Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean
Aurkibidea
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
Aurkibidea
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
—I—
Arte modernoa, tradizionala
eta Euskal Herrikoa
Arte modernoak Euskal Herrian hiru momentu edo hiru bultzada izan zituen XX. mendean. Arteari lotutako lehenbiziko modernitate proiektua XIX. mendearen bukaeran hasi zen. Askotan aipatu izan den bezala, Euskal Herriaren historian garrantzi handikoa izan zen 1876an euskal foruak behin betiko indargabetu izana; baina, arteari dagokionez, Parisen ikasitakoa Euskal Herrira ekarri zuten lehendabiziko artistekin etorri zen aldaketa handia, orduan hasi zen arte modernoa. Ordutik aurrera, kultura burges moderno bati zegokion arte moderno baten bila ibili ziren artista, zale eta garaiko intelektualak, XX. mendearen hasierako bi hamarkadetan proiektu zehatzagoetan saiatu arte.
Modernitate proiektu bati ekiteko jarrera eta ahalegina sumatu ditzakegu urte horietan. Agian ez zuten lortu beste toki askotan lortu zen koherentzia edo heldutasuna (noucentisme katalana, esaterako), baina ezagun da bazutela halako jarrera bat euskal arte moderno bat lortzeko, tradizioan oinarritua eta Euskal Herrikoa. Novecentismo deitu diogu tradizioak orekatutako proiektu moderno horri, nahiz eta garai hartan egin zen arte guztia edo garai hartako artista guztiak modernitate mota horretan ezin diren sailkatu. Novecentismo hitza XX. mendekoak izateko asmoan oinarrituta dago. XIX. mendetik zetorren artearen aurrean (batez ere, inpresionismo erakoa), XX. mendera egokitutako arte berri baten proposamena zekarren, erroetan eta tradizioetan oinarritua bai, baina formaren sendotasunari begirada berri bat ekarriko ziona.
Proiektu novecentistak 1930eko hamarkadara arte jarraitu zuen. Abangoardiaren forma eta ideiak orduan iritsi ziren Euskal Herrira, edo orduan onartu ziren hemen. Arkitektura arrazionalistaren joerak eta surrealismoaren ildotik zetozen berrikuntzak indartsu sartu ziren 30eko hamarkadan Espainian eta, beraz, Hego Euskal Herrian. Jose Manuel Aizpurua eta Joakin Labaien arkitektoek, Jesus Olasagasti, Juan Cabanas Erauskin eta Carlos Ribera pintoreek eta beste artista askok abangoardien erako modernitate puskatzaile edo iraultzaile baten alde egin zuten. Testuinguru horretan, bereiztekoa da Jorge Oteiza, Nicolas Lekuona eta Narkis Balenziaga hirukotea, euskal abangoardia baten alde egin nahi izan zutelako.
Laburra izan zen esperientzia abangoardistaren ibilbidea Euskal Herrian, Espainiako Gerra Zibilak asmo eta proiektu haiek guztiak errotik moztu zituelako, eta artistek luze itxaron behar izan zutelako berriz ere modernitatearen lekukoa jaso arte.
Hirugarren modernitate uholdea 60ko hamarkadan iritsi zen. Aurreko hamarkadako artista askoren ibilbide pertsonal sakonak ikusita, nabari da zerbait aldatzen hasia zela; baina 60ko hamarkadara arte ez zen lortu talde eta proiektu bateratu batean biltzeko nahikoa indar.
Euskal Eskolen Mugimendua euskal abangoardiaren bigarren saioa izan zen, errepublika garaiko esperientzia laburraren ondoren sortua, eta, beraz, proiektu moduan egituratu zen azken saioa.
Hurrengo urteak proiektu modernoen ezintasunaren egiaztapena izan ziren, eta Euskal Herrian, arte ekimen batean egiaztatu zen hura. 1972ko Iruñeko Topaketek, mundu mailako proiektu modernoen bukaera baino gehiago, euskal abangoardia bat sortzeko asmoa eta ilusioa bertan behera geratzea ekarri zuten. Iruñean antolatutako ekintza eta erakusketa haietan, izan ere, Euskal Eskolen Mugimenduak ezin izan zuen bere asmoa bete, eta, horren ordez, mundu mailako egoerarekin neurtu beharra zegoela egiaztatu zuen.
