www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAKINTZA BERRI BAT:
PSIKOLOGI GAINDIKOA

 

        1. Sarrera eta Edestia

        Betidanik eta herrialde guzietan izan dira gizaki batzu, jakite ezkutu baten jabe zirela-edo, izadi arauetatik kanpoko gertariak ekar omen zitzaketenak. Mirarigile, azti edo sorgin zeritzaien; haien baitan besteek zeukaten sinismena ez da beti erabatekoa izan. Sorgina basatien artean itzal handiko gizakia bada gaur ere, hari zaio euri, ihize on, izurrite bat sendatzea, e. a., eskatzen aintzinateko munduan aurkitzen dugu, federik osoena aztiari buruz (Nero eta Simon maguen harremanak), bai eta sineskabea, bekaizkeria eta gorrotoa ere («De Bacchanalibus» agindu batez galerazten ditu Caesar-ek Ekialdetik Erromaratu misterio berriak).

        Gure Europan, Elizamak, paganu adimentzaleari hortan jarraituz, ez dio hasieran sinesterik batere sorgintzari: sorginak eta deabrudunak Gaizkinarekin itundu zirelako, Zoro, gaixo, eritzat edukitzen ditu. Geroxeago haatik, bestela jokatuko du. Indar gaiztoekin gizona kide ditekeela irakatsiko du, eta zinausleak ezeztatzeko, batez ere Albitarren aurkako gurutzadatik landa, neurri gogorrak erabakiko dituzte Aita Santuek, hala nola Joanes XXII-garrenak eta Innocentius VIII garrenak. Honek «Summis desiderantes» bulaz, sorginaztiak urkamendira edo surtara igortzen ditu... Milaka eta milaka erreko dituzte gero Europa guzian katoliku nahiz protestanteek. Euskal Herriaz baizik ez mintzatzeko, txit ugari izan omen ziren sorginak guretan; erdiko frantsesez baitzen aditz bat: basquiner, sorgindu, zoratu. Oroit gaitezen Pierre de Rosteguy, Lancreko mariskalak Laburdin (1619) egin zituen gehiegikeriez (500 gizon-emakume urte batean hilerazi!) eta Zugarramurdiko sorginez.

        Bizkitartean, mendeak zehar Elizak ahalmena galtzen du herri-arazoetan nola giza-gogoetan. Oraingo jakintzaren aita dugun Descartes, eskolastikuen metafisikari aitzi oldartzen ikusten dugu eta, haren ondotik, «argi-mendeko» frantses jakintzaleak. Adimen jauresle haiek, zentzupera eror ditekeena bakarrik dute egiatzat hartu nahi. Izadi gaindikoa ukatzen dute zeharo, jakina, eta Elizaren lehengo ustera bihurtzen dira: sorginak, ero, gaxo batzu dira, non ez diren gezurtiak. Horiek. zerbait irabazi dute behintzat, ez baitira gehiago, errekizun...

        Osteak, urrundik bada ere, gizon haundiari jarraitu ohi zaizkio. Beraz, ezkutapenetan sinestea itzaltzen da gizarte maila oroetan (Badakit neska gazte eta zahar asko oraindik ere aztietara doazela Parise hontan, baina jolas antzean egiten dute gehienetan).

        Sorginak bezala itzaltzen dira giza-irudimenetik Europar folklore guzietan aurkitzen ditugun gizagaindi edo petiko izakiak. Euskalduen lamin eta maitagarriak, Latinen Fatae, Germanen Kobolde eta Nixen. Halaber, iratxo edo arima erratuen baitako sinestea ere galduz doakigu, eta edozein izadigaindikoarenak egin iduri du...

        Oraingo garaian, ordea, hona non bitariko gertari horiez batzuk ohartu izan diren; jakintzariek nahi eta nahi ez aztertu behar izan baidituzte, haiek ukatzeko, edo adimenari edo beren teoriari dagokion atzalpen bat biltzeko baizik izan ezpalitz ere.

 

        2. Mesmer-en Bizi-erakarpena

        Mesmer izeneko German sendagile batek, Parisen argitarazi liburuan (Mémoire sur la découverte du magnétisme animal, 1799), giza gorputzak, abereek, hitz batez, bizidun guziek, burdin biziarenak iduri irrada batzu bidaltzen dituztela idatzi zuen. Ondorengo eraginok, omen dituzte bizi irrada horiek:

        a) sendagarriak: ezagutua da Mesmer-en tinako hura: eriak bertan jartzen ziren, eta sendagileak, eskuak haien gainean beraren Bizi-irradak haiei emateko igaroaz, sendatu egiten zituen.

        b) loerazgarriak: esku igarotze horrek eria, askotan, loera berezi batean jartzen zuen, lo ibiltzalearena iduri; lo egoera horri hipnos edo irasor izena eman zioten.

        c) azkenean, ez bakarrik bizidun gorpurtzek baina ikugaiezko gauzek ere aipatu den irradatze hori badute; tresna bakun batzuen bidez (urritz-zotza, urritz makiltxoa edo tzintzila) irradok jaso ditezke, bil ditezke eta horrela ezkutatu gauzak idoro: lurpeko ur, mehatz, e. a. Hori da radiestesi delako aztiketa.

        Bizi-erakarpen teoriari, jakintzaren oinarri sendoetan ezarrita zegoela antz ematen zitzaion, ezen, Mesmer eta honen jarraitzaileen gogoan, fisika jatorrak jardungai dituen beste irradak bezalakoak ziren bizi-irradak. Jakintzariek, beraz, onartu zuten haiek ikertzea. Iritxi zituztenak, ordea, ez ziren batere Mesmer-en ustekizunen alde izan. Lehenik, irradoi ohartu nahian asmatu tresna eta neurkin guziek ez zuten ondoren garbirik ekarri.

        Bestalde, mesmerzaleek lortzen zituzten sendaketak gogoartzearen gain eman ziren, zeren ez baitziren maizenean gorputz-eritasunenak, gogo-eritasunenak baizik. Halaber irasorra. Azkenean, tzintzil ibiltzalea zela eta, behatz muturren oharkabeko higikunek dutela ibilerazten erakutsi zuen Chevreul deitu batek; eta tzintzilaren erantzunak egoki zetozenean, bat zetozenean, radiestesilarien berjakintza-petikoan dagoeneko zeuden ezagutzak agerreraztea baizik ez, zuen egiten.

        Irasorra zerk egiten zuen bila aritu ziren berriz ere, eta Braid Eskoziarrak beste jatorri bat aurkitu zion: lillura (cf. Neurhynology, or the nervous rationale with animal magnetism, Londonen, 1843). Begia puntu dirdaitsu bati tink-tink so luzaro egoten bada, begizaina nekatzen da, eta nekatze horrek du, Braiden gardiz, hipnosa ekartzen. Beraz, ez mesmerzaleen bizi-irradak baina bai haien begiradaren lillurak du loerazten. Braiden aztarretan ibiliz, saiaketa ospatsuak egin zituen arlo hortan Charcot mediku jaunak, La Salpetriere Pariseko gaixotegian. Haren garaikide ziren beste bi frantsesek, Dr. Liebault eta Dr. Bernheim, aitzitik, gogorazteak duela oroz lehen hipnoseratzen aldarrikatu zuten. Orain, jakintzariek bi teoriok onartzen dituzte. Irasorrak bi zio ditu, bata gorputzarekikoa: lillura; bestea gogoarekikoa: gogoraztea.

        Dena dela, Mesmer-en Bizi-erakarpenak eragiten omen zituenak oro, jakintzak engoitik ezagutzen zituen eragilekin atzala zitezken. Bizi-irraden teoria zendu zen.

