www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

«NIL IGITUR MORS EST» POEMAREN GILTZA

 

«Gaitzak, bizidun guziek dazaguten hil-beldurra du»

Lucrecius-en neurtitz batetik dauka izena

(De Natura rerum, 111, 830,)

 

        Udaren azkeneko arrats bat da. Uda, bizi betearen aroa alegia; engoitik nabarmen da haatik laster datorren udazkena, hil-aroa. Karriketako haurrek, nola ere bait, ez dute jostatzeko gogorik; iduri luke dagoneko badakitela beharko dutela behin zahartu eta itzali... Aldiz, etxeen aitzinean elkarturik dauden maitaleek ez dute eiki gogoan guzien zahartu eta itzali beharra; beren elkar-maitatzeaz besterik ez dute ohart, gauzarik beharrezko eta egiazkoena zaie maitatze hori... Jadanik ordea, poetaren bihotzean sartu da duda bat: ikusten dituenok oro (etxe, haur, neska-mutil) bere begien, bere zentzuen iduripen bat baizik ez balira? Ilunabarra da; iluntzeak, gauzen itxura lausotzen duelarik, badarakar gogoeta bakan horren buruan hartzera.

        Baina ez du onartzen, hortarako ez bait da oraino zori. Jarraitzen du gauzak egiazki hor direla sinesten, bere zentzuek somatzen dituzten bezalaxe. Hor-direla heriorako! Gaua iguriki eta elkartu diren maitaleek ez dute, ez, etorkizun herioa gogoan, maite-lillurak debekatzen baititu gizon guziak —naiz landugabeak, naiz landuenak— beren bihotz zolan, beren bihotz ondoan ezagutzen duten hilbeaharrearen abotsaren entzutetik, bele beltz iragarle batena antzo. Alta egia da: etorkizun herioa bizidun guzietan gorderik dago; gazteenek, gaztetasuna bera iduri dutenek ere beren aragian dakarte, har jalea fruituan den bezala.

        Olerkaria bakarrik dago bere gelan, gogoeta goibel hoik lagun. Gau mina da. Are beldur gehiago damakio ilunak, eta ikaran jartzen dute gauazko hotsek. Erranen luke zerbait badela gelako ilunpetan, hari mintzatu nahia. Zer ote? Hil berri baten iratxo edo arima, gorputzaren ganik berezi ta nekeetan? Hain izitua da, non hasten zaion, gaztaroan bezala, bere oraiko sineskabea gatik, norbait den Jainko bati oihuka, urgaizte-galde. Haren jopu izatera ere lizake, beldur izugarri hau ken lezaioken ber... Baina norbait den Jainkorik ez zaio agertzen; bakarrik da beti; deuserako ez du izan bere hel-eskatze eta erdi-sinestea...

        Lehen hirur ahapaldiek eroria «tan» duate: zarta hots astun hortaz gogoratu nahi izan dut bizidunaren antsia mundu lazgarri hontan galdurik izatez, heriorako hor izatez.

        Poeta, gogoetatuaren ariaz, jartzen da emeki emeki lo-antzeko egoera berezi batean, Okkultisten «bigarren egoera», orduan bait dago gizarima bere egiazko izanean. Sorgortzen zaizkio atzaraldiko Oroimena eta Adimena —German zaharren sinestean, norbait— den Jainkoaren bi bele hegazu zaindariak bai eta ahaztutzen du bi men hoiek gogoratzen zioten gauza guzien hil-behar hura. Itzaltzen dire buruan zerabilzkin pentsa hitzak: gauzak ulertu nahiz ematen dizkiegun izenak. Uste baitugu, izena jakinez gero, gauzaren izana ere ezagutzen dugula... Baina egiatan, gure ezagutza oro hitz-keta, bat baizik ez da eta ezerek ez digu ustea zilegi egiten, hitz hoien atzean izan ere zerbait badela.

        Gero ta murgiltzenago da olerkeria bigarren egoera hortan, gero eta bake ta bozkario handiagotan dagoela. Bere baitaratu da, egia aurkitu du bere baitan. Erdainatzen ditu orain aztertzen ohi zituen asmalari sakonen lanegin eta iritzi ezberdin guziak: bazebiltzan, bakoitza bere bidetik, munduaren arauen bila; baina munduaren ezagutza aizun izaki, arauok ere aizun izan behar... Poetak aldiz uzten du, gezurrezko jorik, nonbaita eta noiz baita dauzkan mundu-ezagutu hori, eta aldi aldeetarik lekorean zorabioan dagoela, badantzu bere baitan hizlari ez bere goiko edo kanpoko Jaun Egile bat, baizik bera ere den Arima orokorra.

        Gizon gehienek ordea diote munduko biziari, beren mundutar nortasunari, ardura oro eman, eritasun bat baizik ez duten arren delako bizi hori, hil-beharra berarekin ekarki. Behin ere ez dire beren baitaratzen ezagun ahal lezaten berak eta oro den Arima, hau da, Egia bakarra. Orduan balakikete iduritze, bat direla mundua eta munduan izatea, eta hil-beldurra joan lakieke, iduripen baten herioa bera ere iduripena bait da.

        Poetak ediren du egia handi hau azkenekotz. Segurrean badaki oixtion ikusten zituenak oro bere gogoaren amets bat zirela soilik, izaterik gabeko. Atsegin batean dago, lorrezko amets hartarik askaturik eta egiazko Izatea beraren baitan aurkiturik. Zer garrantzi dauka bere «gizakideek» amets zaharraren irauteak bizitze, eta hiltze, badelako sineskerian? Bere-haiekiko har-emanak ere iduripen hutsa direla ta...

        Olerkiaren azkenean eman dudan «'la» jario hots zabalak azaldu nahi du poeta, gezurrezko soma-gauzen mundu mugatua utzi eta egiatan Dena-ren itsas handi mugarik gabean ondoratzera doala.

 

aurrekoa hurrengoa