres? Jainkoak entzun ditu gure othoitzak. Zorion ahal da Oihanaldean!...

        —Egia diozu, Goaña, eta eskerrik minenak dauzkitzut. Bainan, zorion osorik ez da lur huntan guretzat, eta huts handi bat bada Oihanaldean...

        —Hala da... Gaixo Gaxuxa, gaixo ama!...

        Ixil-ixila zauden biak berriz ere.

        Bainan ithurrotxa bethi ari zen; eta aphur bat ur-xirripari beha egon ondoan, burua altxatu zuen Piarresek:

        —Behazu, Goaña; Jainko maiteak ikusten gaitu, eta zure eta nere adinari ez doakon bezala, gure amodio garbia ez dugu luzeago gordetu behar elgarri. Ez litake gisa... Gaixo ama erran duzu orai berean... Ama maite horren hobiaren gainean nintzen doidoia, eta iduri zitzautan hirriz bieri ari zitzaukula. Ez ninditake harrituko hemen bagindu orai ere gure aldean... Oihanaldean eta nere bihotzean ere harek egin huts handia ez zinduke bethe nahi, Goaña?...

        Doi-doiako bat, ixilik gelditu zen neskatxa gaztea. Tanpaka ari, bi bihotz baziren, han, intha hertsian, tanpa hek batek bertzeari sumatzen baitziozkan edo kasik. Aldeko sasi batean, leiratuz, leiratuz, kantuz hasi zen xori pullit-pullit bat... Eta, axtian gorri bezenbat xuri-xuria egina, begiak erdi hetsirik mintzo zen orai neskatxa garbi lañoa:

        —Ongi diozu, Piarres. Jainkoak ikusten gaitu; nahi ginituzken bezalakoak agian ikusiko gaitu bethi! Biek hola nahi behar dugu. Bainan goazen, eskualdun egiazkoak bethitik joan izan diren bezala. Jainkoaren mandatariak baitugu aldean: gure burhasoak. Amarekin jada egin ziren bezala, aitarekin hitzartu behar zira orai. Aita-amak baitut nik ere. Mintzatuko naiz etxean, othoitz eginen dut, eta, Jainkoak eta gure burhasoek hola nahi balinbadute, elgar maitatuko dugu Oihanaldean. Zuk igorririk, Lizartzara jin diteke beraz Thomas... Agur, Piarres...

 

* * *

 

        Hegalak izan balitu ere Piarresek, ez zen arin hala eta zalu etxean sartuko, nola sartu baitzen goiz hartan. Jainkoarentzat, Goañarentzat eskerrez urtzen zitzaion bihotza...

        Eta, bizkitartean, zarrast egin zion bihotz harek, bazkariaren moldatzen ari, Marie bere arreba betbetan ikusi zuelarik, han, su-ondoan. (Doidoia landatik ethorria, piparen phizten ari zen Thomas).

        Arreba maite hura ez othe zuen sobra ahantzi goiz hartan? Berekoi higuin batez bertzerik othe zen, ama zenaren orde, etxek-andre paregabekoa Oihanaldean bethi agertu zen neskatxa bazterrerat hola uzten zuenaz geroz? Ilhundu zitzaizkon begiak, zimurtu arpegia... Eta, orori bethi ohartua zen bezala, horri ere ohartu zen Thomas:

        —Jar hadi, Piarres. Hire itzulia elizan eginik eta, dudarik gabe, hil-herrietan ere hala-hala, xoria bezen alegera heldu hintzen... Zertako ilhundu haiz hola, Marieri behatu ta?

        —Xoria bezen alegera heldu nintzela? Ez dut ukaturen. Marieri behaturik, ilhundu zaizkitala begiak? Hori ere hola da. Itsusi bat, nerekoi bat baizik ez nintzen eta!...

        Eta muthiko on eta prestuak laño-lañoki erran zituen goizeko gerthakariak oro.

