www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRLANDARA, HAREN EGOERA
ETA EGUNGO ESTATUA

 

        Galdegin egin zait Irlandararen oraingo egoeraz idazlan bat eman dezadan EUZKO GOGOA-ko orrialdeetan, euskaldun irakurleak jakingarri ditukelakoan hizkuntza horren goiti-beheitikoak, eta Euskararenekin erka edo gonbara ahal ditzan.

        Orain duela zenbait denbora, irakurri ahal izan genduen aldizkari hunetan bertan artikulu bat, Andima euskal-idazle jator, jakintsuaren lumatikoa, Israel estatu berriaz eta, batezere, hebraiaren berpizkundeaz. Ez da handi, delako «berpizkunde» horretan kondu hartzen badute Euskaldunek, bai eta hauek bezala jatorrizko hizkera galtzera doala dakusaten Europa-Sartaldeko beste herri minoritariek: Israeldarren politika, hizkuntza den aldetik, eredu bat izan behar omen zaigu, eta politika hori koroatu duen ondore onak bihotz eman behar omen digu geure herriaren mintzo zaharra salbatu nahiz dihardugunoi, hartarik baitirudi hizkuntzak salba eta senda daitezkeela erien daudenean ere...

        Maiz entzun ditut horrelako solasak Euskaldunen ahotik. Hargatik, ez dut uste Hebraiaren problema Euskararenarekin erkagarri denik, ez eta irakasbide handirik eriden dezakegunik Israeldarrek haren alde egin duten bermantzan. Israel eretz eraiki duten Juduak munduko lau hegaletarik jinik ziren, bakoitzak bere mintzaera berezia zedukala, eta elkar uler ahal lezatentzat, erran gabe doa ezin onar zitzaketela mintzaera horiek guztiak hizkuntza ofizialtzat estatu eraiki berriaren buruzagiek, bat hautatu behar zutela baizik helburu hortarako, nahi ala ez. Egia da Engelesa edo Alemana edo Arabiera hauta zezaketela, hirur kultur-hizkuntza, handiotarik bat edo beste baitzekiten gehienek. Baina hautatze hori eragozten zuten sentimenduzko zioak konduak eduki nahi ez baditugu ere hain da ageri errex zela, bai errexago ere, Hebraiaren hartzea: judu eskolatuetarik anitzek bazekiten guti edo asko hizkera hori; gainera, Arabez mintzatzaileek ikasi zuten, eta horiek ugari ziren Israelerat egoitera zetozenetan, lehen jileen uhinean ez bada ere, ondokoetan behintzat. Gainera Hebraiara ere kultur hizkuntza bat da, betidanik landua izan denik eta beste kulturen influentza onuragarriaren eragitetik baztertua egon ez denik; estatu baten hizkuntza ofizial izaiteko behar den «prestige»-a bazedukan jadanik, eta apur bat eraberrituz geroz, batez ere haren hiztegia zerbaiska gehitu eta emendatu ondoan, gai zen oraindar bizitzearen beharki guztien expresatzeko. Ez zait beraz iduri Hebraiaren berpizkundea mirakulu bat izan denik, geuk ere bidez iguriki baitezakeku horrelako mirakulu bat gertaturen dela gure mintzairaren onetan. Aitzitik, gauzen naturaren arauko zelakotz da gertatu berpizkunde hori gertakariak oro bezalaxe.

        Hebraiararen salbamenaren baldintzak ez ditugu ordea Euskalerrian erideiten, eta gure herriak ihoiz ere libratzen baditu lokarriak erdaldunen uztarritik, horrek ez du erran nahi «ipso facto» Euskara salbaturik datekeenik. Alabainan Euskaldun guztiz gehienek jadanik badute hizkera komun bat: Erdara, hain zuzen ere. Gainera Euskara ez da, eta ihoiz ere ez da izan, kultura hizkuntza bat, non ez bada Prehistoriaren garai lanotsuetan Herriketa edo Jakintza edo Irakaskintzaren erran-beharrak gure herri-hizkuntzan adierazi nahi ukaiteak ezin erranezko zailtasunak eta korapiloak sorreraz litzake. Nor izan daiteke segur euskal-politikariak eta «inteligentza» zailtasun horiek beren gain hartzera gertu diratekela? Beren oraindanoko jokaeratik epaitu-eta, hori ezin sinets dezaket. Hizkuntza bat, aldiz, ezin bizi daiteke luzaro, Herriketa eta Jakintza eta Irakaskintzaren gai guztien adierazteko ere egoki eta on ez bada.

