www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IGELAK AZKEN HITZA BERE

 

        Zenbaitek ez diote gure IGELAri barkatzen ur-benedikatu untzietako ¡gel heletarik ez izatea. Frantsesek dioten bezala. Adibidez ENBATA argitaratzen duten muthil zintzoek.

        Berriz ere erran behar dugu gure aldizkaria sorthu genduela Euskaldunen edo bederen euskal idazleen artean ohart emaiten genituen tabu ugarien erauztekotz, hala nola sexualitatearen ez aiphatzea, eliz-gizonen ez hunkitzea, euskaldun nazionalisten ideologia bakharra izan omen daitekela, kristau-demokraziari ez oldartzea, e.a. Ez du horrek erran nahi gu lizunzale edo antiklerikal garenik are gutiago bertzelako doktrina politiko bat aldarrikatu nahi dugunik gure aldizkarien bitartez. Baina zinez uste dugu holako tabu gehiegi atxikiz gure literatura bethi zainhil, mugatuai aspergarri egonen dela. Aitzitik ikhusten dugu bertze herri gutiz gehienetan, gurea bezain saindu eta aratz diren herrietan ere idazleak mintzatzeko libertate askoz gehiago dadukala, irakurle batzuen iritzi edo aintziniritziak hunkitzen baditu ere. Gehiago dena, ba dakigu gure herri bereko bertsolari, koblakari eta ipuinasmatzaileak mintzatzeko libertate hortzaz baliatzen direla: hain zuzen ere, IGELAn publikatu duguna erdiaz goiti euskal-folkloretik hartua izan dugu (eta ikhusgune hortarik behintzat, agian interes aphur bat ezagutuko deraukute euskalariek).

        Hala uste zina genduen. Zuzenez ala okherrez, bertze hauzi bat da. Dena den, IGELAren lehen numeroa athera baino lehen, gure asmoak agertu genizkien euskaltzale eta euskal-idazle askori, aldizkariaren probak erakhutsi ere batzueri. Guztiek gure egingaia onhartu zuten orduan egin zerauzkiguten kritikak IGELAren itxuraren gainean izan ziran (hizkuntza, hiztegia e.a).

        Erran gabe doa ez genduela hargatik ENBATAren iritzia eskatu, hau politikazko kazeta bat baita, frantsesez egina, euskarazko literaturarekin zer-ikhusirik ez duena. Halaz eta guztiz ere, gure lehengo numeroa argitara eta hurrengo ENBATA-k (1962 artikulu bat gutzaz ekharten zuen, hartan erraiten baitzeraukun zer egin behar genduen eta zer ez egin, erreient (eskola-maixu) batek bere menpeko haurrei predikatzen derauen seiostasunarekin.

        Sutor ne supra crepidam ENBATAko politikari argituek zuzen osoa dute naski, merkhatu komunaz, Al'Djezair-eko gerlaz edo Espainiako langile-ophorrez duten aburuaren iratzekotz, edota Euskaldunei erraitekotz nola jokhatu behar duten beren herriaren salbatzekotz (hortarako berak aski zuhur eta jakintsu direla iduri ba zaie).

        Bainan nehondik eta nehola ere ez dadukate eskubiderik geuk hautatu dugun zuzenbidean (euskarazko idazkuntzan) guri leitzione egiteko. Horregatik gure bigarren numeroan garbiki erran genduen zer pentsatzen dugun gutzaz egin zuten aiphamen hypokritaz.

        Gogorki mintzaitu ginen, agian, ez ordea injustoki. Bainan heien legearen pera ez makhurtu nahi hori anhitz gaitzitu zaie ENBATAko jauntxoei eta beren azkenengo numeroan (1962-ko buruilakoa «Amelioration d'Igela» titulua emanaz; eta gibeletik, hartan jorratzen baitu IGELA, aldizkari satirikoa omen dena, zeinen merezimendia baita osoki euskaraz izkiriatua izatea J. Mirande-n eta D. Peillen-en arthaz.

