www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

I
ETSAIARI BURUZ

 

Gerla handiko soldado gaitzak, zuen ongi goresteko,

Otxalde eta Elizanburu koplari ziren beharko.

Heien eta Zaldubiren orde othe nauzue nahiko?

Bozez mila banitu gaur nere, oro nuzke zuendako!

«Adios aita, adios ama, adios ene laguna,

Adios ene herri maitea, herrietan maiteena!...

Bihotzean ezarri ondoan gure nausi Jesus ona,

Lerro-lerro, joan ginen oro etsai higuinarengana.»

J.B.

 

        Intzireka, xixtuka bazoan soldado-trein luzea, suge handi bat iduri, aboztuko kanpo ederraren erdian.

        Han urrun, Larrune-mendia bere sorbaldak goitituz ari zen, eskualdun soldado gazteak egin ahala luze ikusi beharrez oraino, etsai higuinari buruz zoazila.

        Eta Larruneri beha, ixil-ixila bazoan Piarres ere. Han, mendi handiaren oinetan, ibar-muthur batean, nigarrez utziak zituen bere ama, bere arreba, bertze ama bat oraino, egun batez beharbada haren ama izanen zen ama bat, Jainkoak hola nahi balinbazuen segurik!...

        «Itzuliren zira, Piarres; itzuli behar duzu, Oihanaldekoengatik, Lizartzakoengatik. Gure aingeruek begiraturen zaituzte!» Goañaren hitz horiek, maitetasun garbienaz betheak ez othe ziren? Bihotza phizten zioten muthil gazteari, oren dorphe hartan... «Jainkoak adituren zaitu Goaña! Oihanaldekoengatik, Lizartzakoengatik itzuliren nau zuen guzien artera!...».

        Artho-landa handi baten buruan, keeta baten aldean, gizon adineko bat, athorra-mahunketan betbetanikusirik, orhoitu zen Piarres, bere aita, han, Oihanaldeko azken bihurgunean, xutik hola utzi zuela, orai bost egun, —mende bat!— bertze keeta baten aldean. Pil-pil egin zion bihotzak, zeren zinez maite zuen aita hura...

        Bainan, treina, hain xuxen, eliza xuri baten aldean iragaiten ari zen; eta barneko sukar hura eztitu zitzaion eta gero erori, bertze eliza batez betbetan orhoiturik, bere Senpereko eliza handiaz. Eliza hartan, igande goizean, barna-barna bihotzean hartu zuen Jesus eta berekin ereman, traba guzieri buruz. Borthitz behar zuen eta bihotzdun; borthitz eta bihotzdun izanen zen...

        Hainbertzenarekin, Larrune itzali zitzaion edo, hobeki, emeki emeki suntsitu uhartze zola-zolan.

        Bertze mendi batzu biderat heldu zitzaizkon orai hego-aldetik; bainan ez ziren hek, Eskual-Herriko mendiak. Eta behako bat doi-doia emanik harripeña ilhun heieri edo, ezker eta eskuin, luzatuz zoan uhaitz handiari, bere laguneri buruz itzuli zen Piarres.

        Sukar bera begietan ikusi zioten orori, sukar minena segurki. Wagon handian, harat hunat bazabiltzan oraino, pareteri eskuak, andarka. Zizpa eta pusketeria guzien erdian xutik, bazuten oihu, bazuten hirri. Bainan min egiten bezala zuen heien hirriak. Ezagun zen, guziengatik, eskualdun eta landes hek orok, han, urrun, bertze nonbeit zutela gogoa!

        Non ziren axtiko harramantzak, lau egun dorphe Baionako gaztelu kaskoan iragan ondoan, Sant-Izpirituko zubian hunarat heldu zireneko harramantza hek oro? Hiri guzia han zen —eta ez othe Eskual-Herri guzia?— herioari buruz hurrats berean soldadoak zoazilarik. Herioa? Bainan nork herioa zuen buruan tenore hartan? Musika... errepiketan ari zen, han, aintzin hartan, erreximenduko bandera maitearen ondotik. Erdian, gibelean, non-nahi, atabalak eta turrutak, errabia gorrian ari, bethi ari, nondik-nahitik ari! Aintzindari gorenak zaldiz, koonela lehen-lehen, oro jauzteka, zapartaka! Xixpa muthur guziak dena lore eginak ziren, karrika bururat soldado gaixoak heldu ere gabe. Haur batzu, gazte atrebitu batzu, lephotik lotzen ere zitzaizkoten non-nahi, kapota-gainak ere loratu beharrez, edo bixkotx eta bonbona, xokolet eta fruitu, zernahi puskaz zakuak hanpatu beharrez. Loreak oraino, bethi loreak, burrustakan heldu athe-leiho guzietarik! Eta hango oihuak, hango karrasiak!