Egia esan, dena etzegoen atzaldua... Adibidez, irasortzaleak ohartu ziren ohi ez bezalako gauzak agitzen zirela noizik behin irasorriekin: zenbait aldiz garbi-ikusle, bihurtzen zen hau, hots, ezkutuak «ikusi» ohi zituen begien lagungorik gabe, hala nola here gorputz-barnea (autoskopia). Zintzil, ibilerazleek ere, batzuetan, berjakintzan edo berjakintzapetikoan ezin eduki zitzaketen berriak ikasten zituzten.

        Jakintzari gehienek, ordea, ukatu egin zuten horiek benetan jazotzen zirela, oso bakan zirelako gertariok eta ez baitzituzten nahitara ikertzen ahal; baita, esparik gabe eta batik bat, beren teoria guzien aurka zirelako.

 

        3. Espiritismua

        1847-an, gizonen ardura berriz ere izadi gaindiko gauzetara erakarri zuen zerbait gertatu zen Ipar-Amerikan. New York eskualdeko herrixka batean, bi neskatxek, Fox ahizpek, zerbaiten hotsa entzuten zuten beren gelan, eta joketa horri ihork ere ezin zion bidezko arrazoirik bil. Bi haurrek, beldurti ez izaki, hizpide bat asmatu zuten jotzailearekiko: ukaldi batek A esan nahiko zuen, ukaldi bik B, e. a. Horrela ikustzale ezkutuak hitzegin ahal izan zien: jakin, zuten aurreko etxekojaunaren arima zela, eraildua izan zela hura, eta beste zehaztapen asko. Joka eman zituen aginduei jarraituz, gelaren lurpea zulatu zuten Foxtarrek eta gizon baten hezurrak hatzeman.

        Behar bada, Anglo-Saxon protestanteak gertu zeuden, Europako latin katoliku nahiz adimentzaleak baino areago, gertariok egizko edo, behinepehin, egiantzeko zirela sinesteko. Zer nahi dela, Foxenean gertatuak arras zaletu zituen Amerikatarrak; berehala bazkuniak sortu ziren orotan, bestaldeko arimekin har-emanetan sartzeko asmoz; joketa horren bidez, «modern spiritualism» delakoa jaio zen.

        Allan Kardec izenordeko Rivail jaun frantsesak laketerazi zuen Europan espiritismu izenpean (Le livre des esprits, Parisen 1857). Espiritistak mahain baten inguruan jartzen, esertzen dira, eskuak gainean ipiniz: mahaia batzutan jasotzen zaie, eta bere oinez joaz galdegiten duenari erantzuten dio. Hildakoren bat dela mintzo esaten du gehienetan.

        Jakintzariek, Mesmer-en usteak bain osoro —beren iritzizustel agertu berri zituztenok, Chevreul-ek ondu zuen teoria mahai jasotzaileari ere zatxikola nahi izan zuten, hotsez: espiritisten eskuen ohargabeko higikunek omen zituzten mahaiak eraikitzen, eta erantzunak egoki zetozenean, berek berjakintzan edo berjakintza-petikoan zeuzkaten asmo ta oldeak ziren era hortan agertzen, deusik ez besterik.

        Baina gauzak ez ziren horren atzal-errex izan aldi hontan. Jakintzari haundien batzuk egon ziren «mahai ingurerazleekin», eta haietatik zenbait aski egiazale izan ziren ikusi zuten guzia mundu jakintsuari aldarrikatzeko, orduko jakintzaren teorien bidez aditu ezina zutena ere.

        Gertakari adigaitz horietan, hauxe zen noski garrantzi haundikoena: egia bazen ere askotan han zeudenen esku-higikunek zutela mahaia ingurarazten, zenbait aldiz ihork ikutu gabe jasotzen zen. Beste gertakari ikusgarriak ere kausitzen, lortzen ziren noizik behin, hala nola ekarketak, ukigaiketak, e. a.; eta batzuetan, mahaiak inguruko ihork ere ez zekizkienak esaten zituen, berjakintzaz ala berjakintza-petikoaz. Egiari zor baitzaio, gertariok oso bakan agitzen zirela esan behar da; espiritistek zioten baino askoz bakanago, behintzat; eta agitzekotan, behar zuten hor egon dohain berezi bat zeukaten gizaki batzuek. Gizaki horiei «medium» esan zieten, hots, bitarteko, bizidunen eta hildakoen bitarteko antza. Izen hori gorde dute geroztik, nahiz ez den, behar bada, egokia.

        1871-an, «London Dialectical Society», Sir John Lubbock-en buruzagigopeko Englelandeko jakintzari batzak, txosten bat agertu zuen espiritismuaren fenomenuari buruz. «Bada indar bat —zioen— gauza astunak ukitu gabe mugierazteko gai dena, eta indar hori gizaki batzuen hor-egoteari darraikio, oraindik ez jakin nola». Morgan eta Russel Wallace hainako jakintzariek izenpetu zuten txosten hori. Baina jakintzari horiek, fenomenuak hildakoen arimek eragiten zituztenez, spiritisten esanetik, bai ala ezko hau zian ez zuten alderdi hartu nahi.

        Aipatu gertariok barrutikiago aztertzeko irasi zuten Londonen 1882-an «Society for Psychical Research» (S. P. R.) izeneko bazkun bat, Amerikako bere abarrarekin batean (Am. S.P.R.) arlo hortan lan gaitza eraman behar zuena.

        Geroztik, munduko jakintsu haundienetatik zenbait ikerkuntza horietaz guti edo asko arduratu dira. Besteren artean: William James, Amerikatar psikologilari sakona; Engelandan, William Crookes, phisikaria; Germanian, Schopenhauer, hotsandiko jakintzalea; Frantzian, Bergson ohentsua, Gabriel Marcel, oraingo giza-izanaren jakintzale eta idazle katolikua eta, batez ere, Charles Richet sendagilea. Honek asmatu zuen «metapsychique» hitza jakintza berri hori adierazteko. Gaur nahiago dute, meta edo parapsikologi esan, hots, psikologi gaindikoa, psikoloki arruntak alde batera uzten dituen fenomenuak aztergai dituelako, harek baino giza-gogoaren berri gehiago eman diezagukelako.

        Jaio zenetik honera, beren jakite eta ekite oro psikologi-gaindikoari opatu dizkioten guzien izenak ematea luze litzateke. Gorago izendatu ditudanetatik lekora, beste zenbaitek aipatzea merezi luke.

        1919-an eraiki zuen Parisen Jean Meyer jaunak «Institut Melapsychique International» (I.M.I.), hau da, nazio arteko psikologigaindiko ikastegia. Bazkun horren buru izan dira, alkarren ondoan, Dr. Geley (1919-1924), Dr. Osty (1925-1938) eta René Warcollier kimikaria. Engelanda eta Ipar-Ameriketako bi S.P.R.-en lankideen artean, Myers, Gurney, Podmore, Stayton Moses, Carrington, Rhine eta Hyslop, Hodgson, e. a. dira. Germanian, V. Schrenck-Notzing eta Driesch. Argentinan ere bada «Sociedad Argentina de Parapsicologia» delako ikastegia. Italian, «Societa Italiana de Metasichica» eta Lombroso eta Bozzano jakintsuak. Iberotar Penintsulan estudio horiek aurreratuxeak omen ziren Catalunyan, guda-aurretik. Espainiako oraingo agintariek poxelatzen dituzte, ordea, entzun dudanez: non ere ahaldun eta jakite gutxiko den apaizeriak irin bereko dauzka sineste bat den espiritismua —okerra Elizaren ustetan— eta jakintza, bat den parapsikologia.

        Izen haundi horiek oro berme ditugu ez dela psikologigaindikoa gezurrezko jakintza, ben-benetakoa, egiazkoa, baizik. Psikologiaren sail bat dugu, eta oraindar jakintsu gogo, argi bat ezin egon liteke hartaz arretatzeke. Hasiera lanetan dago noski oraindik; bide makurrak jo eta joko ere ditu, aspergarri guziak bezala. Baina gero eta zuhurrago dabil, gero eta aurkikuntza ernegarri gehiago eginaz. Hedapen haundiko aurkikuntzak dira horiek, zeren gizonaren izateaz egia zerbait irakats bailiezagukete, azkenekoz, jakintzak egiztatu egiek, metafisikari hutsen ametsek ez antzo.

