www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
ETXEK-ANDRE BATEN HILTZEA

 

        Andredena Maria Agorrilakoaren iduria, dena urhe, dena lore lau gizonen sorbalda-gainean karrikan ibili ondoan, eta zerurat Ama Birjina hola airatu ondoan, xoriak oro ixiltzen ohi dira bethitik Senperen, eta hala-hala gure Eskual-Herri guzian. Beren adixkide maite Zeruko Erregina hegaldatuz geroz, ez zaiote iduri kantuz gehiago ar ere ditezkela gizonarentzat. Jauzi-jauzi, paparo-gorria da bakarrik ikusten oraino berho-sasietan edo baratze-bazterretan. Aldaxka baten buruan finkatua, begiak birilkatzen dituela, bere zintzur ttikia musika-eresiz hantzen du. Eta, zeren errexiñola ixildua den zonbeit egun hartan jada, eta bere lumak harro-harroa zeren dituen emaiten, uste du gaixoak «xorietan buruzagi» hura dela eta «ororen gehien». Bainan, hatsa laburregia du, eta motz-motza bururatzen ditu bere ttirritta-errepikak oro!...

        Ongarri-metaren kaskoan, aztaparka alderdi guzietarat ari dela, gorri eta xuri, bere buruaz bethi hartua, huna etxeko oilarra. Bainan, bereziki Jon Doni Petriren arneguaz geroztik, oilar-kantuari behatzen othe dio behin ere Ama-Birjinak?

        Ixildu dira beraz Eskual-Herriko xoriak.

        Osoki itzali baino lehen, bere uzta ederra eman ondoan, uda bildutasunean sartzera doa, ixil-ixila bere edergailu ondarren erdian lokartzera baloa bezala.

        Gauak, lasterrago jinak, hotzago dira jadanik.

        San Mikeletan, uhartzearen lau ezkinetarik huna heldu direla iñharak, ehunka lehenik, milaka gero, xuri eta beltx, pullitak, maiteak ezin gehiago. Inguru-inguru, eskualdun zelaiak ezin utziak balituzte bezala, hedoi arin baten pare hedatzen dire ezker, eskuin, zerua kasik estaltzen dutela. Adar-muthurretan, hegatz-kaskoetan, ikusi gathe-alanbre guzien gainean sorkan finkatuak, batek bertzea haikatzen duela noiznahi, elgarri erasian ari dira eta mezuka. Zer erasten othe duten hola beren ttirri-tturru maite hetan guzietan?... Banaki erraiteko, ahapetik erran niro hementxet. Bainan ez baitakit ordean!... Bizpahiru egun holaxet zapartakan arizanik, haize gaixtoaren hausteko bortuetan edo itsas-gainean aski bildurik badirela iduritu zaiotenean, oro hegalkolpe berean altxatzen dire. Eta, zeruan doi-doiako bat durduzaturik —moldean emaiteko doia—, huna non doazin orai, lerro-lerro, beren aintzindariaren gibelean oro hedatuak, luzatuak, airean igerika, berehala kasik, bertze urthe arte, zeru urdinean itzaliak...

        Olhaso kaskoan harat iñhara andana bat hola itzaltzen ari, eta tanpa-tanpa Zaldubian hunat heldu zen Piarres. Behatu zioten; eta, gauza orori ohartua zen bezala, bere buruarekin egin zuen berehala:

        «Xori maiteak!... Zoin goizik urruntzen diren aurthen, buruilaren lehen egunetan beretan! Bederazka deusik ez, ahulegi hegalak; bainan, elgarri-kontra emanez geroz, haizerik hazkarrena baino hazkarrago horiek izaki, bethiko mendeetan! Nahas-mahas, deusik ez oraino hala-hala, laster ohilduak alabainan; eta beren buruzagiaren ondotik lerrokatuak, ia bezen xuxen eta oso-osoa horiek joanen itsasoz haindirat!...»

        Bainan, gero, ttitta beltx batzu baizik gehiago ez ziren xori gaixoeri azken aldi bat oraino behaturik, ikaratu zen muthiko maitea. Berak ez zakiela zertako, iduritzen zitzaion semeari, hola zoazin iñhara hek berekin bazeramatela haren zorion handi bat, eta zorion hoi ez zitzaiola berriz itzuliko sekulan... Bere ama maiteaz hola su batean orhoiturik, hipa bat ethorri zitzaion zintzurrera eta nigar hori utzi zuen jalitzera, ahalkerik gabe batere. Bardin sarrixago ez du nigarrik eginen ahalko bere haurrideen aintzinean. Oihanaldean beharko du gizon eta bihotzdun... Hemen Zaldubian, nehork ikusten ez duela, seme izanen da eta haur ttiki...

 

* * *

 

        Nola eritua zen Oihanaldeko Gaxuxa, eta zer egin zitzaion udazken xoragarri hartan, gauzak oro hala lilluragarri zirelarik oraino bazterretan?...

