www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

NERE SINESTEA

 

        Ariman sinesten dut —bere izen arrunta eman behar baitzaio—; erran nahi dut izaki bakoitzean alderdi psikiko bat badagoela; konbentzitua nago, eta materiazale mekanizaileek diotenez bestalde, psukhê hori ez dela ekaiaren gain-fenomenu bat abere eta gizakentearentzat, baina aitzitik, fisika-kimika aldaketez oso bestelakoa, bere izate barnatsu eta sakonean. Nere ustez, parapsikologiazko ikerketen bidez, gisa batez edo bestez, hori probatu izan da. Esate baterako, erran genezake arima errealitate bakarra eta bakoitza dela. Bai; nire Arima neure errealitate bakoitza eta bakarra dela sinets nezake...

        Metafisika sistema batzuek irakasten dutenaren aitzitik (adibidez, Indietan), arima hori bakoitzarena dela sinestuko nuke gisa batez bederen, zeren ez diodan ukatzen psuke-arteko iduria, baizik kristau ikasbidearen aitzitik, gure lurreratzea gabe, gure sortzea gabe izaten zela uste dut —eta benetan bizi zela— eta gure heriotzaren ondotik mundu honetan biziko dela. Ez dut erran nahi, hala ere, metenpsikosian sinesten dudala; erran nahi bailuke, arima bakoitzak gorputz, batetik bestera tai gabe aldatu behar lukeela, bere aitzineko bizitzako moral merezimenduak haragitze, bakoitza eratuz. (Karma-ren ikasbidea.) Kelta druida aintzinekoak ohartu ziren bezala, uste dut gure bakoitzaren arimak bizitza asko dituela eramaten mundu material desberdinetan, hein desberdinetan, baina «garai» absolutorik ez denaz gain, bizitza guziak garai berekoak dira, denbora berean gertatzen, baina hori beste kontu bat da...

        Hein bakoitzean, «mundu» bakoitzean, arimak gorputz aragidun bat izan behar du, zeren aldi bakoitzean erran genezake arimaren kontzientzia dela gorputza: arimak bere ezagutza izan dezan bidea (Aristotelek zioen arima gorputzaren iduria, itxura dela). Horregatik, nahiz gorputza gauza iragankor eta bigarren mailako den, Arimari berdinduz nahi bada, sineslari batzuek dagiten bezala, ez da mespretxatu behar hiltzera behartua baldin bada, arima beste plan edo hein batera iragaiten delarik. Aitzitik, gure nortasun ezagutuaren oinarri bezala ezagutarazi behar da, eta hortik («Die Hinterwelter»), hots, metafisikalarien mintzaldien gatik bere izatezko indarrak ohoratu behar dizkiogu, horiek baitira, nahiz azalezko nahiz apaleko, erro sakon eta beharrezkoenak: erran nahi dut, sexuaren ezagutza eta etniaren kontzientzia. Gogoaren gainbegia gatik, zentzu horien ukatzea ez lizateke engainu eta astakeria baizik, zeren «aingerua egin nahi duenak animalea egin dezake».

        Ariman sinesten badut, Jainkoetan sinetsi beharko ote dut? Nere ustez, hauzi oso desberdina da. Neretzat, nere arima aski zait. Halere, bere batasunaren nekeak astun egiten dionean, Jainkoak ohoratzera zirikatua da, nostalgia baten uztak edo klaneko giza handien arimen oihartzuna gure izatearen beste planetan bizitzen direnak balira bezala.

 

aurrekoa hurrengoa