 

        4. Haien baldintzak. Mediumtasuna

        Bakanki eta, badirudinez, psikologi arau jatorretatik kanpo gertatzen direla adierazi dut gorago; araugaindiko esan ohi zaie. Horrengatik, berriz, jende askok, jakintzari askok batez ere, ez dituzte aintzat, hartu nahi, berek behin ere ikusi ez dituztelako.

        Baina psikologi-gaindikoan aurreratu nahi baduzu egonarri haundia behar duzu, goiz ala berandu zeuri edo zeure inguruko norbaiti zeredozer agitu arte, fenomenu horien taldean sartzen den zerbait. Edo bestela, haiek ikusi eta ikertzeko aukera izan duten jakintzari zintzoen lanak irakurri eta sinetsi. Idazti eta agerkari askotan aurkituko dituzu; hona zeintzu aholkatzen ditudan: «Procedings of the English S.P.R.» eta «La Revue Métapsychique», I.M.I.-ren agerkaria, aldizkingietan.

        Parapsikologiko gertariak oro, jakintzaria den aldetik ikertuak izan dira, laboratorietan, saiabidez. Alor hortan saiaketarik egiteko, ordea, beharrezkoa da arestian aipatzen nuen medium hura. Hona egitan zer den medium bat: araugaindiko fenomenuak maiz xamar ekartzen dituen gizaki bat.

        Mediumtasuna nondik datorren eta zerk daragin oraindik ez dakigu zihur. Gogoz edo gorputzez eri direnen artean edireiten da askotan, emasabelekoetan batipat. Jaiotzetikoa da zenbait aldiz (Horregatik omen dira ugari medium onak gaurko Polskan. Beste herrialdeetan mediumez jende asko hil bide zuten Erdi-Aroan, sorginak zirelakoan, eta haien enda itzaltzer da; baina Polskan ez zen Inkisiziorik izan gizonak aitzaki horrekin erretzeko). Beste zenbait aldiz mediumtasuna berez sortzen da, gorputzean edo gogoan norbaitek min hartu ondoren. Esan dezadan, haatik, medium haundi batzu beste edonor bezain sendo eta osasuntsu zirela, beren mediumtasuna lanean ez zelarik, jakina.

        Ezen, bere mediumtasuna lanean den gehienetan, egoera berezi batean dugu medium delakoa, transa irasorria eta lo-ibiltzalena bezala: lotan mintzo eta ari da. Orduan eragiten dituen fenomenuak bitariko dira. Batzu haren gogo-barruan baizik ez dira gertatzen; bestetzu kanpoko zeretan, haren baranoko gauzetan nabarmen dira. Baina Mediumekiko batzarre haboroenetan, bitariko fenomenuak nahastuta gertatu ohi dira.

 

        5. Gogo barruko gertariak

        Horiek dira errezenik aurki ditezkeenak, usu xamarra baita eskatzen duten mediumtasuna. Parapsikologilari zenbaiten iritziz, guziok ere gai ginake ekartzeko, guti edo asko.

 

        1) Gogamen bidaltze eta Telepatia.

        Hala nola «gogamen bidaitze» deritzaiona. Denok ikusia dugu behin edo behin ferietako aztiren bat, han zeudenen deitura, izen eta jaiotegunak igartzen zituena. Urrundik gogorazteko irakasbideak ere uste hortan bertan jarrita daude: batek bere gogoan zeredozer sendo pentsatuz gero, beste bati gogoraz diezaiokela.

        Aspaldion ezagutua zen fenomenu hori jakintzari zenbaitek sakonki miatu du, saiaketa bidez, azken une hauetan. Besteren artean: S.P.R.-ko Whately Carington-ek eta I.M.I.-ren buru den René Warcollier jaunak.

        Saiaketak honela egiten dira, grosso modo: A. bidaltzaile batek zerbait, esate baterako eredu bat, tink-tink pentsatzen du B. jasotzaile bati bidali nahi diola. Honek, eroso eserita, goxoki jarria, ilunpetan edo erdi argitan, bere «gogoa» husten du lehenik, eta gero, gogoratzen zaizkion ereduetan, bizikien eta maizenik agertzen zaizkionak jasotzen ditu.

        Esan dezadan lehen bait lehen, «gogaman bidaltzea» ez legokeela gogoa burmuinak sortzen duela ustekizunaren aurkako. A-k B-ri beraren gogoeta bat bidali balezaio, bidezko litzateke uste izatea irradatze bat dela gogomena, fisikaren beste irraden antzeko —edo kizkin bidaltze, bat—, hukigaia eraltzen bide duten proton, neutron eta elektron kizkinak antzo. Hori aldarrikatu dute parapsokologilari batzuek, gogamen-kizkinari «psykhon» izena emanaz.

        Baina egiazki ez da gogamen bidaltzerik, A-k ez dio B-ri ezer ere igortzen (cf. Carington-ek lanak, Telepathy eta The death of Materialism). Adibidez, A-k mahai gainean dagoen lore ontzi baten eredua bidali nahi dio B-ri. Askotan B-k ez du eredu hori jasoko. Orraitio, A eta B harremanetan daude, A-ri dagokion zerbait jasoko baitu B-k, nahiz mahai gainean nahiz A-ren gelan den beste gauzaren baten eredua, nahiz A-ren gogoeta edo olde bat.

        Bestalde, ez dirudi A eta B elkarren gaindik urrun izateak zedozertan eragozten duenik harreman hori: gogoeta bidaltze bat balitz, psykon edo gogamen-irrada bidaltze bat balitz, orduan bai, egingo luke noski.

        Beraz, A-tik B-rako gogamen bidaltze, baino egokiago dugu telepatia deitzea fenomenu hori. B da ari, ez A. B-k urrundik jasaiten du (tele pathein) A-rekin zer dagoen; bere mediumtasunari esker, A-ren berri hartzen du haren gogoan, batzuetan haren berjakintzan (orduan iduri du, gogamen-bidaltze bat), gehienetan ordea haren berjakintzapetikoan.

        Ikusten dugu nola telepatia delako gertakari bakun horrek, ukigaiezko bi gizaki bitartekorik gabe harremanetan ari ditezkela erakusten digularik, gizagogoa gorputzaren senetik lekora zerbaitek eragin dezakela egiaztatu iduri duen. Lehenengo urratsa, hots arima nola edo hala badela egiztatuz?

 

        2) Metagnomia (Araungaindiko ezagutza).

        «Metagnomia zera da: gogoak arauei jarraituz ezin iritsi ditzakeen gauza ukigaien nahiz gogoeten ezagutza» (R. Sudre, in Introduction á la Métapsychique humaine). Era haunitzetan jantarik agertzen zaigu:

        a.) «garbi-ikustea» edo ikus-metagnomia.

        Mediumak begiak hesten ditu, eta gogoa hesten, eta begietaz baliatu gabe, hurbil ido urrun dauden zerak «garbi ikusten» ditu.

        Hemen ere, beren teoriari legokiokeen atzalpen bat bilatu dute ukigaizaleek. Besteren artean, Farigoule idazle frantsesak (Jules Romains) zera esaten digu La vision rétnienne delako idazlan batean: gure gorputz azalean barreatuak, sakabanatuak, baditugula begitxo batzu (ocelles: horiek omen dute ikusten gure bi begi ohituak zerratuta daudelarik). Oinarri gabeko ustekizuna, ihork ez baititu begitxo horik giza-gorputzean idoro. Gainera, Farigoule jaunak ez digu azaltzen garbi ikusleak urrun daudenak ere zergatik ikusten dituen.

