Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean
Aurkibidea
—I— Arte modernoa, tradizionala eta Euskal Herrikoa
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
Aurkibidea
—I— Arte modernoa, tradizionala eta Euskal Herrikoa
1. XX. mendeko lehenbiziko urteak
—II— Etika eta estetika: gizartetik gizartera
5. Etika/estetika: gizartean eragitea autonomia estetikoaren kontra
9. Artearen transmisioa: heziketa
—IV— Epilogoa. Transmititu ez dena
12. Arte nagusiak / beste arteak
hitzostea: Euskal artearen zainak, Xabier Gantzarain Etxaniz
14.
Euskara
Gai zaila da artearen eta hizkuntzaren arteko harremanaren auzia. Artea irudien mundua den aldetik, ez dirudi hura inguratzen duen hizkuntzak garrantzi handirik duenik. Baina artea pentsamenduaren mundua ere badenez, hizkuntzak badu garrantzia, eta ez nolanahikoa.
Auzi honi buruz hitz egiterakoan, alde batetik artearen sistemak zer hizkuntza darabilen aztertu beharko genuke, eta bestetik, artearen sorkuntza bera (pentsamendu produkzioan hizkuntza behar den heinean) euskaraz egiten den edo ez.
Euskal artean joera euskara baztertzea izan da, batean zein bestean. Hizkuntza minorizatua izanda, ez da harritzekoa produkzio zientifikoan hizkuntza nagusietara jotzea. XX. mendearen hasieran euskara ez zen kulturarekin lotzen, eta horrenbestez nekez topatuko dugu euskaraz idatzitako arte artikulurik edo artistek beraiek euskaraz egindako idazkirik. Artisten artean bazeuden euskal hiztunak, noski, baina ez zen eta ez da ohikoa aldizkari edo egunkariek argitaratutako elkarrizketetan edo artikuluetan euskaraz egitea.
1918an Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua egin zenean, Oñatin, ezagun da egin zutela halako ahalegin bat euskara zientzien mundura hurbiltzeko, hitzaldi batzuk bi hizkuntzatan eman baitziren.
Diglosi egoera ez zen askorik aldatu 20ko eta 30eko hamarkadetan. Euskarazko produkzio zientifikoa ez zen ugaritu, eta artearen munduak erdaraz jarraitu zuen: Hegoaldean gaztelaniaz, eta Iparraldean frantsesez. Nicolas Lekuonaren eta Narkis Balenziagaren gutunetan, adibidez, ondo gauza nabaria da euskal hiztunek gaztelaniara jotzen zutela idazteko orduan, nahiz eta tarteka euskarazko hitz eta esamoldeak erabili.
Gerra osteko urteetan, hizkuntzari jarritako traba eta arazoak tarteko, apenas dago euskal testurik, eta nekez arteari buruz euskaraz idatzirik. Oteizak hizkuntzaz zeuzkan ideiek argi erakusten dute zenbateraino izan den handia artean euskara alde batera lagatzeko joera. Haren esanetan, izan ere, euskal gizakia berreskuratu beharko litzateke aurrena; horren ondotik berez berreskuratuko litzateke euskara.
Jarrera horrek eragin bikoitza izan zuen garai hartako gizartean eta, nagusiki, artearen esparruan. Euskaraz ez zekitenen kontzientzia lasaitu zuen, alde batera, baina euskaraz zekitenen interesa eta autokonfiantza indartu ere bai, bestera. Zeren eta Oteizak esaten zuen, orobat, euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza bat edo etxeko eremura mugatu beharreko bat, eta euskara estimutan edukitzen hastea ekarri zuen horrek, Quousque Tandem…! liburuak, eta orduan idazten ari ziren besteek (euskaraz idatzitako literatura, Aresti, Txillardegi, Saizarbitoria, Argia bezalako aldizkariak edo Euskaltzaindiaren Arantzazuko kongresua 68an).
Bestalde, 60ko hamarkadan ez zen ohikoa artistek produkzio teorikoa sortzea, eta Oteiza ez beste artistek gutxi idatzi zuten arteari buruz. Baina, jakina, orduko manifestu edo bestelako eskuorri guztiak gaztelaniaz idatzi ziren; besteak beste, Gaur taldearen osaera manifestua, 1966koa.
XX. mendearen hasieratik datorren joera hori ez da askorik aldatu azken urteotan ere, nahiz eta gaur egungo artista askok, euskaldunak izateaz gainera, euskaraz ikasi duten EHUko Arte Ederren Fakultatean. Diglosi egoerak artearen munduan indartsu jarraitzen du, beraz, eta ez dirudi hurrengo urteotan askorik aldatuko denik.