        Nork ongi zakien?... Igande ilhuntxe batez, elizatik heldu zen. Karrikan jakina zuen, orduan berean, herriko seme baten, Mattin Albandos jaun errient girixtino gaztearen hil-berria. Andereen Bidea zelako toki madarikatuan eroria zen, uztailaren 31an, bere adinik ederrenean. Berruet jaun bikario-errienta 28 urthetan, 21 urthetan aldiz Mattin gaixoa! Hainitz maite dituen gauzak maiz egiten ohi dituen bezala, Jainko Handiak hazkarki hunkitzen zuen Senpereko eskola girixtinoa!...

        Elizan berriz sarturik, othoitz bat karsua egin zuen muthil gaztearentzat eta haren burhaso-haurrideentzat.

        Eta, gero, betbetan, zarrast egiten ziola, zerbeit hautsi bezala zitzaion, han, bulhar barnean. Bere seme Piarresez orhoitu zen, eta seme hura hilen ziotela hari ere egin zuen bere buruarekin. Min egin zion bihotzak; tinko-tinkoa bi eskuez hartu behar izan zuen bihotz hori. Eta, berak ere nola ez zakielarik, Ama-Birjina Lurdekoaren aldare-aintzinean, nigarretan aurkitu zuen bere burua.

        Bere biziko azken itzulia elizan eginik, bertze aldietan baino pisuago heldu zen orai Oihanaldeko patarrari goiti. Ama-Birjinak eztitu zion barneko ilhundura itsusia; ez ordean khendu. Taka-taka ari, min egiten zion bethi bihotzak.

        Oihanaldeko sukalderatu zelarik, hatsez ezin asez egon behartu zitzaion bulta luze bat. Eta gero, orotarik errenkuratu zen. Gantxume, Frantxa, Xaneta izituak, supazter-xokoan nigarrez ari ziren. Marie, gorri-gorria begiak, bainan bere bihotz guziaz asiki-zimiko batean berehala jabetua, ama gaixoari dena maina, dena artha ari zitzaion. Thomas, Ganix, xutik Gaxuxaren aldean, ixil-ixila hari beha zagozin, harrituak biak, behin ere ordu arte zeren ez zioten errenkura bat entzun...

        Sokorri zerbeit bero-beroa harturik, bere alabak laguntzen zuela, Oihanaldeko andre guziak bethitik etzan ziren ohe zabalean eman zen ama gaixoa, handik ez baitzen gehiago xutitu behar...

        Eta hotz-ikare handi batzuek inharrosi zuten berehala, lanik aski baitzuten hura ezin berotuz. Daldaratzen zitzaizkon ezpainak, intzire bat jalitzen ezpain horietarik.

        Sukaldean, Thomas itzuli zen Ganixi buruz, eta ilhun-ilhuna, bere lagun maitearen ikarek bera hartua izan balute bezala, erran zion:

        «Zoaz, haurra, jaun mirikuarengana, eta errozu ethor dadin othoi berehala... Zuk, Gantxume, laster egizu Lizartzara. Lehen auzoak ditugu...»

 

* * *

 

        Oren bat iragan zen gero dorphea, egun bat osoa bezen luzea iduritu baitzitzaioten orori. Lizartzako andrea, Goaña, han ziren orai, Gaxuxaren aldean, lasterrez ethorriak eta Marieren lagun maite berehala eginak, harat hunat, ixil-ixila zabiltzala artha guzietara.

        Bethi ta kexuago, xuri-xuria luzaz egonik, sutan iduri zuen orai Gaxuxak bere estalkien azpian. Halako zirrinta itsusi bat jalitzen zitzaion bulharretarik, eta bihotzak oro hersturetan ziren barne hartan...

        Hatshantua, Ganixen ondotik sartzen ari zen jaun mirikua, eta begiak oro argitu ziren Oihanaldean. Jende gaixo heieri iduri zitzaioten, gaurgoiti salbu zela heien eria.

        Eta berehala, bere begi onak maite-maite eginik, bazoan mirikua ongi zakien ganbaralat buruz. Zenbat haur-ukaiteetan, zenbat bertze hinka gaixtoetan oraino ez zen Oihanaldean izatua?

        Ez othe zen, bertzalde, ororen adixkide herrian? Paregabe ona ez zena erientzat eta lañoa?

        «Eian, eian, Gaxuxa?... Zer egin zaitzu?»

        Eta estalkien azpian esku bati exti-extia lothurik, alegia eta deusik ez, foltsuaren miatzen ari zitzaion. Eta, berehala, zimurtu zitzaizkon ezpainak. Bainan, gero, bere bethiko kara berriz bildurik, mihiari behako bat emanik, oihal xuri bat galdegin zion Marieri. Bere eskualdun kapelua khendurik, bulharren ikertzen ari zitzaion eriari. Luzaz eta alderdi guzietarik miatu zuen ondoan, estalkiak berriz bildu ziozkan xixtuka ari ziren bulhar gaixoen gainerat.