        Hebraiararenekin baino askoz zuzenkiago erka edo gonbara ahal dezakegu Euskararen problema Irlandararenekin, bai bi herrien historia politikoaren aldetik, bai bi hizkuntzen barruko historiaren aldetik. Horregatik, gogo onez, entseiaturen naiz euskal irakurleari argimendu zenbaiten ematera mintzaera zahar hunen oraingo egoeraren gainean, eskatu izan zaidan araura. Irlandararen egungo egoera ongi ulertzekotz, eta behar den argien ikustekotz, aldiz, iduritu zait premiatsu zela hitz zenbaiten erraitea haren hastapenez eta oraindanoko birraldakuntzaz. Irakurleak horrela ez baderitza, edo linguistika izendun sirena alfer, hutsalaren lillurek ei badute zorabiatzen, albeilietzat barka ene bazter-solas horiek!

        Nire artikulu hau irakurri ondoan, baliteke batek edo bestek bere gogoan iragaitea ez daudela Europaren Sartaldeko hizkuntza, minoritari gaizo horiek nik diodan bezain gaizki eri, edo, dena dela, bidegabe ditudala Euskararat hedatzen Irlandararen urkustetik atera ditudan jalgipen pesimistak. Hobe hala balitz... Ezaxolek eta funts-gabekoek gogarako dituzten hezur urretsuez eta amets hutsez, bere burua atzipetu nahi ez duenak, ordea, aitortu behar du hala ez dela. Halarik ere, aitortze horrek ez gaitu bortxatzen Euskararen alde deus egin gabe egoitera, baina soilki gure itxaropen ergel, oinarririk ez, duten anitzen sekulakotz, ohiltzera. Niketz, Ortega y Gasset-ek idatzi duen bezala osoro sinesten dut: «salba biderik hoberena dela begien ongi irikitzea, gauzen argi ikustekotz».

 

        1. Keltaratik Irlandararat

        Germanak indarka han sartu baino lehen Irlandan mitzatzen zen hizkuntza, orain artean biarik egon dena, Irlandara da. Lehenik Norvegarrak etorri ziren, VIII-garren mendearen azken urteetan, eta gero IX-garren mendearen erditsuan Danesak agertu ziren izaro berdeko itsas-hegietan. Hatsarrena Ipartarrok herria xehakatu zuten, eta azkenekotz, eskualde zenbaitez jabetu ziren, German errege herriak eraikitzen zituztelarik heietan: besteen artean, Limerick eta Dublingo aurkintzetan, hedatuenak baizik ez aipatzekotz.

        German horien kulturaren influentza, gehienetan uste den eta Irlandarrek berek aitortzen duten baino askoz zabalago eta sakonago izan bide zen: lehen Latinez Hibernia edo Scottia, eta bertako mintzairaz Erin deitzen zen herri horri, haiek zioten orain emaiten zaion izena ipini: Irlanda Oreen herria dela). Halaz ere, azkenean Ipartarren nagusigoa amaitu zen, Thomond eta Leth Moga-ko irlandar errege Brian Boru-k Dontarf-en garaitu baitzituen, Dublingo eskualdean (1014). Eta heien nagusigo politikoarekin batera itzali ziren mintzatzen zituzten ipar-germanarazko hizkelkiak; handik laster, Dane eta Norvegar inbasoreen ondorengoak gurutzatu eta nahastekatu baitziren Irlandar jatorrekin. Nabari da German hizkelkiok ez zirela itzali Irlandararen hiztegian eta fonetikan herexa zenbait utzi gabe, baina hartatik hizkuntza hau herri guztian nagusi egon zen ordu hartako.

        Denbora gutirik barne, ondikotz, anitzez galgarriago izan behar zen etsai bat oldartu zitzaion: 1169-garren urtean Engelandatik etorri Normanek Irlandan lur-hartu zuten. Eta geroztik Engelandarrak dira izan han jaun eta jabe, geroago eta jaun indartsuago, geroago eta eremu gehiagoren jabe. Nahas-enda bat ziren Engelandarrok: handikiak Norman ziren etorkiz, eta norman-frantsesa zuten hizkera; gehienak, aldiz, engel-saxoinak ziren, german mintzazaile, hots, engelesez. Bi hizkuntza handi horiek baditugu beraz orain Irlandararen alboan, Irlandararekin lehian. Herriaren hegoaldean, batez ere, ugari ziren atezerritarrak: Munster eta Leinster-en, eta Munsterko irlandar hizkelkiak, egungo egunean ere, frantsesaren influentza erakusten omen du bere mintzaeran (ikus Thomas F. O'Rahilly-ren Irish Dialects Past end Present). Leinster-koaz deus ezin erran dezakegu segurrik, Irlandara ez baita gehiago mintzatzen eskualde hortan.