Artearen sisteman, hemen, gaztelania eta frantsesa dira nagusi, eta euskarak aukera izan baino lehen ingelesak aurrea hartuko dion itxura dauka. Maiz entzuten dira nazioartekoa (omen) den hizkuntzan egiteko arrazoiak, artearen munduak ingelesez hitz egiten duela eta horrelakoak, baina hala eta guztiz, gaztelania eta frantsesaren nagusitasuna nabaria da. Museoetan eta erakusketa aretoetan idatzizko produkzioa erdaraz egiten da, eta ahozkoan (hitzaldiak, mahai inguruak, harremanak, etab.) erdara ia erabatekoa da. Euskaraz ezer argitaratzekotan, ez daukagu erdaraz sortutakoa itzultzea beste aukerarik, eta zenbaitetan hori ere ez, hala nola Guggenheim Museoaren katalogoetan.
Artisten produkzioari begiratzen badiogu, berriz, Oteizaren ideiak heredatu dituztela ematen du. Lehen esan dudan moduan, artista askok unibertsitate heziketa euskaraz jaso dute, eta horrek produkzio zientifikoa euskaraz egiteko aukera eman die. Uste izatekoa da prestakuntza ona izan dutela bi hizkuntzetan ondo moldatzeko, baina artearen sistemaren inertziak gaztelaniara edo frantsesera jotzen duenez, erdaretara jotzen dute zerbait idatzi edo lanen bat aurkeztu behar dutenean.
Joera orokorra da artistak euskara albo batera lagatzea. Alde horretatik, euskal erakunde autonomikoek ere gutxi egin dute egoera aldatzeko. Eusko Jaurlaritzaren txostenak elebidunak izaten dira, itzulpenei esker, eta bilera askotan betiko egoera errepikatzen da, gehien-gehienak euskaldunak izanagatik gaztelaniaz egiten dela batek euskaraz ulertzen ez badu. Horrek egonezin handia eragiten die euskal hiztunei, eta berriz ere garai bateko baserritarraren sindromean sartzen ditu: euskara erabiltzeak deserosotasuna dakar, militante egoskorraren itxura ematea, eta aukeran, hortaz, erdaraz hasi, edo isilik egon.
Azkenik, azpimarratzekoa da zeinen presentzia eskasa duen euskarak heziketa zentroetan, bai arautuetan eta bai bestelakoetan. Oso ohikoa baita euskarazko profesionalak izan behar genukeenok produkzio zientifikoa gaztelaniaz edo euskara ez beste hizkuntza batean egitea. Aztertzeko modukoa da, nire ustez, Arte Ederren Fakultateko irakasleon artean zenbat argitaratzen den euskaraz eta zergatik gertatzen den hori[84].
Arautu gabeko hezkuntzan Artelekuk jokatutako rolak garrantzi handia izan zuen, zalantzarik ez dago, baina ez zion leku handirik egin euskarari, ez eta egoera iraultzeko ahaleginik egin ere, nahiz eta asko hausnartzen zen botere harremanez, Zehar aldizkariaren lehen epealdiaren salbuespena alde batera lagata. Gauza bera gertatzen da Artelekuren lekukoa hartu duten erakundeetan, Tabakaleran eta Kalostran; eta ez dirudi gauzak asko aldatuko direnik hurrengo urteotan, lehenbiziko ekimenak ia den-denak gaztelaniaz izan baitira.
Eta hori guztia ikusita, ondorio garbi bat atera dut nik: euskal artean XX. mendean transmititu ez den balioetako bat euskara da.
[84] Leioako Arte Ederren Fakultatea Espainiako unibertsitatearen heziketa eremuaren barruan dagoenez, ez da erraza produkzio zientifikoa eta dibulgatiboa kontuan hartzea euskaraz egina bada, eta merezimendu akademikoen lasterketa aukeratu duen unibertsitate sistema bat da gurea. Gurpil zoro horretan, zaila da jakiten zergatik ez den euskaraz lan egiten gure unibertsitatean: erosoago sentitzen garelako euskara ez beste hizkuntza batean, edo baliorik ez zaiolako ematen euskaraz egindako produkzioari. Agian hasierako ahaleginak euskaraz egin ondoren, konturatzen gara ez dela askorik baloratzen, eta gaztelaniara jotzen dugu (ez ingelesera), azkenean ohitura bihurtu eta gaztelania erabiltzen erosoago sentitzeraino.