        Eta orai, Gaxuxaren aldean jarririk, aita bat bezala ari zitzaion Senpereko sendakin ona:

        —Atherako zaitugu hortarik, Gaxuxa, Jainko maiteak nahi balinbadu...

        Zirrinta batean, neke-nekea, ihardesten zion eriak:

        —Ez dakit nahiko duen, jaun mirikua...

        —Balinba!... Bainan, ez duzu hola nekatu behar zure burua, ez duzu ere behar deusetaz grinatu. Arthatzaileak baitutzu hemen, eta ez nolanahikoak. Mustarda eta bertze, erranen diotet zer egin, eta bulhar hoik garbituren ditugu zonbeit egun barne...

        —Bulharrak... garbituren tutzue... behar bada... Ez ordean... bulharren tarteko hoi... sendatuko.

        Gaxuxa maite zuen jaun mirikuak, gora emaiten zituen hura bezalako etxek-andre eta ama paregabekoak. Lanbro bat ethorri zitzaion beraz begietara, eta lanbro hura orori gorde beharrez, brau xutitu zen, burla maite batean eta ozen-ozena ihardesten ziola eriari:

        —Bai eta hori ere, Gaxuxa! Bulharrak lehenik eta gero bihotza. Ongi peaxatuko bederen dugu, eta Jainkoak nahiko duen bezenbat urtheendako. Eta huna lehenbiziko peaxua: han Alzazen, alfer tzar baitago zuen Piarres, eta, diotenaz, gerlaren buru-bururaino, bihar goizean berean jakinaraziko diot bere amaren sendatzera ethorri behar duela zonbeit egunez. Aste erdietako hemen dukegu, ez ahal baitu beltzuririk eginen, ez eta ere, nik uste, haren amattok... Bihar arte, Gaxuxa. Prestu-prestua har eta egin nik manatuak oro!...

        Begiak argi-argia eginak zitzaizkon jada eriari. Ganbaratik bazoan aldiz mirikua. Sukaldera Marie deithurik, bere manuak eman ziozkan xeheki; eta gero, besotik harturik, Thomas bazeraman kanpora:

        —Bihotzdun behar zira, Thomas.

        —...

        —Ni bezenbat beldurtitua ahal zira gaurgoiti. Min badut hori erraitean, bainan arras eri da Gaxuxa. Behar direnak oro eginzkitzue. Zer hel ere, Oihanaldea xutik egon behar da gure herrian. Uste dut, bertzalde, elgarren premu eginak zaizten aspaldi huntan eta bethitik. Bainan, ez da hori ene egitekoa.

        —Adixkide bat zaitugu, jaun mirikua.

        —Hala naizelako bertze froga bat orai. Badakizue Sakramenduek nehor egundaino ez dutela eritu. Elizakoak harturik, bakea bihotzean emanik, nere erietarik asko sendatu dire, bertzela beharbada eginen ez zirenak... Lehenagoko eskualdunetarik zaizte Oihanaldean. Badakizue beraz zer egin.

        —Ongi da, jaun mirikua. Bihar goizean berean, lehen auzo gisa, Goaña Lizartzakoa han izanen da gure bilari, sakramenduak Oihanaldera segitzeko...

 

* * *

 

        Biharamunean, sakramenduak heldu ziren beraz Oihanaldera. Intha hertsiari gora, landa eta sorroen tartetik, jaun erretora buru-has bazoan, tinko bere eskuetan eta bihotzari kontra zeramala urhezko untzi berezia, eta untzi hartan, osti xuri ttikia.

        Haren aintzinean, buru-has hura ere, elizako esku-argi berezia ezkerrean, Mattin beattar eliza-muthila. Noizetik noizera, ipularrean norbeit ikusirik edo bardin artho-landa baten erdian, zilarrezko xilintxa ttiki bat inharrosten zuen bere esku-muthurrean. Eta, arto-makilen erdian, landa bazterretan, belhauniko berehala kurtuak, kanpo hetako goixtiar-langileak, kurutzearen seinale bat eginik, othoitzean emaiten ziren guziak. Norentzat ari ziren ere bazakiten jadanik, bas-herrietan bezen laster nihun ez baitire beharbada berriak hedatzen. Eskolarat zoazin haurrak, intha bazterrean belhaunikatzen ziren hek ere, beren buru maiteak aphaltzen zituztela, Jainko maitea heien aldean iragaitearekin. Sasi-berroetan harrotzen ziren aldiz paparo-gorriak; eta, batere izitu gabe, aldaxka muttur-muttur batean finkatuak, beren begi ttikiekin saheska behaturik, ttirri-ttirri hasten ziren ezin-gehiago maiteki. Nork zer daki, beren eta gauza guzien Nausi handia ez othe zuten hek ere tenore hartan ezagutzen eta hola goresten?

