www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

FRANTZITAR ERREPUBLIKAREN
MENPEKO HERRIAK

 

        Hemeretzigarren gizaldian frantzitar errepublikano eta errepublikazaleak goraki mintzatzen ziran «principe des nationalitées» delakoaren alde, haren araura edozein errik, den txipienak ere, aske izateko zuzena omen baitu; miresgarri ta atsegingarri zitzaizkien demokrata on horieri, Italiano, Txekotar, ungaritar e.a. abertzaleek Austriaren «ustarri»tik aldegiteko zeramazkiten guduketak. Egia da frantzitar askatasunzaleak bazakitela berezkuntza egiten askatasuna merezi dutenen eta ez dutenen errien artean: esaterako don Carlosen ta beren foruen alde borrokan ziarduten Euskaldunez ez zuten ajolik, ez eta Ingelaterraren aurka jazarri ziren Irlandarrez —naiz ta Iriandarrek, XIX garren mendearen asieran 8.000.000 izanik mendebukaeran 4.000.000 soilki gelditu ziranek— piska bat geiago nozitu zuten Ingelesen gandik goian aipatutako erriek, Habsburg'etar printzeen gandik baño... Austria ordea, —Frantziaren «jaiotzetiko» etsaia izateaz gañera, kaiser-erri atzerazale bat zen: Ingalaterra berriz leenago «jaiotzetiko» etsaia zena, orain Frantziaren lagun ta adiskide (?) zenuten eta bestalde, demokrazia aurrerazale eredugarri bat. Halaber Euskaldun karlistak, Españako liberalen kontra ta errege-gai absolutista baten alde jarri baitziran, fanatiko illun batzu baizik ez ziran. Errepublikano aundi batek esan duen bezela: «Pas de liberté pour les ennemis de la liberte!».

        Ba dakigu beraz frantzitar errepublikanoen ikuskeran erri guztiek ez dutela ein berean askatasuna artzen. Hortan berezkuntza egiten dute Frantziak berak mendeak zear konkistatu ta uztarpetu dituen errien artean ere. Esaterako gertu dira askatasuna emaiera Asian edo Afrikan dauzkaten kolonia ta eskualdeetako populuei.

        Indo-Sinan egin duten bezela, Ipar-Afrikan ere egingo lukete «faxista» larru-gogor zenbaitek ez ba lute eragozten... eta poz beitez demokratak oro, ezen orain Kamerum ta Togo'ko gizajaleen billobek ba dituzte beren batzar legegilleak, beren gobernu ta ministroak frantzes legar-ordaintzalleen bizkarretik aberaski bizi direnak. Oraindik bart ere, errepublika «salbatu» berri duen De Gaulle jeneral aundiak, edo obeki esan luzeak, zioskun radiotik Frantziak eta Afrikako populuok emendik aurrera federazino bat eratuko zutela, guztiek eskubide ta eginbide berekin. Bañan beste jokaera bat dute Frantziatarrek beren menpekoko populuen aldera zoritxarrez larrua ori, beltz edo beintzat beltzaran ez dutenean, esan nai dut, frantzes Estatuaren mugetan barne bizi diren Frantzitarrez besteko populu edo errien aldera.

        Alabañan endak izkuntzak, legeek —idatzitakoek edo oiturazkoek—. Edestiak dute erri bat besteetatik berezten eta ikusgune ortatik, Españan Eskualdunak eta katalandarrak aurkitzen diren bezela Españolen aldamenean. Bretaña Aundian Ingelesen alboan Galestarrak eta Eskozitarrak dauden legez, beste sei enderri ba ditugu Frantzian, Frantzitarrez beste Euskaldunak Laburdin, Be-Nafarroan ta Zuberoan; Bretoiak; Nederlandarrak Flandesetan, Rijsal (Lille) uriburuaren inguruan; Alemanak, Elsatzian ta Lotharinglan; Italianook Korzikan; eta Katalandarrak Rosellonen. Erriok Frantziako Erregeek beretu zituzten Edestia zear, naiz guduz, naiz diplomaziaz, naiz ezkontzez edo diruz: Laburdi eta Zuberoa XV garren gizaldian, Bretaña XVI garrenean, Rosellon, Flandes, Elsatzia ta Be-Nafarroa XVIIgarrenean eta Lotharingla ta Korzika XVIIIgarrenean Frantziako koroari batu izan ziran, ez ordea frantzes erriari: esan nai baitu erregeek utzi zizkietela beren batzar ta legeak, beren oitura ta usantzak, bai eta beren izkuntzak erabiltzeko almena: orduan ez zegoen «imperialismu linguistiko» delakorik. Egia da erri zenbait ez zirela azken almen hontaz bear zuketen bezela baliatu, ala nola Euskaldunak eta Bretoiak, hauiek erdera baitzerabilten beren batzarretan (ez ordea beti frantzesa; gaztelania ta oc-izkuntza ere erabili zituzten Be-Nafarroa ta Zuberoako Euskaldunek, baiña iñork ez ditzalela arri astunegirik orregatik bota; ez al dute berdin jokatu mugaz bestaldeko Euskaldunek beren esku bizi izan diren garaietan ere? Beste erriek zintzokiago jardun zuten jatorrizko izkuntza zor zitzaion maillan atxikiz batzarretan, irakaskintzan ta beste erri-zeregiñetan. Eta XXgarren mendean bizi geranontzat txundigarri ba da ere, gobernuak laguntzen zien ortan: Rosellon Louis XIVgarrenari eman zion Pyrensuetako itunaren ondoren ikusten dugu Errege-Eguzkia neurriak artzen bere eskupeko berriak katalanera ona ikastera mugaz bestaldera joan al-zitezen, adibidez.

