www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAU-BIJILIA

«Pauso santuak kontatzen»

 

        Igoera guruzpidea zan bezela, egoera Kristoren Nekaldi-berritzea izaten zan. Ori, gau-bijilian baitipat.

        Emen, orduko kanta-jardunak, penitentziketak, aldaretako irudi pasiokoiak..., eta euskal-kristautasunaren oñaze-zalea. Oñaze-zale ura, arrigarria bezin izugarria.

 

Izarñoak ernai ñirñiraz zeruan...

Lozorro mundua illunpe itxuan...

Damu-kanta, aldiz, an Eliz-barruan

Zerurantz bidazti doñu anpatuan...

 

Ixo, arran-otsen urrun-dilindala.

Gauaren ixillak magaldu dezala

itzartien damu-kantak eman-ala,

pilpiraz dardartuz ozkarbi zabala.

 

Amandre illargia: zuk bein ikus zenun

Jesus Olibet'en lagun-gabez itun

otoitzean larri... Aren otoi-lagun,

ona euskalduna; begira amen, entzun!

 

Gau-emalleak,

danak bat:

        —«Ermitatxo bat eidazu eta

        nerea izango zera zu».

        Zure eskaria, zure eskeñia

        gaur gauez zertu nai degu.

        Gau-emalleak ura lortzera

        penitentziz gatozkizu.

        Asma dezagun Ermitagintzan,

        Ama, lagun egiguzu!

 

Erromes-sail beltza ari da kantetan

eliza-barruko penitentziketan.

Damu-negarraren errautsa kopetan,

santutasun-miña biotz-begietan....

 

Eliza-betean errezo-marmarra

Eliz-jirabian, nekez, barra-barra

zenbait gurutzadun. Aietxen sugarra

miresten, txanda-zai, erromes-abarra...

 

Errosarioa naiz kalbarioak

bat-beste-atzetik guzien aoak;

ta irakur zer dion Ama Agreda'koak...

Tarteka, aringarri, kanta-zar gozoak:

 

Batek:

        —«Birjiña Amaren gaua da eta

        dasagun bere kantia.

        Nik kantauko dot kantia baña

        ondo erantzun, jentia.

 

        ....Errodrigotxo juan zanian

        ardiengana mendira,

        antxe zegoan Birjiña arantzan

        artzaitxoari begira.

 

Danak:

        —Errodrigotxo Baltzategi'ko:

        ermitatxo bat eidazu,

        ermitatxo bat eidazu eta

        nerea izango zera zu.

 

        Nik zainduko tut zure ardiak

        belate garbi batean,

        belate garbi batean eta

        elorri onen aldean».

 

Ostiral-gauero bijili bereza.

Egun artan Yesuk Pasio nekeza

eramanaz sufri bai-zun Eriotza;

ta igande-goizean Berpiztea goza...

 

Ostiraletako bijili bereza:

Nekaldi-antzetan gau osoa luza

ta biamon-goizez larunbata-Meza;

Mezan jaunartzean Berpizkunde-poza!

 

Asiera dizu Benedicta'rekin.

Pralle-abesbatzak milla aingeruekin

buka bezin laister: «Agur, gure Erregin»,

ordun bijilia, nai duanak ekin.

 

Abe-Marikoan gau-ezkillak dulun:

—«Gabon, erromesa, Pake ta Osasun.

Kanpora illunpetan obe dezu ez jun.

Amaren etxean gau osoa iraun».

 

Gau-emalleak:

        —Damu dizugu oben egiña,

        damu degu pekatua.

        Barka zaiguzu Ama on orrek;

        barka, Gurutziltzatua.

        Begira emen zuen erria

        auzpez belaunikatua.

        Atozte lagun osa dezagun

        zuen Pasio santua.

 

Elizaren alde bat eta bestean

Pasio-irudiak, beren aldaretan...

Ta krisallu-tzarrak aien argiketan,

leñuru orizta banatuaz ketan...

 

Aldare batean, Jesus Pillareko.

Abe mokor bati lotua apalkiro,

borreroen zirti-zartak artzen dago...,

begiak dirdiraz eriotzeraño.

