www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres II
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Iturria: Piarres II, Jean Barbier (Ane Loidiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

III
GIBELERAT HERRESTAN

 

Eta, gero, handik berehala, oi egun izigarriak!

Belgikatik herrestaka heldu, gose eta egarriak;

Launazka elgarri lothuak, lothuak'ta lokartuak...

Beharbada, jaten duelakotz... lokartu den gosetuak!

J.B.

 

        Gauaz heldu ziren beraz gibelerat; alemanak ondotik, bainan ez sobera hurbildanik. Kolpatua izanagatik, badaki lehoinak etsaiari buruz itzultzen berriz ere, begiak sutan, orroaz, lurra jauzaraziz aztaparren azpian. Kolpatua zen frantses soldadoa, bainan ez eroria. Hala manatu ziotelakotz, eta hartako bakarrik, errabian gibelerat ari zen, aipatu lehoinaren pare berriz bihurtzekotan.

        Belgika gain hetan, orai ondotik zuen etsai harek bere omenak oro zikinduak zituen eta galduak, hiriak fundituz hobenik edo beharrik batere gabe, haurrak hilez ohakoetan eta bardin beren amen besoetan, geriza ikaragarri bat bezala Belgikako emaztekiak beren lerroen aintzin aintzinean emanez, belgikano soldadoeri buruz zoazilarik. Etsai harek, jada, oihuka zion: haren alde, gain hartan, Jainko Zaharra zela emana; Lurdeko Ama-Birjinak lanik aski izanen zuela, frantseseri harek hautsi hezurren xuxentzen!... Eta burho izigarri horiek nolazpeit jakinik, asaldatuak heldu ginen gibelerat, kasik gibelka, etsaiari par eginez noiznahi, non-nahi, aintzindariek hola manatzen zuten aldi guzian. Jainkoak, haren Ama sainduak arbuiatuak ginduztela? Ez zitekena, gauza hoi!!!

 

Etsaiak erran du, zeruko Jainko Jauna:

«Haren alde, gain hartan, zinela emana!!!»

—Ez zare sekulan agertuko heiekin,

Bethi zare, guduan, izanen gurekin!

Etsai horien kontra, zu, Frantziarekin,

Bethi, bethi Zuzenarekin!!!

J.B.

 

        Eta bizkitartean, zenbat bihotz-erdiragarria ez zen gibelka jite hura, tenore hartan!

        Halako ilhundura bat heldu zitzaion Piarresi bihotzera, eta sekulan, beharbada, ez ahal da bere herri maiteaz hala orhoitu, nola orduan!

        Gaua zen, gau ederra, bainan gauetan beltzena! Alemanen turruta saminak noiznahi aditzen zituen, han, gibelean, kasko hetan orotan. Etxeak, erretzen ari ikus zitezken alderdi guzietan. Alimaleak, su-lamen erdian beren jabeek ahantziak, orroaz sumatzen zituen; eta Gorriaz, Katzoz, bertze Oihanaldeko behiez saminki orhoitzen zen laborari gaztea... Gerla zen beraz! Eta horra zer zen ordu arte ez zakien gerla higuingarria!

        Eta heldu ziren, leher-eginak, gauaz, egunaz, gauaz oraino. Eta berriz haste gero, hala-hala bethi.

        Noiznahi, non-nahi, etsaiari buruz itzuli behar, inguratzerat beren buruak ez uztekotz. Oren laurden guziez, gerlako karro handiak aldetik iragaiten zitzaizkoten, frantses kanoiak hala hala, edo bertze erreximenduetako soldadoak.

        Zonbeit egun lehenago halako lorietan iragan toki hetan beretan huna non ziren orai agertzen, indarrez hustuak, ethenduak egiazki. Nehor guti zen gaurgoiti herri hetan; jende gehiena ihesari emana jadanik, alemanen beldurrez. Karro tzar batzutarat beren puskarik hoberenak tarrapatan arthikirik, joanak ziren han harat, Pariserat buruz. Haurrak, emaztekiak, karro heien muthurrean nolazpeit kokatuak, mila haturen erdian etzanak, nigarrez oro ari ixil-ixila, ilhunbean. Gizonak, gizon zahar batzu (gazteak oro gerlan izanez), bekhainak ilhun, oinez heldu, kaprestutik zaldiak eremanez.

        Herrietan ezin-bertzez gelditu zirenak atheratzen zitzaizkoten Piarresi eta haren laguneri, arima herratu batzu iduri.

