Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean
Aurkibidea
—I— Arte modernoa, tradizionala eta Euskal Herrikoa
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
Aurkibidea
—I— Arte modernoa, tradizionala eta Euskal Herrikoa
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
Hitzostea
Euskal artearen zainak
Xabier Gantzarain Etxaniz
Badira errepikatzearen poderioz egia absolutu bihurtu zaizkigun konbentzioak, gero gainetik kentzen oso zailak izaten direnak, eta horietako bat da artea unibertsala dela. Eskuarki, artea unibertsala dela dioenak esan nahi izaten du artearen hizkuntza unibertsala dela, edozeinek ulertzeko eta gozatzeko modukoa: koloreak, formak, neurriak, materialak, konposizioak, egiturak… Edozeinek daukala aukera, bere zentzumenen bitartez, arteak eskaintzen diona (nork bere modura) jasotzeko. Nahikoa da, hori diotenen ustez, halako sentsibilitate berezi bat, emozio estetikorako erraztasun moduko bat. Baina jada badakigu biak ala biak falazia hutsa direla.
Ezein hizkuntzak ezin du izan unibertsala hizkuntza hori ez dakien batentzat, eta kasu honetan, hizkuntza Artea da. Ia euskara bezain zaharra eta zaila den hizkuntza bat. Eta hizkuntza hori ezin da jakin sentsibilitate berezi batekin soilik, aritu beharra dago. Beraz, artea hizkuntza unibertsala da artea hizkuntza unibertsaltzat daukan ororentzat, baina beste guztientzat ez. Haientzat artea esperantoaren gisako zerbait da: ondo dago asmoa, baina ez du deusetarako balio.
Artea unibertsala dela dioenak, bide batez, esan gabe esan nahi izaten du, inork galdera egin eta ataka estuan jarri aurretik, ez dagoela euskal arterik eta ez hasteko kontu horiekin bazterrak nahasten. Eta horrekin batera esaten dizu, badaezpada, aurrea hartuz, ezetz, ez dagoela arte espainiarrik, ez dagoela arte estatubatuarrik, ez dagoela arte errusiarrik. Artea unibertsala dela.
Eta hori zoragarria da, denok munduko hiritar, edo denok mendebaldar nahiago bada, baina gero historia egin beharra egoten da hondarrak nola edo hala jasotzeko, eta arte unibertsal hori zatitu egiten dute estatu guztiek, eta bakoitzak bere zatiaren historia idazten du, eta inori ez zaio pasatu ere egiten burutik Picasso arte frantziarrean kokatzea, edo Duchamp belgikarrean, edo Magritte mexikarrean, edo Kahlo argentinarrean.
Hauxe dio, liburu honetan behin eta berriz agertzen den artista bat aukeratzeko, Jorge Oteizaren fitxako lehen esaldiak Madrilgo Reina Sofia Museoan: «Jorge Oteiza (Orio, 1908 – San Sebastián, 2003) es uno de los creadores españoles más relevantes del siglo XX con un trabajo artístico extremadamente personal».
Artea unibertsala da beraz, baina artistak ez.
Argiago esanda: ez dago euskal arterik ez dagoelako euskal estaturik.
Eta hau ere bai: euskal estaturik ez dagoelako ez da egiten euskaraz arteari buruz.
Artearen hizkuntza unibertsala dela dioenak beste hau ere bai baitio: arteak ez du ezein hizkuntzaren beharrik, ez du hitzik behar, aski du artearen lengoaiarekin. Harrigarria da nola itsasten diren konbentzio batzuk… Artelanek izenburuak izan ohi dituzte ordea, eta ez dira alferrik izaten. Hartu esaterako Picassoren Guernica, eta esan koadro horren historian hitzak, hitz bakar batek, ez duela zeresanik izan. Hartu Duchampen L.H.O.O.Q. bestela, eta esan hizkuntzak ez duela garrantzirik, artea unibertsala dela.
Zein hizkuntzatan jartzen dizkiete izenburuak Euskal Herriko artistek euren lanei?