        Aphezaren gibeletik eta haren puska zerbeit eskuetan, dena beltxez emana, heldu zen bilaria, Goaña Lizartzakoa. Bere mantelinaren azpian, othoitzean ari zen, Oihanaldeko Gaxuxaz eta Oihanaldeko guziez —Piarres barne— gogoa osoki hartua. Eta bere aintzinean zoan osti xuriari galdegiten zion jende maite hek oro hurbildik lagunt zitzan.

        Sorro heien guzien tartetik bazoala, jaun erretora erdi erasian ari zen bere buruarekin eta Jesus Jaunarekin: «Zoin ona ziren hatik, ene Jainkoa! Bai, zoin ona!... Bazindakien zu gabe ezin gintezkela egon, zure beharretan gintezkela bethi. Eta orduan, Ortzegun saindu arrats batez, eman zira ogi pitta baten azpian. Eta gu ez izitzeko, guk zu jateko, hola kukutua, hemeretzi mende hautan hor zaude gure elizetako gordagi maiteetan, gau et'egun bethi guzien meneko. Eta zureganat norbeit ez ditekelarik ethor gehiago, eriegiz edo bertzela, norbeit hura bera-bakarrik ez uzteko, zuhaur bazoazi orduan harenganat, bidez-bide, inthaz-intha, gaur Oihanaldeko ama gaixoarenganat bazoazin bezala!».

        Eta gozo bat bazuen aphezak bihotzean, Jesus zeren lagunt zezaken harek ere bere Jainkozko-urrikalmenean. Han, ostiari kontra-kontra, othoitz karsu bat heldu zitzaion bihotzera, bihotzetik ezpainetara:

        «Jesusen bihotz sakratua, gutaz urrikal zaite! Laudatua eta adoratua izan bedi Jesu-Kristo gure Jauna, zeruan eta aldareko Sakramenduan...»

        Eta beattarrak, Goañak, erdi goratik ihardesten zioten berehala:

        «Orai eta bethi ere!»

 

* * *

 

        Oihanaldeko athean, Ganderailuz benedikatu bi xirio eskuan, Thomas belhaunikatua zagon. Apheza hurbiltzearekin, xutitu zen, eta ixil-ixila abiatu Jainko maitearen aintzinean, ganbara handiari buruz.

        Harat heltzean, bere xirio biziak eman zituen mahain xuriaren gainean, kurutzefika handi baten bi aldetan, oihal batez doidoia estali mirailaren azpian. Eta gero, belhauniko eman zen bere haur maiteen ondoan.

        Aphezak, mahainean hedatu oihal berezi baten gainean urhezko untzi ttikia ixil-ixila finkaturik, ur benedikatuan busti erramu-hostoa hedatu zuen eriaren gainera, etxe guziaren gainera:

        «Pax huic domui et omnibus habitantibus in ea. Bakea etxe huni eta etxe huntan dagozin guzieri!»

        Eta, bertzeak oro ixil-ixila orduan atheraturik, Jesusekin bakarrik ziren orai erretora eta Gaxuxa. Ohearen ondoan jarri zen apheza. Eria, gau luzeak ahuldua, xuri-xuria egina, bere kofesioaren egiten ari zen, begiak hetsirik, eskuak bere arrosarioaren gainean kurutzaturik. Hainitz maite ere zuelakotz eta bethitik, aita bat bezala mintzo zitzaion gero jaun erretora haren ikustera eta hazkartzera Oihanalderaino ethorria zen Jesus onaz. Eta, Jainkoaren barkamenduarekin, bake handi bat jautsi zen berehala paregabeko arima hartara.

        Etxekoak, auzoak, oro berriz sartu ziren ganbaran. Mariek oihal xuri-xuri bat hedatu zuen eriaren eskuen gainera; eta Goañak eta biek maiteki altxatua zaukatela, osti xuriari beha zagon orai Gaxuxa:

        «Accipe, soror, viaticum corporis Domini nostri Jesu Christi...»

        Eta bihotz garbi-garbi hartara jautsi zen ogi pitta batek zaukan zeru-lurren Jainko handia...

        Ohean berriz luzatua, bildutasunik minenean eria zagolarik, aphezak eman zion oliodura saindua, eman ere eri handiek hartu behar duten indulientzia edo barkamen osoa. Umil-umila, aphal-aphala, aphezarekin bat egiten zuela osoki, Eliza Ama Sainduaren laguntzak oro hartu zituen Gaxuxak. Bere burua eman zuen ama guzien Aita bethi gelditzen den Jainkoaren eskuetan. Eta gozo handi bat bazuen berriz ere bihotzean. Eskerrak bihurtu ziozkan erretorari, musu bat eman bere haurreri, Goañari, behatze maite bat egin Thomas gaizoari. Eta, edateko zerbeit harturik, galdetu zuen: Jesusekin bakarrik utz zezaten othoi aphur bat.

