www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIZKUNTZA BATEN HERIOTZAZ
ETA BERPIZKUNDEAZ

 

        Modaren jarraitzaleetatik ez bainaiz, ez dut hemen «hebreueraren mirarizko» berpizkundeaz hitz egin nahi, baina askoz, umilago den mintzaira baten berpizkunde askoz isilagoaz; inglesez Cornwall eta latiñez Cornubia deritzaion Inglaterrako dukerriaren hizkuntzarenaz esan nahi dut, XVIII-garren mendearen azkenetan osoki galdu baitzen.

        Hizkuntza horren gorabeherak ulertzeko, gain so bat eman behar zaio Bretaina Handiko historiari Kristo-ren heriotza urtearen inguru, ugarteko biztanle guztiek, Kornubiakoak haietan kondatuz, keltiko hizkelkiak zerabilzkiten, dirudienez. Keltak ez aren noski Bretaina Handiko lehendabiziko bizizaleak izan: lehenengoak ez ziren Kristoren aurreneko zortzi edo zazpigarren mendean baizik etorri, Europako lehorretik. Horiek, ordea, ez ziren hantxe egon, baina hauzoko ugartera, Irlandara igaro ziren, gehienak bederen. Handik hiruzpalau mendetara beste Kelta batzuk etorri ziren, hizkera piska bat bestelakoa zeukatenak —Galiako Keltena bezelatsukoa—, eta horiek herrian egon ziren bertako jendearen nausi bezala. Denbora aurrera zoala, Kelta nausiok bertako jendearekin nahastu ziren, hauei beren bizi moldea, jaurespidea, bai eta hizkuntza ere emanaz, Briton izenaz ezagutzen den populu bategin bat eratzeraino.

        Kristoren osteko 43-garren urtean, berriz, Erromatarrak heldu ziren Bretaina Handira, eta laurehun bat urte han egotekoak ziren, Britonen buruzagi bezala. Esan gabe doa hauen keltiko hizkuntzak hitz, andana bat hartu zuela, tarte luze hortan, latin landuagotik. 426-garren urtean, ordea, Erromatarrek joan behar izan zuten, Britonak bertanbera utzita, alde orotarik kaisar-herriari oldartzen zitzaizkion Germaniarren gandik Europako legorra zaintzeko. Hain zuzen ere, Erromatarrek lekuak hustu eta German gizeli batzu, Ipar-itsaso bazterreko Angletar eta Saxonak hasi ziren Bretaina Handira sartzen. Erromatar kaisar-herriaren gandik laguntzarik ezin lorturik ere, Britonek bihoztokoi gogor egin zieten Germanei. Arthur Erregea eta honen «Mahai Biribileko Zaldunak» denen gogotan daude noski: egiantz ororen araura, «errege» hori Kornubiako kelta bat zen, erromatar gudalostean aintzindari izandakoa.

        Ugarte sartaldeko gizonak luzaro eroan zituen Germanen kontra, zorioneko gudaldietan. Azkenengotz, ordea, Angletarrak eta Saxonak, bai eta geroxeago erantsi zitzaizkien Danetarrak, ugartearen alderdi guztiz, gehienez, jabetu ziren, Iparralde (Kaledonia eta Eskozia) eta Sartaldeko (Gales Herri) mendiak baizik aske ez utzirik. Mendiotara ihes egin zuten ahal zutenek. Beste batzuk, itsasoa igarota, Armorika zeritzaion Galiako eskualdera etorri ziren egotera, orduan etorri berrion gandik Bretaina izena hartu baitzuen. Bitartean Germanak eten gabe sortaldetik sartalderantz aurrera zetozen: horrela Kornubiaren lehen hauzo ziren Somerset eta Devon-go eskualdeak berendu zituzten, ordu hartan Kornubia bezain keltiko zirenak, eta IX-garren mendean Egbert, Wessex-eko erregea, Kornubian bertan sartu zen bere gudariekin. Hala ere, hasieran Saxonek beren lege eta agintariak utzi zizkieten Kornubitarrei, baina Athelstan errege handiak (925-940) Kornubiako azken erregea, Howel izenekoa, garaitu, eta herriaren gobernu osoa bere eskuetan hartu zuen.