        Ez; metagnomi edo araungaindiko ezagutza gogoarekiko gertari bat da, batere dudarik gabe, ez gorputzarekikoa. Ikus-metagnomiak norbaiten berjakintzan edo berjakintza petikoan hartzen bide du, telepatiaren legez.

        b.) beste garbi ikuste mota bat, kristalean-ikustea dugu.

        Mediumak kristalezko borobil batean ikusten ditu hurbil edo urrun dauden zeren ereduak. Iduripenak dira ereduok, jakina: araugaindiko ezagumenak ikasten dituen berriak, borobilaren errainuekin eraldutako iduripen batzuen itxuran berjakintzaratzen ditu metagnomilariak. Crystal-gazing hortaz Engelandeko S.P.R.-ko aztertzaleak arduratu dira, batez ere.

        d.) kristalean-ikustearen antzeko dira beste ariketok: kartak, hezurrak, kafeondarra, e. a. Horietan ere garbi-ikusleak, araugaindiko ezagutzak burmuin- ereduetara itzultzeko ordez, kanpotar ikus-irudipenetara bihurtzen ditu.

        Metagnomi era horiek guziak eta telepatia alkarren ahaide dira. Goragoko B jasotzaleak antzo, metagnomilariak jakiten dituen gauzen berri beste norbaiten gogoan, hobeto esanik, berjakintzapetikoan hartzen du. Ezen berjakintza-petikoen arteko fenomenu bat omen da beti araugaindiko ezagutza (Irakur G.N.M. Tyrrell-en The modus operandi of Paranormal Congnilion, in «Proceedings of the S.P.R.», vol. XLVIII, May 1947).

        e.) «Gogo-neurketa» edo uki-metagnomia

        Hori, metagnomi-era azalgaitzago bat da. Jakintzarien artean, Buchanan Amerikar sendagilea ohartu zen lehenengo aldiz; haren ondotik, Denton delakoak aztertu zuen, bere arreba Mrs. Elisabeth Denton-Cridge mediumtzat harturik; biok egintako saiaketen ondoreak argitaldu zituzten liburu ezagun batean: The soul of things, or psychometric researches and discoveries, 1863. Geroxeago, Pagenstecher eta Prince jaunek ere estudiatu zuten barrutik Sra. Reyes de Z., Mexikotar medium haundiaren bidez. Neronek, saiaketa, ernegarri zenbait egin ditut arlo hortan mediumtasuna poxi bat daukan lagun batekin.

        Buchanan-ek erabili zuen hitza, psychometry, hau da, gogo-neurketa, ez zaio batere egoki gertari horri; gainera, beste zerbait adierazi ohi du gogo-neurketak, psikologi ikerkuntzetan. Horregatik, Rene Sudre frantses parapsikologilariak uki-metagnomi (metagnomie tactile) hitza eskaintzen digu. Horrelakoa baita izatez metagnomi mota hori:

        «Gauza bat ematen zaio mediumari eskura, eta gauza ukituz gero (nahikoa, baina beharrezkoa da ukitze hori), haren edestia ikusten du ereduetan bere gogoan, hots, zer den, nondik datorren, noren eskuetan izana den, haren jabe hereziari buruzko xehetasunak, e. a. Badirudi oroimen antzeko zerbait daukaiela gauzek ere, bizitu dituzten gertakarien oroipenak nonbait gordeizen dituztela, "arima" bat badutela, Denton-en esanelik».

        Egia esan, zail baino zailago da uki-metagnomia egiazkoa denez erabakitzen; ezen M. ene lagunari gauza bat emaiten badiot uki dezan, haren edestia nik jakinik, nola zihur izan jalgiko dizkidan egiak ez dituela ene berjakintzan edo berjakintza-petikoan aurkitzen?, Metagnomi bakuna litzateke orduan. Halaz ere uki-metagnomi hutsezko gertariak izan dira: garbi-ikusle batzuei eman dizkiete ukigaiezko gauzak ukitzera, ihork ere haien edestia ez baitzekien; haietaz eman dituzten zehaztapenak egiazko agertu dira gero.

        Psikologi-gaindiko fenomenuetan, aipaturiko hori, eta horren ahaide den etxe iratxodunena da noski griñagarrienetatik bat. Denton-ek uste zuen ukigaiezko gauzek gertakarien aztarrak gordetzen dituztela, aipatu diren psykhon haiei eutsiz, edukiz; mediumak jaso, bil eta adieraz litzake psykhonok. Horrela, ukigai oro «gogo-gaiez» bikoizturik legoke; gogo-gaia, ordea, ukigaiaren antzeko izaki, hura bezala kizkinez eraldua...

        Ukigaizaleentzat zoritxarrez, uki-metagno milariak ez du gauzaren lehengo nahiz oraingo edestia bakarrik garbi-ikusten, baina, zenbait aldiz, gerokoa ere. Eta oraindik izan ez denak ean ukigai aztarnik utzi. Oin makalak ditu, beraz, ustekizun horrek.

        Korapilo hau ez da orraitio oraindik askatu, ez eta erraz izango ere. Uki-metagnomia metagnomi bakunaren tankera berezi bat baizik ez bada, eta uki-metagnomilariak jakiten dituen berriak giza-berjakintza-petiko batetik jasotzen baditu, zergatik da beharrezko gauzaren ukitzea giza-gogoarteko har-emanketa hortarako?

 

        3) Aurretiko ezagutza, (Geroa igartzea).

        Parapsikologilarientzat beste nahaspil haundi bat bada, bi gogoen arteko har-emanketa (telepatía) eta orain badiren, edo lehenago gertatuak orain oroipen-antzean badiren gertarien araugaindiko ezagutza (metagnomia) baino askoz nahastuagorik: garbi-ikusleak geroa ere ikus dezake...

        Hori ezin litekeela pentsatuko du jakintzale zenbaitek. Nahi dut, beraz... bada. Anitz bidez konturatu dira gizonak fenomenu hortaz segur nago guretako bakoitzak horrelako zeredozer behin bizitu duela; neronek amets bat egin nuen haurtzaroan, geroko gertakari bat zehaztasun guziekin iragarri zidana.

        Aurretik ezagutzak, Etika dela ta, Jakintza eta Etikarekiko hauzia dakarkigu: non dago gizonaren askatasuna, geroa engoitik oraina aurretik eralduta badago?

        Bestalde, aldiari buruz ditugun uste sendo guziak zalantzan jartzen dizkigu Aurretiko Ezagutzak. Benetam, adigai lanotsua da lehenaldi, orainaldi eta geroalditan zatikatzen dugun aldi hori, «sasiko adigai» bat, dio Bergson-ek. Honen aburuz, aldia badelazko iduripenak bere jatorria iraupen hutsa (gogoaren berezgarria) eta alda hutsa (ukigaiaren berezgarria) nahastekatzean dauka.

        Geroa nolaz igar ditekeen atzaltzeko, batzuek Nietsche-ren ustekizun bat berendu dute: Betiereko Itzulingurua. Nietsche-ren arabera, direnak oro aurretik ere izan dira eta gero ere itzuliko dira, betierean aldatzeke. Beraz, geroaldian ikustea, egitan lehenaldi urrun-urrun batean ikustea baizik ez litzateke.

        Bestetzuek, Betiereko orainaldian sinestea hobesten dute. Diotenez, ez da benetan ez lehenaldirik, ez geroaldirik, baina oro garaibereko dira. Aldia badelakoz gure ustekeriak, gure ukigaiezko munduon egoiteari darraikio. Bergson-ek ere horixe adierazten bide zuen.

        Ustekizun zoroa, harrigarria... gogoan igaroko duzu. Hala ere, araugaindiko ezagumenaren tankerak indar eman iduri dio: ezen geroa garbi ikusten duen mediumak ez da geroko bezala ikusten, baina ikasitako araugaindiko ezagutzak oro, nahiz lehenaldi, nahiz orainaldi, nahiz geroaldiari detxekotela, galga berean agertzen zaizkio; esan nahi dut, aldiari buruzko berezkuntzik batere gabe.