        Hura mintzo, eta begiak bethi ta gehiago argitzen ari zitzaizkon Marieri. Oro erran eta, Piarres eman zelarik bere buruari harrika, arrebetan maiteenaz zeren zen hain guti grinatu, arreba hura ondo-ondorat joan zitzaion; eta, hirri maite bat ezpainetan, erran zion:

        —Milesker, Piarres. Bainan ez beltzuri itsusirik hola egin ez eta ere zure buruari. Behozu aitari: loriatua da eta, herriko neskatxa prestuena etxerat heldu zaiolakotz. Gure ama, zuhaurek diozun bezala, hirriz ari zauku zerutik: haren lana da eta ezkontza hoi!...

        —Bainan, zu, Marie?

        —Ni?... Behazadazu, Piarres. Oihanaldetik zu orai bost urthe urruntzean berean, Jainkoari errana nion: etxerat bizirik zu itzul-sari, joanen nintzela ni haren lur-huntako etxeño baterat, Uztaritzeko Serora Beltxen komenturat... Eta loriatua ikusten nauzu ni ere, zu Oihanalderat hola ethorririk, joanen ahal bainaiz —eta laster— Jainkoak bethitik nahi nauen gerizarat... Xo, Piarres! Ez nauzu gai kausitzen, beharbada?... Ala Oihanaldeko haur guzietarik bat ez othe zen behar Jainkoarentzat? Frantxa, Xaneta, ez othe dira hor heldu gibeletik? Ez othe dira hemen gelditzen?... Goaña nere adixkide minak, nere biharko koinatak, badazki horiek oro. Huts handi bat betheko da gure etxean. Elgarrentzat eginak zaizten bezala, zoazte elgarretara sainduki...

        Xahartua nitekelarik, ilobatto bat igorriko dautazue harat, Serora Beltx izanen baita gero hura ere, ni bezala...

        —Aitaren aldi orai, Marie...

        Eta bere haurren artean eman zen Thomas.

        —Ez zintezken hobeki mintza, Marie. Milesker zuri. Zure berri handiaz jelostua nintzen aspaldi, eta badut zorion bihotzean. Ez zaitut Jainkoari ebatsiko. Eta, huna, saria emaiten dautala berehala. Goaña bezalako neskatxa prestu bat zure ordain Oihanalderat igorriz... Zonbeit egun goiti-beheiti, Lizartzarako naiz Piarres. Anhartean, gure adixkide on jaun erretorari salatzen ahalko diozu berri handia...

 

* * *

 

        Aitak manatu bezala, biharamunean berean, Piarres bazoan jaun erretorarengana. Eta berri ona jakin orduko, loriatu zen herriko artzaina:

        «Hola, Piarres! Atsegin handiagorik ez zinautan emaiten ahal. Badakizu nehoren ezkontzarik ez dutala egiten biziki. Benedikatzen ba guziak, egiten arras guti, eta hola hobe da. Bainan osoki nere gogorakoa kausitzen dutala zuen ezkontza, goraki aithorturen dautzut. Goaña, Piarres, elgarrendako eginak zintuzten Jainkoak. Zato nere barnetto hortara; herriko arno hoberenetik jastatu behar dugu berehala, zuen bien zorionerat... Dohala Thomas Lizartzara, ez dio nehork beltzuririk eginen gain hartan...»

        Eta, jaun erretorak erran bezala, beltzuri guti egin zioten Thomasi, Lizartzara zonbeit egunen buruan joan izan zelarik.

        Harat heldu eta, jarri orduko, berehala, erran zion Batixtari:

        —Batixta, bakarrik zira hemen andrearekin, Goañarekin; mila eta ehun parabola behar ditugula laborariek erran behar dugunaren erraiteko, parabolarik gabe batere erranen dautzuet gaurgoiti asmatzen duzuena: Gure Marie Uztaritzeko Serora Beltxetarat joaitekoa dugu laster; Goaña galdetzen dautzuet Piarresentzat. Ez dut uste elgar higuintzen duten eta etxek-andre hoberik ez dugu nahi Oihanaldean...

        Eta gorri-gorria egina, suaren harrotzen hasi zen Goaña, harrotzearen beharra ukan balu bezala halako su alimaleak...

        —Ongi da, Thomas. Banakizkan oro. Zuen Piarres maite dut; Goaña emanen diogu beraz eta arras gogotik... Ez dea hala, Goaña?...

        —...