 

* * *

 

        Ororen othoitzak entzun balitu bezala Jainkoak eta oliodura sainduak zinez on egin balio bezala, pitta bat hobekitu zen Gaxuxa, eta ondoko egunak frango moldean iragan ziren. Oihanaldean, lanean berriz has zitezkela iduritu zitzaioten beraz orori.

        Auzo guziak, bedera-bedera ethorri ziren eriaren ikustera, eta mahain ttikia ikusgarriz estali zen berehala: oilo, arroltze, goxokeria, orotarik heldu zen, Eskual-Herrian ohi den bezala. Eta, bere ahuleziarengatik, etxek-andre maiteak bazekien guzieri ongi egiten Lizartzakoeri eta bereziki Goañari hobeki oraino egiten ziotela hatik.

        Bainan, nork erran haren zoriona, ortzirale goizean Piarres etxean sartu zelarik! Berehal-berehala, Xurikoren saingatik beretik, bere Piarres sumatu zuen, han, etxe-aintzineko keetaren ondoan berean... Eta, ohean jarririk, bi besoak aintzin beha zagon ama, beso heien tartean tinko-tinkoa hartu baitzuen bere seme handia eta luzaz han atxiki, bihotz eriari kontra, begiak, goiti, Jainko maiteari buruz handi-handia altxaturik. Oren goxoak, laburrak ere gero, gela hartan amak eta semeak iragan zituztenak. Zer berri-porroxkak, zer haurkeriak kasik! Hirri egiteko ere bazitaken egiazki, hala hunkigarri izan ez balitz...

        Iduri zuen phiztu arras eta sendatu ere zela Oihanaldeko andrea... Bainan, ez! Zorigaitzez, ez zen holakorik!

        Hainbertze sar-atheratzek unhatu balute bezala, Piarresen ikusteak bereziki azken firu bat lehertu balio bezala bihotzean, gaizkiago zen biziki biharamunean. Gaua tzarra ereman zuen osoki, amets itsusi batzuez hartua bethi eta estalkiak noiznahi baztertzen zituela, gorri-beltzatzen ere jada hasia.

        Jaun mirikua maixko han zabilan erakusterat emaiten ere zuen baino kexuago, sukar handiaz bethi ta gehiago grinatua:

        «Bihotz hau ezin peaxa zindezaken, jaun mirikua. Sobra joa zen eta sobra barnatik hiru urthe luze hautan! Piarres, zatozkit hurbilago. Ororengatik, badut zorion, nere ondoan baitzaitut. Ona izan zaite aitarentzat, Marientzat, zure haurrideentzat. Auzoak onak izanen zauzkitzu agian, bereziki hetarik bat! Othoitz eginen dut zuentzat, Piarres, Goaña, eta badut uste Jainkoak entzunen nauen...» Eta Goañari amultsuki beha zagon hiltzera zoan ama ona.

        Nigarrez ari ziren oro ganbaran; nigarrez Thomas, Piarres, Ganix, Gantxume, Frantxa, Xaneta... Gorri-gorria egina, nigarrez ari zen ere Goaña.

        Ttikituz bethi ta gehiago, bazoan aldiz eria.

        Eta orai, azken othoitzen erraiten ari, han zen berriz ere jaun erretora. Sainduen litania berezi batzuen ondotik, arima eder bat ezin hegaldatuz ari zen ohearen ondoan, adi zitezken munduko othoitzik ederrenak:

        «Proficiscere, anima christiana... Zoaz, arima girixtinoa, zoaz mundu huntarik!...»

        Eta ganbara hartara deithuak ziren eta errekerituak Salbatzaile ona, haren Ama Saindua, Aingeruak, zeruko Sainduak oro. Debrueri manatua zitzaioten, Jainkoarenganat hola zoan arimari trebes ez zitezen eman bidean...

        «Suscipe Domine... Jauna, harrezazu zure zerbitzaria... Libera, Domine, animam ancillae tuae!...»

        Kurutzefikari musu eman zion eriak, eta gero, begiak hetsi zituen bere arimaren gainera.

        Bederazka, bederazka heldu ziren etxekoak oro, auzoak ere hala-hala. Eta, erramu hostoa eskuan, kurutzearen seinalea egiten zuten erramu harekin eta gero xirio benedikatuarekin.

        Berriz oraino begiak zabaldu zituen Gaxuxak. Eta, belhauniko, nigarrez, ohearen ondoan zauden haurrak oro, xutiturik, joan ziren beren ama maiteari azken musu baten emaitera.

        Nigar bi jali zitzaizkon orduan hiltzera zoanari, begi xoko-xokoan. Ezti-eztia hedatu zuen lanean higatu esku ximaildu bat. Esku hura eman zuen Thomas bere bethiko lagun maitearen ahurraren barnean... espos egunean bezala... eta haren arima zerurat hegaldatu zen, lehenagoko zonbeit eskualdunek ohi omen zuten bezala, teilatuan zilorik nehork egin gabe batere...

