Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean
Aurkibidea
—I— Arte modernoa, tradizionala eta Euskal Herrikoa
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
Aurkibidea
—I— Arte modernoa, tradizionala eta Euskal Herrikoa
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
13.
Euskal Herrikoa?
Euskal arteaz hitz egiten dugunean, Hego Euskal Herrian egiten den arteaz ari gara gehienetan. Baina Euskal Herria hori baino gehiago da, jakina, eta zoritxarrez, Espainiako mugetatik kanpokoan artearen egoera zein izan den, gaur egun zein den ere, oso gutxi dakigu. Euskaraz idatzitako literaturarekin gertatzen ez den zerbait gertatzen da Ipar Euskal Herrian egindako artearekin. Indar zentripeto baten eraginpean baleude bezala, ikasketa zentroek eta merkatuek zentrora jotzen dute, hala Espainian nola Frantzian. Euskal Herriko artistek heziketa zentroak aukeratu behar dituztenean, alde handia dago non bizi diren: Hegoaldean edo Iparraldean. Hegoaldean bizi diren gehienek Bilboko Arte Ederren Fakultatea aukeratzen dute, ez ordea Iparraldekoek. Hizkuntz eta hezkuntza sistemak behartuta (oraindik Europar Batasunak egiteko asko du goi mailako hezkuntza bateratzen), artea ikasten ari direnek Baionako Arte Eskolatik Frantziako unibertsitate handietara jo ohi dute, Bordele edo Parisera gehienek. Horrek izugarri baldintzatzen du hurrengo urteetako ibilbidea, bai ikasketak osatzeko orduan (masterrak, tailerrak, espezializazioak), bai eskola edo unibertsitate horien inguruan sortzen diren merkatu sareei dagokienez ere.
Artista horiek Euskal Herrira itzultzen badira, dela bizitzera, dela oporretan, Frantziako arte sistemaren sarea mantendu ohi dute. Ipar Euskal Herriak arte sistema ahula du, ordea, ezin du artista mantendu, eta horrek arte lurralde periferikoa bihurtzen du. Eta Hego Euskal Herriak ez du nahikoa indarrik Iparraldeko arte sistema xurgatzeko, ahultasunagatik, batetik, eta tradizio kultural espainiarragatik, bestetik.
Alde horretatik, harrigarria da azken urteotan Euskal Herri osorako egin diren proposamen gutxiak Ipar Euskal Herrian sortuak izatea. 2011n, Itzal Aktiboa kolektiboak sariketa bat antolatu zuen Euskal Herri osoko artista gazteentzat, ez Ipar ez Hego, bereizketarik egin gabe. Euskal Herri osoko artistentzat dagoen sari bakarra da, beharbada, eta 2013an eta 2015ean jarraipena izan zuen.
XX. mendeko Ipar Euskal Herriko artea azal-azaletik aztertuz gero, konturatzen gara gutxitan hartu izan dela kontuan XX. mendeko lehen hamarkadan Iparraldean egin zena; batez ere, kontserbadoreagoa izan zelako, neurri batean Parisen arrakasta lortu zuen Leon Bonnat baionar pintore akademikoak ezarritako magisterioaren eta eraginaren ondorioz[83]. Iparraldean modernitate ekonomiko eta kulturala onartzea zaila egin zitzaien (Hegoaldean ere bai, Bilbon izan ezik); horregatik, arte modernoa ez zen mamitu artista taldeetan, eta aldaketa horiek onar zitzakeen gizarte mailak ere ez zuen interes handirik erakutsi. Hala, Baiona inguruko artearen dinamikak (hura zen arte modernoa bere egin zezakeen hiri bakarra) jarrera akademikoei lotuta jarraitu zuen XX. mendea ondo aurrera zela ere, eta beharbada geroago ere bai, ikuspegi turistikotik euskal kutsua zuen oro folklorizatu baitzen (gogoan izan Ramiro Arrueren pinturaren ibilbidea).
Zaila da Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanen historia egitea, baina baditugu aztarna batzuk; batez ere, erakusketei esker. Badirudi Euskal Artisten Elkarteak antolatu zituen Euskal Artearen erakusketetara Iparraldeko artistak gonbidatzeko saio bat edo beste egin zela, ahalegin handirik ez baina. Marie Garai pintoreak, Bonnaten inguruan sortutako taldekoa zenak, hiru koadro erakutsi zituen 1913ko Arte Modernoko II. Erakusketan, eta izenburuei erreparatuz gero (Tomate bilketa Ziburun, Ziburuko elizako gizonezkoen tribuna eta Ziburuko elizako bazterra), antzematen da nolako pintura egin zuten artista haiek Euskal Herrian: gai kostunbristak, baserriko lanak eta haien inguruko jaiak, denetan ere euskal ereduak azpimarratuz eta berezitasun hori nabarmenduz, jantzietan eta ohituretan.