        —Haur on bat joanen zait etxetik, bainan bertzeak heldu dire hor ondotik, eta etxek-andre bat badugu oraino Lizartzan, Jainko maiteari eskerrak... Bainan, Thomas, Oihanaldea zuhaurek aski maite izanez, onhetsiko duzu Goañari emanen diogula tokatzen zaion hura, eta hura bakarrik. Legeak eskuetan uzten daukun laurden hura Lizartzako daukagu.

        —Ez nindake eskualduna, bertzerik nahi banu sekulan. Ba, Batixta, ba, gure etxe maiteak xutik atxik ditzagun! Gauza bera eginen diot nik Piarresi, Oihanaldean. Milesker, Batixta, Luixa, Goaña.

        Eta xutitu zen Thomas.

        —Zer! bazoazi? Jada?...

        —Banoa. Bertzenaz, etxeko egurrak oro erreko dauzkitzue Goañak, ohartzen ere ez dela...

        Eta hirriz hasi ziren lauak sukaldean.

        —Bertzalde, guk, hemen, oro badazkigu. Bainan ez ordean bertze batek!... Eta gaurgoiti, bere karrikako itzulia eginik, xifritua, hantxet ahal dago Oihanaldeko athean! Ahantzia duzue, Luixa, Batixta, zer sukarra zinuten hola-hola, duela aspaldi, aspaldi?... Zer berri ereman behar diot gero, Goaña? Ororen buruan, hitzik ez duzu oraino atheratu?... Berri ona?

        Eta ahapaldiari ongi-ongi ohartu ere gabe beharbada, Goañak ihardetsi zion maiteki:

        —Ba, aita!...

 

* * *

 

        Ondoko egunak eta asteak ere loria bat baizik ez ziren izan bi auzoentzat. Bazkariz kurutzatu ziren guti-aski, gauzak oro xuxen moldatzeko behar zen bezenbat. Hitzartu ziren uztailan berean eginen zirela ezteiak. Horrela, agorrilako lehen egunetan, Goaña Oihanaldean trebatua zitekenean, Uztaritzerat joanen ahalko zen Marie, etxeaz grina gaixtorik gabe gehiago.

        Antolamenduak egin ziren, ilhuntxe batez, notariaren eta otruntza on baten aintzinean. Berria laster hedatu zen ordutik, nehor ez baitzen den gutienekorik harritu.

        Xoragarri eginak ziren bazterrak, aro ederrenarekin guziak lanari lothurik herrian. Bost uda luzez etxetik urrun egon gudulariek beltzuri guti egiten zioten laborantzari, eta lanak bazoazin karraskan. Mendi urdinetako atheka beltzak urrunerat ikusirik, doi-doia orhoitu zen Piarres lehenagoko kontrabandaz. Sekulakotz gogotik eta bihotzetik joanak zituen ohiko sukarrak: gerla luze bat gainetik igan zitzaioten alabainan. Gaixo ama!... Ez ahal zen guti loriatzen gain hartan!

        Eta, gerla aintzineko bizi eder nasaia, Jainkoak egin dituen bizietan ederrena, erasian jali zen Senpereko mendixka-zelaietan.

        Karrikako langilea lothua zen hura ere bere bethiko tresneri, tresna hek berriz ongi xorroxturik. Eta zurgin, zapetain, hargin, harotx eta bertzeek gehiago maitatu zuten oraino beren ohiko lana.

        Zorion bazen beraz bazterretan, eta elhe maiterik baizik ez zen Piarresentzat eta Goañarentzat, harotxerat, merkaturat edo elizarat bazoazilarik. Marierentzat hala-hala. Bekhaizti ilhun eta zimurtu batzuz bertzeak oro loriatu ziren, Oihanaldean berriz bozkariaturen zirelakotz. Izenik gabeko suge-letra tzar batzu ethorri zitzaizkoten Piarresi, Goañari, suan berehala hauts eta erhauts egin baitzituzten. Bi gazte prestuak bazoazin aintzina beren bide maitean. Deus gordetzekorik ez zutelakotz beren amodio garbian, elgar ikusten zuten han, Lizartzan, burhasoen eta Jainkoaren aintzinean; eta bihotzak gaindi egiten zioten zorionarekin. Bainan, orhoit ziren, egurrak zinezko sua bezala, errespetuak bakarrik egiten duela iraunkor eta oso, bi gazten arteko amodioa. Errespetu hori gabeko amodioak, paperez eginikako suak bezala, phindar badu eta gar... zonbeit astez. Bainan gero, phindarrak suntsitu direlarik eta garra erori, surik ez da gehiago su-phizkian: lehen ere baino ilhunago iduri dute bazterrek. Errespetua eskas, sua eskas, nehor gehiago ez baita han berotuko. Eta aldiz, gar eta phindarrak joanak ditezkelarik —bethi joaiten ohi diren bezala— egurrak diraueno... badirau suak. Hala-hala, errespetuarekilako amodioak.