        Ezin naiteke gertari hortaz luzeago mintza: aski bekit esatea hauzia ez dutela oraindik erabakia parapsikologiariek, ez hurbildik ere.

 

        4) Gogo-lekoreko gertariak.

        Oraintxe aipatu ditudanak baino askoz ikusgarriagoak dira mediumtasunaren gogo lekoreko gertariak. Askoz urriago ere bai, gizaki guttik baitauka eskatzen duen metagnomian mediumtasunera. Horregatik, zenbaitzuek, nahiz telepatian (metagnomian), berdin aurretiko ezagutzan ere sinesten dutenak ez dituzte egiazkotzat hartu nahi. Baina Crookes, Geley eta V. Schrenck-Notzing jakintzari argiak jakile ditugu egitan gerta ditezkela. Horien jakilegoa nahikoa izan behar genuke sinesteko, nik uste.

        I.— Telekinesis.

        Greziar hitz hori (esan nahi du: urrundik eragindako higikuna, hots urruti-higikuna) mediumen indar erakustetak direla ta erabiltzen da: ukitze ageririk gabeko ukaldi jotzea, gauza astunen higitzea, e. a. «The London Dialectical Society»-k, moderns spiritualism-aren fenomenuetaz bere iritzia agertu ondoren, Sir William Crookes fisikari haundia ardurazi zuen fenomenuok azterketan jarrai zezan. Crookes-ek, horrelako indar-erakusketak harrigarriro eta erraz ematen zituen medium batekin lan egiteko zoriona ukan zuen: Daniel Home. Honekin egin saiaketak, Experimental investigations on psychic force izeneko idazki batean azaldu zituen, 1871-an. Zioen: «Saiaketok erabaki iduri dute badela indar berri bat, giza gorputzari datxekiona —oraindik ez baidakigu nola—, eta, erraztu beharrez, arimatiko indarra dei dezakeguna».

        Indar idoro berri hori neurtu nahian, aztakin eta tresna ondo asmatu batzuetaz baliatu zen Crookes: ezin beraz esan iduripen baten jostailu izan zenik.

        Geroxeago Home-n erako beste medium haundi bat, Eusapia Palladino, estudiatu zuten Italian Morselli-k, Lambroso-k eta beste jakintzari eta sendagile askok (H. Morselli, Pscicologia e Spiritismo, impressioni et note critiche sul fenomeni medianici di Eusepia Palladino, Torino, 1908). Home eta Eusapia izan bide ditugu ihoiz ezagutu diren bi medium haundienak.

        II.— Ektoplasma eta ukigaiaketak.

        Psikologi-gaindiko gertari guzietatik, horiek dira ikusgarrienak. Mediuma transan dagoela, konortegabe, zein nahi araugaindiko fenomenu haundi emaiteko bezala, ekai bat, batzuetan arrea, bestetan zuritsua, ateratzen da haren soinetik, ahotik, bularretik, hezur-giltzetatik edo sabelpetik, eta ukigaitzen da itxura bereziak hartuz: nahiz gauzak direla, nahiz gorputzadarrak, nahiz giza gorputz osoak ere. Zenbait aldiz ikusiezina da ekaia mediumetik ateratzean; ikuskortzen da iratxo itxurak ukigaitu orduko. Iraupen laburra dute gehienetan itxurok zenbait segundu, onenean zenbait minutu; itzaltzen dira gero, eta ekaia mediumaren gorputzera itzultzen da.

        Dr. Geley heugitz aritu zen fenomenu horrekin. Ahal izan zituen ere I.M.I.-ko laboratorian ukigaiketa zenbaiten moldaketak egin. Adibidez, esku bat ukigaitzen da mediumaren aurrean. Geley-k eskatzen zion eskuari parafin urtuzko ontzi bero batean murgil zedin. Eskua, ontzitik irtetzean, ezukigaitzen zen, eta parafin gogortuzko eskularru bat uzten zuen. Aski zen orduan eskularruan igeltsua ixurtzea iratxo-eskuaren moldaketa bat edukitzeko. Ikugaiketak, idurizkoak ez, baina egiazko direlako egiztagarri bikaina moldaketa hori; batez ere behatzak lotuta, bihurtuta direnean, Geley-k lortu zituenak legez.

        Geley-k ektoplasma (ekto = at, atera; plasma = eralketa) deitu zuen gizaki zenbaiten gorputzetik horrela atera eta ukigai ditekeen ekai hori. Haren ondotik, I.M.I.-ren buruzagi izandako Dr. Osty-k nahi izan zuen ikasi ektoplasma izatez zer den. Garrantzi haundiko saiaketak egin zituen hortarako Rudi Schneider Austriar mediumaren bidez. Ohartu zen:

        a) Ektoplasma ekaiak gorri-petiko leinuruak geldierazten dituela. On da hori jakitea, ezen mediumekiko batzarrek askotan behar dute ilunpean egin, argizuria ektoplasmaren ezeztagarri da eta. Baina gorri-petiko leinuruak esker, ilunean ere gertatzen den guziaz kontura diteke?

        b) Ektoplasmaren eralgintza arnas egiteari, hatsegiteari datxikol nolarebait: ekaia bazebilen Rudi-ren arnas-zalantzaren arabera. Hontan bila dezakegu ausaz honen azalpena: zergatik hats-aribideek hain toki haundia duten Indiarren yoga-etan; yogiek hain zuzen araugaindiko gertariak ekartzea dute beren helburu bat. Gogora gaitezen ere, hizkera aunitzetan batetik gogoa, arima, eta bestetik hats edo arnasa adierazteko hitzak, jatorri beretik datozela (Spiritus pneuma, Geist... Azken hatsa eman dü, esan ohi dugu, Zuberoan, norbait hiltzen denean).

        Gogoz jakinen lukete jakintzariek ektoplasmaren barnemuina zelakoa den. Ondikoz, ezin diteke, ekai hartatik har: ukigaiketak ezeztatu egin ohi dira norbaitek edo zerbaitek ukituz gero. Bestalde, ekaia mediumaren gorputzetik ateratzen baita, gorputz horren eral-atal bat da noski, eta kaltegarri luke mediumak harketa hori. Hala ere, ukigaiketek berek onetsi dute, zenbait aldiz, beren ekaitik pitin bat hartzea parapsikologilariek. Txikikuskin edo mikroskopio-pean epitelium antzeko mintz bat zela ohartu dira. Baina egiazko ektoplasma-ekaia ote zen, ala mediumaren larru-azaleko mintz zatitxo bat, egiazko ektoplasmak haren gorputzetik ateratzean eramana.

        Ukigaiketarik ederrena, segur asko, Crookes-ek Florence Cook medium neskatxa gaztearekin iritxi zuena izan da: den-dena bizidun bat iduri zuen iratxo edo izaki bat, Katie King izena zeukana bere bizitzan, eta XVII-garren mendeko ingles neska bat zela berak zioena. Agertu zitzaion une haunitzetan; mundu hontako gizaki bat ematen zuen zeharo, Crookes-en gelan ibiliz, han zeudenen hizketaldian parte hartuz, jakintzarien haurrei ipuinak kontatuz. Argazkirik ere egin ahal izan zuen: Katie Kink zutik, Crookes-en aldamenean, Miss Cook, konorte-gabe zetzala transan.

        Osotasun horren heineko ukigaiketak bakan dira, ordea: ia beti erakaitz, dira, aurpegia baizik ez ondo itxuraturik, eta gainerakoa zapiz inguraturik. Edo osotuago direnean, denbora guti diraute, laster itzaltzen dira, gehiago ez itzultzeko. Orraitio, Katie King-en bete zen beste gertaketa bat ezagutzen da, Nepenthes, Denmark-eko ikertzale batzuei agertua, Helade zaharreko andragoi bat zela alegia.

