www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sasiletrau baten ziria, eta abar
Pedro Migel Urruzuno
1897-1923, 1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sasiletrau baten ziria, eta abar, Pedo Miguel Urruzuno Salegi (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

IJITOAK POLITIKAN

 

        —Aizazu, Patri.

        —Zer naizu, Pili? (Felipe).

        —Zer gauza da politika?

        —Poliki-poliki ibiltzea.

        —Beraz gu politikoak gera.

        —Zergatik?

        —Beti poliki-poliki, au da, astoen pausoan gabiltzalako.

        —Ori da politikaren parte bat.

        —Eta zein da bigarren partea?

        —Asoziazioetako legea.

        —Zer agintzen du lege orrek?

        —Gauz asko.

        —Bat edo beste ezin jakiñ diteke?

        —Lenengo artikuloa da: kanpora praile ta mojak.

        —Bigarrena?

        —Kanpora obispo eta apaizak.

        —Irugarrena?

        —Kanpora aberatsak.

        —Laugarrena?

        —Biba diñamiteros.

        —Nun dago lege ori?

        —Prantzian jarririk, eta Españian jarri nairik.

        —Eta Prantzian artikulu oiek jarri dituzte?

        —Bat bai, beste batzuek orain jartzen ari dira, eta besteak ere oraingo itxuraz jarriko dira.

        —Zeiñ artikulu jarri dute?

        —Lenengoa: kanpora praille eta mojak.

        —Eta bota dituzte?

        —Bai.

        —Eta nor jarri da aien lekuan?

        —Ezta paltako norbait ere.

        —Eta komentuetan jartzen diranak emango ote diote pobreai lapikondorik?

        —Um! Berak ere askotxo bearko dute ta...

        —Eta zer ari dira oraiñ jartzen?

        —Bigarren kapituloa: kanpora obispo ta apaizak.

        —Eta bota dituzte?

        —Obispo batzuek bai.

        —Bota?

        —Bota ez, baña beren jauregietatik arrastaka atera, bai.

        —Ijitoak egingo balituzte gauz oiek?...

        —Botako ginduzkete gu ere.

        —Bota ez; sartu kerizpean, bai.

        —Ez, ez; eztegu orrelakoxe mantxarik bear geron kontzientzian.

        —Eta zer artikulu jarriko dituzte gero?

        —Kanpora aberatsak.

        —Zergatik?

        —Mojak, prailleak, obispoak eta apaizak bezela izateagatik.

        —Eta legea?

        —Or dago jarria, asoziazioetakoa.

        —Eta aberatsak ere asoziaziokoetakoak dira?

        —Bai, beñepeiñ banaka bizi ezpadira, familiak ere asoziazioak dira ta... zozolistoak (sozialistak) agintzen jartzen diranean: kanpora aberatsak.

        —Baña zer deretxorekin?

        —Prailleak, mojak, obispoak eta apaizak bota dituztenakiñ berarekiñ.

        —Eta ortarako legia?

        —Laster egingo dute.

        —Eta guri tokatuko ote litzakigu jauregiren bat?

        —Ez nuke nai.

        —Zergatik ez?

        —Ondoren etorriko dan artikuloaren beldurrez.

        —Zer izango da artikulu ori?

        —Laugarrena: biba diñamiteros.

        —Nork jarriko du?

        —Anarkistak.

        —Zer modutan?

        —Ara zer esango duten: Zertako ibilliko gera kopletan? Len txori batzuek bialdu badira, gero beste batzuek etorri dira. Ze arraiye! Apurtu ditzagun oraiñ kaiolak, ala! Prum... prurruprutuplun... prum... prum...! dum baaaaa...!

        —Ori da politika?

        —Orixe da laugarren artikulua.

        —Or konpon bitez ba polikarpo guziak, eta nik gaurtik errezatuko diot Santa Barbarari, barbaroen barbarideetatik aparta gaitzan. Libera nos, Domine.

 

 

II

 

        —Aizazu, Pontxo. (Alfonso)

        —Zer degu, Gergorio?

        —Guk autonomia eskatu bear genduke.

        —Zergatik?

        —Ekonomi aundia litzakelako guretzat.

        —Nola ba?

        —Ori iritxi ezkero, bereala jarriko genduke asoziaziokoetako legea ta...

        —Eta zer gero?

        —Ekonomi asko.

        —Zertan?

        —Lapiko zarretan ere bai.

        —Eztet entenditzen.

        —Ezkontzeko ez genuke izango lapiko zar bearrik.

        —Ai zer ekonomial

        —Esango nuke. Nik, zazpi aldiz ezkondu ta zazpi lapiko zar bear izan nituan. Orain amalau seme dauzkat, eta beste zazpiña bearko dituzte, baña non arkitu?

        —Eta autonomia jarri ezkero ez al degu bearko lapiko zarrik?

        —Ez.

        —Zergatik ez?

        —Artikulo bat geituko diogulako lege orri.

        —Zer artikulo izango da?

        —Abajo ezkontzas.

        —Zergatik?

        —Ezkonduak ere asoziazioa egiten dutelako.

        —Ori, egingo eztan bezela egingo balitz...

        —Ori? Baita geiago ere.

        —Zer?

        —Biba dibortzio.

        —Dibortzio errena?

        —Ez. Ezkonduta daudenak apartatu.

        —Elikit denbora andirik egingo etxe aldian Mari Mistelek gezur ori egia balitz.

        —Eta uste dezu gezurra dala ori?

        —Politika guzia zer da ba, gezurra baño?

        —Asto andiak ostikada andia ematen duala esaten dute, baña zuk baño andiagoa... eztakit...

        —Ortik atera ba kontua zer naizen.

        —A bai, politikoa... politikoa!

        —Ba poliki-poliki ibilli.

        —Bai, poliki-poliki, astoen pausoan?

        —Bai, orixe da politika.

        —Eztegu arraiyetan alperrik ainbeste esplikaziyo eman orretan gelditzeko; azkeneko astotu demontreetan.

 

                Asto ez nolanaikoak

                batzuek anka bikoak,

                   kontuz begira

                   oientzat dira

                lau ankakoen pikoak.

 

P. M.

 

«Baserritarra», Illbeltza'ren 5'an 1907an.

 

aurrekoa hurrengoa