www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERMITAGINTZA
edo Amaren esanera euskal-gizaldiak

 

 

I — Itzaintzan Andra-Mari

 

                Aida txuri! Aida gorri!

                —itzaintzan Andra-Mari.

                Bera dabil karrioan,

                bera bi bei ta gurdi.

                Ermitatxogintzarako

                tella, ol eta guzi,

                Aida txuri! Aida gorri!

                itzaintzan Andra-Mari.

 

Oñati'ko parrokia begiz-jo zan lenengo

Irudi agertuari estalpe emateko.

Parrez ago, Kondetxoa, asmo ortan arroxko.

Parre ori, Kondetxoa, aurki zaik itzaliko!

 

                Aida txuri! Aida gorri!

                —itzaintzan Andra-Mari.

                Kondeak pillatutako

                tella, ol eta guzi

                Oñatiatik gaberdiz

                itzaintzan Andra-Mari,

                Aida txuri! Aida gorri!

                Arantzazura itzuli...

 

Urtiagain'go muñoa, bigarren aldia auxe,

auta zuten pillatzeko tella, ol eta abe.

Kondetxo orrek parre dagik, parre berriro ere?

Biar jakingo diagu parre ori noiz arte!

 

                Aida txuri! Aida gorri!

                —itzaintzan Andra-Mari.

                Egunez pilllatu-ala

                tella, ol eta guzi

                Urtiagain'etik ere

                itzaintzan Andra-Mari,

                Aida txuri! Aida gorri!

                Arantzazura itzuli...

 

Goratxoago, Gezaltzan pentsatu zan urrena

irugarren probaldia, irugarrena azkena.

Andik ere igeste ba'zan argiz pilla zutena,

garbi zegon nun bear zan ermita asi urrena.

 

                Aida txuri! Aida gorri!

                —itzaintzan Andra-Mari.

                Irugarren aldiz ere

                tella, ol eta guzi

                Gezaltza'tik bein-berriro

                itzaintzan Andra-Mari,

                Aida txuri! Aida gorri!

                Arantzazura itzuli...

 

Arrezkeroz...

                Aida txuri! Aida gorri!

                —Birjiñaren antzera,

                euskal-gizaldiak ere

                eliza egitera.

                Lau aldiz erre eliza;

                lau aldiz jaso, ostera.

                Aida txuri! Aida gorri!

                —Ama-semeak batera!

 

 

II — Zeruak nun nai dun, antxe!

 

Mendi anaien gañetik dago

Aizkorri, guzien buru.

Lau probintzitan zerra luzeak

erroak ezartzen ditu.

Gutxik zekiten aren altzoan

bazala antziña Arantzazu.

Gaurregun, Ama an degunetik,

danok bedeinkatzen degu.

 

Aizkorri-goitik amildutako

arkaitzen azken-arrua.

—Ara Zabalaitz, Urbian bakar,

biderdian gelditua...—

Arrano, bele, putre ta basa-

piztien bizilekua...

Eliza an jaso nai zun Erriak

bear zun, bazun azkua.

 

Arantzatzu'ko eskualdea,

Aizkorri'ren biotz-muña,

lau probintzien beginini gaur,

erroitz zakarrena antziña.

Arritzeko zan an takatzea,

goiz-ozkorritan, Birjiña.

Arritzekoa araxe deitzen

ginduan zeru-txiliña.

 

Antxe eliza jaso bear zan,

amildegi artan kako,

erdi aidean, erdi zintzilik,

aitz zankar batean zalko.

Kosta bear zun lantegi ura

neke ta izerdi pranko,

itz-emandako Elizagintza

amaituta ikus orduko!

 

Danak zekiten uraxe zala

Amaren borondatea.

E'tzan besterik bear, lanera

jartzeko euskal-jendea.

Batak besoak eskeintzen zitun,

besteak idi-parea...

Arkaitz gallenak zaillak ba'ziran,

zaillago euskal-fedea!