        III.— Gorputzaren berjasotzea, altxatzea.

        Saindutegiak edesten digu nola santu batzu, txorabio mistikoan zeudelarik, lurretik jasoak izan tiren. Home-k aunitz bidez eman zuen fenomenu hori, eta beste medium haundi gehienek ere bai. Batzutan argazkiak hartu ahal izan dira, airean zeudela zibuka (Ikus F. Schwab-en lana, Teleplasma and Telekinese. Ergebnisse meiner meine zweijahrigen Experinmentalsitzugen mit dem Berliner Medium Maria. Vollhart, Berlin-en 1923).

        Hirutariko gertariok bi ustekizunen laguntzaz adi ditzakegu

        a) Ektoplasis (ekto = at, atera; plasis = eralgintza). Ekai bat atera diteke giza gorputz berezi batzuetatik, oraindik ez badakigu zergatik, ez eta zein baldintzetan, ikuskor nahiz ezikuskor antzean.

        b) Ideoplasis (ideia = asmo; plasis = eralgintza). Mediumaren gogamenak edo asmoak eraltzen du ekai hori egin gai duen lanaren arabera —berjakintza-petiko asmoak, jakina, lotan baidago mediuma transaratua—. Nahi badu gauzaki bat higitu (telekinesis) edo bere gorputza lurretik jaso, ekaia ikusi ezina egoiten da, baina lan hortarako behar diren tresnen itxura hartzen du: eskuagak, gorrikiak, e. a. Nahi badu asmo edo olde bakunago bat kanporatu, gauza, gorputz-adar edo giza-aurpegien itxuran ukigaitzen da.

        Azkenean, mediumaren nortasuna puskatua bada eriz (prosopopesis), ektoplasmak giza gorputz oso bat eral dezake, gu bezala mintzo eta ari dena, mediumaren bigarren nortasun baten kanporaketa alegia (Katie King). Hori da behintzat espiritista ez diren para-psikologilarien aburua. Espiritista direnek, aldiz, zenbait bider ideoplasis edo asmo eralgintza ez dela mediumaren edo beste bizidun baten asmoaren eralgintza esaten dute, hildako baten asmoarena baizik: orduan, Katie King benetan izango litzateke berak dioena, hau da, orain dela hiru mende hil zen gizaki baten arima, oraingo medium baten ekaiaz bizidunei agertzeko baliatzen dena.

        IV.— Ekarketak. Ezukigaiketak. Poltergeist.

        Horiek dira parapsikolokilariek aztergai pozik hartzen ez dituzten mediumtasunaren gertari batzu, mediumatzunen zimarkunkeriak erraz atzipe baidezakete hemen aztertzalea, non ez bada beraren irudimenak.

        Ekarkelak. Gauzaki bat, zenbait aldiz aski urrundik etorria, agertzen da bat-batean batzarre-gelan. Mediumaren indarrak du ekarri. Gauzakiak hormak igarotzen baditu, haizu zaigu, uste izatea mediumak ezukigaitu egin duela, eta gero berrukigaitu, lehenago zen itxura bertsuan. Halaber mediuma bera hormak edo ate hertsi bat zehar pasatzen denean: orduan bera ezukigaitu eta berriro ukigaitu bide da.

        Ukigai kizkinari buruzko teoria berriek laguntzen digute talde hortako fenomenuok benetan gerta ditezkeela sinestera, ukigaia, izatez, orain arte uste zen bezain gotor eta aldakaitza ez dela erakusten digutelarik.

        Poltergeist-ezko gertariak («iratxo zarategile» esan nahi du germaniar hitz horrek) dira mediumtasun aldietan entzuten diren hotsak: ukaldiak, karrakadak, e. a. Jakina, gaitz da erabakitzea araugaindiko gertariak diren, zinez, ala fisika-arau ezagunean eraginak (berotasuna, eguratsaren txilistindarra... ). Araugaindikoak izatekotan, mediumaren eragin bat ukigai barruan erakuts liezagukete.

        V.— Berenazko gertariak.

        Etxe iratxodunak edo «pamerialak» dira (Irakur Azkueren «Euskalerriaren Jakintza» I-go idazkian XV-gn atala). Gehienek ezagutu edo entzun dukegu behin edo behin horrelako zerbait. Talde hontako fenomenuen berezgarri nausiena hauxe da: ez baitute mediumen beharrik gertatzeko, orain arte ikusi ditugun beste guziek ez bezala.

        Baina harretaz ibili behar da alor hortan: askotan bada mediumen bat, norberaren edo besteren ez jakinean. Esate baterako, harri-erauntsietan; gertari usu xamar horien ikertzalea ohartzen da, kasik beti hurbil dagoela neskatila edo mutil bat, berak uste gabean mediumean ari. Ezen gazteak gizaloratzen direnean, mediumtasuna baletorkieke zenbait aldiz.

        Halaz ere, medium gabeko fenomenuak ere badira. Hala dirudi behintzat. Adibidez gela batean egunero, ordu berean, iratxo bat agertzen da. Gelan dagoen nor-nahik ikusiko du, mediumtasun izpirik ez izanik ere. Iduri guzien arabera, ihor ez bada ere gelan agerketa berdin izango da.

        Beranazko fenomenu horien beste berezgarri bat, haien iraupena da. Urteak zehar jarraitu ohi dute maiz (cf. in «La Revue Métapsychique», num. 13 Janvier-Fevrier-Mars, 1951, Borley-ko apeztegiarena). Engelandeko apeztegi hortan, lekaime gazte bat biarik horman hesitua izan omen zen XVII-garren mendean, lekaide batekin ihesi joan zelako. Geroztik haren iratxoa aunitz bider agertu dela diote hangotarrek; 1927-an inguruetako langile batek ikusi zuen azken aldikoz, eta 1943-an ere araugaindiko gertariak izan dira han.

        Iratxo gertari horiek gogo-neurketa edo uki metagnomiaz Denton-ek eman zuen atzalpenaren bidez saiatu dira: iratxodun tokiak, bertan gertatuen aztarnak gordetzen ditu, hau da, gertatuen psykhonak. Gizaki «sentikor» bat toki hartan egoten bada gero, psykhonak bil ditzake eta haietatik iratxo bat eral. Iratxoa beraz tokiko oroipen bat litzateke soilki, giza gogo baten eredumeneratua.

        Ustekizun horren sendogarri: iratxoek ez dute emaiten ezagumenari edo nahimenari jarraitzen diotenik beren egikeran; aiheru berak berregiten dituzte beti, ikusleetaz axolatu gabe.

        Baina badakigu psykhon teoria ilaun xamarra dela eta, gainera, batera sentikor ez direnei ere iratxoak agertzen zaizkiela. Esan nahi dut, nonbait iratxoak badirelazko honek, nahi ta nahiez beldur edo griña pitin bat ematen duela, eta gogoaren griña horrek mediumtasuna sor dezakeela, hortara ekarriak ez zirenen artean ere. Batzuek, ordea, agerketak ikusi dituzte iratxodun tokietan, aurretik batere ez baizekiten bazirela. Eta gehienetan han dauden guziek ikusten dituzte era berean. Iduri luke, beraz, zenbait aldiz iratxoak gauza direla, ez bakarrik eredu.

        VI.— Psikokinesis.

        Gogo-kanpoko gertariak bakan direla ikusi dugu, eta urri diren medium berezi batzu behar dituztela gertatzeko. Iratxoketek mediumik ez dute eskatzen, egia, baina ezin ditezke, jakintza arauz, erraz estudia.

