www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABERTZALETASUNAREN INGURUAN

 

        Menderdiaz goiti dala gaur Arana-Goiri'tar Sabin'ek eusko abertzaletasuna irazan zuela, igikun orri buruz apur bat gogoetatzeko ordu dugula iruditu zait: zertan dabilen orainaldian, zein geralditarantz dijoan, eta abar.

        Arana-Goiri'k Euskadi itz-berria asmatu zuenean, zazpi euskal-eskualdeak —Frantzia eta Espainia aldekoak— gogoan zituen noski, zazpiak izkuntza bateko, enda bateko, gizalanbide bateko dira-ta. Auzo erriek jarri diguten mugak ezin bereizi du bat-izate ori. Bainan Arana-Goiri bizkaitar izaki, eta Bizkaian bizi izaki, Bizkaitikan zion abertzale igikunari abiadura eman. Andik landa Gipuzkoara edatu edo zabaldu ba zan ere, bai eta Araba eta Goi Naparroara, Iparraldeko euskal eskualdeak ez zituen asko ikutu igikun berri orrek. Beraz lenengo abertzaleak Espainiarekin euki zuten auzia edo. Obeto esan, Espainia euki zuten etsaia.

        Ori ezinbestekoa zan, yakina. Bainan Espainiari arroztuz, Frantziari buruz ingaratu zituten begiak eusko-abertzaleak. Zio onak ba zituzten ortarako, ezpairik gabe, Frantzia Askatasunaren Erria baita —berak aski gora aldarrikatzen duanez— Euskadi ere lagunduko zuela askabidean uste izan zuten Euskaldunak...

        Ustea ustel biurtu dala agiri da orain. Beren itxaropen edo iduripen batzuk orraztu eta garbitu bear lituzketela abertzaleak ba dirudi beraz, garbitze lan orren ondotik obeto ikus dadin Euskadi gaizkatzekotan zer egin diteken.

        Frantziak eusko-abertzaleak batere lagundu ez dituenik ez dut esango. Espainitar anai-gudaren ondoren atotsi ditu ta aterbe eman die. Bainan ez ditu lagundu Euskaldun ziralako «faszismuaren zinopak» ziralako baizik. Frantzitar politikaren araura, eusko abertzaleak «gori» ziran eta, orrengatik, orduko Frantses gobernu ezkertarraren gogarako. Frantziako eskubitarrak, aldiz, Francoren adiskide eta Euskaldunen arerio gertatu ziran, oiek «gorri» ziralakoan, ain zuzen ere. Guk badakigu Euskaldunak ez zirala ez gorri ez zuri, bainan euskal-endazale, eta euskaldun egoteko borrokatutakoak. Gertakizunek ala nai izanik, eusko abertzaleak Espainitar Erkalaren aurka gudan arkitu izan ba lira, orduan, vice versa, Frantzes eskubitarrak gure adiskide ta ezkertarrak gure arerio ikusiko genitun...

        Ots, Frantziaren etsaigoa edo adiskidantza ez dagokio euskal-endari, bainan politikatik dijoa beti. Nola izan leike bestera? Frantzesek enda bat zer dan ez dakite; jakin ere ez dute nai. Frantziako politika gizon guztientzat «Frantzia Ekintzako» Maurrastarretatik asita demokristar eta sozialisteraño, abertzaletasuna asmo uts bat baizik ez da: batzuentzat Frantzia Erromaren alaba geiena da; besteentzat, demokraziaren sorterria... Bainan ez batzuek ez besteak odol-aragizko gizonaz, egizko gizonaz, enda bateko dan gizonaz batere ez dute ardurarik bere errietan.

        Ez da beraz arrigarri Europa-Erdiko ghettoetako seme batek, edo Afrika Beltzeko giza-jaleen biloba batek Normandia edo Bargondiako aurren eskubide ta eginbide berdinak baldin ba ditu erri argitu eta aurreratu ontan, Erkal Bat, eta Zatitezinaren dogman sinisten duen ber. Ori Frantzitarren barru-auzi bat dala badakit, eta ez dugu bertan sartzerik. Bainan enda asmoa ain osokiro arbuiatzen dutelako, Frantzi-barruko enda minoritateak oinpetzen dituzte Frantzes erriketariek; Breiztarrak (edo Bretoinak, naiago ba duzute), Flandestarrak, Elsaz-Lotharingarrak, Korsekarrak eta, azkeneko, Laburd, Be-Napar ta Zuberoko euskaldunak.