        Belhauniko guziak othoitzean ari ziren, orduan berean Jainkoaren aintzinerat agertzen ari zen arima harentzat. Eta, ezti-eztia nigar egin zuen Mariek, amari bere erhiez maiteki begiak hetsi ziozkalarik...

 

* * *

 

        Lizartzako ama-alabek beztiturik, Oihanaldeko andrearen gorphutza han zen orai, luze-luzea ohearen gainean, bere bethiko arrosario higatuak eskuetan kurutzaturik. Mihise xuri eder batez estali zuten gero, bainan sorbalda-gainak eta burua utzi ziozkaten agerian. Bere mantelinaren barnean, hilak iduri zuen, orai, lokartua baizik ez zela. Eta zinez ederra zen tenore hartan Oihanaldeko andrea izana zen ama haren begitartea! Adinak, eritasunak egin zimurdurak oro itzaliak ziren, eztitasun handi bat heien gainerat betbetan hedaturik. Arima garbiak, jalitzean, han utzia, hirri maite bat bazabilan mathela-koskoetarik eta ezpainetara. Eta arima harek ikusten zuenaz osoki sosegatua, iduri zuen gorphutzak lo zagola deskantsuan, lo hartarik ez baitzen atzarri behar gehiago, Azken Judizioko atzartze handiraino.

        Xira-hosto pullit batzu eman zituen gero Goañak mihisearen gainean edo hartarik dilindan. Xirio bat phiztua utzi zuen kurutzefikaren aldean, lonjera luze batez estali kadirarik ederrena, ur-benedikatu eta erramuak eman bertze kadira baten gainean.

        Eta orai, hil-kurutzearen beha zauden oro, ixil-ixila, harrabots bat kasik ez zela sumatzen etxe handian, ez eta heian berean. Xuriko bakarrik saingaka ari zen edo hobeki nigarrez, han nonbeit, etxe-gibelean.

        Hain xuxen, herrian, urrun-urrun, hil-zeinuak ari ziren hasperen batean, Oihanaldeko andrearen arima hegaldatua zela mezutzen ziotela orori eta othoitz bat galdetzen bizien arimeri. Nigarrez ari, Gantxume, Frantxa, Xaneta bazeramazten auzoek Lizartzara.

        Eta, handik oren erdi bat gabe, kurutzeketariak —Lizartzako nausia eta bertze bat, bi lehen auzoak— aldapari gora heldu ziren, buru-has eta bat bertzearen ondotik. Sukalde handian hek sartzearekin, altxatu ziren oro, eta hil-kurutzea xutik orai zagon eta beltx-beltxa, lonjera xuriaren gainean...

        Handik laster, bi gizonak hil-mezulari bazoazin auzo-herrietara, jendakiari hil-berriaren helarazteko. Arte hartan, kapitia kurrituko zen kartierean, eta orok jada zakiten berria orotarat hedatuko.

        Eta, adixkideak heldu ziren jada, inthari gora, othoitz baten egitera, han, ohe handian geldi-geldia zagon girixtino gorphutzaren aldean. Eta orok goresten zuten Jainkoak bereganat deithu zuen ama ona.

        Bi plegu egina bere makilaren gainean, eta frango moldean emana, Maria Betrisantz ere heldu zen. Eta hunkigarri gauza zen, egiazki, atxo gaixoa herrestan hola heldu baitzen bere ongi-egileari azken agur baten erraitera. Bainan, bertzeek ez bezala bethi egiteko, baratzeari kontra emanak ziren erle-kofoinen aldean iragaitearekin, gelditu zen eta, erdi goratik eta bere boz samina eztitzen zuela pitta bat, erran zioten erleeri «Oihanaldeko andrea hil zela, eta Marieren manueri behar ziotela behatu handik harat». Heiaren aintzinean mezu bera egin zioten Oihanaldeko alimaleeri; eta hedatu zen gero hilaren ondoraino. Erramua hartu zuen, eta, gorphutza zeinatu ondoan, bere makilaren gainean eskuak kurutzaturik, othoitzean ari zen: «Jainko onak bere lorian harturen zaitu, Gaxuxa, zeren bethi ona izatu zaren ni bezalako beharrentzat». Lehenagoko eskualdunek hola egiten ohi zutela, ongi nahiko zuen xirio xorta bat ixuri Oihanaldeko andre maitearen gorphutzaren gainera, gorphutz hura gogor geldi zadien eta oso kaxaren barnean... Bainan ez zen hartarat atrebitu; eta, ongi othoitz eginik, atheratu zen, galdeginez hatik «ahutara bat ile-orratz eman zezaten kaxaren barnean... Bazakiela harek zertako...»