        Beste fenomenuak badira ordea, txit usuago, eta arruntago, edozein gizakiren gogok ukigai eragin dezakela erakusten digutenak: jaurtarri bat, joko ditare bat badut; jaurtitzen badut, alde berezi bat —seia, esate baterako— atera dadin sendo nahikatuz, ohartzen nahiz seia maizago ateratzen dela ene nahimena ari izan ezpalitz baino. Bistan da «gogoaren eragin» horri ohartzeko behar dudala jaurtarria haunitz bider jaurti, zenbaki haundien legeak agindu arte.

        Rhine irakaslea arduratu zen batipat gertari hortaz. Psikokinesis izena eman zion, hau da, «gogoak eragindako higikuna». India-ko fakiren landareen laster-ernera ere beste psikokinesis bat bide da (iruzur bat ez denean).

        VII.— Hil orduko gertariak.

        Ernegarri dira, zeren geroko biziaren hauzia aurkezten digute (halaber ere iratxotuak). Horrelako gertari asko bildu eta argitaldu ditu Bozzanok liburu eder batean (Dei fenomeni di telekinesia in raporte con eventi di morte, Erroman, 1922).

        Bi sailetan jar ditzakegu:

        a) batean hilurrenak; besteek ikusten ez dituzten gauzak edo gizakiak ikusten ditu (aingeruak, hilak...). Galdea da, egiazko ikuspenak direnez, ala iduripen: berjakintzapetiko asmo bat ikus iduripen antzean kanporatua.

        b) bestean, hilurrena bera agertzen zaio, hil ordu berean edo, zenbait aldiz, ordu edo egun batzu geroago. Baina zer da agertzen? Telepatiaz bizidunak jaso zuen hilurrenaren berjakintza-petiko asmo baten kanporatzea, ala zinezko agerketa? Bigarren hau izanik, eta batzuetan berandutze luzez izanik ere, hilurrenaren agertu nahi bati ote darraikio, eta hildakoaren agertu nahi bat ote dugu orduan?

        Geroko biziaren hauzia oraingoan alde batera utziz, nahikoa bekit esatea heriotzaldiak, aizaloratzeak bezala mediumtasun zenbait batzutan sor dezakeela behin ere horrelakorik eduki ez duten gizakien artean ere: hori da hil orduko gertari horien zio bat.

 

        6. Amaia: ustekizunak

        Psikologi gaindiko gertari nausienak gainbegiratu ondoren, aitortu behar dugu, noski, Shakespeare-kin batean, badirela:

 

                ...gauza gehiago zeru-lurretan

                ...filosofiak uste duen baino.

                                («Hamlet» 1, 5)

 

        Zer irakasten digu gainbegiratu horrek? Lehenik, izagaindikotan sinestea ez dela txorakeria. Ziur da azti eta sorginek benetan ekarri dituztela herrien «sineskeriak» aipatzen dituen zenbait mirari: izena sortu baino lehen medium izan dira soilki. Haien sorginegintzak artez edo moldez mediumtasuna eratortzeko dira; beharrezko den transa-egoeran sorgina jartzeko, edari mozkorgarri bereziak irentsiz eta irudimena astintzen duten ohikunak ospatuz (Sorgin eta aztietaz hemen mintzo naizela, aldera uzten dut, oraingoz, Jakintza ezkutua, hots, Magu, Kabalista eta horrelakoen metafisikaren jarduna; alta ziur nago egia zerbait bil dezakegula metafisika hortan).

        Bestalde, gizagaindi eta petiko izakien hauzia berpizten du psikologigaindikoak. Ez naiz hemen horretaz jardungo, txit nahasia bait da gai hori eta, gainera, oraindik ez daukadan jakitea eskatzen du. Esan dezadan haatik, Charles Richet haundiak Traité de Métapsychique delako liburu ospatu bat idatzi zuenean (1922), ausartu zela pentsatzera araugaindiko gertari adigaitz zenbait giza lekoreko «nortasun» batzuek eragiten zituztela behar bada...

        Mesmer-en usteak ere neurri batean jakintza berriak sendotzen ditu. Agian ez da bizi-irrada edo erakarpenik; baina baliteke mesmertzalearen ganik, zenbait aldiz, ektoplasis edo atera-eralgintza bat izatea (mediumena iduri) beste giza gorputzetan ari dena, mirarizko sendaketen eragile. (Sasi-sendalariak ez dira denak gezurti eta lapurrak; batzuetan benetan sendatzen dute, medikuak etsi arren. )

        Azkenean, Espiritismuak gure eskerrak hartzen ditu, besterik ez bada ere, jakintzarien ardura araugaindiko gertarietara erakarri duelako. Beste alde batetik, ordea, parapsikologiak erabaki behar dituen hauzi behinenak jaukitzen dituzte espiritisten sinespenek:

        1. Arima badea izan?

        Ez uste izan parapsikologilari guziak arimazale direnik! Ikusi dugu nola ikertzale zenbait ahalegindu diren araugaindiko fenomenuak ukigai arau ezagunen bidez azaltzera. Bai eta, ikerkuntzen hasieran behinik behin, haien azalpenek egiantzeko eta gotor xamar iduri zuten.

        Halaz ere, orain badirudi fenomenuok —gogobarrukoek nahiz gogo-lekorekoek— gogo hutsezko «zerbait» badela egiaztatzen dutela, ukigairen laguntza gabe (araugaindiko ezagutzan) eta ukigaitan beretan (asmo-eralgintzan) ari ditekeena; beraz, ukigai gaindiko dena. Zerbait horri, nahi dutenek, «Arima» esan diezaiokete.

        2.Ideoplasis prosopesis ala Geroko eta Aurreko bizia?

        Ez dut uste hori aztertzale bakar batek ere uka dezakeenik. Halaber, gogo hutsezko hori ukigai gaindiko bada, haizu da ukigaia hilondoan ere bizi ditekeela uste izatea. Baina galdea: zer da bizi eta nola?

        Izpiritualistek, aintzinatarrek (kristauek eta beste sinesmeneko batzuek) nola oraindarrek (espiritistek), gure nortasun osoak, gorputza itzalita ere, bizirik irauten duela dadukate, arima-huts. Baina ukigaizaleek ondo erakutsi dute (oro ez bait da arbuiatzeko haien ustekizunetan) giza-nortasuna deitzen dugun fenomenua, hein haundi batean, ukigaiari datxikola; esan nahi dut, giza-burmuinari. Beraz, burmuin hori itzaliz gero, alferrik dugu igurikitzea gure oraingo nortasunak, gure oraingo «ni»-ak, batere aldatu gabe bere izatean jarraikiko duela.

        Horrengatik, parapsikologilari askoz ez du nahi ukigaizale hutsak ez izan arren giza arimaren geroko bizian sinetsi. Hala nola, Charles Richet-ek eta Rene Sudre-k. Bi ustekizunen bidez azaltzen ditu honek geroko bizia egiaztatu, iduri duten Espiritismuaren gertari guziak: ideoplasis edo asmo-eralgintza eta prosopesis, hau da, nortasun puskatua edo nortasun aizunak mediumak edukitzea (prosopon = antzoki mozorroa zen).

        Mediumekiko batzarretan nabaritzen diren «hilen arimak» ez dira benetan bizidun baten (mediumaren) nortasun aizuna, pekonortasunaren agerketa baizik; zenbait aldiz ukigaiketa. Gainera, pekonortasun horiek, araugaindiko ezagumenaz, hil den baten berri ikas dezakete, eta haren nortasunaz gezurrean estaliz, hila bera agertzen dela iduriazi.

        Halaz ere, Espiritismuaren gertari zenbaitek ez dute ematen Sudre-n ustekizun hori dagokienik. Esate baterako, agerketak bizidunen artean ihork ez dakizkinak esan dituenean. Eztabaida gabeko gertariak guti dira, jakina; bat orraitio ezagutzen da ederra; André Dumas jaunaren La Science de l'ame delako idaztian irakurri dut: Lady Nona edo Telika, Kristo aurreko XV-garren mendean bizi zen Egiptoko andragoi baten agerketa; han zeudenek eskatuz, egiptoera zaharrean hitzegin zuen, hots, hizkera batean ihork haren fonetika orduan ez baizekien. Lady Nona horri esker, hizkuntzalariek, mintzaira jakintzariek ezagutzen dituzte orain Faraonen mintzaira hotsak...