        Gero frantsesak eremu galdu bazuen ere XIV-garren mendetik landa Engelandar guztiek Engelesa hartu baitzuten hizkuntza komuntzat, gune zenbaitetan baziren oraindik XIV-garren ehunurtekoan Frantsesez mintzatzen zirenak. Hanbatez indartsuago egon da Engelesa Irlandan, bera baitzen orain garaitzaileen mintzaira bakarra, eta Irlandara garaituen mintzaira izaiki, ez da zail igartzea zein izanen zen azkenekotz, bastearen buruzagi. Hargatik, hatsarrean bazirudien Irlandako Engelandarrekin gertatzera zoala Heladaz jabetu ziren Erromatarrekin bezala, eta izaro garaitua bere garaitzaileak meneratzekotan zela: ezen garaitzaileok irlandaraz hitzegiten hasi ziren —bortxaz, beren menpekoek ulert ahal zitzaten, bai eta irlandar neskak hartzen baitzituzten emaztetzat—, eta, areago dena, Irlandarren bizimoldearen araura bizitzen; hala non azkenean London-go Gobernuak, Irlandan egoitez zeuden Engelandarrak bai hizkuntzaz, bai ohituraz, bai sentimenduz osoro bertakoturik, garaipenaren frutuak galtzera zoazela baizekusan, neurri latzak hartu behar ukan zituen heien joera horren kontra, batez ere Irlandararen ikastea Engelandarrei debekatuz.

        Neurri horien gatik eta guztiz ere Irlandara buruzagi egonen zatekeen izaro edo uhartean —egoile guztiek baitzekiten eta baitzerabilten, nahiz anitz bi hizkuntzatako ziren—, Engelandarren politika bortitzago eta basakiago egin ez bazen, erlisioneko guduketa zela karia. Alabainan Engelanda protestante bihurtu zen, Irlanda katoliko egoiten zelarik. Horrengatik herstura handiak jasan behar ukan zituzten Irlandar jatorrizkoek eta halaber Engel-Norman bertakotuek beren hauzoen gandik. Erran gabe doa Irlandarak ezer ez zuela irabazi erlisioneko joku hortan, ezen orain Engelandarrak hasi ziren Irlandarrak egiaz gorrotatzen, beste sineste bateko zirelakotz, —beti gertatu ohi den bezala— eta halaber Irlandarren berezgarriak oro higuindu zituzten: jaunzkera, ohiturak eta, ororen gainetik, hizkera.

        Hizkuntzaren itzal eraztera entseiatu ziren, beren helmenean zituzten ahal guztiez. Cromwell protestante buru-beroa izan zen batez ere kaltegarri eretze hortan. Harek zituen «plantation» delako jende-aldaketak asmatu eta obratu: Irlandarrak horrela beren sor-lekuetarik ohildu zituen, eta ordean Engelandarrak edo Eskoziarrak ezarri; horrela hustu zuen bertako jendez uharteko Iparsortaldeko eskualdea, Irlandako mito zaharretan beti lehen zen Uladh. (Ulster) ospetua. Geroztik, Irlandarak ezin irabazi du atzera orduan galdu zuen eremua: aitzitik, geroago eta ahulago, izan da, geroago eta atzerago, joan da, bizirik egona gatik egungo, egunetara arteo.

        Irlandara keltar hizkuntza, bat da, beraz indoeuropar deritzaion hizkuntza, kente handiko kide. Erran nahi du haren ahaide direla, guztiok ama bakar batetik sortuak omen direlakotz, Asian eta Europan mintzatzen edo mintzatu diren hizkuntza hauek: Aryara, hau da Sanskrita eta Zenda, Armeniara, Helladara, Baltara eta Slaviara, Germanara, Italiara, bai eta harridazkietan baizik ezagutzen ez ditugun Asia Ttipiko Hetitara eta Turkestango Tokariara, ongi samar ezagutzen ditugunak aipatzeko soilki. Nahiz hizkuntza horiek oro ahide diren, badirudi zenbaiten elkarrekiko ahaikoa hertsiago, dela besteenikakoa baino. Erraiterako, Germanararen hiztegiar eta morfologiari so eginez, Italiararen eta Keltararen antz gehiago duela beste indoeuropar mintzairek baino ohartzen gara. Erran liteke hiru hizkuntzok indoeuropar berezi batetik datozela edo eta elkarren ondoan bizi zirela lehen mintzatzen zituzten endak.