        Harrezkero Kornubiako Keltak ez dira behinere nausi izan beren herrian: hau Inglaterrako duke-herri bat bihurtu zen eta hala egon da gaurko eguneraino —Bretaina Handiko beste bi herri keltikoak, Gales herria eta Eskozia, legearen araura behintzat jaurerri bereziak direlarik oraindik ere—. Kornubitar askok beren askatasuna galdu zuten Saxon buruzagien jopu bihurturik. Beren hizkuntza gorde zuten, ordea, Bretaina Handiko keltararen hizkelki bat dena, Gales Herriko eta Bretainako (Breizheko) hizkuntzen ahaide hurbila. Bretoiari (brezonegari) hurbilago zaio galesari baino; Bretaina Handiaren hego sartaldetik (Kornubia, Devon, Somerset) etorri baitzuen Armorikara ihes egin zuten Keltak (Bretainako probintzietatik bati Cornouaille frantsesez, Kerne brezonegaz eman zioten izena), eta zailtasunik gabe elkar ulertzen zuten Kornubitarrek eta Bretonek, kornubiera mintzatu izan den azkenengo egunetaraino. Jakiña, Saxonen uztarpean zeudelarik, beren nausien hizkuntzatik hitz asko berenean sarrerazi zuten Kornubitarrek...

        1066-garren urtean, berriz, askotan Nemesis bezala ageri zaigun historiak hala nahirik, nausiok beren txandan jopu bilakatu, ziren, Frantziatik etorritako Normandiarrek Saxonen eskuetatik Bretaina Handia konkistatu zutelarik. Baina Kornubitarrek nausiz aldatu baizik ez zuten egin... Beren lehengo askatasuna, Saxonek kendu zietena, Normandiarren gandik lortu ez bazuten ere, beren hizkuntzaren usantza gorde zuten behintzat; kornubierak ordea, hitzik hanitz jaso zuen ugarteko buruzagi berriek inglesaren ordez hizkera ofizialtzat ezarri zuten normandiar frantsesetik.

        1400-1600 arteko garaian kornubierak bere «urrezko adiña» ezagutu zuen, literatura bat nahiko eder eta hedatua sortu baitzuen orduan. Uste izateko da Kornubitarrek, asko zirelarik, jatorrizko literatura bat zuketela beren Gales Herriko lehengusuek bezala: gudu-kanta, epopeia, mithologiazko elezar, e. a.; hain zuzen ere, badirudi Arthur Errege eta Mahai Biribileko Zaldunen ipuiñak haien herrian jaio izan direla; bai eta Tristan eta Isolda bi maitaleen kondaira ospetsua, Europatar gizalandu guztien sentimenari hainbat erason behar ziona, Beroul normandiar idazletik hasi eta Richard Wagner arte. Baina aintziñako literatura hortatik aztarrenik ere ez zaigu, heldu; parterik gehiena ahozkoa zen, eta XV ta XVI-garren mendeetako kornubitar literatura guztia, berriz, erliginozkoa dugu, hobeki esan, elizazkoa: Lege Zahar eta Berriko kondairak oinarritzat dituzten neurtitzetan egindako drama liturgiko batzuek dituzte eratzen «myraky» edo latiñez «ordinalia» zeritzaienak; haietatik Origo mundi, Passio Domini Christi eta Kessurrectio Domini Christi ezagunenak baitira. Drama, antzerki horik, «garyva» (joka-leku) izendun zelai batzuetan, kanpoan jokatzen zituzten. Herri kristau orotan orduan ematen ziren eliz antzerkien antz handia dute, eta atzerriko antzerti horren eragiñetik sortuak ditugu, noski Zuberoako pastoralak, trageriak eta Bretainan Vannes herriko «mister» direlakoak bezala.

        Erdi mendeotan kornubiera aski bizi bazen ere —dakusagunaz literatura landu bat sortzeraino—, heriotzera eraman behar zuen gaitzak jorik ageri zaigu hala ere ordudanik. «Arrosen Gudate»-en ondotik, bereziki (1455 1485), heriotze horren zio bat baino gehiago bada; nausienetarik bat, Amerikak idorotzea izan zen: Kornubitar gazteak ugari hasi ziren joaten, itsasgizon bezala, Inglaterrak Mundu Berrian konkistaturiko eskualdeetara, eta handik beren herrira inglesen bizimoldeak lilluraturik itzultzen ziren, gogoz eta mintzairaz, ingles bihurturik, ezen 1362-gn urtean Edward III-garrenak berriz ere inglesa ezarri zuen jaurerriko hizkuntza ofizialtzat eta, jakiña, ordutik hona geroago, eta begirune gehiago irabazi behar zuen hizkera honek gizarte-maila guztietan, normandiar frantsesaren kaltetan, baina bai tokiko hizkelkien kaltetan ere.