        Nigarrez ari ziren hek ere; bainan, mehatxu bat ez zuten zonbeit oren lehenago hainbertze mainatu zituzten eta orai herrestan heldu ziren frantses soldadoentzat. Bazakiten jende gaixo heiek, itsasoak leihorra bezala, alemanak Belgika guzia estali zuela betbetan; tropa troparen gainean, trumilka heldu zela etsai hori, hazkar, ikharagarri ere kasik; jin arau, bere sareak orotarat hedatzen zituela. Bazakiten, batto... lau-bosten kontra guduan arizanik baizik ez zela gibelatu gure armada. Bazakiten egun hobeak ethorriren zirela, eta Piarresek beltzuri guti ikusten zioten jende maite heieri. Dohakabe ziren, egiazki dohakabe, bainan hobenik ez zioten emaiten frantses soldadoari.

 

Herrestan heldu ziren beraz, bethi heldu!...

...Oi egun izigarriak!

Belgikatik herrestakan heldu, gose eta egarriak;

Launazka elgarreri lothuak, lothuak'ta lokartuak...

Beharbada, jaten duelakotz... lokartu den gosetuak!

J.B.

 

        Bai, xutik lokartuak heldu ziren, gauaz, egunaz; hirunazka, launazka lothuak elgarri, lothuak eta lokartuak. Han hemenka kausitu oilo eta xito zonbeitez bertzerik, ahamenik ez jateko!

        Nola xutik ere zagozin oraino! Eta, futxo, hurrats handian, izigarrian heldu ziren, kasik lasterka!

        Errabian, Joanes Garaztarrak erran ere zion Piarresi:

        «To, Piarres, hola bethi joanez, hamabost egun gabe Senperen gituk, Oihanaldeko sukaldian!». Eta halako hirri bat, hirri hits bat egin zion Piarresek! Urrunxko zen Senpere, urrunxko Oihanaldea! Eta behar ere bai!...

 

* * *

 

        Orhoitzeko egun hetarik batez, arratsalde erditan, Piarresen batallon guzia betbetan gelditu zen...

        Zertako? Zer zen?...

        Aintzindari multzo bat bildurik, oro aintzinerat beha zagozin, beren larga-bixtak eskuan...

        Han, urrun, zaldidun hek zer ziren, nondik atheraiak? Batallonari buruz kalopan heldu, ez zitezken frantsesak.

        ... Frantsesak izaiterat, guttiegiak ziren alemanenganat hola joaiteko...

        Alemanak balire? Uhlan direlako zaldidun hetarik balire?...

        Eta larga-bixtak luzatzen dire berriz ere aintzindarien erhi-muthurretan. Soldadoak, beren xixpen gainean finkaturik, beha daude hek ere...

        «Alemanak dira! Uhlan zaldidunak!!!»

        Alemanak, han, aintzinean? Nondik jaliak?... Bainan, orduan, ahutara hortaz bertzerik bada hor gaindi aleman demonioetarik? Eta heien erdi erdira baginoatzila hola, begiak hetsirik?...

        Aintzindariak durduzatzen dira den gutieneko bat.

        Ezker-alde oihan bati oharturik, Gomenantak berehala manatzen diote bere gizoneri, oihan hartara joan ditezen lasterrez...

        Harat orduko, alemanek ere ongi zakiten oihanaren gainerat erortzen dire sekulako kanoi-pezak, frantses andana bat, hantxet kolpatzen baita eta hiltzen ere, zorigaitzez! Bertzerik ez zuten galdetzen uhlan madarikatuek! Aintzinetik beren artilleriari erran oihanerat igorri gintuzten beraz holaxet, eta, xoro batzu bezala, heien saretarat gu erori!

        Doi-doiak egin zuen Piarres hantxet gelditu ez baitzen, eta sekulakotz! Zakuaren gaineko zapatak ereman ziozkan kanoi-ziliporta batek. Eta, Piarresek bere buruarekin egin zuen: bizkar-hezurrari hurbilxko zirela oinetako hek! Eta milesker bat ona erran zion bere aingeru-begiraleari...

        Hatsaren hartzeko ephea ere gabe, lothu ziren berriz bideari, bide luze ikaragarriari.

        Zorigaitzezko oihanean denbora hola galdurik, etsaiak hurbilago zituzten orai, han, gibelean.

        Bat-batean, bixkar gain batean plantatuak, ikusi zituzten artillur frantses zonbeit, beltz beltza beren lau kanoi pulliten ondoan eta xut-xuta. Eta gero, lau kanoiak betan jokaturik, tzirt, tzirt, azote kolpe idor bat sumatu zuten... Kanoi-pezak eroriak ziren jada, han, etsai errabiatuen erdian; ez goregi, ez aphalegi, bainan bai erdi-erdian; eta lerroak, oso-osoa, xehakatzen zituzten sega alimale batekin bezala.

        Hiru aldiz oraino mintzatu ziren kanoiak. Piarresen eta haren lagunen loria tenore hartan!...

        «Biba, gora artillurrak! Biba 75 kanoia! Berriz, berriz! Bota beretik!!!...»

