www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

«ERMITATXO BAT EIDAZU...

 

        Auxe izan omen zan Birjiñak Baltzategi'ri azaldutako borondatea. Ez noski Errodrigo'rentzat bakarrik. Geroko gizaldi guziak zertu bear bai'zuten egikizun ori.

        Oartu «erromantze» ontan euskal Kondaira osoa Amaren esanera. Lenengo, arrizko «ermitagintzan. Ta gero, aldi berean, batez-ere Kristo'ren «Gorpuzgintzan».

        Poema osoaren muña ta nondik-norakoa adirazten zaizu emen, alde aurrez eta axal-axalik.

 

 

Errodrigotxo joan zanean

ardiengana mendira,

antxen zegoan Birjiña arantzan

artzaitxoari begira:

 

                —Errodrigo'txo Baltzategi'ko;

                ermitatxo bat eidazu,

                ermitatxo bat eidazu eta

                nerea izango zera zu.

                Iru latatxo, zazpi tellatxo

                asteko asko dituzu.

                Elizaunditzen danean biar

                geiagorik bearko du.

                Nere euskal-seme on askok emen

                izango dute ostatu,

                izango dute ostatu eta

                euskal-Meza non opaldu...

 

Errodrigo'txo laxter joan zan

Oñatiako kalera,

eliz-gizonai, bertako danai

berriona ematera.

Oñatiarrak laxter jun ziran

prozezioan mendira.

Antxe zegoan Birjiña arantzan

seme berriai begira:

 

                —Oñati-erri txit enetxoa:

                ermitatxoa eidazu,

                ermitatxoa eidazu eta

                nerea izango zera zu.

 

Arkaitzak-zear ara bidea

urra zanetik onera,

zenbat gizaldi Aloñan-gora

Birjiñaren esanera!

Ark esandako Ermitagintzan

alik-oro ekitera...

«Arantzazu'ra bidea luze;

aldapa-gora, gañera...»

 

Oi, baña, Amaren semenganako

irribarre biozbera!

Oi, eskaria lortutakoan

Birjiña Amaren arrera!

 

                —Ene Euskalerri —esango zien—

                nere semea zu zera.

 

Ots, euskaldunak, goazen bidean

Zeru-deiaren adira,

antxen bai-dago Birjiña arantzan

gu noiz elduko begira:

 

                —Ene Euskalerri txit enetxoa:

                ermitatxo bat eidazu,

                ermitatxo bat eidazu eta

                nerea izango zera zu.

                Arantzazu'ko Eliz ontatxe

                izango dezu ostatu,

                izango dezu ostatu eta

                euskal-Meza non opaldu...

 

Geroko baten (negu otza zan,

Erregetako bezpera.

Oitura zanez, gau artan ere

bazan bijili-billera).

Iñigo zaldun gazte ezaguna

euskal-anaien legera

Arantzazu'ra, promes eginda...

Elurra Aizkorrin-bera.

Aren bekoki sutua, alare,

e'tzan otzak uki-bera.

Zer amesten zun? zerk beartze zun

alako erroitzartera?

Bide berriak asmotan eta

«indarrak dator artzera».

Antxe zegoan Ama irribarrez

Lensemeari begira:

 

                —Iñigo zaldun Loiola'koa:

                ermitatxoa eidazu,

                ermitatxoa eidazu eta

                nerea izango zera zu.

                Iru latatxo, zazpi tellatxo

                oiek gutxitxo dituzu.

                Euskal-fedea, euskal-Elizak

                aundiagoa bear du.

                Zurekin dagon Euskalerriak

                «bitarteko zu nai zaitu».

                Berez ezin dun Elizagintza

                zurekin nai du osatu.

                Orretarako egingo zaitut

                Erri santu onen Santu.

                Zer geran iñork galde ba'leza,

                esan: Loiola-Arantzazu!

                Euskal-izenak ontziburuan

                bikoitz auxe eramango du.

 

Kristo'rengana jo zun Iñigok,

zuzen Jerusalen'era.

Ta Iñigo'rekin santu-bidean

euskaldun danak batera.

Euskal-Eliza Loiola'rekin

jaso zan gallurrenera.

Bañan, alare, e'tzan azkendu

Ermitagintza, ostera...

 

Euskal-gizaldi etengabeak

eunki batetik bestera

kantatzen gatoz, betetzen goaz

eskari-eskeñi bera.

Nun nai gaituzu, zertan, Amatxo?

gure betiko galdera.

Elizagintzan! —Ark erantzuna—

ta nerea izango zera.

Bost gizaldiko euskal-egintza

dator orren BAIETZ-era,

lau aldiz erre-ala eliza

berriz ereikiz ostera.

Berriz ta berriz jasoko ere

baldin lengoak ba'gera!

 

                —Etengabeko ermitagintzan

                euskal-Eliza ari degu.

                Bizi artean, ondo dakigu,

                orrek bukatzerik ez du.

                Gure leia ta gogoa, alare,

                dagoneko ikusi dezu.

                Elizagintza! zure eskaria

                gure Edestiak elburu.

                Kristau-Eliza jaso ta jaso!

                Egonak zerurik ez du.

                Ama zaitugu, seme gaituzu!

                orain esan dezakegu.

                Ama zaitugu, seme gaituzu

                Iñigo degula buru!

                Zer geran iñork galde ba'leza,

                auxe: Loiola-Arantzazu!

 

—«Ermitatxo bat eidazu eta

nerea izango zera zu».

Zure eskaria, zure eskeñia

ni ere entzuten naukazu,

zure izenaren ermitagintzan

albait egiteko gertu...

Poema ontan gora zaitzadan

Ama! lagun egidazu.

 

aurrekoa hurrengoa