        Kornubieraren beherapenaren beste zio bat, Erreforma izan zen... Protestantismuak, Liburu Santuak hartara bihurtuz, hizkuntza txipi bati baino gehiagori laguntza ekarri izan badio, ez zen hala gertatu Kornubian, zeren Kornubitarrak ez zitzaizkion jarraitu Henry VIII-garrenari, errege honek Inglaterrako Eliza «eraberritu» nahi izan zuenean. Aitzitik erromatar katoliko egon nahi izan zuten, eta 1549-garren urtean gobernuak Inglaterrako Elizaren «Book of Common Prayer» delakoa onartzera behartu nahi izan zituenean, iskilluak hartu zituzten beren sinesmena zaintzeko. Sir Humphrey Arundell buru zutela, eliz berritzaleei erantzuten zitelarik, inglesez ematen dut, duen indar eta kolorea gatik: «We will not receyve the new Service because it is but lyke a Christmas game, but we wyll have our olde Service of Mateen, mass, evensong and procession, in Lateen, as it was before. And we the Xornyshe, utterly refuse thys newe Service». Baina jazarleak garaituak izan ziren, baita garrazki zigortuak ere: Arundell Londonen lepo egin zuten, eta beste batzuk ere urkatu zituzten, hala nota John Payne, Saint Ives itsas-huriko endore, edo alkate ezagutua, berak, erregearen ordezkiaren aginduz, eraiki behar izan zuen urkabetik...

        Aldakutza gaitza jasan zuen Elizaren eraberritze hori zela kausa, ez bakarrik Kornubitarren sinesmenak, baina bai haien hizkuntzak ere; alabaina inglesezko elizkizunak onartu behar zituzten nahi eta nahiez, eta garai hartako jendeak elizara asko ibiltzale ziren aldetik, ez zion gutti lagundu neurri horrek «erdera» zabaltzeari Kornubia, guztian. Bestalde, Sir Humphrey Arundell bezalako aitonseme katolikoei, ordurarte herriaren buruzagi izan zirenak eta hizkuntza, herrikoian mintzatzen zekitenak, Euskaldunen «Ahaide Nagusiak» bezala aginte guztia kendu zien gobernuak, amor ematen ez zuten artean. Gogoa sendo ez zutenak makurtu egin ziren ingles erregearen agindura, eta Gales Herriko aitonsemeak bezala, ingles egin ziren fedez, pentsaeraz, jazkeraz, bizimoldez eta mintzairaz. Baina Gales Herrian, zio askoren gatik —esaterako, erregeak, bere agindupera ekarri ondoren ere, autonomia utzi ziolako— jende xeheak behintzat jatorrizko hizkuntza eta kultura gorde zituen. Kornubian, berriz, gizarte maila goietakoek emandako erakusbideari jarraitu zion osoki, ingles bihurtu arteraino.

        Inglaterrako Elizak ez zuen bere agintea osorik eduki ahal izan Kornubian: XVIII-garren mendearen erditsuan John eta Charles Wesley bi anaiek Elizaren bigarren eraberritze bezala sorturiko «methodismus» delako igikundeak —laster sekta berezi bat izatera helduko zenak— erro sakonak hartu zituen herri hortan, Gales Herrian egin zuen legez. Baina Metodistek Galestarren artean bertako hizkuntzan predikatzen bazuten, hala non haieri esker loratze miragarri bat ezagutu zuen orduan Galesak, Kornubian inglesez, egiten zuten (hemen bertako hizkuntza dagoeneko hil, agiñean zelako noski), eta horrengatik kornubierak deusik ez zuen irabazi bigarren eraberritze hortatik ere.

