www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

XI
PAUSAN

 

        Herioaren Erresuma higuina Verdunen utzirik, jautsi ziren beraz, beharriak hango karraska guziez, begiak hango izigarrikeriez betheak. Oh! ihurzuri hek, lur-uzkaili madarikatu hek! Bereziki, hil-herrietako kurutze beltz hek oro, alderdi guzietarik heldu zirela, bi besoak zabal! Heien oinetan ehortziak oro, phiztu eta, heldu othe ziren bada, bi besoak aintzin, Joanesen, Piarresen eta bertzeen hartzerat, besoen artean tinkatzerat eta, garhaiturik, berekin harturik, berekin eremaiterat? Izerditan, noiznahi, amets itsusi batzuetarik atzartzen ziren.

        Bai, pidaia luze baten ondotik, pidaia hartako harramantzak buru-fuñetan sartuak gelditzen zauzkun bezala, Verdungo zer guziak han zituzten bihotz begi eta beharrietan landatuak. Eta zinez, pidaia luze bat eginak zirela zonbeit egun hetan! Hain luzea, non, berriz gibelerat itzuli gabe, hantxet oro gelditzer baitziren!...

 

* * *

 

Eriaroaren hogoita batetik eta aboztuaren hogoita zazpiraino, Grurieko oihanean, Argonan, kokatuak egon ziren gero; eta hamabost egun oraino, Perthetik ezker, Champañan. Grenada ukaldika noiznahi kataskan artzea zuten, eta Joanes Garaztarrak berak zaukan; Lekumerriko plazan puskaz hobe zitekela...

 

 

        Zorionez, Camp de Mailly deithu xokoan, ikasi zuten... berriz bizitzen, erdi hilak bethi egoiteko orde; eta goxo zitzaioten, gerlako harramantza guzietarik urrun, bizi baitziren oraino. Bi hilabethe osoz, 1916-ko hazilaren ondarreraino, Dosnon eta Granvillen egon ziren pausan, gerlako molde berri batzuen ikasten. Tapa taparen gainean, marxa luze batzu ere eginarazten ziozkaten, erhotzen baitzen Garaztarra: «Berriz ere behartuko ziak, Jinkoak luzexko in bainindien! Bestenaz, undarra higatua nindukek, eta aspaldi!»... Bainan, zer ziren horiek oro, Verdunen pairatuen aldean?...

 

* * *

 

Herritik jin letra batek ekarri zioten orduan berri bat, orori bihotza ilhundu baitzioten egiazki. Senpereko bikarioetarik bat, Berruet gaixoa, hantxet gelditua zen, buruilaren 4ean, Tavanneko tunelian. Su-ziliporta zerbeit bolbora-meta batzueri lothurik, hamabost-bat ehun lagunekin, xirxikatu zen bikario erne maitea. Eta nigar egin zuten Piarresek eta haren lagunek, orok herrian hain gora ezartzen zuten aphez gazteaz orhoitu eta. Aphezik ez zela su-tokietan!... «Laboraririk eta aphezik baizik ez duk eta han gaindi!», Joanesek oihuka zion bezala...

 

 

        Toki hetan beretan, jakin zuten, 249garren Erreximenduko heien lagunek zenbat pairatu zuten, hek ere, Verdunen, maiatzaren zazpitik eta hemeretziraino; sei-zazpi ehun gizon... hil eta kolpatu baitzitzaizkoten hantxet. Ibarnegarai deputatu eskualduna bera ederretarik atheraia zen! Zaldiz bere soldadoekin zoalarik, aleman obuz bat lehertu zitzaion, zaldiaren azparretan beretan, alimale gaixoa pusketan erori baitzen hantxet, begien hesteko artean! Jauzian xutik eman zen deputatu biphila, oihuka ziolarik: «Errak, to, Gantxume! Errain die gero Jainkoik ez dela!».

        Bai bazen Jainko bat, gal-bidetik hainitz gizonen atheratzeko, edo beren Herriarentzat erori zirenen gain hartan saristatzeko.