Arteak sistemaren mintzaira darabil, ezinbestean. Eta sistemak tokian tokiko boterearen mintzaira hartzen du gehien-gehienetan. Botere harreman horietan azpiratua denez, zaila da euskarak lekua izatea, lekua egitea.
Beharbada horregatik iruditzen zaio bati Ismael Manterola haize kontra ibili dela urte askoan, zorrotz eta aske, eta urte luzetako lan horren emaitza dela liburu hau.
Ismael Manterolak hartu duen lana, urte luzez egiten ari den lana, ez dakit ez arteak ez euskarak behar bezala eskertuko dion inoiz. Badakit ordea ez dela egongo eskerrak jaso zain lanean jarraitzeko. Hartu duen lana bizi duen zaina baita.
Euskal artearen XX. mendeko zainak ekarri ditu azalera hemen. Mende hasierako Bilbo irudikatuz pasa ditut nik orriak eta orriak; nolakoa ote zen eguneroko bizimodua? Garbi dago: irudimena behar da memoria egiteko. Eta kontatzea.
Nobela baterako modukoa da Antonio Gezala, esate baterako.
Ipuin luze bat imajinatzen dut Aurelio Artetaren azken egunak kontatzeko Mexikon, Coyoacaneko tranbia istripuan hil aurretik.
Poema bat idatzi zion Oteizari Arestik.
Zumetaren katalogoetarako idatzi izan dute Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak.
Harresi ostean pareta ondu zuten Erramun Landak eta Koldo Izagirrek.
Erakusketa zoragarri bat egin zuten elkarlanean Erramun Landak eta Edorta Jimenezek: Denbora ez da distantzia.
Duela ez hainbeste Ihes ederra nobela grafikoa ondu zuten Hedoi Etxartek eta Alain Urrutiak.
Izan da elkarlan gehiago ere: ilustrazioak, liburu eta diskoetako azalak hor daude, baten batek noiz aztertuko zain.
Baina, oro har, literaturak ahaztu samar eduki du artea; zail da topatzen artista bat protagonista duen nobelarik euskal letretan, esate baterako. Bi mundu aparteko ote dira ba artea eta euskara?
Ismael Manterolak aipatzen duen hipotesia oso da kontuan hartzekoa: «Beharbada susmoa besterik ez da, baina iruditzen zait euskal kulturak artea kanpoan laga duela edo arteak euskal kulturatik kanpo ikusten duela bere burua».
Ismael Manterola ez da gauzak nik bezain arin eta beroan botatzen dituenetakoa, urte asko daramatza artearen munduan lanean, urte asko erakusketak ikusten, urte asko artistekin harremanetan. Zerk eraman ote du orain bere susmo hori paperean jartzera?
Susmoa azaltzea bera asko da.
Eta hala balitz, zergatik utzi du euskal kulturak artea kanpoan?
Eta hala balitz, zergatik ikusten du arteak bere burua euskal kulturatik kanpo?
Nirea ere ez da susmoa besterik, baina esango nuke artistei eskatzen zaiela oraindik ere erreferentzia ditugun garai bateko artistek 60ko hamarkadan eman zutena: kausa baten (edo batzuen) alde elkartzea, euskal kulturaren berpizkunde baterako oinarri estetikoak jartzea, euren lengoaia artistikoa herriaren zerbitzurako uztea, euren jarduera artistikoa herriarentzat (baliagarri) izatea. Hitz bitan, Oteiza izatea.
Baina Oteiza bakarra izan zen. Eta urte asko joan dira 60ko hamarkadatik.
Eskatzen al zaio inori Mikel Laboa izatea?
Eskatzen al zaio inori Gabriel Aresti izatea?
Egia da artea “espezializatu” egin dela nolabait, eta arte mundua bere baitara bildua bezala bizi dela, bere burua askietsita bezala, bestelako kultur adierazpideren ekarpenik beharko ez balu bezala, baina ez nago seguru hori norabide bakarrekoa ote den. Beste kultur adierazpenetako egileek, ba al dute benetako interesik artean?
