www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

ARANTZAN-ZU?

 

                Arrimallatan altuan dago

                Birjiña Begoña'koa.

                Alata bere altuagoan

                Birjiña Arrate'koa.

                Birjin danetan ederrena Zu,

                Ama Arantzazu'koa!

                                (Kantazarra)

 

        Aldakuntza aundia ezagutu zuan gure Erriak Birjiña agertutakoan. Ordurarte, nunai gorrotoa, ikusi-eziña, siñeskeria, jauntxokeria. Agertutakoan, pakeak egin, gorrotoak itzali, sorginkeriak uxatu eta uriak beren buruaz jabetu... Eta gizaldi bat baño len, gure kristautasuna gallur-gallurrera igo zan. Iru santu aundirekin igo, alegia: Loiola, Xabier, San Martin. Uraxen bai gure Kondairaren egunsentia!

        Bertsolariak du emen eskubidea, beste iñork baño len ongietorria emateko Erri guziaren izenean.

        Esan baiditeke: kanta-zarrai zor diegula geien-geienik Arantzazu'ko Amaren izena ta zabalkundea.

 

Agur, Arantzazuko Amandre berria.

Ematera natortzu ongietorria.

Bertsolaria nazu, eskolaz urria,

alare jendearen maixu gidaria.

 

Alaiki ta galaiki nai dizut koplatu

orain zure aurrean pozak dezan leku.

Ez, bada, doñu-zarrak beti miña aidatu.

Gaurdañoko zotiñak yadanik atertu.

 

Antziñako ametsak emen dira lortzen

ta arantzik zorrotzenak lore eder biurtzen!

Kupiradun Ama bat galdetzen genuen...

Ona Amarik onena arantza-gain emen!

 

Oñaz ta Ganboa'rrak, danok, bat artuta,

menderatzen dizugu aoz-bera ezpata.

Anaiak alkar-gudan setaz, zer dala-ta?

Ez geiago gudarik zure alde ez pa'da!

 

Gaiztozulo'ko Sorgin, gaitz danen sort-oge,

legortearen ama, Dama ondatzalle:

zure jaurgoa jun da. Guregandik alde.

Bestelako ona degu onako Ama auxe!

 

Erregiñen erregin, zeruaren zeru:

orrek arritzen gaitu: nor eta arantzan-Zu?

Arkaitzik zakarrenen artean izkutu,

orrek arritzen ere non eta Arantzan-zu?

 

Zazpi aizpatxo dira euskaldun Birjiñak,

zein baño zein beltxeran, zein baño zein piñak...

Artu bitza sei aizpen, seiren eskumiñak

danetan gazteenak, danetan txikiñak!

 

Zazpi aizpa beltzetan erregin zaitugu,

danetan maiteena ta guzien buru.

Alata ere, baña, Ama errukitsu!

non eta Arantzan zaude? nor eta arantzan Zu?

 

Maitako degu, maita, Amaren arantza.

Maitako degu, baita, Jesusen gurutza,

ilda Ark santuturiko oñaze-zugaitza.

Oien bien gañean kristau-poza datza.

 

Gure errukiak Arantz ortan jarri zaitu.

Zurekin orko maizter guk ere nai degu.

Arantzan-Zu? Arantzan zurekin ere gu!

Zurea ta gurea izain da Arantzazu!

 

Euskal-mendi-lerroak mallan-mallan datoz

Aizkorri-gallenean alkartzera gogoz.

Ala euskal-semeak, zuk paketu ondoz,

arantzondo ortaraxe, maitasun eta poz...

 

Zuretzat euskaldunen obari onenak.

Zuretzat errezkadan mendirik gorenak,

gogokoen dituzun pralleen arrenak,

eztarri garbienen doñu gardenenak...

 

Zuretzat batez-ere biotz-oparia.

Gau-bijili latzetan gurendu-berria,

tori Euskalerriren anima garbia,

eguzkitan elurra ez bezin zuria...!

 

Lau probintzien erdi ta Aizkorri'ren altzo,

Arantz orixe degu euskal-kabi goxo.

Gorago ta zerutik are bertanago,

«zerurako bidea ortik gora dago».

 

Bukatzera noazu nere gorasarre.

Ikus zaitudalako ez nijoa asarre.

Ezin aztu izango det zure irribarre,

Zugana anpatu arte euskal-maitazare!

 

Agur, Ama. Banoa, baña ez betiko.

Arantz ortan txoko bat gorde neretzako.

Euskal-bertsolariak e'tzaitu aztuko.

Arantzazu goraltzen ez da azkena izango.

 

aurrekoa hurrengoa