        Eta Jainko horren othoizten ari, miliunka baziren arimak; ez gutienik Senperen. Gerlako xirioa bethi ari zen erretzen, han, aldare nausiaren aintzinean. Guduan ziren senpertarrek bazakiten, herriko lau ehun familia bazirela, gerlaren hastean bezen jarraikiak bethi zaudenak Adorazione Handiari. Haurrak, andanaka bazoazin hek ere elizara, mahain-saindura, beren anaia zaharrentzat, bardin beren aita gaixoentzat othoitzetan garbienaren egitera. Eta, Bihotz Sakratu berri ederraren aintzinean, Lurdeko Ama Birjinaren, Jon Doni Mikael eta Joanna Sainduaren oinetan, xirio, lore eta othoitz, bazen bethi orotarik, athertu ere gabe sekulan:

 

«Behazu, Jauna, zure haurreri: hor daude belhaunkatuak...

Ez ahal ditutzu ezarriko oro aitaz-gabetuak!

Gu, hemen, hobendunak bagira, garbi dira gure haurrak;

Horien bihotza ikus eta, ez igor zure zigorrak!»

J.B.

 

        Urrian, Arrosarioaren hilabethean, Baionako Aphezpikuak hola galdeturik, hilabethe guzian, gau guziez, lau edo bost herrietako gizonak behar ziren egon Sakramendu Sainduaren aintzinean, gau-beilan. Senpereko eliza zaharrean berrehunez goiti gizon bildu zen: zaharregiz edo bertzela, gerlarat joan ez ziren gizonak oro. Phesiaka uria ari zuen kanpoan, eta, banpa, banpa, gau ilhunean, heldu ziren aintzina, zoko guzietarik. Eta bi oren luzez, 40, 50 aldian, laborariak hantxet zauden, mahain sainduari hurbil, xutik, osti xuri handiaren aintzinean. Heien ondotik gero, bertze aralde bat, eta bertze bat oraino; holaxet argi-ezkiletaraino. Eta —eskualdunentzat handi baita beharbada— beren erretora lehen, eskuak kurutzean emaiten ziren noizetik noizera, Iguzki Saindutik heieri beha zagon Jesusi hasperapen batean kantuz ari zirela: Parce Domine, parce populo tuo; ne in aeternum irascaris nobis!... Nork erran, gau-beilatze hunkigarri hetan zenbat soldado begiratu den, odoletan bertzenaz erori behar baitziren, han, gerla-tokietan?

        Gainerako berriak bardin onak heldu zitzaizkoten beren etxeetarik. Herrian, orok elgar laguntzen zuten hazkarki. Auzotik auzora eta bardin urrunera, esku-ukaldi asko emaiten zen bethi, eta Senperen kokatu baztandar eta bertzeak ederkixko baliatzen ziren tenore hartan. Emaztekiak ez ziren den mendrenik herabe gizon-laneri karraskan lotzeko, eta arras lur guti utzi zen larre joaitera. Goiti heldu ziren muthiko kozkorrek, eta hek bakarrik, beren buruez mintzarazten zuten guti aski. Lanean ari ziren egia da, eta gizon batzu bezala. Bainan, herriko gazte handiak han harat urrundurik, iduri zitzaioten, gizonak... hek zirela. Gizonarena egin nahi zuten karrikan, merkatuan, ostatuan. Denen irri-egingarri, oilar hetika batzu baizik ez ziren, aski lodi egiten ahal ez zituzten beren boz larrutuekin. Eta, hala-hala, ez zioten nehork biziki behatzen herrian. Bertze grinarik bazen bazterretan!...

 

* * *

 

Bizkitartean, gure soldadoek pausa-aldi bat ona bazuten harturik Dosnonen eta Granvillen. Errevua errevuaren gainean iragaiten zuten. Egun batez, nor harritu eta Piarres eta Joanes harritu, jakin zutelarik, bertze bostpasei lagunekin, gerlako kurutzea izanen zutela batallon guziaren aintzinean, lehenago Craonnen eta orai Verdunen egin zituzten balentria guziengatik! Eta, hala-hala, goiz batez, pinpirinan emanak, bizarrak eta guziak eginik, hantxet zauden ikaran, beren lagunen aintzinean, erreximenduko banderaren aldean. Musika errepikan ari zen heientzat. Eta gero, baioneta karraska bat, oihu bat: «Au drapeau!» Handizki goretsi zituen Gomenantak. Bulhar-gainean ezarri ziozkaten izarrarekilako kurutze pullit batzu eta besarkatu zituen.