        Jadanik 1328-garren urtean John de Grandisson Exeter-eko apezpikuak idazten zuen «in extremis Cornubiad» bakarrik hitzegiten zutela kornubieraz. Hala ere, 1549-garreneko jazarleen erantzupenetik ageri zaigunez, orduko Kornubitarretatik zenbaitek ingles tutik ez zekien, eta XVII-garren mendetik ere batidugu lekukotasun batzuk hizkuntza, zaharra oraindik bizi samar zela, herriaren sartalde gurean bederen, darakuskigutenak; bai eta eliz artzain zenbaitek ere predikuak hartan egiten zituen. Baina osoki mordoiloturik zegoen orduko kornubiera, eta arrotz hitzez gonburu beterik; erdi-mendeetako «myrakyl»-etan bategintxerik ageri zaigun grafiak ez du gehiago den gutxien batasunik: oldeak ematen dion bezala darabil idazle bakoitzak. Hala ere, gizon eskolatu batzuk aurki ditezke oraindik hizkuntza, zaharraren zale agertu zirenak eta literaturarako erabili nahi izan zutenak, hala, nola Nicholas Boson, 1700-garren urtean Nebbaz gerriau dro the Carnoack idatzi zuena («Hitz zenbait Kornubieraren inguruan»), erdi mendeetako hizkera klasikoan honela litzateke: Nebes geryow a dro dhe Gernewek; Gwavas eta Tonkin hiztegi bat bildu zutenak... Edward Lhuyd Gales Herriko jakintsuak, garai hartako keltikulari handiena izan zenak, kornubiera ere ikertu zuen beste bost mintzaira keltikuekin batean, eta orduko hizkuntzaren erakusgarri zenbait sarrerazi zuen bere Archaelogia Britannica famatuan (1707). Baina Kornubiera azkenetan genuen dagoeneko, eta, uste izateko da XIX-garren mendearen hasierako iñor ez zela gehiago normalki hartan mintzatzen. 1777-garren urtean ehun eta bi urtekin hil zen Dolly edo Dorothy Pentraeth zeritzaion emakume bat izan omen da azkenengo mintzatzailea.

        Egia da hizkuntza bat ez dela sekula aztarrenik utzi gabe hiltzen: jatorrizko mintzairaren hitz askotxo gorde zituzten Kornubitarrek beren ingles hizkelkian, batez ere zenbakiak, otoitz-zatiak... eta birauak. Baina esan diteke 1800-dik mende baten bururaino iñork ez duela Kornubieraz jakiara hitz egin; herriak inglesaz bestelako hizkuntza bat inoiz ere erabili zuela ahazturik zirudien. Hala ere egiantz ororen kontra berpizkunde bat ezagutu behar zuen zoritxarrezko hizkuntza horrek...

        Literatur alorrean ere Ian egin zuen Caradar-ek: 1936-garren urtean Jondone Markos-en Ebanjelioa itzuli zuen (An Awayl herwyth Syni Mark), eta beste itzulpen edo bere kabuzko idazlan askoren artean, kornubiera berpiztuan egiñik izan datekeen libururik ederrena eman zigun, Trystan hag Ysolt olerkiaz, egilea hil ondoan haren adiskideek argitarazi baitzuten (1951); Joseph Bédier frantses mediebalistak «Le Roman de Tristan et Iseult» oinarritzat harturik, bi maitale ospetsuen ipuina kondatzen digu erdi-mendeetako olerkarien gisara egindako neurtitzetan.

        Kornubieraren beste berpizle asko —idazle, olerkari, ikas-liburu egile, e. a.— aipatu behar nituzke oraindik. Bat bakarrik izenda dezadan idazleen artean, Mrs. P. Pollard anderea, 1941-garren urtean Bemians Alisaryn izeneko antzerki bat argitara erazi zuena erdi mendeetako «myrakyl»-en eredura idatzi du bere antzerkia, bai eta oso trebeki ere, zeren nahiz formaz zaharra izan, gaia txit gaurkoa, oraikoa dugu: Jainkorik izan ere badenik dudatzen duen Alysaryn delakoaren bizitza kondatzen baitigu hartan egileak, ez da txundigarri beraz liburu horri ez badiote abegi onegirik egin Kornubia bezalako herri sinestun batean...

        Azken urteotan, erdi-mendeetako kornubitar testuak oro publikatzen hasi dira, Morton-Nance delakoaren gidaritzapean, grafia eta hizkuntza bategin batean, ikasleen onerako. Hain zuzen ere erdi-mendeetako hizkuntza hori dute erabiltzen Morton-Nance-n eskolako idazleek; gaurko egunean kornubieraz idazten duten guztiek, alegia.

