www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arantzazu
Salbatore Mitxelena
1949

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arantzazu, euskal-sinismenaren poema, Salbatore Mitxelena. EFA, 1949

 

 

aurrekoa hurrengoa

PAKEA

(BIDE URRATZEN)

 

        Gipuzkoa'ko Ama Zaindaritzat Arantzazu'koa aukeratu eta Erroma'ra baietz-eske idatzi zanean, Aldundia'k (Diputazioak) zin-emana:

        «...Arantzazu'ko Amari zor diogu, ura agertutakoan gure erriari etorri zitzaion pakea eta lege-zarren sendokuntza».

        Kanta onek Oñati-barruko gora-berak aitatzen dizkizu geienbat, baño, jauntxopetik askatutako beste uri askoren jabetasunari gorasarre bat izan nai dizu.

 

Urrun-abotsak:

            Zeru-deiaren adira

            eldu kristauak Mendira,

        zeru ta lurrak alkar ikutzen

            agiri diran tokira.

        Antxe bai-dago guzion Ama

            gu noiz elduko begira.

 

 

Oñatiarrak ikusten zuten

erromesak ugaritzen,

Arantzazura promesadunak

gero ta usuagotzen.

Negu ta udara atertu-gabe

noiznai nonaitik zetozen....

Bai berak ere joango... Baña

Jaunkonteak nekez uzten!

 

Jaunkontearen asmo maltzurra:

kalera Imajiña jetxi

ta an Oñatiko bere jaurgoan

kapillatxo bat autetsi.

Besteren urak bere errotara

nai ark orain ere nasi...

Oñatiarrik Arantzazu'ra

argatik ezin ikusi!

 

Erromesentzat geiegi zala

arañoko ibillia:

jauntxokeria orraztutzeko

asmatu zun aitzakia.

Oñatiarrak igerri zuten

bein-berriz azpikeria.

Baita beñola, zer egin dute?

asma bertan Kofradia.

 

Kofraditarren asmoa, aitzitik:

urra bidea arañoxe.

Kondeagandik libra-bidean

saia erriaren alde.

Ez atsedenik, Aloña bertan

Eliza bat jaso arte.

Baldin arloa zertutzen ba'zan,

erria izango zan jabe!

 

Jaunmendi-goian jarria zeukan

Kondeak urkamendia,

aren bildurraz kukiltze-arren

mendekoen kutizia.

Ala ta ere ezin ito, orde,

samindunen intziria:

Ama on batek Arantzazutik

entzuten zuan guzia!

 

                Gure oroitz Ama dago,

                errukitan urtzeraño...

                Ondo zaugu maiteago

                katigu gauzkana baño!

 

Murgiatarrak, morrontza artatik

Oñati askatze-arren,

Garibai eta Gebaren kontra

gudu izuan zetozen.

Zein bietatik garaille irtengo,

e'tzan erreza asmatzen.

Birjiñak berak «Jainko-epaia»

erri-alde eman zuen!

 

Mondragoi'rekin alkar arturik

kofradikoak batean

bide urratzen ekin zioten

anaiki auzolanean.

Arkaitzak autsi, irauli, jarri...

berebiziko lanean.

E'tzan nekerik barkatu bear

askatasun-arbidean!

 

Arantzazu urrun egiten dala?

Zerua are urrunago.

Zerua ez da alperrentzako,

irabazten dunantzako.

Konde izan-arren, ez uste iñork

ura zaiola jetxiko.

Zerura bide egiten duna,

ez da an besterik sartuko!

 

Birjiñak berak ager zanean

garbi zigun adirazi:

ager zaneko Arantza-biran

nai ginduala ikusi.

Lan-egintzaren arantz-artean

bear genuela bizi,

ta arantz-arteko ermitagintzaz

zeru ederra merezi.

 

                Erdi-aro laño dago,

                ez eguzki, ez izarño...

                Jo argiñak, jo gorago,

                lañopea astintzeraño!

 

Utzi ezpatak, artu eskutan

langillearen atxurra.

Goiz berriari opa deiogun

Murgiatarren agurra,

Murgiatarren agurrarekin

danon eskerron xamurra.

Oraiñarteko kateak austen,

urra, langilleak, urra!

 

Iñigo Velez Gebara'koa,

erbeste-otso maltzurra:

iretzat mami goxoa eta

pobrearentzat exurra?

Orain, orratik, galdu bear dek

ire aginte makurra.

Aregandiko libra-bidean

urra, langilleak, urra!

 

Animadunak, baserridunak,

zaldunak gaituk gu ere.

Zerutarako jaioak eta

ez egoteko ire mende.

Euskalerriko odolgarbiko

aitunen seme, eu ez beste.

Aurki gaituk bai, ik nai ez-ta re,

gere buruaren jabe!

 

                Erdi-aro laño dago,

                ez eguzki, ez izarño...

                Beti ere laño iraungo

                Jauntxorik degun arteño!

 

        Eriotzari gauza bategaz

        oi natxako ni kontentu:

        aberatsari diruakatik

        ez oi diola barkatu.

        Aberats orrek diruak ditu,

        pobriak umildadia.

        Umildadiak idekiten dau

        zeru altuan atia.

 

Kristau-bizitzak arantzak ditu;

arantzak dakar Lorea...

Pobretasunak idekiten dau

zeru altuan atea.

Ez da erreza, nasai bizi dan

aberats bat an sartzea.

«Superbo gaiztoz beterik dago

inpernuko su-leizea».

 

        Kristiñau on bat, ilten danian,

        egiten dabe bi parte:

        gorputza lurrez estaldu eta

        arima paradisure.

        Paradisuko atian dago

        bakarrik eta tristerik.