 

 

        Gero, manu ozen bat orori: «Pour défiler!...» Eta orai, urhats berean, batallon guzia aintzinean iragaiten ari zitzaioten Piarresi, Joanesi, heien laguneri, baionetek dir-dir egiten zutela eta musikak karraskan emaiten ziotela Baionako beren bethiko aire pullita: Sambre et Meuse... Zuri-zuria eginak, mathela koskoak doi-doia pitta bat gorrituak, pazote batzu bezala zauden Piarres eta Joanes, gure bi adixkideak. Oren ederrik ere badela hatik lur huntan, gudurik itsusienean berean!...

        Eta orai, akabo zen...

        —Ah, Piarres, Piarres, hire Craonneko arboleñoa! Hire arbole hartako bi xoriak!... Ordu zian, to, orhoitu baitira gure aintzindaritto horiek!

        —Ba eta hire Verduneko irrintzina hura! Ez diaudek bertze holako bat entzunik!...

        —Ez entzunik! Han ez, agian gehiago! Bainan, beste edozoin tokitan, nahiko dutelaik eta nahi duten bezanbat... Horiek guziak hola, guk lau egun gehiago izain lehenbiziko permisionian, eta hamar hamabi egun goxo hantxet iragain gure herrian, amattoren onduan! Emak eskia, Piarres!

 

* * *

 

Eta, hala-hala, beren erreximendua Somme departamenduko lohieri buruz, tapaz tapa, herrestan bazoalarik, gure bi adixkideak Eskual-Herrirat buruz hegaldatu ziren, dotzena bat egun luzeendako. Eta, Eguerri arratsean, Lizartzan itzuli bat eginik, Piarres... gaztena jaten ari zen Oihanaldeko sukalde handian. Erreka-Luzetik ekarri sukil alimale bat erdi-suntsitua zen jada su-burdinen artean; eta bazen hirri barne hartan guzian. Gerla zen bethi, bainan gogoak arinago egiten ari ziren halere; eta Jesus Haurraren aingeruak han gaindi ibilki sumatzen zituzten, bi urthe luzeen buruan ethorri behar zen Bakea, urrundik bada urrundik, mezutzen ziotela orori. Gantxume, Piarresen kurutzeari dilindan lothua bezala zagon, bere anaia handiaren zangoen artean egin-ahala luzatuz-luzatuz...

 

 

        Eskual-Herrian bethi egiten ohi den bezala, hamek-orenetan gelditu ziren oro jatetik; orok kominiatu behar zuten alabainan. Eta, handik laster, Xuriko ber-beraren menturalat Oihanaldea utzirik, lasto-argiak eskuan, bazoazin oro elizarat.

        Hamekak eta erdi beretan, hasi zen Eguerriko gau-beilatzea, jendea osteka heldu zela alde orotarik, gau eder ilhunean; haurrak, xoxotuak, harrituak ere tenore hartan aitarekin eta amarekin zeren hala heldu ziren, heien esku-muthurreri lothuak eta non-nahi eroriak, Oilo-kolokari sobera behaturik zeruan... Xoko-moko guziak oro estali ziren berehala eliza handian; eta aintzin hartan emana zen Betelemeko heia pullit bati beira, lehenagoko Artzainak iduri, mundu huntan egin ahala ari ziren kantuz, errepiketan.