        Kornubieraren berpizkundeaz hitz egitean, ezin utz nezake aipatu gaberik «Gorseth Byrdh Kernow» edo «Kornubiako Bardoen Batzarrea». Bardoak, dakikezutenez, Keltia zaharreko olerkari ofizial batzuk ziren, herri-agintarien egiñenak goraipatzea baitzuten ofizioa; noizetik noizera, herri-agintariek galesez «gorsedd» zeritzaien batzarretan batzen zituzten. Oraingo garaian izen horixe eman diete, lehenengotz Gales Herrian (Gorsedd Beirdd Cymru), hurrengotz Bretainan (Gorsez Barzhed Breizh), eta azkenengotz 1928-garren urtean, Kornubian antolaturiko bazkun batzuei; heien helburua delako herrien hizkuntza, eta kulturaren alde lan egitea baita.

        Beste hizkuntz-berpizle handi bat R. Morton-Nance dugu, «Federation of old Cornwall Societies» izeneko elkartasunaren buruzagi dona «Old Cornwall Societies» horiek arkeiologia eta historiako lagunarte batzuk dira, Kornubiako huri gutxiz gehienetan daudenak). Jenner-en esku-liburuan kornubiera ikasirik benetako mintzaira-jakituna den aldetik, lan garrantzizkoak argitara eman ditu hizkuntza eta folklorearen gainean — «Old Cornwall» delako federazinoaren aldizkarian: A Glossary of Celtic Words in Cornish dialec, Taboo-names in Cornwall, Folk-Lore recorded in the Cornish language, e. a. 1938-garren urtean A Cornish English Dictionary atera zuen, kornubiera zahar (XIII-garren mendea baino aurreragoko) eta barandukoaren (XVI-garren mendea baino gerogoko) hondakin urriekin batean, kornubiera artekoaren hitz guztiak, hots, erdi-mendeetako «myrakyl» edo «Ordinalia»-etan, aurkitzen direnak hiztegi portan bildurik, bai eta gaurko bizitzari dagozkion hitz-berriak ere emanaz; hitz berriok gehienetan bretoin edo gales hizkuntzaren eredura antolatzen dituelarik. 1952-garren urtean An English Cornish Dictionary argitara erazi zuen, kornubieraz irakurri bakarrik ez, baina idatzi ere gogo dutenen onerako. Alabaina, Jenner-ek erakutsi zuen bidetik ibiliz, hizkuntza bizi bati bezala begiratzen dio Morton-Nance-k kornubierari: mintzatzen badaki eta bere etxekoei ere mintzaerazi die, eta literaturako idazlanak ondu ditu hartan, hala nola An Balorez «Belatxikia» Kornubiaren deritzaion antzerki bat, 1932-garren urtean lehenengotz jokaturik izan baita. Hizkuntzaren ikasbide labur bat ere idatzi du, Cornish for all.

        Morton Nance-ren lankide arienetatik bat Caradar izan zen (1883-1950). Bera Kornu bitarra ez izan arren —Galestarra zen eta A.S.D. Smith zuen egiazko izena—, hizkuntza ezin hobekiago ikasi zuen eta gazte batzuk bildu zituen bere baranoan, Karen erakusbideari esker kornubieraz, normalki hitzegiten hasi zirenak. Bi ikasliburu oso onak egin ditu: Lessons in spoken Cornish (1931) eta Cornish simplified (1939), eta Morton Nance-ri asko lagundu zion, honek bere hiztegiak atontzen ziharduelarik.

        XIX-garren mendearen erditsuan, mintzaira, jakitun eta arkeiologo zenbait hartan egindako idazki zaharrak bilatzen, ikertzen eta argitaratzen hasi ziren. 1859-garren urtean, Dr. Edwin Norris-ek, Origo mundi, Passio Domini Christi eta Ressurrexio, Domini Christi agerrerazi zituen, ondikotz ez nahiko arduraz eta hutsik gabe horniturik. Handik urte batzuetara, Dr. Whitley Stokes, keltikalari ospetsuak —beste hire «myrakyl» argitara eman zituen, ingles itzulpen eta aparatu kritikoaz: The Passion Poem, berriz ere, The Creation Play eta The Life of Saint Meryasek, Gales Herrian orduantxe idorotako antzerki luze, bat. Bost drama edo antzerki horiek dira gaur egun erdi-mendeetako kornubitar literaturatik ezagutzen dugun guztia; orotara joaz, 18.000 neurtitz, edeiten dituzte. Norris eta Stokes-ez beste, jakintsu batzuek hiztegiak publikatu zituzten: 1865-garren urtean Rev. Robert Williams galestarrak Lexicon Cornu-Britannicum, eta 1887-garrenean Dr. F. W P. Jago-k An English-Cornish Dictionary.