 

Erraztasuna utzita aldebat,

Goiari gauzkion adi.

Ez guk, Zeruak nun nai dun... antxe!

gure egitekoa bedi.

Euskal-Fedeak Eliz ontantxe

izango du bere irudi,

aize gaiztoak botako ez edun

arkaitz gogorrean zuti!

 

 

III — Lenengo ermita egin zanetik...

Seroreak, pralleak, prantziskotarrak

 

Zur utsez lenik eratutako

ermitatxoaren urren,

beste bat arriz, aundiagoa,

bereala antola zuten.

Uraxen ere, buka orduko,

txiki, oso txiki irizten.

Zetozen anbat erromesentzat

an tellatuperik e'tzen.

 

Juana Arriaren andre-goituak

presta zun bere burua

negu ta udara berak zaintzeko

eliza ta ostatua.

Aren inguru berealaxe

bil zan serore-saldoa,

Irugarrengo Ordenapean

artzeko ango kontua.

 

Obeki nunbait iruditu zan

bakartearen begira,

gizonezkoen komentu on bat

elizaren jirabiran.

Jakin orduko, iru Ordena,

bat bestearen segiran,

iñoiz aserrez ekiteraño

artaz jauntzen saia ziran.

 

San Prantzisko'ren seme pobreak,

paketzalle, erri-zaleak,

Sortzez-Garbi'ko Birjiña Amaren

aldezkalari trebeak...

Prantziskotarrak geldi zitzaizkun

azkenik ango jabeak!

E'tziran noski makalak izan

arrezkerozko urteak!

 

 

IV — 1514. Prantziskotarrak Arantzazura

Euskalerria mundura

 

Ordutik dator, askirik gabe,

aunditzen eta aunditzen

Arantzazuko azi-bearra.

Mugarik nunbait e'tzuen.

Iru ostatu... Larogei pralle!

Alare gutxi erizten.

Zetozen aña erromesentzat

are geiago bear zen.

 

Ordutik datoz, geienak beintzat,

gure gaurko parrokiak.

Arterañoan olazko ziran,

olazko xaxtar-txikiak.

Ta aldiz, Birjiña ager zanetik,

zabalduz bide berria,

itxasoz aruntz t'onuntz burua

jaso zun Euskalerriak!

 

Birjiña agertu ta bere artan

sortu zan pake-aroa,

pakearekin aurrerapena

ta arago'rako gogoa:

esi estuak autsita urrun

norabait abitzekoa...

Aintza-bidetzat, ta ez obitzat,

an zegon zai itxasoa!

 

Kantauri-itxaso zabal-neurgea,

euskal-miñen ataria: zure erraietan zer dezu itota:

ugarteren bat? uria?

Kanpai-ots miña entzuten degu

deika-deika, urrutia...

Elkano, Urdaneta, Legazpi:

goazkion billa! abia!

 

«Boga, boga, mariñela:

joan bear degu urrutira...!»

Amabosgarren gizaldiz-ona,

abots sendo orren deira,

zenbat gizandi, batzuk betiko,

urruntzen ikusi dira!

Zenbat lei aundi Indietara!

Zenbat aintza Sorterrira!

 

Nondik-nora jun, bide erakusten

itxas-izar ziurrena

an legorreko Birjiña zuten,

Arantzazu'ko oroimena.

Ekaitz-alditan lagun bakarra,

noiznai orratz zuzenena...

Gero itzuleran Eliz uraxe

iker bear zan aurrena!

 

 

V — Euskal-Eliza Nagusia

 

An zegon lerden eliz bikaña,

sinismenaren irudi,

ekaitz zakarrak autsiko e'tzun

arkaitz zallenean zuti!

Besoak ditun fedearentzat

eziñezkorik ba'ledi,

Arantzazu'ko euskal-fedeak

ez du sinisten oraindi!

 

Amerika'tik zetozen erruz

ontziz limosna ugariak.

Nunaitik, aldiz, eri, elbarri

ta gudan libra-berriak.