        Arrats hartan, auzoko bi gizonek zuten gau-beilatzea. Erdi lo, erdi othoitzean egon ziren han, ganbaran, xirio handia guttituz guttituz erretzen ari zela mahainaren gainean. Argi hura haizeak harrotzen zuen noizetik noizera, eta itzala orduan poxi bat mogiturik, iduri zuen hilak... mogitu zela mantelin beltxaren barnean. Oheko alderdira behatzen zuten orduan beilariek, eta, hitz bat gabe, tinkoago lotzen ziren gero beren arrosarioari. Zain bat ez zen mogitzen heien begitartean, hatsa bahitzen bakarrik eta doi-doiako bat... Xutitzen ziren biak eta ixil-ixila sukalderat joaiten, berotzera eta bardin edateko zerbeiten hartzera.

        Biharamunean, igandea. Gure herrietan bethitik ohi den bezala, mezarik gabe etxean gelditu ziren Oihanaldekoak. Beztituak hala-hala ohearen gainean egonik, umatuak hantxet zauden guziak.

        Arratsean, bere soineko ederrenekin kaxan eman zen hil maitea, eta ile-orratzik gabe batere. Lizartzako ama-alabak ziren beilari. Ikararik den mendrena gabe, othoitzean iragan zuten gau luzea. Gaxuxaz, Thomasez, heien haurrez gogoa osoki hartua. Eta bazen sukar Goañaren bihotzean, hilaren azken solasez, azken behatze luze hartaz bereziki orhoitzen zelarik...

        Zazpi orenetarik laster, astelehenean, jendea abiatu zen Oihanaldera. Nehor ez igurikarazteko, kaxa eman zuten berehala athe handiari hurbil, bi xirioen erdian; ur-benedikatua aldiz eta erramu-aldaska, kurutzearen aldean. Auzo bakar batzu etxe-inguru hetan gelditu ziren, ahokoa iragan behar zen intha bazterrean. Bainan, bertzeak, gehienak, etxeraino heldu ziren. Kurutzearen seinalea eginez sartzen ziren guziak; ur-benedikatu xorta bat botatzen zuten kaxaren gainerat eta gero sukalde handian elgarretaratzen ziren. Ahaideak, beren doluko kapa handiak besoan, bazoazin, gizonak Oihanaldeko nausia zagon barnera, andreak aldiz Marieren ganbaralat.

        Sukaldean, ahapetik mintzo ziren orai jendeak, Gaxuxaz, aroaz, kanpoaz. Egun hartako lanak bere gain harturik, harat hunat bazabilan Lizartzako andrea, gauza orori buru egiten ziotela Oihanaldean. Bertzalde, nahi zuen eta behar zen laguntza guzia bazuen auzoetarik.

        Zortzi orenak ondoan ethorri zen jaun erretora. Kurutzeketariek bezperagoan ekarri supeliza-estolak hartu zituen Goañaren eskuetarik eta jauntzi berehala.

        Oro ixilduak ziren Oihanaldean, kaxa benedikatuz aphezak De Profundis erran zuelarik. Dolamen bat bezala aditu zen gero athe aintzinean: Exsultabunt Domino. Eta, Miserere mei Deus kantatzen zuela jaun erretorak, Oihanaldeko andrea bethikotz atheratu zen bere etxetik. Eta, athe handia zauri bat bezala idekia, ilhun-ilhuna gelditu zen etxe hura.

        Aintzin-aintzinean, kurutzea eskuan, buru-has bazoan Lizartzako nausia, lehen auzoa. Haren ondotik apheza. Gazteagoak oro gerlan izanez, adin bateko sei gizonek bizkarrean bazeramazten kataotak eta kataotetan hil-kaxa. Bertze lehen auzoaren ondotik, lerro-lerro, bat bertzearen gibelean emanak ziren auzoko gizonak oro. Ahaideak bazoazin gero minduru, eta heien ondotik, Ganix, Piarres, Thomas, oro beren kapa handietan.

        Lehen auzo gisa, arrosarioan ari suharki, andre-lerroaren buru buruan, heldu zen Goaña Lizartzakoa. Eta, bat bertzearen ondotik hek ere —deusik ez baitzezaketen hola erran elgarri— bazoazin auzoko emaztekiak. Heien ondotik, beren kapaz estaliak, berriz ere minduruak: ahaideak oro, eta azken-azken, herrestan heldu eta ametsetarik bezala, Oihanaldeko Marie gaixoa.

        Nigar-egileak bazirela lehen gaitzeru bihitan truk, Senperen eta Eskual-Herrian... Nehoren manurik edo dirurik gabe, nigarrez ari, baziren han frango, lerro luzean, bainan ixil-ixila eta zalapartarik gabe batere.

        Eliza-dorrean berriz ere intzirez ari ziren zeinuak... Karrikarat heltzean, doi-doia gelditu zen ahokua: beattarak ekarria, han zen elizako kurutze zilarrezkoa. Plazatik eta bertze xokoetarik harat ethorri jende asko eman zen lerroan. Paxkal jaun mera eta herriko-gizon Thomasen lagunak han ziren hek ere. Hil-oihala ezarri zen kaxaren gainean; eta, bi kurutze handiak aintzinean, Hirugarren Ordeneko eta Ama Girixtinoen hil-oihalak hedatuak hek ere, karrikan harat, elizari buruz bazoazin oro, ixil-ixila bethi eta bata bertzearen ondotik.

