www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

FRANTZIA DE GAULLEREN KEPISPEAN

 

        Frantziako politikaz ardura duten Euskaldunetatik bat baino geiago arrituko zan, noski erri honek, leenik irallaren 28'ko referendum zelakoan eta gero Azila-Abenduetako auteskundeetan eskuin aldera eman duen ingurakadari oarturik. Munduari «gizonaren ta erritarren eskubideak» ezagut erazi diaion erria faxista egin ote zaigu?

        Lasai beitez beldur hori dutenak, De Gaulle buru duela leenago bezain errepublikano baitirau Frantziak... Autesleen eskuin alderatzeak ez du iñolaz ere faxismuaren gurenda bat esan nai komunistek eta beste ezkertar zenbaitek hala siñets erazi nai badute ere. Egia da jaurbide-aldakuntza bat eskatzen zuela erriakerritar gutxiz geienen gorrotoa edo erdeinua baizik ez baitu irabazi Mariana IV-garrenak bere jauralkian egon amabi urteetan. Hemen izartea kampotik edo azaletik baizik ezagutzen ez dutenek uste dute askotan Frantzitar guztiak, larriak eta xeeak, aberaski bizi direla. Hala izango dira Europa egoaldeko erri atzeratuetako jendeen aldameneani ez ordea oikonomiaren aldetik komparakizun artu bear diren Europa-sartalde edo Iparraldeko errietako biztanleen aldamenean: Bretainia Aundia, Nederlanda, Alemania e.a. Ba dira Frantzian bear gorrian bizi direnak, esaterako jende adinekoak; edo-ta jateko diña irabazten ba dute ere gaurko bizitzak eman bear lizkieken erosotasunak iñondik ere ezin eskura ditzaketenak: langille geienak, nekazari xumeak, moda politikoari jarralki nai ez zaizkion intelektualak. Egia da metalurgia edo beste industria aundietako langilleak ongi samar bizi direla; alderdi ezkertarrek batez ere komunistek eta komunisten esku-makilla den C.G.T. delako langille-batasunak, zaintzen dituztelako horien intresak ez karitatea gatik noski bainan auteskundeetako petzeroak heien artean dituztelako, bai eta gudukariak iñoiz erri-gudu bat gertatuko ba litz! Aberatsak edo erdi-aberatsak bear bada ugariago dituzte Frantzian beste erri batzuetan baino, halaz ere minoria bat dira eta minoria hortatik ez diren erritarrak konturatu dira azkenekotz 1944 garren urtetik hona aldizkatu diren ezker-edo erdi-aldeko gobernuek ez zutela heien egiazko ajolarik. Gainera desadan gobernuok ez direla gai izan Frantziako lenengo gizarte problema etxe berriak eralkitzea, alegia, eskatzeko, eta bestalde, galtzera utzi dituztela kolonia ta beste frantzes lurrik asko: Indo-Sina, Marroko, Tunisia... Ez da beraz txundigarri ezezkoa eman ba diote IV-garren Errepublikari Frantziar gutxiz geienek, eta auteskundetan eskuinaldera inguratu ba dira, De Gaulle zaleen «Union pour une Nouvelle Republique» (U.N.R.) izendun alderdi berriaren onetan, gizon «berri» horiekin gauzak aldatuko zirelakoan.

        Aldatuko direnentz beste auzi bat da... Dagoneko ba da dembora apur bat De Gaulle'k eta honen adiskideek gobernuko giderrak eskuetan artu dituztela. Zer egin dute orain artean Frantzia osakundeari buruz abi arazteko, aurreneko gobernuek egingo ez zutenik? Ezertxo ere zergak goititu dituzte, gobernu berri orok bezela bizia galestitzera utzi dute, orain artean izan den bezela; Argeliako guduak beti ere dirau naiz autesleek uste zuten bakea ekarriko zuen gizon bakarra, zela De Gaulle... Aaztutzera nijoan zerbait egin du jeneral eskuintarrak bearbada gobernu ezkertar batek egingo ez zuena: Ginea galtzera utzi du, hortara batere beartuta izan gaberik... Zergatik bada «Maiatzaren 13-garreneko gizonek», IV-garren Errepublikaz nazkatuta ta Frantziaren aunditasuna berpiztuko zuen abertzale bat irrikatuta, beren itxaropena ta konfidantza De Gaulle'n jarri izan dituzte? Guy Mollet sozialistak egia aundia esan du bein, Frantziako eskuintarrak munduko ergelenak direla alegia! Hala agertu dira berriz ere jeneral luzea aukeratu dutelarik salbatzailletzat, Frantzitarrik geienak zarraizkiela propaganda alegin eskerga baten ondorioz. Alabainan eskuintarrok —ez dira faxistak, zenbaitek hala aldarrikaturik ere, bestela De Gaulle bezelako gizon bat sekula ez zuten onartuko— betidanik militarista amorratuak dituzte ta gertu daude beti kepis baten aurrean belaunikatzeko, kepis horren pean, maiz gertatzen denaz, burezur asko bainan burmuin gutxi ba dago ere, humorista batek zionaz... Muin baino ezur geiago estaltzen duela De Gaullen kepisak zoritxarrez konturatu aal izan gera Frantzitarrak edo Frantzian bizi geranak, haren itzaldi ozen, uts parregaiek salatzen duten bezela 1940-garren urtetik hona itzegiteaz besterik ez baitu egin. Kalte aundiak egitera utzi ditu ordea, esan delako «liberazio» hartan, bere adiskide ta aldezleak: orduan 100.000 baino geiago gizakik bizia galdu dute, Alemaniaren edo Vichyko gobernuaren alde izan zirelakoan, naiz komunistek sarraskituz, naiz Zuzentzaren iñakin bat ziren «Cours de justice» izeneko auzitegi alderdikorren epai baten ondorioz: egiazko errizalea izan balitz eta egiazko zentzu politikorik izan ba lu, bere alegiñak oro egingo zituen De Gaullek horrelako erri gudu bat baztertzeko, bainan naiago izan du izu jaurkera bat izatea Frantzian komunistei gogor egitea baino. Geiago dena: orain komunisten etsai aundia emen den jenerai eskuintar horrek berak ministro-kargu bat eman zion bere gobernuan Maurice Thorez desertoreari... eta berak lekuan ezarritako komunist sozialist-kristaudemokratek naiko desordena orotan zabaldu ondoren, naskatuarena egiñik gobernua utzi eta bere «Oroipenak» idaztera baserri batera joan zitzaigun erriaren salbatzalle hori! Halaz ere adarrak esartzeko diruditen frantzitarrek, igarotakoak aazturik, biotza burua bezin utsik daukan militar horri dei egin diote berriz ere, berak sortu zuen gaitzaren osagarria emango dielakotan eta naiz zenbait damutzen asiak diran dagoneko, ba dira oraindik haren aurrean auspez etzanik daudenak, jauresleak iduri, arabitar zaarrak ka aba zelako jainko izunaren aurrean zeuden bezela...