Zirgillo eta esku-kateak

naizta beste agiriak

eliz-barruko ormetan zintzil

uzten zituzten guziak.

 

Ango makulu ta argiontziak!

Ango zillar ta urreteri

ikusten zuan kristau-begiak

sinismenaren geigarri!

An ezagun zan Birjiña Amak

zenbait on, zenbat mirari

egin oi zitun semeen-alde

eskatu-ala Berari!

 

Torrea lerden, erroak tinko,

arkaitz bizia oñarri,

Arantzazu'ko ola berriak

e'tzion bildur ezerri.

Ipar naiz ego, aize-erauntsiak

nai zutenean etorri;

dardarrik ere eragin ezetz

gure fede-zuntoiari!

 

 

VI — Lenengo errealdia ta berriro ermitagintza

 

Bestelakoak gertatzen, baña,

Jaungoikoaren asmoak.

Tximista batez apurtzen daki

gizon-amets arroxkoak;

oker-gunetik zuzentzen ere

bide obera pausoak...

Lan-egiñaren poz-arrandiak

baditu bere arrixkoak.

 

Zorigaitzean —zion biotzak,

fedeak: —zorionean.

Komentu dana suak erreta

argitu zan goiz batean.

Ordu gutxitan errauts biurtu

Gabon-gau bigarrenean,

ainbeste nekez euskal-fedeak

jaso zuna anbat urtean!

 

Arantzazuko bakartadea

orra biurtu lenera:

mendi izoztuan otso goseak

urubi luze-minbera...

Dulun-dulunka aidean berriz

betiko eskari bera:

«Ermitaxoa eidazu eta

nerea izango zera».

 

«Etzauntza artan eliza uztea

gauza beltz-penagarria»...

Birjiña Amaren deiera berriz

zuti zan Euskalerria.

Ez atsedenik eregi arte

aundiago bat berria.

Zure esanera ona bein-berriz

Ermitagintzan Erria!

 

                Aida txuri! Aida gorri!

                —Birjiñaren antzera,

                euskal-gizaldiak ere

                goazen berriz lanera,

                inpernuak erre-ala

                Eliza berriztera...

                Aida txuri! Aida gorri!

                —Ama-semeak batera!

 

«Guadalupe ta Montserrat aña

zan ura euskaldunentzat.

Zenbat on andik, zeuk bai-dakizu,

esan bearrik ez daukat».

Valladolid'tik, Euskalerritik,

andik-emendik erabat,

karta-pilloa zijoakion

Iñigo'ri Erroma'rat.

 

«Egiñaletan saia gaitezen

Elizagintza orretan.

Zenbat on andik jasoa naizen

ondo dadukat gomutan».

Egiñaletan abitu ziran

euskotar guziak bertan

San Iñazio aurrena zala

«itzetan baño obretan».

 

Amairugarren urte orduko,

len baño bikañagoa,

amiltegian-gora zerurantz

jaso zan eliz bapoa.

Indietatik limosnak eta

Roma'tik Loiola'koa,

euskaldun danak an jarri zuten

besoa edo gogoa!

 

Arantzazu'ko etxegiteak

egonik e'tzun ezagun.

Obra gabeko tarterik ozta

edestiak Arantzazu'n.

Bati azkena eman orduko,

aurretik beste eginkizun...

Amaren naia zertan kunplitu

Euskalerriak an bazun!

 

Bitan ondoa jan lurjausiak,

bitan jausi ormagintza.

Lautan erretzen ikusiko zan

Aloña'ko lekaidetza.

—Birjiña berak erretze ez ote?

jendeak bazun zalantza...—

Erre zedilla; ala aziko

euskaldun-ermitagintza!

 

Erre zedilla... E'tzan erreko

euskaldun-elizgitea!

Oroitzen zuten Horeb-mendiko

MOise'ren sasiotea:

su zeriola erretzen eta

ezin kizkaldu, ordea...

Ala —zioten edeslariak—

zala orduko fedea.