        Hala dio gutaz ENBATAK. Gainerakoa, delako irakurlearen eskuthitzetik hartua omen da. Bainan irakurle begiragarri eta begiratu horren izena ez baitakar artikuluak, emaiten dugu ENBATA atheratzaileek haren erranak ontzat hartzen dituztela eta hauei derauegu ihardetsi nahi.

        ENBATA-ko artikulu berri hortan gure kontra erraiten diren laidoetarik «puskatzea, laphurtzea, ebastea, bortxatzea, eta erhaitea ere laket zaien blousons noirs delakoekin gu konparatuz» gure buruaren zuritzeko ez dugu phenarik hartuko laido eta salhakuntza horiek irri-egingarri direla baltakite IGELAren irakurleek eta, beharbada, ENBATA-ren irakurleek ere bai.

        Gure balio intelektualaren aldeko kritikak ere ez gaitu gehiegi axolatzen. Euskaraz lan seriosik egin, egiten eta eginen badugu ere, irri egin erazteko publikatzen dugu IGELA, bertzeen eta guhauren kostuz. Ergelek edo iztarbegiek baizik ez dute gure aldizkari umil hortan sakontasun sataniko bat bilhaturen. Bertzalde, ongi ba dakigu satirian ere ez garela Rabelais eta Voltaire batzuen heinerat heltzen, ENBATA-k erran beharrik gabe. Bainan, geu ere konparazionetan aritzeko Enbatakoeri erranen deratiegu «euskaldun nazionalista omen den aldizkari hori S. Haran, Labeguerie, J. L. Davant eta bertze zenbaiten arthaz erderaz idatzia dena» arthozki irakurri ondoan, ez dugula uste burges on horien artean nehor badela Sabin Arana Goiri batekin berdint ditekeanik edo atzerrian gure adibideen hartzeko Irlandako O'Connell, Kataluniako Companys, ez eta Bretainiño Mondrel, Hego-Flandreseko Gantols, Korsikako Petru Rocea batzuekin.

        Halaz ere ez dugu nahi bata bertzeen merezimenduen gainen literaturan edo politikan polemika bat hasi ENBATAko-ekin. Baina, hauiek hain moralzale direnaz geroz, nahi dugu gure arteko hauzia moralaren tontorretaraino eraiki.

        Moralaren aldetik, ba laiteke es gerala hek eta heien kaperakoak bezain aratz, giristino on e.a. Behinik behin gu ez gara sekula ibili azpijokutan eta faltsukerian gure herritarren aldera, uste baigenduen ez zela hori euskaldun manera, eta ez dugu nehoiz herrarik (gorrotorik) predikatu bertze Euskaldunen eretzean.

        ENBATAko gure etsaiok —hitz hau jakinaren gainean darabilt— Euskaldunen batasuna nahi dutela oihukatzen dutelarik (eta ondikotz, beren elhe zuriekin lilluratu dute hegoaldeko Euskaldun on bat baino gehiago, hemengo gauzen berri ez dakianik) gorrotoa eta aiherkundea baizik ez dituztela ereiten herritarren artean, ez bakharrik IGELAren kontra, bainan heiek bezelaxe pentsatzen ez duen edonoren kontra ezin ukha dezake kazeta erdal-euskaldun horien artikuluak, «irakurleen eskuthitzak» (ongi hautatuak) e.a. irakurtzen dituenak.

        Geu ENBATAkoak bezainbat euskaldun nazionalista gara eta hek nazionalismua ediren baino lehen hala ginen. Halarik ere, ari diren bidetik jarrakiz —hemen ere, heien jokhabide morala aiphu dut, ez heien politikaren egia edo gezurra— uste dugu on baino kalte gehiago egiten zazkiola gure Herriari. Horrengatik, gu ere aholku emaileetarik bagina, gure aholkua heiei hauxe lizateke: «pour une auto-suppression d'ENBATA».

 

aurrekoa hurrengoa