        Bainan balio du urbillagotik so egin diezaiegun jainkoizuna eraiki ta jaurespidea antolatu duten sorgiñei, esan nai dut, gaullismu ber-egosi hori erriari aurkeztu to onar erazi dioten politikagizon barriei. Berriak dira ote? Bai zera... Izenari baino, izanari begiratzenago ba diogu. «Union pour une Nouvelle Republique» deiturak ez gaitu atzipetuko orain artekoen irin bereko baitira alderdi hortako politikeroak edo beste De Gaulle-zaleak; eta nola lirake bestelako, hain zuzen ere gobernuan ezarriak izan ba dira Frantziako jaurbidea funtsean alda ez dadintzat? Alabainan erriak aldakuntza bat eskatzen zuen egiaz, hala non Errepublika bera galzorian baltzegoan.

        Hori iñolaz ere ezin onar zezaketen ordea Errepublikaren benetako buruzagi ta Errepublikatik bizi diren notiñek, horiek ez baitira soilki politikariak eta gobernu-gizonak, bainan politikari ta gobernu-gizonak atzetik darabilzkiten kapitalista aundia, geienak judu edo ezkontzaz juduerian sartuak direnak. Oargarri da De Gaulle'n inguruan ainbeste judu izatea, orain gobernuko giderrak eskuetan dauzkatenak: Jacques Soustelle, Michel Debre, Maurice Herzog e.a, e.a. Andre Malraux bera bankier baten seme izaki, judusa batekin ezkondua da, Massu jenerala (zenbaitek faxista bailitzan aurkezten dute den bezela! Bainan zenbait judu geiago itzalean egoten direnak, publikoaren ixillik, ez ordea finantzetako espezialisten jakinezean... Dakusgularik Mendes-France sefardita gaullismuaren kontrakoarena egiten, zillegi zaigu beraz parre egitea: otsoek ezbaitute elkar jaten.

        Orain arte Frantziar bat banintzan bezela mintzatu naiz. Hala naiz ere legearen aldetik, eta frantzes legeak leporatzen dizkidan zergaordaintze ta beste eginkizunak bete bear ditudan ezkero eskubidea daukat De Gaulle'n «eraberritzea» merezi duen bezela epaitzeko. Baina zuberotarra naizen aldetik, Frantziako Errepublikak izate ofizial oroz gabetu duen erri bateko seme alegia, ajola gutxi nuke De Gaulle'n kepis-pean Frantzia sendatze bidetik abia dadin ala, uste dudanez, erorbidetik jarrai dezan, Zuberoak eta beste Euskal-erriek zer edo zer itxaron aal ba lezate gobernu berriaren gandik. Horrelako itxaropenik ezin izan dezakegu ordea, Frantziar errepublikanoak —bai eta Charles Maurrasen eskolako pseudo-erregezaleak ere— bata bestea bezain zentrallistak baitira guztiak naiz ezker-aldeko izan ditezen sozialista, radikal eta demokristauak bezela, naiz eskuin-aldeko De Gaulle ta De Gaullezaleak bezela. Afrika'ko beltzak ba giña, bear bada gure erritasuna ezagutua litzake, larrua beltzago ta begirune geiago zor baitzaio «gizapertsona»ri Frantzitarren ikuskeran bainan Europarrak baizik ez gera... Nondik zer itxaron dezakegu beraz euskaltasuna gure errietan galtzera utzi naiz ez dugun Zuberotar, Be-Nafar eta Lapurtarrok? Laguntza gutxi noski «Euzko Abertzale-Alderdi» ofizialaren gandik, demokraziaren konzeptu abstraktua euskal-enda baino maiteago duela erakutsi, baitu orain artean, eta De Gaulle ala ez De Gaulle, uste izateko da aurrera ere Frantziako Errepublikaren zale jarraituko duela, non ez ba du frantzes gobernu berriak Franco'ren Espainiaren adiskidetasuna billatzen, hori ere bai bailitzke... Eta guretzat, eta Bretaña, Flandira, Elsaz-Lotharingia ta Frantziaren menpeko beste erri oinpetuentzat, itxaropen bakarra litzake edo Frantzia egiazko Jaurbide ta gogo-aldakuntza bat gertatzea hala non 1789-garren urtean onartutako kontzeptu universalistak utziko bailitukete Frantzitarrek, bainan beldur naiz hori amets urdin bat baizik ez dela, edo kampoko almen batek Frantzia guduz garaitu ondoren guri askatasuna atzera emate... Quod sit in votis!

 

aurrekoa hurrengoa