www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

JENTIL-AROA

 

        Antziñako Jentil-aroa erromes-bide bat bezela dezu. Arantzazuko amabosgarren gizaldi-gallurrera igo ta igo datorren erromes-bidea.

        Euskal-Fedea, bertan, bidazti, aldapa-gora, nora datorren jakiteke.

        «Mari-gaizto»rekin burruka etengabean eta kristautasuna sendotu ta gozatuko dion «Ama» baten ametsetan datorrela, bidazti orrek «Andra Mari» du bere miñen eztigarri.

 

Talan... talan...

Noiztandik ari zan

zerutar arran-otsa

deika Aloña-maldan?

Betidanik? gizaldi

danen ondotikan...?

 

Bañan, bañan

nolatan e'tzuan

Jentil-aro gaixoak

entzun lendanikan?

 

Gaixo arek ez jakin

bere naigabean,

onez iñork iñora

dei zeikionikan!

 

Ta alan, ta alan

erromes-bidean

berekaxa zetorren

galduta illunpetan,

norabaita irteteko

antzi-ametsetan...

 

Jentil-arok ez jakin

nola an aldatz-mugan

Zeruak itxogiten

zion, Goiz-argitan...!

 

        * * *

 

    Jentil-aro'ko atzea,

    erromesbide luzea.

Erromesbide luzean-gora,

    bidazti, euskal-Fedea.

Jentilletako aztikeritan

    utzi zizun ibarbea.

 

    —«Goazemazu, uxo xuria;

    ainbeste egizu nigatik».

Ta uxo xuriak ega jasoaz

    erromesari: «Atozkit...»

Amesmenaren egaztiari

    ark, ordea, ezin segi...

 

    Arbidearen luzea!

    Jun-bearraren nekea!

Gaitzena, alare, joan ta joan

    ta azkena ez ikustea.

Noiz ikusiko noiz, Andre-Mari!

    zure betarte emea?

 

    Oi Abendu'ko intziria,

    intziri penagarria!:

griña ezikaitzok menderatzera

    eldu zaitea Mesia!

anaitzarako Mesia eta

    amatarako Maria.

 

Artean ere, ordea, Mari-gaiztok e'tzuan

galdu Jentil-aroko agintea

 

    Zaldi-karroza suzkoan,

    gaua izar dagonekoan,

aideak-zear pasiatzen da

    Mari-gaizto jaurgo osoan.

Aloña, Aralar, Gorbeia, Anboto...,

    ibiltzen ditu txangoan.

 

        Mari-gaiztok:

    —Odei guzien azpitik,

    sasi guzien gañetik.

Ez da Euskalerrin neri burua

    makurtuko ez didanik.

Bearko ik ere, kristau erromes;

    aitor nazak ik ere, ik...

 

        Erromesak:

    —Nik e'tzaitut aitortuko.

    Naiago nuke, naiago,

nere burua bertan amildu

    zure mende lotu baño.

Zer ikusirik ez det zurekin.

    Ni Kristo'rentzako nago.

 

        Mari-gaiztok:

    —Erromesak bai adu txar!:

    nunai arrotz, atzerritar...

Ara Arrasate... Nik jartzen dizkit

    ire etxe ta uri su ta gar.

Etxerik ez-ta, ijitu antzo

    ik orron ibilli bear...

 

        Erromesak:

    —Ni banatorren bezela

    zu, orratio, atzera...

Zu ta ni nunbait, gaua ta argia,

    ezin alkartuak gera.

Baietzak eza garaituko du

    nik zu. Banator jauntzera.

 

    Amorru beltzak artzen du

    ta an doa Mari su ta fu.

Aloña-goiko Gaiztozulo'tik

    —bizilekua antxe bai-du—

mendeko ditun agintariai

    asi da agindu ta agindu:

 

        Mari-gaiztok:

    —Aide-nagusi jauntxoak:

    urkatu kristau-lepoak,

kizkaldu sutan baserri ta uri,

    ebaki sagar-ondoak.

Orretxek uju! eutsiko digu:

    goi-bekoen gorrotoak!

 

        Erromesak:

    —Aloña orretxen gallen

    beste Andre bat sorturen.

Zure jauregi gezurrezkoa

    oinpean Ark zapalduren,

Gaiztozulo'ko agintepetik

    guziok libra gaitezen.

 

    Ta bertan, dantza ta algara,

    Mari-gaizto izarretara...

Ez dezu ikusten aidez iruten

    sorginkerizko izara?

illargi-betez koroaturik

    buruko ille-aparra...

 

Jentil-aro'ko Fedeak Andra-Mari du bere poza ta saria. Onek beste «Ama» bat agintzen dio, bere antzekoa, baño obea.

Izan ere, antziña artako Andra-Mari batez-ere «Andrea» izan zan bezela geroko Ama-Birjiña batez-ere «Ama» izango bai-da, xamurragoa, biozbera, bidelaguna...

 

    Ermitatxo bat eta bi

    galtzarak ezker-eskubi.

Ezkaratzetan petrillak dauzke,

    erromesa non eseri.

Esaten daude ermitatxoak:

    «Emen atseden, bidazti».

 

    Bidaztia, nekez, autsez,

    oin urratuak odolez,

ermita aitako batera doa

    atsedetera apur batez.

Lenbizi, baña, belaunikatu

    ango imajiñari auzpez:

 

        Erromesak:

    —Andre-Mari! Abe-Mari!

    biotz minduaren sari...

Bide guzian ikus-gogo nun

    zure beiratu gozo ori.

Parretxo-izpi bat, aterpe-billa

    miñez datorkizunari!

 

        Andre-Mari'k:

    —Gaur gauerako ostatu

    nere etxean badezu.

Aurrera, baña, Ama obeak

    bidera ertengo dizu.

Arantzan-gora arantza-gabe:

    ortan ezagungo dezu.

 

        Erromesak:

    —Zerori iñolaz, zerori

    zerala nago Ama ori.

Zu, sendatuko dizkidazuna

    izeri, malko ta zauri.

Orretxen pozak narama arbidez

    aurrera, negar ta intziri...

 

        Andre-Mari'k:

    —Gaur gauerako ostatu

    nere ermitan badezu.

Biar ber-ekin dezazun pozik

    orain lo, amets egizu:

nere antzeko Ama berri bat

    bidelaguntzat amestu...

 

    Lo dago Jentil-aroa,

    Mari-gaiztoren jaurgoa.

Ermitatxotan atsedetean,

    amets eztizko aur-loa...

Bere erraietan poz bat darama:

    Abendu-amets gozoa!

 

 

 

    Arantzazu'ra erromes

    dator nekez eta miñez

Jentil-aroko euskal-Fedea,

    uste-gabeko arbidez...

Amets-mugara eldutzen dator

    eta gaixoak jakin ez!

 

aurrekoa hurrengoa