www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKAL-MEZA

 

        Ostiral-gauean asitako bijilia larunbata-goizean bukatu oi zan, Sortzez-Garbiaren mezarekin.

        Denbora guziak antxe pillatuz, euskal-Kondaira osoa («Jainkoaintzarik aundienera» arildua) Meza uraxe entzuten dago, Loiola'ko lensemearekin bat eginda.

        Meza-barruko jaunartze artan lortzen degu Juan ebanjelariaren Kalbarioko: ecce mater tua.

        Ama zaitugu! Seme gaituzu!

 

Aizkorri-gañean Goizak eguzki-min...

Illargia, artean, gauaren erregin...

Izarñoak ere, poz-dardaraz, biguin,

aingeru bai'liran, zerutik ikusmin...

 

Erromes aituak, elizaren barren,

kantak atertuta, lerren baño lerren.

Aitor-jaunartzeko gertugo ditezen,

damu-txingarretan obenak erretzen...

 

Amadre Illargia: oraindio ez jun;

zure ezpañetatik nai dizugu entzun

beste Erririk ba al dan, ikusi al dezun,

onek aña Jesus maite dunik iñun...

 

Kanpantorre-goitik matutiak agur:

—«Egunon, erromes. Gauari ez bildur...

Goizarekin poza badatorzu labur...

Gaurko Mezan dezu ondasunen itur...»

 

Irurak aldean pralle-errezkada

kandelargi banaz aitorlekutara...

Erromes jendea, zirrara ta ikara,

barkapena-eske aien oñetara...

 

Kanpai-ots-egara, ozen, dilindari,

Pazko-Piztearen irrintzia iduri,

mendiz-mendi doa, Mezaren geznari...

Esna-berritu da lo zegon izadi!

 

Sortzez-Garbiaren larunbata-Meza!

gaur-jardun osoko itxaron-amesa.

«Neke-ondoz poztu, poztu, erromesa»

sarrera-doñuan koruak dabesa.

 

Urdiñez errezkan iru mezakoak;

txuriz, aien ondo, iru lagungoak.

Prallen abesbatzak eta organoak

zein baño zein doñu zerutarragoak.

 

Euskal-Meza degu. Goiz-egunsentira,

Loiola'kin danok gauzkio begira.

Gizaldiz-gizaldi Meza aren dizdira

dardaraz zabaltzen doa Edestira...

 

Aitortutako pekatariok,

gau-bijiliaren ondoz,

Pasio-osteko Berbizte-billa

orain jaunartzera gatoz,

Jesukristoren irabaziak

mezon xurgatzera gogoz.

Aitortutako pekatariak,

miñak utzi, dezagun poz.

 

Egunsentiko len-argitara,

egatan ara-onera,

txori jolasti-esnaberriok,

kanta gurekin batera.

Ereserkia jaso gurekin

zeruaren goienera,

Bizitz-berrira pizten gaituan

Jainkoaren aldarera.

 

Laño ta lurrun, aize ta arnas,

bizitz-marmaririk oro,

esker-onaren agergarritzat

zerura igo bai igo.

Jainko-iguzkiak giza-laiotza

Mezerdiz argituz gero,

naiz zeru naiz lur begiratzean,

oro eder..., oro Jainko!

 

Aintza zeruan Jainko onari,

aintza bai, azkengabea.

Eta lurrean gogo oneko

gizonentzako pakea.

Jainko izatea utzi gaberik

da Kristo gizasemea.

Jainkoa Jainko, gizonok gizon,

Mezan degu alkartea!

 

Gizadiari aspaldi batez

emandako Zoriona

gutxi bai'litzan, Arantzazura

agertu zitzaigun ona.

Palestina'tik Errege ta Anai

genun gizon guziona.

Aloña-Amaren besoetatik

baitipat euskaldunona!

 

Zer dala-ta Zu, Jainko-Gizona,

gure-baita elkorrera?

Zeru ta lurren Egille bera

aur gaiztagiñen barnera?

Ardo-ogi-itxuran, zure maitea

norañokoa ez ote da!

Iñolaz ere Zu gure-baitan

artzeko diñak ez gera!

 

Atoz, alare. Zure janariz

Jainkoz jantzi gure utsa.

Zuk, ez beste iñork zornetzen bai-du

ta ezilkortzen bizitza.

Zerau zeranez gertatu diran

egintza aundi danen giltza,

Zuk damaiezu euskal-ametsai

arnasa eta biotza.

 

Beti gurekin ibil zatzaigu

noranaiko txangoetan,

zure laguntza ta eustapena

luzatuz premi danetan.

Nola ez, bada, guk Zu aintzatu

zertu-ala egintzetan?

Meza bat dezu, ain zuzen ere,

euskal-Kondaira mendetan!

 

Erlijioa izan da beti

gure elburuen bulkoa,

gure elburuen bulkoa eta

lei ederrenen auspoa.

Jainkoa degu lemazain eta

jomuga ere Jainkoa.

«Jainko-aintzarik aundienera»

gure nondik-norakoa.