 

«Biba berrogoita bederatzigarrena!

Biba Frantzia! Kuku alemanak!...»

Buruaren galtzeko ere bazen egiazki!

 

        Eta gero, trein izigarriak, koka-ahala betherik, noizpeit abiatu zirenean, jendetze haren guziaren orroa!

        Ikaragarria zinez! Zerua nola ez zitzaioten bada erori gainerat tenore hartan?...

 

* * *

 

        Eta orai, itsasoaren burrunba urruneko bat bezala, han zituzten, beharrietan, harramantza hek oro; eta zozotuak bazoazin, herriz herri, zelaiez zelai, oihanez oihan, eta gero eskualdez eskualde, nehon guti geldituz.

        Piarresek, aspaldi ja, botaiak zituen Baionako loreak oro. Geldi-toki handietan, berriz ere oihuak, berriz ere harramantzak. Bainan esker gutiago egiten zioten jada etsaiari buruz zoazin soldado hek. Lorerik aski bederen bazuten harturik, «hamar hil-herrietako hobiak oro estaliko ere baitziren lore heiekin», soldado zahar batek goratik erran zuen bezala.

        Zakuak berak, nahiz ederki hanpatuak, ahantzirik bezala zauden xoko guzietan, eta nehork ez zioten minhandirik egiten.

        Bainan gero, gorphutzak berea behar duelakotz bethi, eta ez gutiago hogoita bortz urthetan, lothu ziren oro beren pusketerieri. Eta, hantxet, soldadoz kankarrikaturik, trein handiek elgar kurutzatzen zutela gau ilhunean, Piarres eta haren lagunak, kanita eskuan, jan eta jan ari ziren. Xahakoak ezker eskuin bazabiltzan airean, eta hirriz adi zitezken orai... biharko gudulariak.

        Eta gero, lehertuak, burrunba ilhun bera beharri barnean, lokartu ziren guziak; noiznahi atzarriakhatik, amets itsusi zerbeitek soberaxko harrotzen zituelarik.

        Harmetan guzia, Frantzia bazoan Iguzki aldera, berrogoi eta lau urthe hartan etsaiaren oin-pean intzirez zagon Alsace-Lorraine eskualdearen beretzera. Zoko guzietarik, hatsantuak, xixtuka, sua zariotela gau ilhunean jalitzen ziren treinak. Suge handi batzu iduri, lerro lerro, jauzteka bazoazin oro, harat, etsaia igurikatzen zuten tokirat, elgarri aintzindu nahiak.

 

* * *

 

        Lo pisu bat eginik, bat bertzearen ondotik atzarri ziren beraz oro wagon edo gurdi handian. Begitarte zimurtuen torratzen ari ziren orai, begiak ubel, aho-gozoa kirets. Kafe bero bero batek errepixkolatu zituen beharrik, eta lasterxko.

        Piarres bere lagun-minetarat itzuli zen orduan. Jainkoak hola nahirik, lau senpertar baziren elgarrekin, buruzagi beraren azpiko behar baitziren lauak. Philippe, Paul, Mixel eta Piarresek elgar maitexko zuten jada! Garaztar bat bazuten gero, Joanes, lagun hoberik ez baitzitaken nehon: ona, prestua, alegera... ezin gehiago.

        Kafeari hurrupaka, belharrari pafaka, elgarri kontra eman ziren, kanpoari begira eta begira. Non othe ziren?

        Non ibilirik, non iraganik? Bat ez zen heien artean hori zakienik. Gora gora, krizkola batean hasi zen Joanes Garaztarra:

        —Errak, to, Piarres, ez diat Larrune muthurrik ikusten hor gaindi? Nun othe gituk, gaurgoiti?

        —Batere ez zakiat; bainan urrunxko, han, gibelean utziak ditiagu Garazi edo Lapurdiko mendiak. Sekulan ikusiko ere othe ditiagu gehiago?

        —Balinba! Briepolatu! Zer uste duk ala gerlarat doatzin guziak gerlan gelditu beharrak diela?... Nik segurik, ene hexurrak oro gibelerat ekarri gogo ditiak. Baditakek bat edo beste Izurako Daunatuak xuxenduko dazkitan. Bainan guziak han izain dituk: «A vos luméros!... Pressan, pressan, pressan... Manqué person, mon achudant!»...

        Philippe, Paul, Mixel, Piarres, Joanes bera, oro hirriz ari ziren, haur handi batzu bezala.

 

«Garizumari berari hirri eginaraz hezake, debru Garaztarra!...

—Hala duk eta!

—Ez gaitik, amak ikusten!...»