        Irlandarrak bere hizkuntza «Gaedhilge» deitzen du, eta bere burua «Gaedheal». Bi hitz horien antze zaharrak «Goidelg» eta «Goidel» ziren. Keltar hizkuntzak bi sailetan banatu ohi dira, hostagi eta doinuaren berezkuntza batzuengatik. Horietan nabariena, sail batekoek aho-sapaiko (velar) soinua duten hitz batzuetan beste sailekoek ezpaineko (labial) bat baitute. Etsenplutzat: irl. mac... bretoinez, korniaraz, eta galesez «mab» (seme); irl. «ceann» (c = k)... galesez eta korniaraz «pen», bretoinez «Penn» (buru), e. a.

        Goidelak ziren lehenak Sartalderantz abiatu, Kristo aitzineko IX-garren ehunurtekoan. Zer bide hartu zuten? Pondu hortaz den bezenbatean, arkeiologoak ez dira aburu bateko. Batzuek diote lehenik Iparralderantz igan zirela, Alemaniako ipar-sartalderat, eta hango itsas-bazterretik Hiberniarat joan, ipar-itsasoaren gainetik, Germanen hauzo egon ondoren; egia da, gorago aipatu dudan Italiararekin dadukan ahaikoaz gainera, Keltararen influentza handia erakusten duela Germanararen hiztegiak, hala non ustekizun da Keltak noizbait Germanen nagusi politiko izan direla, edo behintzat hauek eredutzat hartzen zituztela, gizalanduago zirelakotz edo. Beste ikertzaile batzuek, aldiz, lehenik Galliaren hego-sartalderat aldegin zutela Goidelek nahi dute, eta handik zutela itsasoa hartu Irlandarako. Segur bada Keltiberian ere egon direla, hala da Hispaniatik zirela izaro hartarantz abiatu, Bizkaiko itsasoaren gaindi.

        Nondik etorri ere ziren, Kristo aitzineko VIII edo VII-garren mendean Irlandan agertu ziren Godidelak. Hauek jin baino lehen egoileak baziren hargatik uharte edo izaroan, eta iduri guztien araura, guztiak ez ziren Indoeuroparrak. Egia dateke Goidelak ez direla izan Sartalderat etorri ziren lehen Indoeuroparrak, eta beste populu bat familia hortakoa zenik aitzinean joan zarela; deus guti dakigu populu hortaz, ordea, badirudi Gallian eta Italian zeuden Ligurak, bai eta Hispaniako Ambrones zirelakoak hartarik zirela, eta haien herexarik Hibernian eta Britanian ere ba omen da. Urna-alorrean kulturaren ekarleak aren Indoeuropar horik; Julius Pokorny irakasle jaunak «Illyriar» deitura eskaini du, haien izendatzekotz, haien hizkuntzak Balkanetako Illyriararen antz handia erakusten baitu haren ondakin eskasetarik epait dezakegunez bereren, eta badirudi Baltararekin ere ahaidego berezi bat zedukala. Aitzin Keltak bezala eman ditzakegu Illyriar horiek. (Haien presentziaz Hispanian, irakur Tovar-en istudioak: Sobre la fijación de las invasiones indoeuropeas en España, «Boletín del Seminario de Estudios de Arte 5, Arqueología»; Uber das Keltiberische und die anderen alien Sprachen Spaniens, in «Eranos XLV»; Preindoeuropeans, Pre-Celts and Celts in the Hispane Peninsula., in «Journal of Celtie Studies, F»; eta beste asko. Irakur halaber R. Menendez Pidalen Sobre el substrato mediterraneo occidental, in «Toponimia Prerrománica Hispana», Biblioteca románica hispánica.) Zenbaiten iritziz Euskalerritik ziren lehen Indoeuroparrak Espainian sartu, eta haien hizkuntzari zor omen dio euskarak «mando» hitza, Tovar-ek uste duenez.

