www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa  

LIBURU LIZUNETAZ

 

        Euskarazko «liburu lizunei» buruz Bizkaiko bi euskaltzalek Euskal-Orriya hunetan eman dituten eritziak arrthaz irakurri ditut, garrantzi bat ez tipia baitaduka hauzi horrek euskeraren problematikan.

        Eztabaidan sartzean Abandotarri erranen deraukot, «itxalik aundijenaz» nik ere, Euskaldun antzo neholaz ere ez ditzakedala haren aburu batzu onharrt.

        Khristarr zintzo batentzat, hitz dorpheen erabiltzea eta idazki pornographikoen irakurtzea bekhatu andi dela ba laiteke... Bekhatua, ordea, hizkuntza batetan edo bertzetan egonik ere, berdin handi da nik dakidanez. Zergatik ez dugu beraz geure hizkuntzan eginen, gure arimari kalterik gehiago eragiten ez zaiolarikan?

        «Euzkeraz eztago, biraurik eta birau egiten daben euzkeldunak erderaz egiten dabe...», aspaldiko lelo hori, Euskaldunetaz erran ohi diren pseudo-egia anhitzatarik bat baizik ez da. Nik segurik euskara iathorrezko zazpi burhau gothorr eta bertze hainbat kantu zikhin, ene Zubero-herrian ikasiak, ezagutzen ditut, baita piadoski erabiltzen ere, nire aiten aiten ganikakoak dirala-ta. Eta Zuberotarrok gaineratiko Euskaldunak baino areago garenik gai hortan, nik ez dut uste. Euskarazko hitz lizunik ez izaitea, bertze hizkuntza guzietan ediren ditezkelarik, harrigarri lizateke. Zergatik eta zertako Euskaldunen wuldbe-berezizaiki bat asmatu nahi duten zenbaitek, ez dakhusat.

        Abandotarren hitzetarik, euskaltarzunak soilki khristarrtazuna edo, hobeki erran, katholikotarzunaren begiratzeko bide izan beharr lukeela dirudi. Bera katholiko dela agiri baitu, haren joera haur enthelegatzen dut bainan gogoan harr beza, arren! oro ez garela hain katholiko sutsu. «Euskaldun, fededun» dio bertze lelo zaharr batek. Fededunago garentz, ezenez bertze gendeak dudatzen dut. Euskal-gogaren idioplasman aitzinako paganismuaren hondakinik asko edireiten ahal ditu edozein psykhologuk edo folklore ikherrtzailek. Eta oraiko euskaltzale ta aberrtzaleen arrtean, pantheistak, neopaganu bai eta atheistak ere ba gagoz —edo— ta khristarr-theistak egon arren berhain Vatican-zaleak ez garenak herri orotako intelligentzan bezalaxe. Euskaldun «heterodoxo» hoietaz guti mintzaten dela nahi dut, eta ez da miresgarri: batetik oraindanoko euskaltzale gehienak aphezak izan baitziran eta bertzetik, euskal aberrtzaleen kopurua alderdi konfessional baten khide baitira. Badarik ere horrgarade... Zer uste dute Abandotarrak eta Euskaldun-fededunzaleak, ala endakatu batzu gerala? Odolak, hizkuntzak, bai eta nahiak ere egiten dute Euskaldun. Ez baptismak.

        Odolez eta hizkuntzaz edonor bezin euskaldun gara (non ez garan euskaldunago...) eta hala izan nahi dugu ere. Aitzitik, Romako Eliza eta Haren seme zintzoenak zenbat aldiz ez dira gure nazionalitatearen aurrkha ibili... (exempli gratia, Iñaki saindu handia...); eta aphez euskaltzaleok euskaltzale izan direla, ez aphez zirelakotz, bainan aphez ziren arren, erran dirogu. Hitz hauietaz ene herrikiderik anhitz skandalizaturen diradela ba dakit, baina egia derrat.

        Dio Abandotarrak: «Baten batek uste ba-dau euzkerea gauza guztijen ganetik maite biarr dogula, okerr dago». Bai, okherr dago, ezen gure euskalduntarzunak ez luke bihotzarekikoa izan beharr, maizegi denez, baizik gure izalki-alde guztiekikoa, onak eta txarrak. Euskara maita? Zergatik? Hizkuntzalariek edo litteratur idazleek ezik, gizonek ez ditute hizkuntzak maite edo higuin: heletan hitz-egiten dute edo ez dute egiten. Guk, Euskaldun izaiki, euskaraz hitz-egin nahi dugu, eta euskaraz geure olde, irrits, gogorapen eta ametsak oro agerrtu, aratz ala likhits izan ditezeen aburuz.

        Espainoltzen (eta frantzesten) ba gara endakatzen garela egia da; eta atzerritik kultur-ondarzunik iasaitekotan, tangoak, malagueñak edo cante jondoa baino, bertze zerbait hobe gendukela iasan, nik ere uste dut. Bainan ez gure ekandu onen zaitzeagatik! Enda bat ez dute ekandu onak egiten, alegia. Eta Espainitarr edo Frantzitarren ganikako «onak» ere, gure endakatzea lekharrkigukete azkenaz bertze.

        Katholiko-zurrian mintzatu dela, ez Euskaldun-zurrian, aithorr du Abandotarrak: «Ludi onetan bixi-ixateko ta betiko atsedena lortuteko euzkerea bide ona da, garbija dalako, baña zikiña ta txarra balitz, aldi orretatik bertatik nik euzkerea lagako neuke». («Zer eginen luke» bada? Mintzul egonen?? Zorion baituke kutsutzarrik batere ez duen hizkuntza batño aurkhitzen ba du, munduko laur hegaletan bilhaturik ere...) Katholiko danetik, hizpidean dago. Garbizaletarzun-mota horrek ere, ordea, zer kalte eragin eta eragiten deraukon euskarari, aski nabari da. Nola izan laiteke bertzera? Frantsesezko liburuetarik Katholikoek zeinen irakurtzea zilhegi zutenen index bati so nintzaion aspaldi ez duela: literaturaren eretzean valio zerbait zuten guztiak eragotarik zegozela oharrtu nintzan.

        Gure oraiko idazkuntza gehiena hain idor ba da, ez da beraz arrigarri. Euskal idazleak Mariaren Alhabentzat baizik ez lukeela idatzi beharr ba dirudi... Gure lehen auktorak ez ziran hain herabe, eta Biziaren egia gordinak ere azaltezen zituten, beharr-orduan; bainan egungoak, aphezak baino aphezago izan nahi dute!

        Iahve-ren bigarren herri hautetsia egin gura lukete zenbaitek Euskalerritik bainan hortakotz ez gara oraino aski judu... Euskaldunen herri izan dadin aski izan bekigu, othoi.

 

aurrekoa