www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sasiletrau baten ziria, eta abar
Pedro Migel Urruzuno
1897-1923, 1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sasiletrau baten ziria, eta abar, Pedo Miguel Urruzuno Salegi (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERDALZALETXOA
TA EUSKALZALEGIA

 

 

I

ERDALZALETXOA

 

        —Zer berri, Praixko?

        —Bagabiltza, Peru.

        —Erdalzaletxo zaudela esan didate.

        —Izan diteke esatea, baña izatea...

        —Izatea ere urrian ote dabillen nago ba.

        —Zergatik diozu ori?

        —Or ikusi det zure eskutitz bat, eta an arkitu ditudan itz batzuek, aditzen ematen dute, erdalzaletxoturik zaudela.

        —Zer itz dira oiek?

        —Galdaria, edarria, karta, erregua eta orrela.

        —Eta nola esan bear nuan ba?

        —Pertza, sulla, eskutitza ta orrela.

        —Zergatik ba orrela?

        —Beste oiek erderazko caldero, herrada, carta ta ruego bezela diralako.

        —Ez ote dizkigute erdaldunak euskeratik artu?

        —Eztet uste.

        —Nik ba Larramendiren iztegian euskerazkotzat arkitzen ditut.

        —Baña, ala badira ere, erdaldundurik daude, ta guk euskera garbia erdal kutsurik gabe bear degu.

        —Beraz erdaldun batek poltsatik pezeta bat ostutzen badizu, eztezu atzera poltsaratu naiko.

        —Zergatik ez?

        —Erdal kutsurik gabe poltsa garbiago iduki naiko dezulako.

        —Orrenbesteraiño ere ba... nere gauza utzita...

        —Gizona: izango dezu beste pezetaren bat, erdal kutsurik gabea, garbiagoa, eta bestela...

        —Bestela zer?

        —Gauza bat aditzen emango dezu.

        —Zer?

        —Miñ geiago ematen dizutela poltsaren zauriak, euskerarenak baño.

        —Pillosopotzat etzian zu txarra izango.

        —Baña esan zadazu: erdalzaletxoa ote naiz?

        —Zereari eusten beñepeiñ saiatua zera.

        —Eta zu ez?

        —Nik diodana, zu zerala...

        —Zer?

        —Zer?... Erdalzaletxoa.

 

 

II

EUSKALZALEGIA

 

        —Peru.

        —Zer degu, Praixko?

        —Ikusten dedanez, zu euskalzalegia zera.

        —Geiegirik eman diteke euskalzaletzan?

        —Uste det, geiegi garbitu nai dezula euskera.

        —Geiegi?

        —Bai.

        —Eta zer?

        —Ezagutu zenduan Jertrudix zorua?

        —Ez naiz oroitzen.

        —Au zan emakume zoro bat, eta eskuan artzen zuan guzia garbitu bear izaten zuan.

        —Ori baño gaitz aundiagorik ezpazuan...

        —Baña arrapatzen zuan pertz, antosiñ edo ontzi guzia, garbitu bearraren bearrez, azkenik zulatuta utzi oi zuan.

        —Eztakizu beste ipoiñik?

        —Ori ezta ipoiña, baña ipoiña nai badezu, esango dizut.

        —Bota ba bat, baña itxurazkoa.

        —Ezagutu al zenduan zuk Soñeko-berri'ko Markes jauna?

        —Eztet aditu're izen ori oratxe arte.

        —Au zan gizon aberats bat, eta besterik ez bezela jantzi nai izaten zuana.

        —Lanik asko izango zuan.

        —Bai; beti modara jazten zan, eta, ikusten bazion beste bati bere jantziaren antzekorik, baztartzen zuan berea ta ekartzen zuan berria.

        —Eta zarrak?

        —Beartsuai eman.

        —Ongi egiten zuan.

        —Bai, baña, urte gutxiren buruan, zer jantzirik etzuala, poltsa garbi ta alkandora utsean gelditu zan.

        —Eta gero?

        —Larrugorrian geldituko ezpazan, limosnaz emandak soñekoz jazten zan.

        —Zer esan nai zenduke orrekiñ?

        —Ara: iñude, euskaldun, euskera, aurresku, zortziko ta orrelako beste batzuek euskerazko izenak dira: ezta ala?

        —Bai.

        —Eta ala ere erdaldunak esaten dute: la iñude, el euskalduna, el euskera, el zortziko, el aurresku...

        —Eta zer?

        —Laster erdaldunko dirala uste det itz oiek ere.

        —Eta zer?

        —Diot ba: galdaria ta edarria ta karta ta erregua utzi bear badira erdal-kutsuturik daudelako...

        —Oiek ere utzi... ala?

        —Utzi egin bearko, ta gero nodrizea, baskongadua, baskuentzea, antemanoa, otxokoa ta orrela limosnaz eskatu ta artutakoaz mintzatu bearko degu.

        —Eta badu bukaerarik ipoiñ onek?

        —Bai, ona emen:

 

                Bakoitzak bereari

                kontu andiz eutsi,

                ostu nai badigute

                ez beingoan etsi,

                gure etsai gaiztoak

                bigar edo etzi

                larru-gorri bizian

                ez gaitzaten utzi.

 

Urruzuno'ko Pedro Migelek

 

«Euskal-Esnalea», 1911, Epailla, 15.

 

aurrekoa hurrengoa