        Dena dela, Illyriar delako horiek ez ziren Kristo aitzineko milurtekoa baino lehen Europa Sartaldean agertu. Arkeiologiak erakusten digu, ordea, orduko bazela aspaldi Irlanda populaturik zegoela. Zer ziren Indoeuropar ezin diratekeen lehen egoile horiek? Zail baino zailago da horren jakitea, haien hizkuntza, —edo hizkuntzak, enda askotako izan ahal baitira— eta beste enda-berezgarriak itzali baitira haiekin batera. Zorionez, ez dira itzali beren ondokoen hizkuntzan eta ohituretan hatzik batere utzi gabe: hatz horien aztertzea dugu haien gain zerbait jakiteko biderik hoberena. Hortatik ageri da Irlandararen eta irlandar folklorearen premia, haietarik ikas baitezakegu xehetasun gehiago Europako populu zaharrenei buruz.

        Indoeuroparrak heldu baino lehen Europaren sartaldean mintzatzen ziren hizkuntzetarik, berriz, batek baizik ez du egungo egunetara iraun: Euskarak. Ez da handi beraz Euskararen hatzen bila ibili badira jakintzariak; Irlandararen ez-indoeuropar substratum hortan, hain zuzen ere, hitz asko eriden daitezke bi hizkuntzek komun dituztenak. Baina kontuz ari behar da bilaketa hortan, ezen hitz bat aurki daiteke Euskaraz eta Irlandaraz bera dena, horrek ez baituke erran nahi Europako lehen egoile indoeuropar ez zirenen hizkuntzarik datorrenik, baina aitzitik Euskaldunek zutela delako hitza Kelten eta Aitzin-Kelten ganik jaso.

        Horrengatik, lehen saileko hizkuntzek k. keltara edo Goidelera eratzen dute. Irlandara eta Irlandaratik etorri diren hizkuntzak baizik ez baitaude sail hortan: bigarrenekoek, aldiz, p-keltara edo Britaniara, lehen Britania deitzen zen uhartean bizi baitira, edo hartarik jin baitira orain mintzatzen dituzten Keltak (Bretoinak V-garren mendean hasi ziren Britani a Handitik batez ere Cornwall, Kernow eta Devon-etik Armorica zeritzaion Galliako eskualderat aldegiten, Germanen aitzinean ihes). Egiantz, ororen araura, p-keltarazko ziren Gallian mintzatzen ziren Keltar hizkelki guztiz gehienak, Caesar-en garaian bederen. Badirudi Hispaniako Keltiberak, aldiz, k-keltak zirela, Antonio Tovar jaunak nahi duen bezala (ikus haren Las inscripciones ibéricas y la lengua de los celtíberos, in «Boletín de la Real Academia Española», XXV).

        Erran gabe doa Keltak ez direla orain edo kristau aroaren hatsarreko inguruko mendeetan dakuskigun eskualdeetan beti izan, hots, Irlandan, Bretaina Handian, Frantzian eta Espainian, ez baitago Indoeuroparrik Europa Sartaldean Kristo aitzineko milurtekoa baino goizikago, edo hor inguru. Nonbaitik etorri ziren. Nondik ote? Arkeiologo gehienek onartzen dute Kelten sehaska Alemaniaren hegoaldean izan zela. Flor bizi izan dira sartalderantz abiatu baino lehen, Italiarrak zituztelarik hauzo. Uste izaiteko da Goidelen arbasoak Latinen ondoan zeudela; Britaniarrenak, aldiz, Osko eta Ombriarren aldamenean, ezen Latinek ere ahosapai hots bat mingatzen dute azken izendatu bi populuen hizkuntzetan ezpain-hots bat duten hitzetan. Adibidez: lat. «quis» eta irl. «ce» (e = k); baina osk. «pis», gal. «pwy», bre. «piv» (v - w), kor. «pyu» (nor).