 

        AMA! ama gogoan bazoazin beraz eskualdunak! Oren lazgarri guzietan, ama lehenik aiphatu behar! Guduan eroriko direlarik, geroxago, Jainkoaren eta zeruko Amaren izenarekin, lurreko bere amaren izena batek ere ez ahantziko!!!

        Ama gaixoak, gure ama maiteak! Dohain ederragorik ez baitauku sekulan zeruak ez egin, ez eginen!...

        Ama Piarresek hola aiphatzean, durduzatu zen Joanes gaizoa, begiak nahasi bezala zitzaizkon doi-doiako bat. Ahoan zerbeit iretsirik, berriz hasi zen erasian, bainan aphalagotik:

        «Hobe gindikek, orai ere, ama gaixoek beren haurrak ikusteko menean oro bagina... Bainan, to, zertako behar ditiagu gure gogoak ilhundu sobera? Ikusiko duk, guri ohartu orduko, lapinak iduri, tarrapataka ihesari emain direla alemanak. Lagunduko ere ditiagu, zalu-zalua tokien husten»...

        Eta, ezker, eskuin, solas berak zeramazten han ziren bertze soldadoek orok. Haur elheak, egiazki!...

        Bainan, haur batzuek baino gehiago, zer zakiten hastera zoan gerla ikaragarriaz?

 

* * *

 

        Bi egun hartan bidean ziren jada, Baionatik aboztuaren zazpian urrunduak.

        Bederatzian, Mont-le-Vignolle herrian ziren, bide luzeak umatuak.

        Hamabian gero, Toul hirirat buruz abiatu ziren oinez. Hiru egunez, tapa taparen gainean egiten dute, Royaumeix, Grosrouvres eta Lay-Saint-Rémyn arratsetan geldituz. Urrunerat, Pont-à-Mousson aldetik heldu, entzuten dute, lehen aldikotz, kanoi-pezen orro handia.

        Xixperi hurbil, xixpa hek helmenean, lurrean lo egiten dute gau hartan. Eta bihotzak jada pil-pil jotzen diote.

        Bururik ez dute kurtzen. Bainan, sukar batek hartuak dauzka guziak. Laster ikusiren othe dute etsaia? Ikusiren ere othe dute batere?...

        Piarres, gau-beilari landes lagun batekin karrika buru batean emana, ernerik zagon harmetan, dena gogoeta.

        Gerla zen beraz! Han, urrun, jada, guduan ari ziren! Oinezko soldadoen aintzinean zaldiz jiten diren uhlanhetarik bat edo bertze ager balakio betbetan aintzinera?... Hantxet, bihurgune hartan, zer da beltz hura? Ez othe da mogitu? Segur mogitu dela! Heienganat huna non heldu den, bere kaska zabal aphalarekin... Huna zaldiaren urhatsa, harrabotsik ez duela kasik egiten gau ilhunean...

        Eta gero, deusik ez gehiago! Suntsitu da Piarresek bere sukarrean ikusi uste izan duen mamua. Haren aldean, landes laguna ez da durduzatu ere oraikotik...

        Bainan, eskua tinko xixparen gainean, Piarres han dago, begiak harmaturik. Izarrak, gain hartan, inguruka dabiltza ixil-ixila, eta kanpo hetako xakurrak oro sainga ilhun batzuetan ari dira.

        Eta Piarresek badaki orai zertako den, gaur, xixpa bat eskuan, han, iguzki-aldeko hiri muthur batean.

        Frantses-Herriaren mokor bat, mokor ttiki bat zaintzen du harek ere, han, harmetan. Ehun milaka, bertze soldado batzu baziren, non-nahi bertze lur-mokor batzu gerizatzen zituztela hala hala. Eta Frantzia, Herri Handia, lur-mokor hetaz guzietaz egina zen. Lur-mokor hetarik bat zen Eskual-Herria, Eskual-Herrian Senpereko herria.

        Lur-mokor hetan, heien gainean altxatuak, han ziren haren gibelean, aintzinean, ezker, eskuin, orotan, herriak, etxeak, elizak, hil-herriak. Herri hetan, etxe hetan zauden... aita-amak, haurrideak, haurrak, hil gaixoak. Eta, hil eta bizi, hek guziek bakean bizi nahi zuten eta lo egin deskantsuan.

        Eta Eskual-Herriko itsas-hegiez, mendi zelaiez, oihan eta alhorrez orhoitu zen Piarres. Orhoitu Oihanaldeaz, Oihanaldeko guziez, aita-ama samurrez, haurride maite hetaz guziez. Goaña Lizartzakoaz orhoitu zen, eta tinkoago lothu zitzaion bere xixpari...

        Ethor ziteken etsaia! Haren eta maite guzien artean, soldado gazte heien bulharrak han ziren, burdinaren pare altxatuak...

 

aurrekoa hurrengoa