        Eta artillurrak, beren kanoiak bildurik, lau-hatzetan zaldiak, bazoazin jada, sorbaldak goitituz, besoak buruaz gorago altxatuz, beren lagun oinezkoeri oihuka:

        «Obuzarik ez dugu gehiago bihirik! Lau, kanoi bakotxarentzat!...»

        Hango marrumak eta madarizioneak orduan! Soldadoetarik zonbeit, tzarrenak, ozarrenak, bazoazin kapitainaren aintzin-aintzineraino, eta ukamiloak mehatxu batean bildurik, oihuka ari zitzaizkon:

        «Traidoreak! Traidore zikinak!»

        Eta kapitainak, gizon dohakabe hetaz urrikaldurik, herrestakan nola heldu ziren oro orhoiturik, bala batez hetarik bat han berean arthikitzeko orde, bere zaldiaren gainetik hau ihardetsi zioten motz-motza:

        «Traidoreak? Bai traidoreak izan ditutzue eta traidore zikinak, heiengatik orai, hil-urren hementxet herrestan heldu baitzaizte! Ez baita gehiago kanoientzat obuzik, ez zuentzat jatekorik; gizonik aski ez baigira, gainean ditugun aleman guzieri ihardokitzeko... Traidoreak! Bai! Bainan, ez gu! Traidoreak, zuen bozkatze tzar horietan guzietan Pariserat igorri ditutzuen deputatu politikeroak! Frantziaren gainean bizi izan baitira guziak... Horra traidoreak. Eta horien kidekoak, zuetarik asko, horiekin bat egin duzuenak!... Zuen lerroetarat orai, eta berehala gero, zuen onetan!...»

        Eta, pixtoleta eskuan, kapitaina zank begietara beha eman zitzaioten soldado atrebitueri... Eta dohakabe bakar hek jada han emanak ziren, beren lerroan, buruzagi zuhurraren solasak eta beharbada ere pixtoletak... osoki ematuak.

 

* * *

 

        Makurrak oro gainean behar izan balituzte bezala, bertzerik oraino ikusi behar zuten egun hartan berean.

        Erasian artillurrak itzali orduko, oihu bat eraiki zen erreximenduan, lehen lerrotik azkeneraino, gizon hek oro inharrosten zituela erraietan barna:

        «Bandera? Erreximenduko Bandera? Non da?»

        Eta, hegaldaka, airez-aire, xoko-moko guzietara bazoan galde espantagarria.

        Eta banderarik nehon ez ageri!...

        Etsaiak beretua othe zuen? Ez balinba holakorik!

        Tanpaka ari, bazen han bihotz bat baino gehiago! Unhadurak oro ahantziak ziren; begiak, luzatuz bazoazin alderdi guzietara, nondik ikus agertzen hainbertze guduetan ibili bandera maitea... Jemmapes, Alger, Sébastopol, Solférino! Hitz larri urhezkoez orhoit dira han guziak... Ahalkea orai behar othe du Baionako erreximendu aiphatuak, eta berrogoita bederatzigarreneko bandera alemanek erabiliren othe dute, han, Berlin, beren hiri nausian?...

        Orduan ikusi zen gauza bat zinez hunkigarria, bihotzak oro uzkaili baitziozkaten soldadoeri. Bere banderaz hola errenkura zen koonela, bandera hartaz berririk deus ez jakiteaz erhotua, agertu zen betbetan, lau-hatzez heldu, zaldi beltz baten gainean...

        Bere soldadoen aldean iragan zen, begiak atheraiak, nehor ikusten ez zuela... Ahalkez estalia, bihotz-minak

        erdiratua, bazoan, bakar-bakarrik, etsai izigarriarenganat. Bere bandera gabe, ez zen harentzat gehiago bizitzerik, eta, durduzatzen ere ez zela, bazoan... hiltzera, alemanek hil-gogor agian arthikiko zutela!...

        Soldadoak oro, etsaiaz gehiago kexatu gabe tenore hartan, geldituak ziren, harrituak. Piarresek lanbro bat bazuen begietan; deusik ez zuen ikusten bere aintzinean...

        Orduan berean, oihu bat, orro bat sumatu zen, han, urrunean:

        «Bandera! Bandera!...»

        Esku seguragoetan ezartzeko, han, aintzin hartan, zapurreri emana zioten atxikitzera, eta eskutik eskura, urdin, xuri eta gorri, lore handi bat iduri, airean heldu zen Frantses-Herria bere pleguetan dakarken oihal saindua. Koonelari, aintzinerat, jauzian ereman zioten... Eta orduan bakarrik bere baitharatu zen aintzindari dohakabea.

        Ametsetarik bezala behatu zion banderari; atzarri zen, nigar bat jin zitzaion begietarat, eta dena sukar zen musu bat eman zion seda maiteari...