        1789garreneko jazarmendu edo Matxinada aundiak ordea gauzak alda erazi zituan zearo, ez bakarrik Frantzitarrentzat, errege erregiñai lepoa moztu ta Errepublika jarriz, baiñan bai erri txipiontzat ere. 1789garreneko dagonillaren 4ean jazarleek gizon bakoitzen eskubide bereziak eranzi ba zituzten, uri ta provintzienak ere kendu zituzten: provintzien eskubide bereziok, bada, errien lege ta usantza zarrak ziran, erregeek konkistatu ondoren utzi zikietenak. Urtebetegarrenean, jazarleak urrutiago joan ziran bide ortatik: provintziak berak ezeztatu zituzten ta haien ordez sailketa administrativu berri bat asmatu zuten, erresuma beren naiera departamendutan zatikatuz. Hori egin zuten errien ordezkarien protestak kontuan artu gabe, hala nola, Euskaldunak baizik ez aipatzeko. Garat bi anaiena Lapurtarren izenean ta Uhar'eko markis jaunarena Zuberotarrenean. ltzezko protestak soilki ez ziran izan: laster errepublikanoek indarra, edo berak ziotenez latz-ikara («latz-ikara, hura gabe bertutea indarge baita» zion Robespierrek...) erabilli bear izan zuten gure erriok beren lege berriari amor ematera erakartzeko: oroit zaitezte Pinet eta Cavaignac'en beldur-jaurkeraz         Euskalerrian, Carrier'enaz Bretañan. Ez da arrigarri beraz erri txipiek iskilluak artu ba zituzten errepublikanoen aurka beren askatasuna ta bizia zaintzeagatik. Vendee'ko «chouan»ak jazarri baziran erregeari ta Elizari zieten maitasunak bultzaturik, Bretaña eta Flandesetakoek gudura joan ziran errepublikanoen kontra oroz leen beren erriari zioten eraspeno zela kausa. Eta zio berak gatik frantzes gobernu berria iguinduz, Laburdi, Be-Nafarra ta Zuberoako Euskaldunek ixilpeko intunbenak egin zituzten Españako erregearekin Errepublikaren kontra. Korzikarrek aldiz, ezin obekiago jakin zuten frantzitar errepublikaz apentzen, ogei bat urtez zangopean errastaka erabiliko zuen Napoleon Buonaparte baten bidez...