Handik urte batzuetara, 1928an, Iparraldeko artista batzuek Donostian egin zen Euskal Artisten Erakusketan parte hartu zuten. Haietako bat Pablo Tillac zen, artista ezaguna gaur egun, eta bi pastel eta gouache eta pastel bat aurkeztu zituen.
1933an Euskal Artisten Elkarteak Bartzelonan antolatu zuen erakusketan, berriz, Helene Elizaga egon zen (Helene Marie Lucie Elissague zuen izen osoa), gai kostunbristako hiru koadrorekin eta Aragoiko paisaia batekin. Koadro horietako bat, Ikuzlea, hurrengo urtean Bilbon egon zen erakusgai, Euskal Artisten III. Erakusketan.
Nolako pintura zen kontuan hartuta, eta nahiz eta kalitatez lan onak izan, ulertzekoa da Juan de la Encinak eta Bilbo nahiz Gipuzkoako gainerako kritikariek ez aipatzea. Haien iritziz ez baitzen pintura modernoa, akademiaren bidetik irten gabea zelako, nahiz eta egikera ez izan hain akademizista, inpresionismoko pintzelkada librea erabili baitzuten zenbaitetan eta argi eta kolore harmonien azterketa batzuk ere bai. Nolanahi ere, tokiei eta jendeari begiratzeko ikuspegi kostunbrista zuten; folkloreari edo baserriko lanei begiratzen zieten, eta horiexek ziren margotzen zituzten gaiak.
Gertatuak gertatu, eta arrazoiak arrazoi, pintura mota hura egin zen han, eta kontuan izateko adinako kalitatekoak ziren batzuk. Gainera, ikuspegi orokorra hura izanagatik, beste ikuspegi bat ere eman zuten zenbait lanek, landa mundura sakonago gerturatuta, topiko folklorikoetatik aldendu eta tipoen azterketa ia antropologikoa edo etnologikoa eginda. Horren adibide dira Pablo Tillacen pintura eta, batez ere, haren marrazki eta grabatuak.
Tillac Anguleman jaio zen, baina 1919an Kanbon kokatu zenetik, Euskal Herriko landa eremuko jendea eta ohiturak interesatu zitzaizkion ikuspegi antropologikotik. Bonnaten magisterio akademikotik oso urrun zegoen haren teknika, marrazkiak eta grabatuak lerroaren adierazkortasunean oinarritu zituen, eta pastela eta gouachea bezalako teknikekin egindako pintura eta irudietan kolore planoak erabili zituen, lerro lodi ilunek mugatuta.
Tillac marrazkilari eta irudigile bezala nabarmendu zen, arlo horretan egin zituen bere obrarik interesgarrienak. Euskal Herriko eta Parisko hainbat argitaletxerentzat egin zuen lan, eta haren irudietatik aipagarrienak, beharbada, bi lan hauetakoak dira: Pierre Lotiren Ramuntcho libururako egin zituenak, eta Jean Barbierren Legendes Basques lanerako egindakoak.
30eko hamarkadan Donostiarekin are lotura estuagoa izan zuen, eta urte haietan euskal intelektual batzuek sustatu zituzten proiektu batzuetan hartu zuen parte: Jose Ariztimuńo «Aitzol»ek sustatuta euskal artisten irudiekin eta testuekin egindako Libro de oro de la patria lanean, esaterako, Tillacen lan batzuk daude.
Hurrengo pausoa Ramiro Arruek eman zuen. Alberto eta Jose anaia nagusien bideari jarraituz, Parisen ikasi zuen, akademia libreetan, eta beste euskal artista zaharrago batzuen babesa izan zuen han; tartean, Zuloagarena. Bestalde, Ipar Euskal Herriarekin harremana goiz izan zuen, Donibane Lohizunen bizi zen izeba baten etxera maiz joaten zelako. Hala, Parisen adiskide egindakoekin zeukan harremanaz eta lehendik Iparraldeko jendearekin zeukanaz baliatuz, 30eko hamarkadan Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubi lanak egin zituen, erakusketen antolaketan, batez ere. Gerra Zibila zela-eta Espainiaren eta Frantziaren arteko muga itxi zutenean, Ramiro Arrue Iparraldean geratu zen, betiko.