        Redentoriak urteten dautso

        piedadiez beterik:

        —Kristiñau ona, zuk ze dakatzu

        beste munduko gauzarik?

        —Umildadia, Karidadia,

        ez daukot, Jauna, besterik.

        Umildadia, Karidadia,

        pobriak ez dau besterik.

        —Orrexek biok dakarrezanak

        ez dau biar be besterik.

        Ia, aingeruak, erduze ona,

        artu eizue eskurik,

        eruen eizue paradisure

        Birjiña Amaren ondotik,

        Birjiña Amaren ondotik eta

        santu guzien albotik.

 

Kristau-bizitzak arantzak ditu,

arantzak dakar Lorea...

Arantzazura eldu nai dunak

ez bildurretsi nekea.

Pobrea danak ez du faltako

lanerako adorea.

Adore orrek idekiten dau

zeru altuan atea.

 

        Arri landuaz egiña dago

        zeru altura bidea,

        arri landuaz bidea, baña

        zillar-dindillaz atea,

        zillar-dindillaz atea eta

        urregorrizko giltzea.

        Lanak zillarra balio ba'du,

        bidegintz onek urrea.

 

«Mundu onetan gura dabenak

zeruko lorak ikusi,

Arantzazuko mendian-gora

bear dau bidea ikasi».

Norgere izerdiz bidea urratzen

ikasi bear lenbizi,

mundu onetan gura degunok

zeru ederra merezi.

 

                Erdi-aro laño dago,

                ez eguzki, ez izarño...

                Beti ere laño iraungo

                bidea urra dezaguño!

 

Kristau-animak gora du lege;

errekatxoak gainbera...

Euskaldun prankok igo bear du

galtzara ontan aurrera,

Birjiña Amari eskerrak eman

ta berriak eskatzera!

Grazia pranko bai jetxiko re

errekatxoaz batera!

 

Santatria-aitza, Artia-gaña,

Urrexola, Katabera:

lau aldetatik lau probintziak

datoz, bidazti, onera,

Jentil-aroko gandu-artetik

Arantzazu-gallurrera,

mundu-aurrean Iñigo'rekin

euskal-Garaia irixtera!

 

Prantzi-aldeko eskualdun berak

urteroko etorreraz,

bi milla iñoiz, eundaka askotan,

elduko dira jaieraz,

Prantzi t'Españi'ren gudakgatik

ajolik gabe fronteraz...

Ez aztu ere Aloña'koak

an dun «Ainho'ko kaperaz».

 

Ez da bazterrik Euskalerrian

ez dunik onako berri.

Nonaitik datoz euskal-semeak

Aloñaren gerriz-gerri.

Zazpi erkiok anai geranentz

ez galde beste ezerri:

Arantzazu'ko bideak daki

Erri bat dala Euskalerri!

 

                Arantzazu argiz dago,

                ez gandu eta ez laño...

                Goazen danok, igo ta igo,

                Amaren magaleraño!

 

 

Urrun-abotsak:

            Zeru-deiaren adira

            eldu kristauak Mendira,

        Pakera sortu ginduan Ama-

            ren Aldare Nagusira.

        Gizaldi danen euskal-bideak

            antxen alkartzen bai-dira!

 

Jauntxorik ere ez da izango

ara elduko ez danik,

urre-jantzi ta zaldi-gurdiak

utzita, noski, lendanik.

Jende xearen kide bereko

burua aitortuz aurrenik, oin gorrietan igoko dira

ejenplu ona emanik!

 

Arantzazura arribideak

zabala bear, zabala.

Txiro ta aberats, goiko ta beko,

kabi ditzan eldu-ala.

Zabalagoa izango da, bai,

Birjiña Amaren magala,

damuz datozen pekatariak

artzeko seme bezala!

 

Butron, Muxika, Loiola, Aiala,

Abendaño... eta abar,

emen izango ditugu gero

diran anbat aundikitar.

Ama beraren seme berdiñak

an danak aitortu bear!

Erria an aundi sentitzen da ta

Jauntxoa, ez txiki, erritar!

 

                Gure oroitz Ama dago

                betidanik betidaño...

                Danok zaugu maiteago

                arraitxoak ura baño!

 

Geroko baten Gebara bera,

gaizki egiñaren damu,

alkar-maitezko bide-urraketan

laguntzen izango degu.

Datorrela bai. An Arantzazu'n

danok daukagu ostatu,

danon Amaren begirapean

alkar dezagun maitatu!

 

Duna dunakin guziok anai:

ala bedi gizartea.

Ez goikoz-bera ta azpikoz-gora

irauli gizalegea.

Ez ken iñori eskubiderik.

Dunak dezala berea.

Pobre-aitzakiz ez euskaldunoi

leñargia uka, ordea!

 

Iñigo zaldun Loiola ere,

euskal-anaien legera,

etorriko da, erriz-gañeko

aundi-ustea kentzera,

gau-bijilitan erriagandik

santu-indarrak artzera...

Ondo biotzez maiteko du, bai,

Sorterria andik aurrera!

 

 

Euskal-gizaldiak,

paketu-ondoren:

            Zeru-deiaren adira

            eldu gerade Mendira,

        gizaldi danen euskal-bideak

            gurentzen diran Erdira,

        Pakera sortu ginduan Ama-

            ren Aldare Nagusira!

 

        «Ermitatxo bat eidazu eta

            nerea izango zera zu».

        Zure eskaria, zure eskeñia

            txit gogoan dakarkigu.

        Ez Ganboarrik, ez Oñaztarrik,

            Zugan danok BAT gaituzu!

        Anai-arteko ermitagintzan,

            Ama, lagun egiguzu!

 

aurrekoa hurrengoa