        Bañan erri txipiek gogor egin arren aal zuten bezanbatean, azkenean garaituak izan ziren, naiz iskilluz, naiz guillotiñaz. Arrezkero besteak bezelako Frantzitar batzu baizik ez gera, legearen araura. Lumaukaldi batez 1789garreneko jazarleek gure aitzinako batzar legegilleak gaierazi zituzten: Laburdiko Biltzarra, Be-Nafarroako Parlamendua, Zuberoatarren Ordenako Gortea, Bretañako Estatuak e.a. Erritar Zuzenean, frantzes legeak baizik ez du aginterik eta nork ez daki lege arrotz orrek zer zalitasunak leporatzen ez dizkien Euskaldunai, batez ere ondasun jarraikuntzako zuzenean: euskaltasunaren iturburu ta kabi diren etxe-ondoak gizalditik gizaldia osorik iraun erazteko, zer ez dute asmatu bear gure baserritarrek ia orain artean hori nolaerebaita lortu badute ere, geroago ta zaillago egiten ari zaie, geroago ta baserri geiago atzerritarrai saldu bearrean arkitzen dira Zuberoan, Be-Nafarroan ta Laburdin, halatan non egiazko Euskaldunak urrituz baitijoaz eskualde hauietan, naiz ta, jendearen arauka, jaiotza geiago gertatzen diren heien artean atzerritarren artean baño. Azkenekotz, Errepublikak indarrez frantsez-errian sar erazi gindun ezkero Euskaldun, Bretoi, Flandestar ta beste erriok, gure jatorrizko izkuntzek ez dute den gutxien izate ofizialik. Asieratik Errepublikanoek erakutsi zuten izkuntzoi zieten gorrotoa. 1794garreneko ilbeltzaren 27an «Comité de Salut Public» delako batzarrean, Barere de Vievizac izeneko batek aditzera eman zien batzarkideei zenbat galgarri ziren ta zergatik leen baileen erauzi bear ziren: «Le Fédéralisme et la superstition parlent bas-breton; émigration et la haine de la République parlent allemand; la contre-révolution parle italien et le fanatisme basque» eta «Chez un peuple libre, la langue doit etre une et la meme pour tous» (ots askatasunaren izenean, bere mintzairaz itzegiteko askatasuna kendu bear zaio gizonari). Beren eginbidea zer zen ezagutu zuten Barere'en lagunek: denborarik galdu gabe neurriak artu zituzten izkuntza iguingarri oik itzal litezen askatasuna ta aurrerapenaren onetan, eta politika berari jarraitu diote geroztikako errepublikano guztiek: gaurko egunean, errien askatasunaren erakusle omen den Frantzia zorioneko honetan, euskera, betroiera nederlandera e.a. debekatuak daude ikastolan, auzitegian, gudaletxean, administrazinoan, radioan, itz batez erri-eralgintza orotan.

        Egia den bezela aitortu bear da, frantzes errepublikaren miresle amorratuak diran euskal-abertzale zenbaiti mingotz izango ba zaie ere: Frantzian ez dute erri txipiek Españan baño askatasunik geigo. Aitzitik, izatekotz Alabañan erritar zuzenean beintzat, Bizkaitarrek eta Gipuzkoarrek beren lege zaarretatik zer edo zer gorde omen dute, eta Nafarroak oraindik ere autonomia administrativu piska bat dauka, azalekoa ba da ere. Mugaz onaindiko Euskalerria, Bretaña, Flandes, Korzika ta Rosellongo Katalandarrak, berriz, erri diren aldetik edozein zuzenez, edozein izate ofizialez gabeturik bizi dira. Bakarrik Elsaztatzek eta Lotharingiarrek ba dituzte lege berezi zenbait, Alemaniaren aldera ingura ditezen bildurrez frantzes Estatuak uitziak; adibidez, Eliza ta Estatua 1905garren urtetik hona berez ba dira Frantzian, Elsatzia-Lotharingietan gobernuak oroindik ere ordaintzen ditu apaiz katoliko ta protestanten eta israeliten rabinen lan-sariak gañera bi eskualdeotan alemanera erakusten da ikas-etxeetan (erderarekin batean, jakiña), eta Radio-Strasburg'ek irratsaioak emateri ditu izkuntza hortan.

        Beste gauza bati oartzen gatzazkio Frantzitarren jokaera erri txipiei buruz ikertzen dugularik: erresuma hontan beintzat, Errepublika askoz etsaiago ta kaltekorrago izan zaie monarkia baño. Leenagoko erregeei aski zitzalen lur-eremuez jabetzea; errepublikanoak aldiz lurraldeotan bizi ziren gizonen korputzez eta arimez ere jabetu nai izan dira, bide guztiez, diren garratzenez ere, hortarako baliatuz. Erregeek ez bezela, ezin zezaketen errepublikanoek erri edo endaminoriak izatea jasan: alabañan dogma bat da emen, katoliko batentzat Irutasun Santuarena bezain siñesgarria, «Bat eta Zatitu-Eziña» dela Errepublika. Baterazale ta berdintzale amorratuak izan ziran I789garreneko jazarleak —eta haien ondorengoa halaber egon diraberen astekizun ta ideologia guztiak hala eskatzen baitzuen. Gizonak elkarren bete direla aldarrikatu zuten, bañan iaiotzez gizonak oro alkarren bete direla uste duenak aisa uste izango du elkarren berdin ere direla, edo, nabarmenegi ba da ez direla, hala izan bear luketela. Zentzu oneko edonork badaki endak, izkuntzak, aspaldiko oiturek eta edestiak dutela erri bat moldatzen. Frantziako errepublikanoek ordea faktore hoik garrantzi gutxiako dauzkate, non ez dituzten besterik gabe ukatzen; heientzako erria adigai abstraktu bat baizik ez da geiago; erri araudi edo konstituzino bat darraizkionek omen dute erri bat moldatzen. Ez da arritzeko beraz Poloniako ghetto batean jaioriko judu bat, bai eta Afrikako beltz bat, aitzin-eritzirik gabe Frantziako erritartzat onartzen ba dute, mundu guztiko «aurrerazale»en goraipuak horrela irabaziz. Bañan bestaldetik, ukatuko dute Euskalerria (mugaz honaindikoa bederen), Bretaña, Flandes-erria e.a. egiazko erria, ots, aberriak direla. Eta bestera uste eta nai duten Euskaldun, Bretoi edo Flandestarrak, edo ergeltzat edo traidoretzat dauzkate.