Bertara aldatu zuen Hegoaldean hain ezaguna zen pintura mota: euskal kutsuko irudiak, Parisko modernitatearen arabera moldatuak, figurazioaren tradizioa galdu gabe. Ramiroren lehenbiziko epealdiko pinturak Artetaren eta Vazquez Diazen moduei jarraitu zien, bai bolumenaren aldeko joeran, bai bolumenak modelatzeko kolorearen erabileran. Pintura mota hori Iparraldeko paisaia lasai eta giro folklorikora eraman zuenean, ordea, zeharo leundu zen, eta indar handia galdu zuen. 40ko eta 50eko hamarkadan egindako lanetan ez zuen moldaketarik apenas egin, eta estilo moduko bati katigatuta geratu zen. Gaiak beraiek ere frantziar merkatu turistiko bati lotuta zeuden (dantzak, baserritarrak, arrantzaleak, pilota), eta alde horretatik, askoz interesgarriagoak dira liburuetarako egin zituen ilustrazioak eta karteletako marrazkiak.
Arruek, hala ere, askok jarraitu zuten bidea urratu zuen turismora begira zegoen arte baten alde. Zaila izan da bide horiekin haustea Iparraldeko artistentzat, baina azken urteotan Baionako Arte Eskolan egindako lanari esker, artista multzo ederra ari da irteten beste unibertsitate batzuetan ikasteko eta arterako ibilbide profesionala aukeratzeko.
Ezinezkoa izan zen 60ko hamarkadaren erdialdean Oteizak amets zuen proiektuan Batera taldea osatzea Iparraldean; nonbait, artista modernoen urritasunagatik, batetik, eta Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harreman eskasen erruz, bestetik. Orduan ez zen lortu Hegoaldeko «Gaur, Emen, Orain, Danok» hari «Batera» gehitzea bukaeran. Gaur egun posible ote den da orain galdera. Ez dirudi gaur egun oztopo litzatekeenik orduan eragozpen izan zirenetan aurrena. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko arte harremanak oraindik ahulak dira, ordea.
Harremanak sendotzeko ahaleginak egin izan dituzte, bai Baionako Euskal Museoak, bai erakunde ofizialetatik kanpo aritzen diren beste erakunde batzuek. Erakunde horietako bat Izurako Haize Berri da, urte batzuetan jarraian erakusketak antolatu zituen elkarte bat. Ostibarreko haraneko elkarte hori erakusketak antolatzen hasi zenean, egile bati Izurako erakusketa aretoan lan egiteko aukera ematen zion uda partean. Han egindako lana herrian geratzen zen, eskultura publiko moduan (eskulturari lotutako ekimen moduan sortu zen). Baina, horren harira, erakusketak antolatzen hasi ziren Hegoaldeko eta Iparraldeko artistekin, arte publiko moduko jaialdia bihurtu arte. Hegoaldeko eta Iparraldeko artista gonbidatuen arteko harremanek sarea sendotu zuten, eta Zuberoan lanean ziharduen Uztaro elkartearekin batera elkar ezagutzeko eta trukeak egiteko ekimenak abiatu zituzten.
Jarraipen handirik izan ez badu ere, lehen aipatutako Itzal Aktibo kolektiboak antolatu duen sariketak Euskal Herri osoko artistak gonbidatzen ditu parte hartzera. Aukeratutako bostekin erakusketa egin izan da Donibane Garazin, sariak banatu baino lehen.
2011ko eta 2013ko erakusketetan, Hego eta Ipar Euskal Herriko artistak ikusteko aukera izan genuen, eta zorionez, Ipar Euskal Herriko artista gazteak ezagutzeko parada ere bai, gazteentzat ez baita erraza izaten erakusteko tokiak topatzea eta, gainera, komunikabideen eta jendearen arreta jasoko duen erakusketak antolatzea. 2013ko Garaziko erakusketan parte hartu zuten Anne-Laure Garicoix eta Thomas Loyathoren pinturak eta Berenger Laymonden eskultura proposamenak Iparraldeko artearen bizi berrien isla izan daitezke.
Itzal Aktiboak antolatutako sariketek eta erakusketek Euskal Kultur Erakundearen babesa izan dute ekitaldi guztietan. Erakunde hori arte proiektuak bultzatzen hasi da azken urteotan; batez ere, ikus-entzunezkoen arloan.
[83] Baionako Bonnat Museoan gordeta dagoen panel triptiko handian, Henri Zok Bonnaten adiskide eta ikasleak margotu zituen. Talde horri «l’école bayonnaise» esaten zioten Parisen, eta kide hauek zituen, besteak beste: Achille Zo, Georges Berges, Denis Etxeberri, Daniel Saubes, Eugene Pascau, Henri Zo eta Marie Garai. Bestalde, Baionako Bonnat Museoan Marie Garairen oihal batean Garairen tailerrean Leon Bonnaten inguruan elkartu zen pintore taldea ageri da: Denis Etxeberri, Henri Zo, Georges Berges, Pascau, Saubes, Gabriel Roby, Caro-Delvaille eta Marie Garai bera, margotzen ari den oihalaren aurrean.