www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sasiletrau baten ziria, eta abar
Pedro Migel Urruzuno
1897-1923, 1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sasiletrau baten ziria, eta abar, Pedo Miguel Urruzuno Salegi (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

GABON-GABA

 

 

I

 

        Aspalditxoan illun zijoazen egunak Irunetako barrunbean.

        Etxeko seme bakarrak Cuba'ra bear zuen joan, eta Cuba'tik berri txarrak zetozen. Sei milla erreal ateratzen etzan errez, eta aterata ere, aiei erantzuten lanak ziran.

        —Prantzira iges egitea ere —esan zuen semeak goiz batean, baiño aotik atera orduko, amak erantzun zion:

        —Ez, ene semea, orrelako burutaziorik artu. Zuk iges egiten badezu, baliteke beste batek zure ordaiñez joan bear izatea; eta orduan nere negarrak samiñagoak izango lirake, gogoratzean, batetik zu etzaitudala geiago ikusiko, bada ni ez naiz Prantziara joango, eta bestetik iñori negar eragiten diogula, zergatik zure ordaiñez dijoanari, eta batez ere bere amari, negar eragingo genikion. Baldin Cuba'ra tokatu bazaitzu, zoaz, eta Jaungoikoak lagunduko dizu. Ama Birjiña Kontzeziokoa izan det beti nere Ama, eta oraidaiñoko estutasun guzietan lagundu dit. Ziur nago aurrera ere ala egingo didala. Etzaite aztu zu ere, gai onetan erakutsi izan dizudanaz, eta zerua irabazteko bear dezuna berak emango dizu. Gaiñerakoaz eztegu ainbeste ardura izan bear. Jainkoak nai badu biurtuko zera atzera; bestela berriz zeruan betiko elkarganatuko gera.

        Semeak au guzia ixill-ixillik aditu zuen, eta esan zion amari, ala egingo zuela.

 

 

II

 

        1897'ko Zemendiko goiz batean, illunetan, ateratzen ziran etxetik iru lagun: Patxi ta Antoni, senar-emazteak, eta Juan Tomas, beren semea, lo andirik egin gabe aurreko gabean.

        Aita-semeak Donostiara zijoazen eta ama elizara. Nere esanaz ez aztu, seme —esan zuen amak—, eta lurrean ezpada, zeruan ikusiko gera. Ala aditu zuten auzokoren batzuek, baiño etzuten aditu semeak ezer erantzun zionik.

        Simon Landes zeritzan auzoko gizon zar batek bazuan ustakida, mutill uraxe osasunaz Cuba'tik biurtuko zala, bestegatik ezpazan ere, bere amaren sinismen biziagatik. Ama au goizean goiz jaiki eta elizara zijoan egunero, meza entzun eta Ama Birjiña Kontzeziokoari bere erreguak egitera, bere semearen onerako: Zure eskuetan uzten det, Ama ona, nere seme maitea; nere egarri bakarra da bere anima salbatzea, eta onetarako, bizitza edo eriotza, osasuna edo gaitza, ondoen dagokiona, egiozu. Erruki zaite ere bere gurasoaz. Era onetakoak oi ziran ama onen erreguak, laburrak baiño sutsuak.

        Asi ziran etortzen Cuba'tik semearen eskutitzak: «Ama, erregutu asko nigatik, eta au bera egin dezatela erretore jaunak, mojak, eta nizaz galdetzen duten lagun eta adiskideak. Emen eztegu mezarik entzuten; izan ditugu etsaiekiñ su gogorrak, baiño ondo nabill, Jainkoari eskerrak oraiñ arte beñepeiñ. Asko oroitzen naiz or egingo diran Maiatzeko loreaz eta gaiñerako eliz-puntzioaz, baiño emen eztegu ezertxo ere egiten. Ala ere uste det oraindik berriz ere erestuko ditudala meza, bezperak, salbea eta Maiatzeko loreak, orrera biurtzean, Jaungoikoak nai badu».

        «Bialdu zaizkidatzu iru pare eskuplaio aztu gabe, bada emen guzien bear gera».

        Korrio guzietan zetozen eskutitzok eta guziak berdintsu, gutxi gora bera. Baiño eldu zan Cuba'ren blokeoa, eta etzetorren eskutitzik. Bukatu zan blokeoa, eta etzan ageri eskutitzik. Jaungoikoak bakarrik zekien zenbat negar egiten zuen ama gaixoak, bada bere erreguak igotzen ziran zerura, malkotan bustirik.

 

 

III

 

        1898'ko Gabon eguneko goiza zan eta emakume gaztetxo bat zegoan Irunetako atarian, eskutitz bat eskuan zuala. Juan Tomas bazetorrela Cuba'tik; neska gaztetxo orren aizpak ikusi zuen, ontzitik ateratzean Malaga'n, eta itz egi zuen berarekiñ. Ala zioan eskutitzak.

