Maite ditut maite
Ismael Manterola Ispizua
Maite ditut maite.
Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean
Ismael Manterola Ispizua
2017ko otsaila
saiakera
Literola, 5
288 orrialde
978-84-944108-3-3
 

 

—IV—

Epilogoa.
Transmititu ez dena

 

      2014an Gasteizko Arte Ederren Museoan antolatutako «Bilbea eta hari askeak» erakusketarako idatzi nuen testu batean neure buruari galdetzen nion ea euskal artearen historia idazterakoan ez ote ditugun hari aske batzuk utzi. Euskal Herriko artean XX. mendean zehar zer balio transmititu diren aztertzen denean, hutsune batzuk sumatzen ditugu balioen kate horretan. Nabari da transmititu zela taldetan antolatzeko beharra gizartean eragiteko, transmititu zela modernitatearekin batera erroetara jotzeko aukera, baina beste balio batzuekin ez zen halakorik gertatu. Esaterako, taldetan antolatzeko aukera indartu zenean, kanpoan gelditu ziren garai hartan taldeen bueltan baina taldeetan sartu gabe zebiltzan artistak.

      Bestalde, euskal artearen transmisioaz ari bagara ere, Ipar Euskal Herrian egin den artea ezezaguna zaigu oraindik ere. Nahiz eta indar txikiagokoa izan, eta nahiz eta sarritan modernitatearen irizpideetatik kanpo egon, ez dakigu gauza handirik Iparraldean egin den arteaz.

      Gainera, goi artea eta behe artea bereizteko sailkapen konbentzionala ez da gainditu balioen transmisioa egin denean. Pinturaren eta eskulturaren nagusitasuna transmititu izan da, batez ere pinturarena XX. mendearen hasierako artean eta eskulturarena 60ko hamarkadan.

      Hori guztia gutxi ez, eta artearen ikerketan jarrera objektualek besteek baino garrantzi handiagoa izan dute. Ikerketetan nahiz erakusketetan pintura eta eskultura izan dira nagusi, jarrera edo joera immaterialagoen gainetik. XX. mendearen hasierako eszenografia lanek edo antolatutako festek, edota 60ko hamarkadan antolatutako ekintzek, zinemak edo kartelgintza lanek, ez dute inondik ere pinturak eta eskulturak adinako arretarik jaso, nahiz eta azken urteotan egoera zerbait aldatu den. Eta horrek artista batzuk ahaztera eraman gaitu; Esther Ferrer, adibidez.

      Berezia da emakumezko artistekin gertatu dena. Horretan euskal arteak beste tokietako joerari jarraitu dio. Izan dira emakumezko artistak makina bat gurean, eta asko izen handikoak izan ziren, nor bere garaian; baina haien arrastorik ia batere ez da geratu, edo bigarren mailakotzat hartu izan dira. Beraz, ez da transmititu emakume haienik ezer; ez egindako lanik, ezta memoria ere. Euskal artean protagonistarik izan bada, edo euskal artea norabideren batean gidatu nahi izan duen artistarik izan bada, gizonezkoak izan dira denak.

      Azkenik, hizkuntza izan daiteke beste hari aske bat. Balioen transmisioa irudien bidez egiten denean, arteak hizkuntzarik ez du; baina idatzi teorikoetan eta artisten adierazpenetan bai, eta horretan euskara baztertzeko joera sumatu da XX. mende osoan.