        Alabainan gogoan eduki behar dugu Kelten edo, behintzat indoeuropar jende batzuen hauzoan bizi zirela Vascones izenez Aitzinateko autoreek ezagutu dituzten euskaldun zaharrak. Areago dena, ustekizun da egungo, Euskalerriko zati batzu Keltez edo Aitzin-Keltez populaturik zeudela Kristoren sortzaroaren inguruko mendeetan. Sortalderago aurkitzen baitziren orduan Vascones horiek hots, Nafarroako eta Aragoiko mendietan. Horrela, euskaldun zaharrek hitz andana bat hartu ahal izan dute beren hauzoen ganik, eta, gainera, hauzo horiek berek aberastu ahal izan dute euskal-hiztegia beren aitzineko hizkuntzako hitz batzu begiratuz euskaldundu izan diren orduan. Halaz ere, hitz zenbait erideiten dira Euskarak eta Irlandarak komun dituztenak, bai eta beste keltar hizkuntzek ere; hauk ere ez-indoeuropar hizkuntza batzuen jarraikitzaile baitira orain mintzatzen diren herrietan. Irlandarazko lehen textuek zaharrantz gehiago erakusten dute, ordea, Britaniarazko idazki zaharrenek baino, eta horrengatik onuragarriago da beti horren jakilegoaren bilatzea ezen ez haienaren, substratum-hauzi hortaz den bezanbatean eta indoeuropar ez direnak. Ezagutuena baizik ez aipatzekotz, «andera» hitzak «biga» edo «emazte gazte» erran nahi zuen lehenago; Euskarak (andere, andre) eta Irlandarak (aindear, aindir, ainnir) bigarren zentzua begiratu edo gorde dute bakarrik; Galesak (anner), Kornubiarrak (id.) eta Bretoinak (onner, ounner; Vannes-ko hizkelkian annoer, anner), aldiz, lehena. (Ritz horren problemaz, ikus Karl Bouda eta J. Pokorny bi linguisten eztabaida `Eusko Jakintza»-n, V-gn; halaber azken hunen artikulua Zur Herkfunt von gall anderos Feuerbock, in «Zeitschrift für romanische Philologie», 1952 8, 5-6).

        Horrelako hitz bat erideiten denean, ez du baitezpada Keltarak Euskarari zor dionik erran nahi; badaiteke bi hizkuntzek hirugarren baten ganik jasoa izatea. Hain zuzen, Pokorny jaunak uste du «andera» hori kamitaratik datorrela (ndr: susara izan). Schuchardt-ek uste zuen, baiki, Euskara Kamitararen abar bat zela, baina geroztiko ikerkuntzek ustekizun hori erautsi dute, dirudienez; halazere, Euskaldunek hartu ahal izan dute hitz hori Kamitaratik eta gero Keltei eman. Edo Keltek dute lehenik jaso eta gero Euskaldunei helerazi. Edo bi populuek bide berezietarik Kamiten ganik hartu dute.

        Zein gunetan Euskaldunak edo Keltak edo biak Kamiten hauzo izan dira? Espainian? Egia da Afrikatik jin bide zirela Ibera... Alta Gallian ere aurkitzen dugu «andera» biga eta emazte-izen, bai eta «anderos», zezen; azken forma horrek eman baitu «landier» oraingo frantses hitz suburdin, berriz ere Euskararat itzuli dena («lander»-ak Zuberoan). Behar bada euskal hitz jator bat da azkenaz beste... Edo osoro itzali den, baina lehenago Europa Sartaldeko eremu, hedatu batean mintzatzen zen hizkuntza baten azken oihartzuna. Ikusten den bezala nekez aitzinatzen da, substratum inguruko ikerkuntza horietan hipotesis anda bat egin baitaitezke beti edozein galderari ihardetsi beharrean. Baina hobe dugu problema bat nonbait badela jakitea, askatzeko heinean ez bagaude ere, ezen-ez «zorioneko» jakingabean egoitea, gizalantzaren bideetarik ibili nahi badugu, bederen...

        Ez bakarrik hiztegian, Irlandararen hitz-joskeran eta morfologian ere nabarmenak utzi ditu Indoeuroparren aitzineko hizkunzak. Erraiterako, Irlandara zaharraren berezgarri nagusienetarik bat da adizkeraren barruan izenorde edo pronombre adizkizun baten infixatzea (pronombre infixatu hau gehienetan akusatibuan izan arren, zenbait aldiz datibuan da). Etsenplutzat, huna «adei» (dakusa) aditzaren paradigma orainaldian.:

        atom-chi = ikusten nau.

        atot-chi = ikusten hau

        at-ci = ikusten du (gizon bat)

        ata-ci= ikusten du (emazte bat)

        at-chi = ikusten du (gauza bat)

        aton-ci = ikusten gaitu

        atob-ci = ikusten zaituzte

        ata-ci = ikusten ditu

        Nahiz forma horien elementuak indoeuropar diren (ate-me-cit, ate-tu-cit- ate-,-eis-cit, ete...), ez dirudi hala denik heien erabiltzeko gisa. Euskarak ere, ordea, pronombreak infixatu ohi ditu eta, «dakusa» aditzak orain forma sintetiko guti baditu, zilegi da ohartzea lehenago «nakusa» «hakusa» e. a. erran izan dela; egun ere, «nakar», «hakar» e. a. erran ohi baitugu. Hor dugu beraz beste berdintasun bat bi hizkuntzen artean, eta linguistek berdintasun hortarik ere jalgipenak atera dituzte heien elkarrekilakoa probatu nahiz. Gaineratu behar dut egungo Irlandarak ez dazagula gehiago pronombreak infixatzeko jarraidura; «atom-chi'ren ordez erraiten da orain: (do) chionn sé mé (Connaughten, eta Munsteren); ti sé mé (Ulsteren), engeleraz bezala (he sees me) eta beharbada hunen eragitez.