        Oi, Eguberri gaua — Atzar gaiten — Airerik ederrenetan — Gaur sortu da Jesus Haurra — Oi Bethleem — Beude bazter egun — Dugun alegrantzietan — Gau-erditan aingeruek — Hots, Aingeruek, — Eguerriko kantika zahar guziak, Noelak, hegaldatu ziren zaflaka. Eliza xoragarria zen, dena lore, dena argi, dena jende bereziki. Crechan, Heian, Ama-Birjina, San Josep ahuspez emanak Jainko-Haurraren aintzinean, othoitzean ari ziren ixil-ixila. Haur hari beren bildotxak eskainiz, maniuretak eskuan, Artzainek... biziak iduri zuten; astoa, behia, hatsez hanpatuak, Jesus ttikiaren berotzen ari ziren; eta gooldi xehe batean xuri-xuria, lasterka heldu zitzaizkon bildotx muñuña batzu.

        Gero, hamabi oren beretan, Meza, Gau-erdiko Meza, meza hura ikusi ez duenak gauza guti baitu ikusirik Senperen... Eskuarazko Ebanjelioa, xutik entzun zuten han ziren guziek, bihotzak ikaretan eta maitetasun handi batek harrotuak. Gau hartako mixterioaren gozoa! Bethi bardin berria, hemeretzi mende hautan urthe oroz bethi berritzen delarik bizkitartean!

        Mila kominiatzaile hedatu ziren gero burrustan Mahain-Saindurat.

        Bigarren meza, Eskerren Bihurtzeko meza hastera zoan; eta, joan erretorak ez zituen guti harritu guziak, bigarren selauruan, eta heientzat othoitz bat galdetzen ziotela, erakutsi ziozkatelarik bi soldado maite, herioari eskapaturik, amets batean bezala loriatuak han zaudenak, gauerdiko mezan, Senperen, beren herritarren erdian. Batto, Etxegaraiko Pierre, Douaumonen kolpatu ta, hogoi bat oren bere menturalat lurrean utzia eta alemanek altxatua, preso harturik izana zen. Bere ezkerreko besoaren baliorik hoberena han utzia zuen gerlan. Bainan bizirik hor zen halere, orai-orai Senpererat ethorria. Seietan-hogoi frantses lagun kolpatuekin, Suizan barna iraganik, Lyonerat jo zuen aintzineko egunetan; eta han trukatu zituzten bertze seietan-hogoi aleman kolpatu handiekin. Eta, Senpererat orduko, gau-erdiko mezarat jauzian ethorria, hantxet zen orai, selauruaren erditsutan jarria. Haren aldean, Luluako Arnaud, han nonbeit Champañan kolpaturik eta bere zango bat ospitalean utzirik, Pierre bezenbat ahalkatua zagon hura ere tenore hartan guziek emaiten zioten amodioaz.

        Othoitz bera gero galdetu zuen jaun erretorak, elizan ikusten zituen eta permisionez ethorriak ziren bertze soldado gaixoentzat; eta pitta bat gorritu zen Piarres, adixkide askok maiteki zeren behatu zioten berehala. Behereko alkietan, ximiko handi bat egin zioten Goañak bere arrosarioeri...

        Azken kantu baten emaiten ari ziren orai herriko neskatxak: Soldadoen Eguerri. Eta, bozean ikare batekin, orori bihotzak harrotzen ziozkatela eta begiak bustiarazten, ari ziren beraz:

 

«Oi Jesus-Haur ttikia, soldadoendako

aurthen gure othoitza duzu adituko!

Hemen gure othoitzer duzu behatuko

eta gure umeak han gerizatuko!

Beren Eskual-Herriaz dire orhoituko;

lehengo Eguerriez dute ametstuko...

Eta nigar bat zeie orori jaliko!

Heien nigarra, Jesus, duzu xukatuko!

Herioa hetarik duzu urrunduko,

—arima eta gorphutz— ditutzu zainduko,

ait'amen besoetan laster ezarriko...

Bertze Eguerri hemen dute ikusiko!...

J.B.

 

        ...Lehengo Eguerriez orhoiturik, orhoiturik azken bi urthe hetako Eguerri ikaragarriez, eta ere gau hartan berean lagunek, han, lohiaren erdian iragaiten zituzten Eguerriez, burua eskuetan... nigarrez ari zen Piarres...

 

aurrekoa hurrengoa