        Eta orai, xixtuka aldetik iragaiten zitzaizkon bala liztafinez axolatu gabe batere, hurratsean bazoan berriz Pariserat buruz, bere soldadoen aintzinean...

        Eta soldadoen marrumak oro erori ziren kolpez. Tenore hartan sumatua zuten, traidorerik ez zela, heriotzeari buruz lau-hatzka hola, kopeta gorarik eta begiak sutan joaiten ziren aintzindarietan... Ozarrenak ematuak ziren berriz ere, eta pixtolet mehatxurik batere gabe aldi huntan...

        Joanes Garaztarrari ez zitzaion atheraldi bat heldu, ez eta burla bat; handi baitzen harentzat!

 

* * *

 

        Sei egun hartan herrestan heldu ziren beraz. Sei egun! Bethi xutik, bethi bidean! Gelditzerik nehon ez sekulan!

        Ahamen on baten egiteko astirik ezin har behin ere! Jatekorik ez bertzalde, beren zakuetan duten hartaz bertzerik! Bixkotxa tzar bat doi-doia hortzen artean! Egarri bat!! Eta urik ez, noizik behin baizik!

        Aboztuaren hogoita bederatzian, Séry-les-Mézières herrian ziren.

        Ordu arte, etsaia frango uzkur egona zitzaioten, hurbilegitik atrebitu gabe sekulan. Bainan, egun hartan, ozartu zitzaioten sobera. Nonbeit errexi zadin, behar zitzaion beraz muthurreko bat ona eman.

        Bertzalde, Parisko soldadoeri ephe zerbeit eman behar ere zitzaioten, oldarrean gero athera zitezen etsaiaren aintzinera edo bardin sahetsera...

        Baratu zen beraz erreximendua, eta, hola, sei egunen buruan, hats pixka bat hartu zuen lehen aldikotz...

        Bainan arras arte laburrez. Guise-ko gudu aiphatua hastera zoan. Lanrezak jeneral handiak salbatu behar gintuen egun hartan...

        Bixkar gora batzutan moldatu ziren soldadoak.

        Eta handik laster, etsaiari buruz abiatu ziren, batzu Homblières-ko alderdirat, bertzeek Lorival eta Cambrie deithu etxaldeak hartu behar eta hartzen ere zituztela.

        Hamar orenak irian, burrustan obuzak heldu dire Lorival gainera. Huna gero etsaia, huna kaska muthur-xorrotxak. Bi orenez, tiro eta tiro ari, elgarren bethe badire. Eguerdian, alemanak burrustakan agerturik, turruta soinutan atheratzen zaizkote gureak. Bi batallon oso badoazi à la Charge!...

        Uliak bezala, zenbat gizon ez dira orduan erortzen!... Kanoi-pezak orotarik! Taka, taka, taka, zoko guzietarik, kafe-errota edo eihera batzuen harrabots xehearekin, mitralleuzak!... Gibelerat egin behar da berriz ere. Eta gibelerat badoazi, bainan etsaiari tankako bat emanik, tarrapatarik gabe, eta, etsai horri buruz, maiz itzultzen direla. Hiruak eta erdiak ziren, edo nonbeit hola...

        Piarresek, bere lagunetaratu zelarik, eskas zuen bere kepia, guduan hura galdurik edo bala xixtulari hetarik bat hurbilxko iraganik. Berak ere ontsa ez zakien... Kaxketa gorri hetarik non-nahi bazen, zorigaitzez, toki hetan guzietan, zekale horien erdian lore gorri batzu bezala han eroriak. Batto bildu zuen bereganat, eta haren esku beltzeri oharturik, Joanes Garaztarrak hirriz erran zion:

        —Ago, hi, Piarres! Bolboran mainhatu dituk, araiz, hire erhi-muthurrak!...

        —Ez zakiat, to, bainan, bazuan zer egin, tenore batez! Ez haiz alfer egona hihaur ere, gaurgoiti, eta hire erhi-muthur pullit horiek lan ederrik egin ahal die!...

        —Ba, hala hala duk, Piarres. Bero ari zian hor gaindi, eguerdi irian... To, huna, Philipe, huna Paul eta hara hantxet Mixel. Eskuko bost erhiak hemen gituk berriz ere. Damurik emana die azken hatsa gure xahakoek! Bestenaz, danga danga, moxkortu behar gindian orai, aleman tzar horier guziak eskapaturik...

        Herrestan, hola nork iraun?

        Eta, bizkitartean, aboztuaren 30etik eta buruilaren zazpigarren eguneraino, hola iraun zuten gure gizon dohakabeek. Zazpian, Voulton herrian ziren, ethenduak, xutik doi-doia egoki. Gizonaren itxurarik ere othe zuten gehiago?...

        Gizonak baino gehiagokoak zirela erakustera zoazin, ezen La Marne ibaiko gudu izigarria hastera zoan.

 

aurrekoa hurrengoa