 

Bein ta berrizko etxerretzeok,

nunaitik ere begira,

Sinismenaren auspo ez-ezik

gurenda aundienak dira.

Mendiz-mendiko suak bai'liran,

zuzi orien argira

Arantzazuko kondaira aundiak

ia nolako dirdira!...

 

Ez nau arritzen, lurraren gerri,

Elkano'ren «Vitoria»k

Miretsi emen munduak, zenbat

dezaken Euskalerriak...

Abagunerik dan ala bider,

adore au dun Erriak

emango ditu o bai! Xabier

ta Zumarraga berriak.

 

 

VII — Erriarena ala pralleena?

Oñatiarren urteroko oitura bat

 

«Ez da Arantzazu —zion jendeak—,

ez da lenik pralleena;

erriarena lendanik eta

erri-izenean aiena».

Andra-Maritan eska oi zuten:

«Betoz giltz oiek gugana,

Erriak bai-du aurrenik emen

eskubiderik geiena».

 

Andra-Maritan urterik-urte

pralletako jatetxean

kofradikoak bazkaltzen zuten

erriaren izenean.

Orretarako komentu-giltzak

eskatu ara sartzean,

Arantzazuko etxe-nausiak

zirala agiri naiean.

 

Prozezioan etorri oi zan

bide-betean jendea.

Urte guziko meza aundiena

ta urrengo banketea.

Ezker-eskuan lizar-arbazta,

gora asaldatuz bestea,

Konde ta kondekumeen kontra

mintza oi zan alkatea:

 

—«Aitunen seme kofraditarrak:

oroitu gaurko eguna,

Kondeagandik libra giñala

emen ospatzen deguna.

Erri-kontrako sasi-jauntxorik

ez bedi azaldu ona!

Bazkari ontan ospa dezala

Oñati'k askatasuna».

 

Etxerakoan, egin-ezkero,

urtean-beingo otorontza,

Jaun alkateak Guardianari:

—«Artu Asistarrok giltza.

Zuen eskutan ipintzen degu

etxe onen zaindaritza».

...Ta ala, zaingoan prantziskotarrak

erriak nai-ta dabiltza.

 

 

VIII — Bigarren errealdia ezkero

 

Pozik dakusgu, bestela ezin-da,

ixpilluan arpegia.

Euska-fedeak poz zun begira

bere indarren agiria:

arkaitzan-gora an zegon lerden

eliz-komentu aundia.

Zentzunak andik jakin zezaten

zenbat zan Euskalerria!

 

Bestelakoak gertatzen, baña,

ez dakigu nolakoak,

gizon-egintza purrukatzean

Jaungoikoaren asmoak.

Euskal-arnasa naikorik-ezak

indartze zun, arago'ak.

Arrixku batek galdu zezaken:

egonak, gaurkoz-naikoa'k!

 

Beinberriz emen aita dezagun

bigarren errealdia,

fedea are ta geitzeko,

zeru-onginaiak bidalia.

Oraingo ontan erreta amil zan

eliz-komentu guzia...

Ene! Orduko mendarte ixilla!

Bakarte erdiragarria!

 

Il eta bizi, millaka animak,

danak arren baño arren,

egundokorik antzi izuena

ai-ene'ka aidatu zuten:

—«Gure leiaren Irudi deuna

ez utzi orrela galtzen...

Elizarekin euskal-izena

jaso bein-berriz lenballen!».

 

Erre zanetik biamon bertan

ango nunaitar langille!

Ordurarte e'tzan ikus alako

federik, ez geroz ere...

Irureun gizon bai eguneko;

eta berreun idipare...

«Suak indarrak ba'ditu ere,

sinismenak erredoble!».

 

                Aida txuri! Aida gorri!

                —Birjiñaren antzera,

                euskal-gizaldiak ere

                goazen berriz lanera,

                inpernuak erre-ala

                Eliza berriztera...

                Aida txuri! Aida gorri!

                —Ama semeak batera!