        Baina arkeiologo eta mintzaira jakitun horiek kornubierari ikergai bati bezala so egiten zioten, ez, iñondik ere berpiztu ahal liteken hizkuntza, bizi izandako bati bezala, eta ameslaritzat edukiko zituzten noski Kornubiako jendea ostera hizkuntza hortan mintzatuko zela esango zietenak. Kornubitar bat gertatu zen, ordea, bere herritarrak «kernewek» zaharraren berpizkundeari buruz aski ameslari —eta, aski bihoztokoi— abierazteko: Henry Jenner (1847-1934). Goian aipatu ditudan hizkuntzalarien, lanegiñetan kornubiera ikasi zuen, eta 1903-garren urtean, mende bat baino gehiagotan iñoren ahotan erabili gaberik egon zen mintzairan hitzaldi bat eman zuen Bretainako Lesneven-en, Kornubitarren lehengusu diren Bretoinen aurrean. Ondoko urtean A Handhook of the Cornish Language deritzaion ikasbide bat agerrerazi zuen eta bere garrari esker, Kornubia herri keltikutzar bezala ezaguturik eta onarturik izan zedin lortu zuen, jadanik Galestarrak eta Bretoinak elkartzen zituen «Celtic Congres» delako batzarrean, Irlaindan «Cumann na Gaeilge» edo «Liga Gaelikoak», eta geure herrian Euskaltzaleen Biltzarrak bezala. Zoritxarrez, Liga eta Biltzar horiek bezala ere, gohiegitan folklorekerietan galtzen dute denbora Gorsedd-etako bardoek, egiazko kulturaren aldeko lanak bertanbehera utzirik... Dena dela, Kornubiako Bardoen Batzarreak on egingo luke bere hor izate hutsaz balitz ere, Kornubitarrei herri keltiko bat direla oroiterazten dielarik, beharra baitzuten. Bardoak bi eratakoak dira: herriaren alde laneginaz beren burua ezagutarazi duten, antzezlari, idazle, jakintsu eta abarrak, eta hizkuntza ikasi dutenak; azkenengo horiek behar dute idazlan bat kornubieraz, ondua aurkeztu, batzarrean onartuak izateko («Bards by examination» dira), eta egia esan, jatorrizko Kornubitarren alboan atzerritarrik asko aurki daiteke haien sailean: Bretoin, Galestar, Irlandar, baina bai Ingles, Amerikar... eta Euskaldunak ere. Morton-Nance jauna da garai hontan Kornubiako bardo-nausia. Horrela izan da beraz kornubieraren berpizkundea. Aitortu behar da Kornubiako jende komuna oraindik ez doala inglesa uztera, berpizleen ahalegin bihoztoi guztiak gatik ere. Baina askotxok —ehunka zenbait izango dira— arbasoen mintzaira, ehunurteko batez goiti entzun ez zena, azken urte hauetan ikasi egin dute, eta ikasi gogo ez dutenek ere begi onez so egin ohi diote berpizkunde horri; kornubierazko izenak ematen dizkie jende hainitzek beren etxeei, dendari hainitzek beren salgaiei; era berean, Bardoen Batzarreak antolatzen dituen jai eta ikusgarriei abegi ona egiten die. Noizik behin kornubierazko kantuak entzuten dira irratian, eta kornubierazko prediku eta kantikak elizetan. Hizkuntza ikasi dutenek aldizkari bat (hilabetekaria) kornubiera hutsean egiña badute 1934-garren urteaz geroz, lehenik Kernow, Caradarek ateratzen zuena, eta orain An Lef («Mintzoa») goian ikertu dudan literatura guztiaz kanpo. Literatura hori, aldiz, nahiz gauza apal samarra den Gales Herrikoaren aldamenean, bai eta Bretoin, edo Euskaldunaren aldamenean ere, nahiko eder eta zabala da, eta mintzaira jakintzarako daukan garrantziaz bestalde, atzerritarrentzat ere badu erakarmen berezi bat; alabainan, «myrakyl» zaharretako hizkuntza dute berpiztu esan dudanez, eta horrengatik kornubiera berriak halako erdimendeetako usain bat dauka poesiarako oso ederki datorrena.

        Beharbada berpizkundeak urrats gehiago egingo, du aurrera hurrengo urteotan, Bretaina Handiko gobernuak autonomia zerbait ematen badio duke-herriari, Kornubitar herri-maitale batzuek eskatzen dioten bezala.

 

aurrekoa hurrengoa