        Euskal-abertzale batek edo bestek —demokrazia Euskadi baño areago maite duten haietatik— uste izango dute noski Errepublika beztu dudala lerro hauietan eta egotziko didate bearbada jadanik entzundako ateraldia duket Euskalerriak, Bretañak, Korzikak eta beste erri txipiek, erri diren aldetik askatasunik ez ba dute Frantzian, hori beren erruz dela, pozik daudelako frantzes izanaz eta delako askatasunik eskatzen ez dutelako bañan eskatuko balute errepublikano biotz-zabalok dudarik gabe emango liekete. Nago itsuak ala azal-utsak diren horrela pentsatzen dutenak... Egia da Frantziaren menpeko Euskaldunik geienak ez direla oartuki abertzale, mugaz bestaldekook diren neurrian. Nola izan litezke ordea? Abertzale izateko bear du gizonak bere aberriaren berri jakin, bere enda ta erriaren edestia ezagutu; bañan hemengo Euskaldunak Errepublikako eskoletan irakatsi izan zaizkion gezurrei esker; ezer ez daki Euskalerriaren historiaz, iñolaz ere ezin dezake susma gure erria leenago bere buruaren jabe izan dela, Frantziaren zati bat ez zela. Gogora zaitezte «Laburdi», «Zuberoa», Be-Nafarroa» izen soilak ere ez direla Estatuaren aldetik ezaguturik; Giputz batek beintzat oraindik jakin dezake zer den Gipuzkoa, hartan bizi baita. Mugaz honaindiko Euskaldunok, berriz, ez gera Euskal-errian bizi, «Basses-Pyrenees»-etan baño...

        Bañan Estatuak eta Eskolak gure nortasuna itzal araztea arren mende ta erdi hontan egin dituzten alegin guztiak gatik ere, oraindik badira abertzale-igikundeak aipatu ditudan sei errietan, eta hori miresgarri da, kontuan artzen ba dugu zer baldintzetan ari diren lanean. Orain dala ogei bat urte, Frantziak Alemaniaren kontrako gudua galdu eta atzerritar gudariak haren lurrea zeudelarik, aski nabarmenki buragertu ziran abertzale-igikundeok. Ergelkeria litzake delako abertzaleak maixeatzea, «nazi»ekin lankidetu zirelakoan. Irlandarrek ba dute esaera bat: «England's difficulty, Ireland's oportunity». Zuzen ta bidezko da geuk ere halaber joka dezagun zangopetzen gaituen Estatuaren aldera.

        1940garren urtean Errepublika lurtatu zanean, ba zirudien garai berri bat astera zijoala Frantziaren menpeko erri txipientzat. Petain mariskalaren gobernuak —ez dakit bere oguz zen, ala atzerritarrek ala nairik— askatasun geixeago ematera zijoan erresumako eskualde bereziei beren nortasuna lant aal zezaten, eta ba zen aipua aitzinako provintziak berriz ere zarriko zituztela departamenduen ordez. Bañan 1944garren urtean —zeinbatentzat «liberazino» aren urtea izan ba da ere— berriz ere frantzitar zentralisten uztarpera erori gera osoki. Beren erriaren alde zerbait egitera saiatu ziren abertzaleak errukirik gabe persegiturik izan ziran, Alemanen lankide izandako Frantzitarrak baño lazkiago noski; aipa Goihenetxe Euskaldunen artean, Petru Rocca Korzikan, Gantois apaiz jauna Flandesetan. Bretañan bereziki, ugari baitziren abertzaleak erri hontan, izugarriko sarraskiak egin zituzten emakume ta aurrak erailduz, presondegian ezarriz e.a. Ez dago hori aztutzerik eta bein, goiz ala berandu, gure apentzaren ordua etorriko da noski. Hala uste du beintzat.

 

aurrekoa hurrengoa