        Jakin bezate eusko abertzaleak eta, batez ere, euskaltzaleek, oik baitira egizko abertzaleak, euskera betiere Ipar-Euskadiko ikastetxeetatik at atzitzen duela Frantziak Ego-Euskadiko ikastetxeetatik at Espainiak atzitzen duen bezelaxe, «Euskal-Frantzesak» abertzale sutsu beti ez gerala badakit, eta mendiz bestaldeko gure endakideek euskaldungoa izkilluz zaitzen zutelarik, guri ori dantzaz eta kantuz egitea aski zitzaigun... Ala ere, Euskaldun guztiok anai gerala egia ba-da, ta ez itzu-irudi soil bat, Frantziak euskaldungoari egiten dion iraña, Laburtar, Be-Napartar ta Zuberotarrei izkera-askatasuna kenduz, Euskaldunak orok ikutu bear ditu, Espainiak bere meneko Euskaldunei egiten dionak oro ikutzen gaituen bezala.

        Breizerarekin, flameserarekin, edo beste edozein minoritate bateko izkuntzarekin Frantzitarrak ala-ala jokatzen dira, jakina. Europako errialde guztiei gainbegiratu ondoren, Frantzia ta Espainia dirala erririk zentralistenak oartzen gera. Biok berdin nabari darakuste Latinen edo, beintzat, Latin-berrien ezaugarri dan beste enda edo kulturen ganako erdeinu ori. Nai ala ez, biak berdin euskaldungoaren, bai enda-minoritate ororen etsaitzat jo bear ditugu beraz.

        Gure etsaiak nortzuk diran dakigula, nora itzuliko gera adiskiderik arkitzeko? Nire aburuz, beste erri minoritari oriek ditugu, ain zuzen ere, adiskidetzat eta lankidetzat artu bear, gure zendagoa zaitzeagatik egiteko dugun gudan. Benetan diot: erri andi baten edo besten jarri zituzten itxaropenak utzi bearko dituzte eusko-abertzaleak; erri andiengandik ezer ez dezakegu itxaro. Europaren mapa bati begiratzen ba diogu, orde erri andi gutxiz-geienetan enda minoritateak daudela ikusten dugu, gure arlora oinpetuak, geure asmatasun —amets eta asmo berdiñak dituztela—, ainbat non minoritate guztiok bat eginda, erri andi endekatuak baino andiago ta indartsuago gertatuko baikera. Espainitar guda aurretik Euskadik Katalunia ta Galiziarain egin zuen Galeuzka dalako alkartza orain zabaldu bear dugu, Frantzia ta Europa guztiko erri minoritariak oro artan sarreraziz.

        Ba dugu lan, egiteko ortan. Bainan ba dugu ordu, lanari lotzeko. Enda-asmoaren arerioekin alkartuz ezer ez dugu irabaziko endazale baikera gen Bakarrik egote ere ez zaigu balioko. Eusko abertzaleak, berriz beinera gogaide ez ditukegun erri andietako politikeroekin flirtatzen ez dutenean, beren artean kokatuegirik egotera ekarriegi dira, nik ikusi dudanez. Txundigarri da beste abertzale igikunen aldera erakusten duten jakin-eza... Esate baterako: 1951-gko Azilan oraindik, breiztar abertzale bat (Andrev Geffroy) eriotzara epaitu Frantzitar auzitegi militar batek; ez euskal aldizkari bakar baten ere, ez dut auzi orren aipurik irakurri...

        Egia esan: Euskaldun gazteetan batik-bat, jakinmin geixeago nabari diteke guda anaitzat artu bear genituken beste aberri oinpetu oriei buruz; zenbaitzuk dazaguzkit breistar abertzaleekin ibiltzen diranak, folklore jaietan eta orrelako batzarretan, bai breizera pitin bat ikasi dutenak ere. Ori, ordea, ez da naikoa. Ez soilik Breistarrek, baiñan Frantziako beste enda minoritateak —Flandestar, Korsekar, Elzastar, Okzitanitarrak, e.a.— Baita Sartalde-Europa guztietakoak —Bretainia Andiko Keltak, Nederlandako Fristarrak, Italiako Sialitarrak e.a.— abertzaleen lagunarte ortan onartu bear ditugu, aspaldion Katalanak eta Galizitarrak onartuak ditugun bezala.

        Ene gardiz, Paris au toki egokia genduke orrelako «Aberri Oinpetuen Alkartza» edo liga bat eraikitzeko, ugari baitaude emen minoritate gotxizgeienetako semeak. Oraindanik, eusko abertzaleak ar-emanketan sartzera saiatu bear lirake oriek guztiekin, erri-arteko batzaldiak antolatuz bai eta, eginkor ba'litz, aldizkaritxo bat argitaratuz ere, erri-arteko alkar-laguntza berri orren adierazke litzakenik.

        Eusko-abertzaleoi zer derizkiozue?

 

aurrekoa hurrengoa