        Nabari da ez lezakeela guti profeita euskal jakintzak, menturazko ahaidetasun hori zehazkiago ikert eta nolakoa eta nondikoa den bila baleza norbaitek. Alabainan guti, dakigu segurki gure herriaren historia zaharraz, gure lehen arbasoen tradizionea galtzera utzi dugulakotz. Baina izan liteke argi gehixeago bil genezakeela haien gainean Kelten hizkuntzak eta ohiturak direla bide, batez ere Goidelen idazkuntza kontuan edukiz, begiratu baitu uhartean elkarrondozkatu diren populu prehistorikoen oroitzapena. Arkeiolokoek, aldiz, Kelten, eta Euskaldunen hizkuntzaren eta Folklorearen aztertzea dute bide segurrenetarik bat Europako lehen, egoileetaz zerbait ikastekotz.

        Ahaidetasun problematika utzi baino lehen, huna zer ziostan hartaz Pokorny jaunak bere eskutitz batean. Jakintsu horren araura, Irlandan enda horiek elkarren ondozka bizi izan dira:

        I. Europa Sartaldeko paleolitikarien ondokoak, 10.000 urte k.b.l. helduak; haien hizkuntzak Eskimoenaren eite bazukeen.

        II. Mediterranetar enda labur bat, Ipar Afrikatik jina, 3.000 urte k.b.l., Espainian gaindi. Hizkuntza den aldetik Berberen ahaide ziren, hots, Kamitak ziren.

        III. Mediterranetar handiak; hauek ere Ipar-Afrikatik etorriak, Megalitoen kulturaren ekarleak izan ziren, eta haien hizkuntza ere berberaren ahaide zen.

        IV. Ezkilantzeko oporren kulturaren ekarleak; brakizefal dinarikoak ziren, kaukastar hizkuntza, bat mintzatzen zutenak.

        V. Azkenekotz, Goidelak; ez ziren Kristo aitzinako VIII edo VII-garren ehunurtekoa baino goizikago heldu Irlandarat.

        Pokornyk uste duenez, II, III eta IV horiek dute euskal-enda moldatzen: haiei zor zaizkie hizkuntzen arteko korrespondentzak.

        Goidelen ondotik beste inbasorerik, ere sartu da Irlandan, Germanak etorri baino aitzinago; inbasore berant horietarik zenbait p-keltak zirela dirudi, hala nola «Tir Bolg» (hitzez, hitz: gizon zakudunak; baina beharbada Belgak ziren, izena bestenaz interpretaturik) eta «Galiain» (Galliarrak?) zeritzatenak. Badakigu Galesak ere izan direla Irlandan, Goidelak Kanbrian sartu diren bezala, behin baino gehiagotan Kristau aroaren hatsarretik hunat, lur-eremu hedatuak beren eskuperatzen zituztelarik herri hartan.

        Baina, emeki-emeki, Goidelaraz besteko hizkuntzak oro itzali dira Irlandan. Alabainan Goidelen azpiko zeuden mintzatzen zituzten gizeliak, nahiz ez-Indoeuroparrak nahiz Britaniarrak. Horrengatik arbuiaturik eta landu gaberik egon dira delako hizkuntzak, eta Irlandar goreneko kastak, Goidelarak, aisa garaitu ahal izan ditu, hala nun hunen hiztegian eta morfologian utzi dituzten hatz xuhurrak bilatuz baizik ez baitezakete haien berri jakiñ hizkuntzariek. Hala ere, Goidelarazko idazkuntzak haien oroitzapena begiratu zuen, «teanga iarann», hau da, burdin hizkuntzaren aipu baitakar Goidela jin-aitzin izaroan mintzatzen zenaren. Halaber Irlandan elkarrondozkatu diren populuen izenak emaiten dizkigu. «Lebor Gabala», hau da, inbasioneen liburuak, zenbagarren urtean etorri ziren zehazki erranez ere (xehetasun emaitera ez ziren herabe Goidel idazle zaharrak... ): lehenik jin zen Partholon-en populua, Greziatik, Kristo aitzineko 2.640.garren urtean; handik hogei ta hamar urteetara Nemeden semeak, Skitiatik; hartarik lan da Fomoré itsas-lapur bihurriak; 2.390 urtek.b.l. Fir Bolg-ak etorri ziren; hogei eta hamasei urte horien ondoan Tuatha Dé Danann edo Dana Jainkosaren Gizeliak, Greziatik; azkenekotz, Mile-ren semeak (hauek ziren Goidelak), Eigipton eta Hispania gaindi Skitiatik zetozenak. Erran gabe doa ez direla hitzez hitz hartu behar eman horiek oro. Kronologia hori, batez ere, olde huts baizik ez da: egia baldin bada Fir Bolgak Belgikatik zetozela, ezin etorri dira Mileren semeak, hots, Goidelak baino lehen Irlandarat.

