www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

KULTURA ETA FOLKLOREA

 

        Europa federal baten barruan, bere nortasuna, bere etnia jatortasuna begiratuko dituen Euskal Herri batentzat borrokatu nahi dugu; beraz izpiritu zuri eta lotsorri beldur emateko lain den ekintza bat gogoan hartu behar dugu, eta nahiz politika itxura beharrezko duen, gure xedea ez da abertzaletasun ohil eta kanpotarren etsaikerian sartuko dena: Marc Legasse-k, nonbait zioen bezala, gure herria euskalduntzera inguratzen gaituzten atzerriek bortxatu gaituzte. Baina jarraitzen dugun xedea kulturazkoa da.

        Egiaz abertzale artean, azken urteotan, euskaldun kultura asko aipatzen entzuten da. Baina zer diogu horrekin? Beldur naiz ainitzentzat euskaldun-folklore erran nahi duela. Artean, zer da folklorea? Bere etimonaren arabera, german eta satson herrietan herri batek bere gogozko eta lanezko esperientzietan, ohituretan bildu dituen jakitateak dira, eta bere metafisika gogoeta, eta mitologia erausten dizkiguten ipuinak barne diren bezala, joku eta lanaren tankera zaharrak teknikaren aldetik barnean daude. Hala mugatu folkloreari Kondairari eta Euskal Ekonomiari bezala interesatzea komeni, zaio naski bere herria osoki ezagutu nahi duen euskaldun bati, kontuan hartuz gainera bere jakin egarria asetzeko nahiko elementu eman izan zaiola Azkue eta beste lkertzale zintzo batzuen lanen bidez: hala nola Julio Caro Baroja edo J. M. Barandiaran.

        Baina Frantzian eta orokorki latin herrietan herri baten jolasketak folklore izendatu ohi diran, hala nola kirolak, kantak, dantza eta jauziak, eta hala euskaldun kultura hedatzea eta gordetzea aipatzen denean, herri kantak, dantzak, kirolak gordetzea eta hedatzea da.

        Naski gure kiroletan edertasun, jaukaltasunik bada; berdin dantzetan, eta gure bertsolarien kopletan humore... Baina euskaldun kultura hortara Mugatzea, edo kulturaldetik garrantzi berezia daukala, sinestea, frantses kulturak Becaud-en kantetan duela bihotza, eta amerikar kulturak base-ball-ean erraitea litzateke.

        Zer da beraz euskal kultura? Egiaz ez da zuzen, nere ustez, euskaldun kulturaz mintzatzea, kultura hitzari bere adierazpen osoa emaiten baldin bazalo bederen. Europar badago, gurean, beste herrietan bezala tokiko ikurra duena, edo, nahi bada, europar «kultura ziklo» bat badago eta herri bezala haren barnean gaude, ez jende, ez frantses edo espainol herritar Legean. Euskaldun kulturaren alde lan egitea helburu denean, europar kultura hortaz jabetzea on da, bereziki Beltzen eta Orien abertzalketasun borrokariak jotzen duenean, Nietscheren izu deia guri zuzendua dago: izan gaitezen Europar on! Guretzat euskaldun bezala hortaz jabetzea eta ekitea beharrezko da, eta euskararen bidez halabeharrez.

        Bitxi iduri baldin bazaizue ere, uste dut Shakespeare, Poe, Sofokles eta Platon itzultzen duten euskaltzaleek lan beharrezko bat egiten dutela, eta abertzale zentzu egiatiago bat ez badute besteek baino, begiraleak baino argiago direla nola nahi, zeren horiek herriak utzi zorian edo zeharo utzirik duen dantza piko bat salbatzea bakarrik nahi dute, edo sekulan jantzi ez diren soinekoak kontserbatzea. Gainera gogoz, bihotzez, hizkuntzaz ezinago euskaldun izan diteke, nahiz arin-arina baino cha-cha-cha gogoanago eta poker musa baino, edo biak baino java (Pariseko dantza) eta belota (frantses karta joku errezena). Berriz ere, guzti horrek herri baten bizitzan ez dauka garrantzirik.

        Aitortu behar dut euskaraz eta euskaldunentzat egiazko kultura baten alde obratu dutenek mende erdiz gaizki zuzendu zituztela beren aleginak, beren egin ahalak; jakitate guztia gatik, ideologia alderdikerien gatik eta abar, problema nagusi asko aterabide gabe gelditu baitira, hala nola euskara idatziaren batasuna... Guri doakigu beren irakatsiez baliatzea, hobeki egiteko edo hobeki enseiatzeko. Zeren haiek baidigute bidea erakutsi.

        Baina euskaldun folklorea eta kultura nahastea, eta lehen hori bakarrik gordetzeko lan egitea eta hala euskaldun nazioaren gogo bizitza salbatzea, iñora eramaiten ez duen bazter bide itsua da, desilusio garratza ez bada; zeren, gogoko ala ez, «gordezaile» eta «begiraieek» jarraituriko ohiko joku, dantza eta kantak bazter utzirik, euskaldun herriak bere kondairan beti egin duen bezala, berriki egin edo kanpotik etorritakorik hartuko du, eta molde berri horiek euskal folklore bilakatuko.

        Herri batek bere folklorea egiten du; gauza argia da, nere ustez, eta alper iduri zait lehengoaren, aintzinaren maitale esteta eta intelektuai batzuen gandik inposatu nahi izatea. Tamalgarri dena, hainbeste borondate on eta talentu borroka antzu batean higatzen ikustea da... Nahikoa eta aski da begien irikitzea, ikasteko nola gurea bezain apala den egoeran bizi ondoren, azken ehun urteotan herri batzuek beren etnia-nortasunaren errespetua irabazi duten, izan dadin politika jabetasunarekin edo gabe, beren ohiko dantza eta kanten alde lan egiteaz oso bestelako bidetatik, hala nola Fintar, Flamandar, Galestar...

        Aitzitik beste batzuk gu bezala folklore erdi-hil bat begiratzen alperretan nekatzen dira, artean beren herri nortasuna egiten dutenak galtzen direla: hizkuntza, lege ohitura eta gizarte ohituraz, arraza batasuna, etabar. Hala Irlandan, non eta abertzale kar batekin hasi baitziren joan den mendean, gaeliko atleta-kirol, gaeliko dantza, gaeliko «hurlin», gaelikoa (hizkuntza) hiltzen ari zen bitartean; ondorio bezala, gaur, herri aske den batean herri kontzientzia egiazko baten hutsunea eta bere ondorengoekin: kanpotar zapalketaren denboran baino ingleste sakonago, ekonomiaren gelditze, erbesteratze, herria jendez hustutze, etabar. Zoritxarrez, gaelikoz idatziriko liburu batean hori guzti garbi agertzen da; askatasuna geroztiko liburua, gazte batek idatzia bera: Saoirsegan Sô (joritze gabeko askatasuna), Seân de Ferine, Dublin 1960. Hala izanen ote da Euskal Herrian?

 

aurrekoa hurrengoa