 

Gurutziltzatua, urrena, bestean,

aoa irikita eskari luzean...;

biotz ebakiaz, Ama an barrenean;

ta Santa Madalen negarrez lurrean...

 

Gau-emalleak:

        —Santa Madalen, Santa Madalen!

        askoren erakustuna,

        asko maitatu zenuelako

        Jainkoak barka zizuna:

        Guk ere baita nai degu maita

        t'eraman gurutz aztuan!

        Nai degu izan gurutzondoan

        iruron neke-lagunak.

 

Irugarrengoan, illobi santua:

albo-aldaretan geiena aipatua.

Emen noiznai dezu jende damutua,

Gorputz illari so, belaunikatua.

 

Neketako Ama, beste arakoa,

Semerik gabeko Doloretakoa;

begiak beera, lurrerantz dijoaz

non billa Aren ordez semez artzekoak...

 

Gau-emalleak:

        —Ar gaitzatzute gurutzondoan

        iruron neke-laguntzat.

        Kristau-Elizan izan gaitezan

        Kristoren Gorputz oso bat,

        martirio ezin ba'da re

        betoz samiñak guretzat.

        Anaitzat artu gaitzatzu, Jesus!

        Ama, ar gaitzatzu semetzat!

 

Aldare nausian Andre-Errugabea,

Seme Eroslearen lenengo Lorea,

oinpean zapalduz gaitz danen sugea...

Kristau-oñazeak nolako ondorea!

 

Maita oñazea! Orra San Prantzisko

zauri gordiñetan. Gurutzetu-antzo,

saiets-esku-oñak iltzeztuak dauzko...

Esango litzake dala beste Kristo!

 

Batek:

        —«Izar-argitan nentorrenian

        Arantzazura bidean,

        Birjiña Ama ta bere Semea

        topa nituan parean.

 

Danak:

        —Kontseju on bat eman zidaten

        Ama-Semien artean:

        on ta umilla izan nendilla

        munduan naizen artean.

        Gero e'nula damu izango

        mundutik ninjoanean.

 

Batek:

        Odola pranko ixuri zuen

        oñutsetan ta lurrean.

        —Ene Semia, eutsi zapatak,

        jantzi eidazuz soñean.

 

Danak:

        —Ez, Amandrea. Largatu bedi,

        onela noan artean.

        Nik eriotza artu bear det

        Kalbarioko mendian,

        Kalbarioko mendian eta

        Gurutze gogor batean.

        Nik eriotza artu bear det

        Gurutze gogor batean».

 

Eliza-barrena batera bestera

gurutza-lorrean, Jesusen antzera,

txandan dabilkizu erromes-billera

penitentziketan gauetik goizera.

 

Zein baño zein danak alkarren leiean

penitentzi-kera berrien naiean.

Batzun-batzuk soña zigortzen saillean

Pillarekoaren aldare-aurrean.

 

Besoak zabalik diraute geienak,

gurutzatu-gisan bi esku gallenak...

Ez du aitzakirik tresnik ez duenak:

ontan daduka nun agortu lerrenak.

 

Esku-oñetatik kate latzak narres

dabiltz beste zenbait odolez ta nekez...

Aitortu-aurreko ilduren bitartez

Jainko-aserrea baretzen da errez.

 

Damu-txingarretan erre pekatuak,

samin-odoletan garbitu erruak,

semez artu gaitzan Ama nekalduak,

anaitzat ar gaitzan Gurutziltzatuak.

 

Gau-emalleak:

        —Zure kupirak, zure begirak

        gozatzen digu samiña.

        Baña, Amandrea, utzi zaiguzu

        luzatzen Jesusen Miña.

        Zuen Gurutze-Opariakin

        gure auxe bat egiña,

        alaxe soilki izango bai da

        Aitarenganako diña...

 

Luzatzen, luzatzen eusko-opaltzallea

bere buruaren Nekaldi luzea...

...Ñirñiraz malkotan begira izartea;

Zeruak erruki euskal-oñazea...

 

aurrekoa hurrengoa