        Horrelako gertarien aurrean, Rene Sudre-k bere teoria osotu egin behar izan du. Aiher da orain giza-burmuina hil ondoren, giza-gogoaren zati batek bizirik irauten duela, ez ordea egiazko giza-nortasunak, ez arimak, jendeak hitz hori aditzen duen legez.

        Gorputzetik landa bizi dena oroimen hutsa omen da, ezagumen eta nahimenik gabe; hitz batez, nortasunik gabe. Oroimen hortan ditu metagnomilariak ikasten dituen berriak hartzen, alegia.

        Urrun xamar ibili zaigu Sudre azalpen horren bila. Gainera, ez du adierazten agerketa zeinbaiten egintza eta bereztasunik (egia esan, oso bakan dira agerketok). Eta bestalde, burmuinik gabeko ezagumen edo nahimen batean sinestea, funtsean, ez da burmuinik gabeko oroimen batean sinestea baino xoroago.

        Parapsikologilari aunitzek, beraz, arau gaindiko fenomenuak aztertuz gogo hutsa izan ere badela sinetsi behar eta, ez dute ez Izpiritualista horien ustekizuna, ez Sudre-rena ere onartu. Gorputza hilik ere, giza nortasunak bizirik jarraitzen duela diote; aldatu egin bait da ukigaitik berezi den ezkero.

        Hori baitugu, ez bakarrik parapsikologi, bai psikologi guziaren hauzi zahar beti gorpuztu bat: gogo-burmuinen edo arima-gorputzen arteko ondoretasuna. Henri.Bergson jaunak, haatik, asmo berriak ekarri ditu korapilo hori urratzeari buruz (irakur haren liburua, Matie're et Mémoire Essai sur la relation du corps a'esprit). Giza gogoak bi alde badauzka —hemen behar dugu, Sigmund Freud irakasleari zor diogun «berjakintza petiko» haren adigai berria lagun hartu—; batetik burmuinari darraikio, hori dugu berjakintza, norberak bere gogoaren gainean bat-batean ikasten dituen berriak. Bergson-ek erakusten du nola burmuinaren berjakintza hori ukigaiezko munduon gaudelako sortu zaigun, ukigaiari egokitu beharrez.

        Freud-ek, ordea, giza-gogoak beste alde bat daukala irakatsi digu, berjakintza petikoa (Freuden aurretik psikologilari zahar zenbaitek ere susmatu zuen hori, besteren artean Leibniz eta Maine de Biran-ek). Austriar irakasleak eta haren lehenengo jarraitzaileek uste zuten berjakintza-petiko hortan berjakintzak behin jakin eta gero ahaztutakoak zeudela bakarrik; batzuetan on-arau edo gizarte-arauen aurkako zireiako ahazturik (Freud-en libido, gizaki-griña, eta Adler-en indar nahikeria). Baina psikologilariek asko zapaldu dute azken une hauetan berjakintza-petikoaren adigaia. Konturatu dira ez zela soilki berjakintzaren hondakin bat, alderantziz, berjakintza zela haren saila, edo, hobeto esan, haren errainua burmuinean (cf. C. G. Jung-en lanak).

        Egokiago genuke beraz berjakintza lekorekoa esatea, berjakintza-petikoa baino, neronek, ohiturari jarraituz, azken izen hau erabili arren idazlan hontan.

        Horra non oraingo psikologiak oinarri bat eskaintzen dien parapsikologilarien ustekizunei. Asmo berri horiek aintzat hartuz, Dr. Geley-k L'être subconscient deritzaion liburu batean, bi sailetan banatzen du berjakintza-petiko edo lekorekoa.

        a) Berjakintza-petiko arrunta; guti gora behera, Freudena, zapaldu behar ditugun gorputzaren griña eta irrika txarrez eratua.

        b) Berjakintza-petiko gorena (berjakintza gaindikoa esan genezaioke); oso bestelakoa, gure benetako nortasuna da eta gure egiazko «ni»-a; gorputza hil ondoan han dugu bizi, bai eta gorputza sortu aurrean ere, Geley-ren ustez.

        Ezen giza-arima, hots, gizonaren berjakintza gaindikoa, baldin ukigai-gaindikoa, bada, nola sinetsi ukigaiarekin batean jaiotzen denik? Jakintzaren bideetatik, Sortalde eta Sartalde ohitura zaharrek (batez ere India eta Keltiakoek) eta Platondarrek iritxi zuten ustekizun berera heltzen da Geley jauna: palingenesis delakora.

        Gogo hutsak (Lehenengo Batasuna) erarik edo mugarik ez du, ez eta berjakintzarik ere. Mugatuz gero, berjakintza hartuz gero, Gaia sortzen du: Gaia Gogoaren berjakintza hartzea da. Eraldua eta mugatua da, Dena (Gogoa) izaki berezietan banatuz. Beraz, izaki bakoitza Lehen-Gogoaren alde bat da, mugaturik eta berjakintza harturik.

        Eta bizialditik bizialdira, izaki oro gero eta mugatzenago, bereztenago da, gero eta berjakintza gehiago edukiz. Bizialdien ingurua burutzean, izaki bakoitza, Lehengo Batasunera bihurtzen da, bizialdiz bizialdi irabazi duen nortasuna zainduz haatik: orduan bera eta oro da, batera.

        Ikusten dugunez, Geley-ren ustekizuna Sudre-rena baino pozgarriago da, gure izatean betiere iraungo dugulako itxaropena ez baitigu kentzen. Gure egiazko nortasuna, gure gogo edo arima, ez da hilko gure burmuinarekin batera. Burmuina eta honen oroimenarekin (bi oroimen mota bait dira, Bergson-ek erakusten duen bezala, bata gorputzarekikoa) hilko dena, gure azaleko nortasuna, gure «ni» lurtarra da.

        Mediuma transan dagoela, bere gorputz, bere berjakintzaz ezaxolatzen da. Orduan bere berjakintza-lekoreko izanen da, eta bera eta oro batetan izaki, den guzia badaki: horregatik da garbi ikusle edo araugaindiko ezagutzale.

        Baina urrutiago Joan gaitezke bide hortatik: esan dezakegu nornahi, medium ez izanik ere, bere gozputzaz eta azaleko nortasunaz ezaxolatzen delarik, bere egiazko nortasunera bihurtzen dela, gogo-hutsezko izanean: hala nola lo dagoelarik. Haren ametsek (Geley-ren berjakintzapetiko arrunta ez dutenean), gorputzarekiko berjakintza-petikoan dute beren jatorria, telepati eta metagnomizko gertariak ospatzen dizkigute sarri, batipat goizalderako ametsek. Bai eta ere, Jung-ek aurkitu dituen «goi-eredu» (archetypen) direlako gizaki guziekiko mito edo ereduak: guziekiko berjakintza-lekoretik baidatoz, Jung-en esanetik.

        Fenomenuok erakutsi iduri dute, ukigaiaz ezaxolatzen garen aldi guziz gerau eta den guzia batetan garela, medium, transaratua bezala. Zer du mediumak guk baino gehiago? Guk baino berjakintza-lekoretiko sail haundiago bat berjakintzara dezake, deus ez besterik.

                Geley-ren izadi ikuskerak balio duena balio du... Dena dela iduritu zait aski ernegarri zela irakurleari aurkezteko, gizanortasunari buruzko beste bi teoria nausien ertzean: burmuinarekin batera hiltzen dela dioten ukigaizaleen ustekizuna, eta, gorputza hilik ere, batere aldatu gabe jarraitzen duela daukaten Gogozale horien iritzia.

 

aurrekoa hurrengoa