Idazleek, musikariek, aktoreek… ezagutzen dute gaur egungo euskal artisten lana?
Janda al dauzkagu, baten batzuk aipatzearren, June Cresporen, Ibon Aranberriren, Txomin Badiolaren, Itziar Okarizen lanak eta lan horien baitan dauden desioak, kezkak, asmoak, mundu ikuskerak, proposamen estetikoak?
Pentsatu al dugu inoiz hor, edo beste artista batzuen lanetan, ba ote den euskal kulturaren berpizkunde baterako oinarririk? Edo sikiera aro berri baten markarik?
Pentsatu al dugu inoiz zertarako balio digun arteak gaur?
Ematen du azken urteotan badela kezka bat (euskal) artearen lekuaz hausnarketa egiteko, ikusteko zer ekarri duen, ikusteko zer daukan emateko gaur, eta liburu hau berau izan daiteke adibiderik onena.
Anekdota bat izan daiteke, badakit, baina Durangoko Azoka artistei hasi zaie afixa egiteko eskatzen azken urteotan: Nestor Basterretxea, Itziar Okariz, Marta Cardenas.
Hemengo beste egunkari gehienek ez bezala, Berriak eutsi egin dio arteari buruzko bere orriari, eta iritzi artikuluak eta kritikak argitaratzen ditu astero.
Mikel Onandiak Berrian bertan eta beste hedabideren batean argitaratutako bere kritikak bildu zituen liburu batean iaz, Sans Soleil argitaletxearen eskutik, Haizea Barcenillaren hitzaurrearekin.
Artea eta euskara bi mundu aparteko ez direla erakusten tematuta gaude, antza.
Baina tema horrek hutsune bat ere jartzen du agerian: proportzioan oso gutxi da arteari buruzko literaturan euskaraz sortzen dena. Aginako zero bat. Kuota betetzeko sartzen da euskarazko itzulpena katalogoetan, sartzen denetan. Batzuetan ezta hori ere.
Artea ez, itzulpena da unibertsala den bakarra, ongi dakigu euskaldunok.
Euskaraz ez sortze horrek kalte handiak ekarri ditu. Bat, mendekotasuna, normalizatu ezina, beti espainoletik edo frantsesetik itzultzen ibili beharra, corpus propiorik ez izatea, terminologia bat finkatzeko zailtasuna, eta urritasun horren ondorioz hedapenik eza. Eta bestea, ez hain agerikoa, sotila, eta beraz askoz arriskutsu eta kaltegarriagoa, euskarazko itzulpenak irakurtzen dituenak ere euskara ez dela arteari buruz jarduteko hizkuntza egokia pentsatzea, hain baitago ohitua espainolez, frantsesez edo ingelesez irakurtzen, eta hain egiten baitzaio korapilatsua eta zaila euskarazko itzulpen hori irakurtzea.
Ez da itzulpenen eskasagatik, ez beti behintzat. Dena da salbuespen, ezegonkor, artea eta euskara batzen direnean. Non topatu arteari buruz euskaraz dagoen guztia?
Artelekuko artxiboa sarean jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, denontzako eskuragarri, 2015eko udazkenean. Jada ez dago ordea, desagertu egin da. Ez dakigu zer gertatu den, berriro jartzea desio dugu.
Gara egunkariak argitaratzen zuen Mugalari gehigarria ere hor dago, euskara hutsean ez izan arren, norbaitek hartu eta digitalizatzeko zain.
Euskaldunon Egunkarian argitaratu zen guztia, non aurkitu, hemerotekan ez bada?
Berrian edo Argian argitaratu den guztia, nola aurkitu?
Dena bilduko lukeen leku bat beharko genuke, lehenbailehen. Corpus propio bat, txikia izanagatik, euskaldunok arteari zein garrantzi eman diogun ikusteko besterik ez bada ere.
Edo zein gutxi.