www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAU-BIJILIAN IÑIGO

Passio Christi, conforta me

 

        Gure bezelako Erri santuari bazegokion diñezko seme santu-aundi bat. Ona emen Loiolakoa, beretarrakin bat eginda, ondo euskalduna, ondo gurea...

        «Aita San Iñazio»ren bitartez lortuko du euskal-fedeak Amaren eskaria: ermitatxo bat eidazu. Eta eskeñia: nerea izango zera zu.

 

Amandre Illargia: zuk bein ikus zenun

Jesus Olibet'en lagun-gabez itun...,

iru apostolu lo zeudela, zurrun...

Ona Euskalerri Aren otoi-lagun!

 

        Atzerritar bidazti,

        munduan-barrena

        Erri ez-ezagunen

        billa zoazena:

        atoz Arantzazuko

        eliza-barrena,

        emen arkiko dezu

        euskal-Sinismena!

 

        Ta zuk, Konpostela'ra

        zoazen urlia,

        ez uste euskal-jendea

        dala ain basatia.

        Ez, nondik kalte egingo

        bizi dan piztia...

        Antziñan ala ba'zan

        gaur ez alegia!

 

        Santa-Tria portura

        bein eldu-ezkero,

        ez kanta euskaldunen

        kontra asma-alik oro.

        Ikus euskal-anima

        lenik emen; gero

        aren aunditasuna

        aipa baietz bero...

 

 

Erromes-sail beltza ari da kantetan

eliza-barruko penitentziketan.

Damu-negarraren errautsa kopetan,

santutasun-miña biotz-begietan...

 

Eliza-betean errezo-marmarra...

Eliz-jirabiran, nekez, barra-barra

zenbat gurutzadun. Aietxen sugarra

miresten, txanda-zai, erromes abarra...

 

Zein da, zein ori?

                        Zaldun gazte bat,

        jantzian jauntxo-dirdira,

        erromesakin nasian dabil

        gau-bijilien arira,

        zer kantatzen dun, zer egiten dun

        bere erriari begira...

        Jantzian jauntxo-dirdira eta

        biotz-begitan pilpira.

 

Gau-emalleak:

        —«Ermitatxo bat eidazu eta

        nerea izango zera zu».

        Zure eskaria, zure eskeñia

        lortzen emen gabilzkizu,

        Ama-Semeon Pauso Santuak

        berriztu eta berriztu...

        Asma dezagun Ermitagintzan,

        Ama, lagun egiguzu!

 

Iñigo zaldun Loiolakoa,

Iruña'n elbarritua,

senda orduko erabat utzi

mundutar bizimodua

t'ona Arantzazun, Jainkoagana

zearo onbiurtua,

erriagandik orain ikasten

santutasun-elburua.

 

Iñigo zaldun Loiolakoa,

beste iñor baño geiago,

zartallu latzez soin-zigorketan

erruki-gabe jo ta jo,

euskal-anaien santutasuna

izpiz-izpi idosten dago,

aien onurak eta jardunak

jaso nairik areago.

 

«Nik santu nai det» —esana zuen

Loiolako jauretxean

Andra-Maria Jesus Aurrakin

ager zitzaion batean.

Jerusalen'en alkartzen dira

santu-bideak batean.

Jerusalen'a asmoa artu zun

kristau-erromes legean.

 

Jerusalen'a asmoa, baña

ez lendanik Jerusalen.

Andra-Maria Jesus aurrakin

aztuta utziko al zuen?

Arantzazun gau bat emango zun

Jerusalen'a baño len

Birjiña Amari eskerrak eman

ta biderako indartzen...

 

Iñigo zaldun Loiolakoa

igo zanean Mendira,

antxe zegoan arantzan Ama

Lensemeari begira:

—«Iñigo zaldun Loiolakoa:

ermitatxoa eidazu,

ermitatxoa eidazu eta

nerea izango zera zu».

 

Gau-emalleak:

        —Zure Amatza eskein zenigun

        gu seme izaten ba'gera.

        Emen gauzkazu penitentzitan

        izarretik-izarrera,

        alik lasterren eldu nairikan

        zure diñak izatera...

        O, nai bezela, santu ba'giña

        aurkezteko or aldarera!

 

Iñigo zaldun Loiolakoa

igo zanean Mendira,

gizaldi danen euskal-Fedea

ere zai zegon begira:

—«Iñigo zaldun Loiolakoa:

euskal-Eliza osazu,

euskal-Eliza osa dezazun

gure Santu nai zaitugu».