 

Jainko-aintzarik aundienera

amaikatxo euskal-seme

junak dituzu mixiolari,

beste asmorikan gabe...

Lei orrek berak bultza oi zitun

lur-billatzalleak ere:

Lur berriakin animak billa,

Zugana ekarri arte!

 

Aundia ba'da euskal-kondaira

gizonen ikuspegi'ra,

aundiagoa derizkiogu

Jaungoikoaren begi'ra.

Aintza-aparrez Elkano-ontziak

inguratzean lurbira,

aren gañetik Goi-lemazaia

zaintzen bear da begira!

 

Zure begitan begiko gera

—poz degu gogoratzea.

Jainko-begitan kristau-erririk

kristauena agiz gurea.

Siñeskorrean, biotz-garbian,

tolesgabean..., umea.

Adore bear danean, aldiz,

Erri zail, gizon, trebea.

 

Euskaldunik bat dan bakoitzagan,

an bada kristau pijo bat.

Kristautasunik ez dunak

euskaltasunik ere ez anbat.

Bizia, arnasa, ogia..., zer ez

zeru Zu, Jainko, guretzat?

Euskalerria Zuretzat dago,

zure eskuko mirabetzat!

 

Mendi-artean zerura-beira

bizi dan erri apala,

ez du munduak uste Euskalerri

ain zorioneko dala.

Oitura onez, sinismen beroz,

Zu Jaun ta Jabe zaitula,

zeren bearra du euskaldunak

jakiñik maite dezula?

 

Kalbario-mendi

 

Jainko-begiak Kristo du soilki

maitagarri Beraz-kanpo.

Begitartea Ari bakarrik

Aita-Jaungoikoak dio;

ta Arengan, Aren dirdai diranai:

Andra-Mari'ri lenengo;

ta Aren Gorputza osatzen degun

kristau guzioi, urrengo.

 

Jainko-begiak Golgota bezin

ez dakus aintzagarririk.

—Nork aintza diñik Aitari eman

Jainko-semeak ez-ezik?—

Mendi artantxe ikusten gaitu

gizadi dana baturik,

maitagarrizko Sendi bakar bat

Jesusekin osaturik.

 

«Orra or zure semea» —an dago

San Juan Amaren ondo.

«Orra or zure semek» —an ere

enderri guziak tinko,

Jesukristori il-Oparian

nork geiago lagunduko.

Sufrimentuan zein aundienak,

aiek Jainkoak gogoko!

 

Erromarekin an dago Itali:

santu-saldo ugaria...

Kruzado-jantziz jakin-dirdiraz

San Luis'ekin Prantzia...

Bana-banaka an Erri danak;

Europa, mundu guzia...

Arantzazukin, Loiolarekin

an ere Euskalerria!

 

Iñigo dala Opaltzallea

ta Arantzazu aldarea,

Gurutziltzatu-biran an dago

Euskalerri min-zalea

albo-albotik Jesukristori

eskeintzen bere nekea:

—Meza bat danez, artu Zuretzat

euskal-Kondaira betea!

 

Kalbario mendian

euskaldunak Jesus ilzoriari:

        —O gure Jesus Salbatzallea:

        anaitzat artu gaitzatzu,

        Aita-Jainkoak begira gaitzan

        begitartez Zurekin gu.

        Gure Edestia Ermitagintza,

        zure Gorpuzgintza dezu.

        Andra-Mariren seme gaitezen,

        anaitzat artu gaitzatzu...

 

Arantzazun, gau-emalleak

larunbata-mezako jaunartzean:

        —O gure Jesus Salbatzallea:

        orain bai anai zaitugu.

        Gurea zera, zureak gera,

        gurea Zu, zureak gu.

        Gure euskal-mezak ta zure Mezak

        zure ta nere'rik ez du.

        Jainko-begitan Opari bakar

        yadanik egiten degu.

 

Ta Andra-Mari'k, Errodrigori agindu ziona

kunplituz, Euskalerria seme-semetzat artzen du:

        —Ene Euskalerri, txit enetxoa:

        nere-nerea zera zu!

        Miñak maitatzen dakizulako

        miña poz biurtu zaizu.

        Miñak maitatzen dakizulako

        zaitut orren zoriontsu...

        Ermitatxoa ein didazunez,

        seme zaitut, Ama nazu!

 

Amandre Illargia: yadanik erantzun,

zure ezpañetatik nai dizugu entzun

beste Erririk ba al dan, ikusi al dezun,

onek aña Jesus maite dunik iñun...

 

Larunbata-mezaz eldu da azkenera

erromeriaren oi dan arabera.

Erromesak itzul norberen etxera;

ez danak: Iñigo Jerusalen'era...

 

Zapatu-goizaren egurats zolia!

Barruan poza ta Jaungoiko-grazia;

kanpoan, argitan zoro, eguzkia...

Bai eder zerala gure Euskalerria!

 

Itzali izarñoak, zeruaren oztin.

Illargiak agur, gelditzerik ezin...

Euskal-Eguzkiak irteera Aizkorrin,

kondaira-gañaren gallurrerako miñ...

 

aurrekoa hurrengoa