 

Bi illabeteko emana zegon

elizari tellatua,

orobat aldiz jasoa ere

pralleentzat komentua.

Orra berriro euskal-fedea

arri eder biurtua!

Inpernu-suak nundik itzungi

euskaldunaren azkua?!

 

Ordurarteko danetan ura

aundi eta zabalena,

Jainkoak nai-ta bi mendez-gora

zutik iraungo zuena.

Gizaldi fedetsuenen berri

orma aik jakingo zutena!

Oi ba'geneki, aiek adinbat,

gure zarren sinismena!

 

 

IX — Euskal-Garaipena

 

Bi gizaldion tarte eder oni

Urrezko Aldi deritza.

Bai zertu ere emen fedeak

zin-emandako BAIETZA!

Penitentzizko gau-bijiliak

oi nik kanta al ba'nitza!

Noraño izan zan gure asaben

Kristo'ganako eskeintza!

 

Gertaira zarren jakin-paperak

kizkaldu ziran, lurpetu...

Aiton-amonen au-altxorretan

kanta-zarrak iraun digu.

Euskal-anima puxkak bai'liran

jaso, gorde, bedeinkatu...

Aldi artako gure aundia

oien bitartez dakigu!

 

Itxasoz doan ontzi-atzetik

kaio urrun-zalea lez,

Arantzazu'ko izen goitua,

aboz-abo kanta-zarrez,

euskaldunik bat zan lekuraño

zijoan urez ta lurrez...

Indi-aldetan euskaldun onik

kofradiko e'tzanik ez!

 

Euskal-egintzen iturbegia,

Arantzazu'ko txokoa.

Ameriketan, Filipenetan

euskaldunen gogokoa.

Izen aretxen kofradipean

zijoan euskal-txangoa

mundu guzira azalduz gure

Sukaldearen goxoa!

 

Edestiaren gallurrenera

or eldu euskal-uztaia.

Amerikatik, Indietatik,

zerua jotzen ia-ia,

Mendi garai bat ikustatzen zan

noranai: euskal-Garaia!

Elkanotarren, Loiolatarren

Arantzazu'ko dirdaia...!

 

Zein ederra dan gallurrenean

arranoaren egalda!

Ontantxe, ementxe iraun zagula.

Ederragorik bai al da?

Arantzazuko Mendi Santuon

ar'tzagun Eguzki-galda!

Zein ederra dan Tabor ontako

gure Erriaren antzalda!

 

 

X — Ereserkia

 

    Orra eliza jasoa,

    amaika aldiz erasoa,

    zenbat leien arazoa!

Biotz bakoitzan begira zazu

    ermitatxo erosoa.

    Begira, Ama gozoa!

    zure esanera jasoa

    euskal-Kondaira osoa!

 

    Gizaldi danen begiak,

    zureganako geziak,

    zuregan daude josiak!

Arantz orretan kakotzen dira,

    zurearekin nasiak,

    gure gogo ta biziak,

    yoran eta kutiziak,

    etxe ta erri guziak!

 

    —«Arantzan Zu?» —«Ni eta zu

    biok emen bear degu.

    Ermitatxoa eidazu»,

—agertutzean zenigun, Ama,

    erantzun eta eskatu.

    Orra Eliza osatu,

    zure ta gure ostatu!

    Ama, pozik al zaitugu??

 

 

Ille autem dicebat de templo Corporis sui (Jn. 2, 21)

Baño, oraindik ere, euskal-fedeak, Iñigo'ri esandako itzen oiartzuna entzuten du, Amaren besoetako Jesus'en aotik:

 

Jesusek:

        —Euskal-fedeak, euskal-Elizak

        aundiagoa bear du.

        Ermitagintza gurenagoaz

        gurea izango zera zu.

        Ama-Semeon guruzbidean

        neke-lagun nai zaitugu.

        Elizagintza gorengo ori

        nere GORPUZGINTZA dezu.

 

aurrekoa hurrengoa