80ko hamarkadan, euskal artea postmodernitatearen garaian sartu zen bete-betean. Abangoardiako proiektuen berrikuspenak, kritikak edo erabilerak definitzen dute hamarkada hori. Historiaren proiektuaren bukaerak utopien bukaera eta proiektuaren ideiaren edozein ñabarduraren ezintasuna egiaztatu zuen. Euskal Herriko jarrera askok eta askok mundu mailako joera orokorragoekin bat egin zuten, pintura eta eskultura bezalako arte arloen bueltan edo abangoardiaren formetan eta ideietan murgiltzean «arpilatze» antzeko zerbait egiteko.
Hala ere, XX. mendea bukatzeko falta zen hamarkadan eta hurrengoan postmodernitatearen jarreren ahultzea izan zirela ematen du. Hainbat jarrera postmodernok jarraipena izan bazuten ere, modernitatearekiko bestelako begirada bat garatu zen, kritikoa hura ere, baina zorrotzagoa. Aurreko urteetako abangoardien aurrean hasitako berrikuspen desmitifikatzailea beharrezkoa izan bazen ere, 90eko hamarkadako azken urteetan 60ko artearen jarrera erradikalagoak berrikusi eta berreskuratu ziren. Aurreko urteetako jarrerek azalekoagoak edo umoretsuagoak ziruditen; eta 2000ko hamarkadako hasierako urteetan, berriz, ikerketa zorrotzagoa eta sakonagoa hasi zuten.
Beraz, une batean modernitatearen zama eta sona kentzeko ariketa egin ondoren, hurrengo urratsean ikerketaren bidetik atzera ere modernitatearen proiektura hurbildu nahi izan da.
Bestalde, kontuan izatekoa da Euskal Herrian tradizioari zenbait ikuspegitatik heldu zitzaiola XX. mendean. «Todo lo que no es tradición es plagio» Eugeni d’Ors filosofo eta idazle katalanak botatako esaldiak ondo islatzen du XX. mendearen hasieran artearen teoria batzuek tradizioari ematen zioten garrantzia.
Artearen joeretan, izan ere, tradizioari jarraitzen ziotenak eta jarrera puskatzailea zutenak bereizi behar ditugu. Alde batetik, modernitatearen kontzeptuan bertan garaikidea izatearen kontzientzia dago; baina, bestetik, modernitatearen bideak zabaltzeko bide bat baino gehiago urratu zituzten XIX. mendearen bukaeratik XX.aren hasierara bitarteko urteetan. Eta aurreko guztiarekin hautsi nahi ez zuten modernitate joerek, hain zuzen, tradiziora jo behar izan zuten artea berritzeko bideen bila.
Tradizioari nola heldu, ordea, tradizioa zer zen, hori ere modu askotara ulertu zuten XX. mendean. Aukera batzuen arabera, tradizio historikoa zegoen artearen oinarrian, eta horregatik, garai bateko artistak edo joerak hartu behar ziren eredu, akademiak edo arauak hausteko edo eraldatzeko. Beste ikuspegi baten arabera, aldiz, tradizio herrikoia zen bidea, aipatutako arauek edo akademiak ezartzen zituen inertziekin apurtzeko. Bi bide horiek aukeratu zituzten Euskal Herriko artistek eta taldeek, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran gotortu ziren akademia erako joerei aurre egiteko, kontuan izan behar baita arte akademikoaren joera kontserbadoreenak ez zirela zeharo desagertu XX. mendeko 50eko edo 60ko hamarkadara arte; batez ere, Espainian, eta, beraz, baita Hego Euskal Herrian ere.
Horregatik, interesgarria da tradizioaren gaiari jarraitzea, ikusteko XX. mendearen hasieratik 60ko hamarkadara bitartean tradizioaren ideiak nolako bilakaera edo ñabardurak izan zituen garai bakoitzera egokituta, hainbat lekutan tradizioaren kontzeptu itxia nagusitu zen unean, batez ere.