        Igande arrats batez, ostatuan ikasirik, kopla berriak ekarri ziozkaten Piarresek harat, Lizartzako kaskorat. Eta, erdi goratik, huna zer kantatzen zioten:

 

GERLA ONDOAN

Airea: Lili bat ikusi dut baratze batean.

 

1

Behatua diotet oihan handieri

eta ikusi ditut arthaldez igeri!

Behatua diotet oihan handieri:

ederki hostaturik hirriz zauden neri!

 

2

Karrankaz airatuak, han, bortu-gainean

arranoak, lerroka, zeru gorenean

harat-hunat zoazin, librotasunean...

Soldado-xoririkan bat ez urrenean!

 

3

Ur-xirripa heldu zen, garbirik, goizean,

othoitzean Jaunari, kantu-erasian!

Xori papo-gorriak, leiretan sasian,

hurrupaño bat dio hartu, airatzean!

 

4

Barrandan egotu naiz, kanoia, zafraka

noiz behar othe nuen aditu, milaka...

Bildotx-ardiak ditut entzun marrumaka;

artzaina, ondotikan, heldu zen xixtuka!

 

5

Nere etxe xuriak —hirriz dena ari—

dir-dir egiten zion argi-zirrintari!

Erleak, burrunbaka lothuak lanari...

Andre-gaia zabilan... bihotza kantari!

 

6

Hil-mezuen orde, nik, alegrantzietan,

espos-oihuak ditut entzun elizetan!

Kapa ilhunak orai beude xokoetan.

Oi, zenbat joia pullit, gure herrietan!

 

7

Izatu naiz beilan gerla-tokietan,

eta zer ikusi dut hildo ilhunetan?

Ogi urhezkoa zen heldu lorietan!

Xori bat kantuz ari... kanoi baten puntan!

 

8

Ikusi izan ditut hango hil-herriak,

milaka han, martirak lerroka zarriak;

hauxet zioten orok, hantxet eroriak:

«Bakea duzuela, Bakea Herriak!»

 

***

 

9

Eguerri zen, hain xuxen, nik uste gabean;

sartu nintzen, goiz batez, eliza batean;

Jesus-Haurra mintzo zen, bi taulen artean;

«Loria zeruetan! Bakea lurrean!»

 

J.B.

 

        Bai bihotza kantari zuela Goañak! Bainan ez gutiago Piarresek! Kallak kantuz ari ziren ogi-landetan non-nahi. Lizartzako andrea lagun, neskatxa gazteak Oihanaldean egin zuen bere etxe-sartzea edo andre-gai lehenbiziko ikus-aldia.

        Eta, hainitz tokitara hedatu den gerla-ondoko erhokeria tzar hura herrian sartzerat utzi gabe, jostatu ziren senpertarrak. Versailleko bakea sinatua zen eriaroaren hogoita zortziaz geroztik. Nahiz guk behar baino ahulagoak, erroak emaiten ziozkan halere San Martinetako bitoriari, eta Eliza-Phestak egin ziren beraz Senperen: pilota partida ederretarat, elizarat lehiatu zen jendea. Bainan ergelkeriarik ez zen ikusi nihon ere. Hilak, alhargunak, ume-xurtxak ez zituzten ahantzi nahi, eta gerlan erori 72 soldadoeri egin behar ziren harrizko orhoitzapenentzat diru handia biltzen ari zen jada herrian.

 

aurrekoa hurrengoa