        Amaren biotza gelditu zan berri onekiñ itxasoa baiño ere zabalago, eta joan zan elizara Ama Birjiña Kontzeziokoari eskerrak ematera, eta ondorean bere senarra lanean ari zan lekura, berri au ematera. Aitak berria aditzean, txapela erantzi, eta zerura begira, arrendu zuen Salbe bat, eta esan zuen:

        —Aurtengo gabonak igazkoak baiño alaiagoak izateko itxurak daude beraz. Ala Jainkoari nai dakiola.

        —Noizko etxerako ote da gure semea?

        —Egun artan, gutxienez ogei aldiz egiñ zuen amak galde au.

 

 

IV

 

        Errosario santua eta berrogei Abe-Mariak arrenduta apaltzera zijoazen Irunetako senar-emazteak. Ataritik egiñ eta sukaldean aditu zan aupada batek, ukitu bear izan zion biotzaren erdi-erdian Antoniri, bada tximista baiño azkarrago jaiki zan esanaz:

        —Ene! Nere semea!

        —Txakur goseak artoa ames —erantzun zuen senarrak; baiño amaren biotza etzan engañatu.

        —Juan Tomas zera? —galdetu zion, atea idikitzeko astirik gabe.

        —Bai, ama —erantzun zion semeak—, Juan Tomas naiz.

        Eta idiki bezin laster elkar laztandu zuten, baiño itzik egiteko adorerik gabe. Aita ere joan zan bi saltoan atarira; baiño berak ere eztakite beren artean zer igaro zan.

        Bien bitartean txakurrak eta katuak gabon-apari ona egin zuten, bada erdia aiek jan zuten; baiño ala ere gaiñerakoarekin oraindik geiegi zuten irurak.

        Juan Tomas eziñ aspertu zan esatez, eta ezta ere gurasoak aditzez semearen urte beteko, ibillerak. Upela bete negar egin zuten gurasoak semearen mixeriak aditzean.

        Atera zuen semeak eskuplaio bat, berri-berria, eta bestea zeukan soiñean. Muñ egiaz eskuan zeukanari, esan zien gurasoai:

        —Zer edo zerk lagun egin dit: eta zer-edo-zer ori ezta besterik baizik eskuplaioa.

        Berriz muñ egin eta eman zion amari eskuan zeukana, ondo gorde zezan, eta lotaratu ziran amaiketerdietan.

 

 

V

 

        Juan Tomas gaixo zetorren eta ondorengo sei illabetean oso bigun ibilli zan. Baiño esker, lenengo Jainkoari eta gero amaren ardura andiari, gaur arkitzen da sendaturik; meza ta bezperak jaietan eresten ditu, maiz komulgatzen da, pelotan jokatzen du, lan egiten du gogoz, eta bere gurasoak pozez txoro egiñik daude berari begira.

        Aurtengo Gabon-gabean, Jainkoak nai badu, eresi bear omen ditu gurasoakin batean, lenago ere iñoiz eresi izan dituan itz neurtuak era onetan:

 

                        Goazen alkarren laguntzen,

                        goazen albait lenen,

                        gure Jesus dezagun

                        ikusi Belenen.

 

                Estalpe zartxo baten,

                Belendik alboan,

                aurtxo jaio berri bat

                ara non dagoan;

                Jainkoa izan arren

                beartsu dago an,

                ikasi dezagun zer

                erakusten duan.

 

                        Goazen...

 

                Ostaturik Belenen

                ezta aur onentzat,

                eta estalpean du

                aska bat oetzat;

                lasto artean kir... kir

                aur gaixoa otzak,

                ai zeiñ gogorrak diran

                gizonen biotzak!

 

                        Goazen...

 

                Nork esango zukean,

                Jainkoa izanik,

                gu zeruratzearren

                gizonduko zanik?

                Ikustean aur ori

                lastotan etzanik,

                izango da biotzik

                biguntzen eztanik?

 

                        Goazen...

 

                Estalpe zartxo onek

                barruan du aska,

                orra Jainko-aurraren

                lurreko seaska;

                idia ta astoa

                aurrari arnaska,

                gaixoa otz da eta

                berotzeko dauzka.

 

                        Goazen...

 

                Aingeru batek die

                esan artzaiai,

                salbatzaillea jaio

                zaiela berai;

                ara nola datozen

                bildotsekin alai,

                Belenen dutelako

                Jesus ikusi nai.

 

                        Goazen...

 

                Millaka aingeruak

                gabaren erdian,

                ara nola zerutik

                datozen airian;

                danak datoz eresten

                gau aiñ ederrean:

                gloria zeruan ta

                pakea lurrean.

 

                        Goazen...

 

P. M.

1899'ko Abenduaren 19'an.

 

«Euskalzale», 1899, Lotazilla, 24.

 

aurrekoa hurrengoa