 

Gau-emalleak Amari:

        —Erri santutan santuena guk

        zu-lagun izan nai degu,

        Ama beraren seme berdiñak

        gaitezen Jesus eta gu.

        Onera arteko besolaguntzat

        bidera irtena zaitugu.

        Aurrera ere santu-bidean,

        Ama, lagun egiguzu!

 

Lastargi-su bat, Sanjuan-su bat

gau illunean piztua

degu onako gau-bijilian

euskal-fede gogatsua.

Onen argira, gure Iñigoren

santutasun-elburua

egunabartzen, zeru-gorritzen,

argiagotzen dijua...

 

Gau-emalleak:

        —Begira gaude or aldarean

        gure Aita San Prantzisko...

        Gogoa bai guk, indarrak falta,

        aren mallara igotzeko.

        Grazia iguzu Jesusen miñak

        ark bezela geuretzeko.

        Grazia iguzu izan gaitezen

        San Prantzisko'ren antzeko...

 

Egun-urratze paregabea

Iñigok goiz artakoa!

San Prantziskoren egikizuna

berbera berritzekoa,

—«San Prantziskok bai, nik zergatik ez?»

leietan dago gaixoa,

bere Erriari nondik iritxi

garaipen aundiagoa...

 

Iñigok:

        —«Santutasunik aundienera

        San Prantzisko bai, ta ni ez?»

        Jerusalen'a joango naiz ni

        Jesusen billa erromes;

        emen natortzu, esango diot,

        Euskalerriaren partez,

        orain arteko, gaur ta geroko

        euskaldun danen izenez...

        Artu gaitzatzu danok anaitzat,

        nekalkide gaituzunez...

 

Gau-emalleak:

        Euskal-etorki guzia degu

        Zugana guruzpidea.

        Ez degu iñoiz bildurtsi guk

        oñazea ta nekea.

        Gogo dizugu biarko Mezan

        gure buru-opaltzea.

        Opaltzalle bat, Santu bat bear

        artarako guk, ordea!...

 

An digokio Amari Iñigo,

begi-biotzak galdatan,

mallatan-gora aldareraño,

ezpañak zerbait izketan...

Atzetik beira, euskal-fedeak

somatzen du bere-baitan

uraxe dula bere Santua

euskal-Amaren gradatan.

 

Iñigo santu Loiolakoa

igo zanean oindira,

gizaldi danen euskal-Fedea

an zegokion begira.

—Iñigo santu Loiolakoa:

euskal-Eliza opaldu,

euskal-Eliza opal dezagun

«bitarteko nai zaitugu».

 

Urrun-abotsak:

            Zeru-deiaren adira

            eldu kristauak Mendira,

        Semetzat artzen gaituan Ama

            'ren Opalmai nagusira!

        Loiolarekin euskal-bideak

            emen gallurtzen bai-dira!

 

...Esku bat luza bere Erriaruntz,

bestea Amarenganatu,

ta an dago gradan otoi bizian

Sorterri-alde leiatsu:

—«Zure ta nere Euskalerria

nekalkide emen daukazu.

Anaiak ditut. Egin nazazu

Erri santu onen santu...

 

Gau-emalleak:

        —Iñigo santu Loiolakoa,

        euskal-semetan Lenseme:

        odolezkoen patroi zaitea,

        patroi eta opaltzalle.

        Gure erraietan eldumin dagon

        ametsa zerorrek bete.

        Gure izeneko otoi bizi bat

        zaitzagula, Amaren aurre!...

 

Iñigok:

        «...anaiak ditut. Ni izango naiz, ni

        Erri santu onen Santu.

        Berak ezin dun Ermitagintza

        neronek nai det osatu.

        Nik egindako guzia berak

        egiña izan bekizu.

        Garbi izango naiz: tori zinitza,

        gure Ama-Arantzazu!

        Tori nere zin-opariakin

        euskal-Oparia! Artzazu!

 

 

(Jainko-arnasez santu-bidean

gure Iñigo berria

Jerusalen'a abituko da

biamon-goizez, abia

Jesusengana ekarri-arte

Europa, mundu guzia...

Jerusalen'a, mundu guzira

Arekin Euskalerria...)

 

aurrekoa hurrengoa