        Gizonak eman ziren eskuinetik, lehenbiziko selauruan; organoari hurbilenak... minduruak. Bere bihotz-minak zozotua, Ganixen eta Thomasen artean belhaunikatu zen Piarres. Nigar bat ere ez zezaken.

        Beherean, kapadunak oro, lerro zabal batean, xaialen gainean hedatu ziren. Elizaren erdi guzia ilhun-ilhuna hartzen zuten kaxaren gibelean. Eta kaxa hartan, argi handiez inguraturik, ohore guzien erdian, hantxet zagon hainbertze urthez arima eder batek erabili zuen Oihanaldeko andrearen gorphutza.

        Hilen ofizio edo elizkizun hunkigarria hasi zen eta guzientzat hasi. Senperen, —eta hala-hala egiazko Eskual-Herri guzian— ahokurat ethorri jendea elizan sartzeko eta elizan egoiteko ethortzen da; eta ez, sobra tokitan bezala, elizan sar-athera bat egin eta, karrikarat joaiteko edo bardin —abreki— ostaturat. Hil-eremaileak dira bakarrik zerbeiten hartzera doi-doia trikatzen, eta ontsa beharrez oraino, bazterrak zabal dituelakotz herri handiak.

        Ebanjelio aintzinean, mezak eman behar zituzten ahaide eta auzoez bertzeak oro ofrendatu ziren, han, mahain sainduaren ondoan, musu emaiten ziotela kurutzeari aphezaren eskuetan, eta hogoi sosekoa gero eskaintzen zilarrezko untzian.

        In Paradisum... Zerurat ereman zaitzatela Aingeruek!... Eta, eliza handia itsentsu usainez betherik uzten zutela, bethi molde eta lerro berean, bazoazin orai hil-herrietarat buruz. Hainbertze aldiz bera iragan zen bide hertsian, azken aldikotz bazoan Gaxuxa, gora-gora sei gizonen sorbalden gainean.

        Harrizko kurutze handiaren oinetan ezarri zuten; bi aldetarik eman ziren aldiz guziak, hari gorthe egiteko bezala. Eta ixiltasun handi bat erori zen hil-herrietara, hila behin oraino mintzatu behar balitzaiote bezala guzieri. Thomas, Piarres, Ganix, Marie, hunkigarriak ziren beren kapa handietan, hala-hala ahaideak eta lehen auzoak.

        Azken othoitzak erran ziren orduan, ezkila handia ilhun-ilhuna ari zela eliza-dorrean...

        Eta, orai, kurutzea elizarat zoala, etxerat bazoan aldiz ahokua, Oihanaldeko andrea hil-eremaileen erdian han gelditzen zela, Gaxien zilo-egileak bere azken egoitzan hura eman artean. Hil-herrien gainetik, hegoaldeari buruz, uso-tropa bat bazoan hegalez zaflaka. Eta zinez iduri zuen, hetarik bat ari zela zeru-gainetarat igan beharrez...

 

* * *

 

        Oihanalderat heldua zen ahokua. Guziak sartu ziren sukaldean, eta ur-benedikatua erhi-muthurrean elgarri emanik, othoitz bat erran zuten ahapetik. Goañak paper batean ezarri zituen, berehala, Gaxuxaren gogo-arimarentzat manatu mezak oro. Eta, gero, barraiatu zen ahokua.

        Ahaideak, lehen auzoak, adixkide-min zonbeit oraino, bazkaiteko gelditu ziren, Lizartzako andreak Oihanaldekoen izenean hola galdeturik.

        Bazkari laburrak egiten dire ehorzte-egunetako bazkariak. Gizonak alderdi batean eman ziren Thomasekin, Piarresekin; bertz-alderdian aldiz emaztekiak Marierekin, Goañarekin. Solas zerbeit erabili zen, erdi-goratik, goizeko elizkizun ederraz, Jainkoak bereganatu zuen etxek-andre maiteaz. Thomas gaizoak eta haren haurrek min guti egin zioten jatekoari. Begiak han nonbeit galduak, ixil-ixila zagon Piarres; gogo guzia amaren ondotik bazoakon, nehor bertzerik ez zuela ez ikusten, ez aditzen.

        Aphairua bururatu zenean, xutitu ziren oro. Errekien bat erran zen gora-goratik, eta, handik laster, bakarrik Lizartzakoekin gelditu ziren Oihanaldekoak...

        Hil-herrietan, zilo-egileak doidoia erabili lur metaren azpian, begiak hetsirik... bere etxeari beha zagon Oihanaldeko andrea...

 

aurrekoa hurrengoa