Maite ditut maite
Ismael Manterola Ispizua
Maite ditut maite.
Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean
Ismael Manterola Ispizua
2017ko otsaila
saiakera
Literola, 5
288 orrialde
978-84-944108-3-3
 

 

Sarrera

 

      Joxean Artzek idatzi eta Mikel Laboak kantatutako Gure bazterrak poemaren hitzak hartuta, esango dut lanbro artean ezkutatzen diren bazterren antzera ikusi dudala XX. mendeko Euskal Herriko artea. Lanbroak bazterrak nola, hala ezkutatu dute Euskal Herriko artearen hamaika txoko zenbait topiko handik, hala nola mende hasierako ohitura pinturak eta Oteizak zabaldutako ideiek edo haien kontra botatakoek mendearen azken urteetan. Hain zuzen, topiko horietan sakontzen hasi eta lanbroan murgiltzean, orduan hasten gara Euskal Herriko artearen bazter miresgarriak ikusten. Horretan saiatu naiz liburu honekin, lanbroa argitzen baino, lanbroak eragiten duen barne ikusmen hori aztertzen. Horregatik, irakurleak liburu honetan topatuko duena ez da Euskal Herriko XX. mendeko artearen historia, historia bat baizik: idazleari lanbroak ikusarazi dizkion artearen bazterrena, besterik ez.

      Liburu honen asmoa XX. mendean Euskal Herriko artean belaunaldiz belaunaldi zer balio transmititu diren aztertzea da. Arte modernoaren sorrerak eta garapenak izan dituen gorabeherak ikertzen urteak pasatu ondoren, balio batzuk behin eta berriz azaltzen direla konturatu naiz: modernitatearen ideia, tradizioarekiko kezka, tokiarekin arteak izan behar duen lotura edo loturarik eza, azpiegituren beharra, diziplina arteko harremanak, heziketaren gaineko kezka eta abar.

      XX. mendeko euskal arteak bi garai goren bizi izan zituela esan daiteke, irizpidetzat garapen osoa eta gizartean izandako onarpena hartuz gero: bata, XX. mendearen hasierako bi hamarkadetan, eta bestea, 60ko hamarkadan. Garapen osoa diodanean, «artearen sistemak» ekoizle foku ziren beste toki batzuen aldean lortu zuen autonomia mailaz ari naiz: arte produkzioa babesteko eta sustatzeko mezenasgo publiko eta pribatua, erakusketa aretoak (galeria pribatu, eta areto eta museo publikoak) eta ekoizpen hori analizatu eta hedatuko lukeen sare kritikoa (erakusketak, kritika, teoria, artisten elkarteak).

      Liburuak hiru atal ditu. Euskal arteak XX. mendean izan duen transmisio hari bat ikertu dut atal bakoitzean, eta horri buruzko hausnaketa egin: modernitatea, tradizioa eta erroak, lehenbizi; etikaren eta estetikaren arteko harremana, ondoren; eta Artearen sistema atalean, hirugarrenean, azpiegituren beharra, mezenasaren figura eta arte heziketa.

      Azkenik, epilogoa eskaini nahi izan diot transmititu izan ez denari, XX. mendeko urteetan sortu bai baina, arrazoi askogatik, guregana iritsi ez diren ideiei. Transmisioaren harian eten modukoak ikusi ditut nik, eta historialarien beharra dute, gal ez daitezen eta ezagut edo oroit ditzagun. Hari askorekin ehundutako oihal moduan ikusten zuen Juan de la Encinak euskal artea XX. mendearen hasieran. Hari haietako askok ehun sendoa osatu zuten, edo ehundu gabe ere luzatu dira gaur arte behintzat. Beste batzuek, aldiz, luzean txikiegi, ez zuten lortu besteekin batera guregana iristea. Hala iruditu zait niri, eta horiek guztiak dira liburuaren azken atalean aztertutakoak, nahiz eta badakidan, seguru, izango zirela beste hari batzuk ere, eta galdu egin zaizkidala esku artean.

      Lanbro artean bazterrak ikustea da testuaren helburua, jakinda lanbroaren joan-etorriak bazter batzuk erakutsi eta beste batzuk ezkutatzen dituela, etengabe. Liburu honetako erakutsi-ezkutatu horrek irakurleari bestelako ikuspuntuak eta orain arte proposatu gabekoak azalduko dizkiola espero dut. Beste bazter batzuek ezkutuan jarraituko dute, hurrengo ikerketa batera arte.