        Ageri da tradizione hori eliz-gizon edo mitologia klasikoaren ezagutza zedukaten letradun batzuek antolatu dutela. Dena dela, jakingarri dela ezin uka; erakusten baitigu Goidelek berek aitortzen zutela ez zirela herriko lehen egoile edo bizizaleak, baina beste askoren ondotik jin zirela. Nola jabetu ziren, bada, bain osoro Izaro Berdeaz, haien hizkuntza eta deitura Irlandar guztiek berentzat hartzeraino? Beste endak baino ugariago, ala besteak baino gudukari hobeago izan direlakotz? Zer nahi den, azkenean azpiko gizeliak oro beren gizartean onartu zituzten Goidelek, berezkuntzarik batere endaz den bezanbatean ordudanik egin gabe; azpiko gizeliok, aldiz, beren jatorrizko hizkuntzak utzi egin zituzten, eta Goidelara hartu zuten mintzara bakartzat, hala non Germanek, izaroan sartu zirenean, populu bategin bat aurkitu baitzuten haien oldarrari ihardokitera deliberatua:

 

        2. Goratzapen eta erortzapen

        Ikusi dugu Irlandako bizitzaile guztiak, Indoeuropar etorkiko izaki ala ez, goidel izaturik zirela Germanen lehen inbasionen garaian (VII eta IX-garren mendeetan), eta populu bategin bat moldatzen zutela hizkuntzaz, den bezenbatena: Irlandara zen orduan Irlandarren mintzaera komuna. Gehiago dena, herriko mintzaera nazionala zen egiaz; erran nahi baitu, ez bakarrik gizartemail guztiek zerabiltela egun orozko beharki bakunen adieraztekotz, baina Estatuak, Jakintzak, Irakaskintzak, hots, gizalantzaren sail orok hura zuela usatzen. Bestelako ageri zaizkigu ikusgune hortatik gainerateko Sartaldetar herrialde guztiak; horiek, nazione bihurtu diren egunetik, Latina hartu edo, zehazkiago erran, begiratu dute gizalantzaren kontzeptu gorenen espresatzekotz, jakintsuek eta eskolatuek herriko hizkuntza gutietsirik; jende arrunten usantzarako zegoelarik soilki berari ere «hizkuntza arrunta» edo «populu hizkuntza» arbuiozko deitura zatxikola. Adibidez, denek dakite besterik ez duela erran nahi «deutsch» izenak: Alemaniako eliz-gizon latindunek izen hori asmatu zuten beren herritar eskolatu gabeen mintzaerari erraitekotz («teotisca lingua» = teuta, h.d., populuaren hizkuntza).

        Irlandako jakintsuak eta eskoladunak halaber ari izan ez badira, ez ote da Uharte Berdea Erromak beretu ez zituen Europako lurralde urrietarik bat delakotz? Ez deritzait horrela, ezen ez da ahaztu behar Irlandarrak politikaren aldetik beren gain egon baziren ere, asko goizik Latinen kultura eta hizkuntza ezagutu zituztela Kristauen propagandari esker 451-garren urtean zuen Celestinus aita sainduak Palladius misionesta hiberniarat igorri, eta hartarik landa laster Patricius ospetsuak harrigarriko obra egin zuen erlisione berriaren hedatzeari buruz, hala non erran baidaiteke Irlandarrik guztiz gehienak kristau zirela 500 urte inguruan.

        Uste izaiteko da Latin kultura ezagutu baino lehen Irlandarrak ez zeudela izpiritu eta entelegu laneginik batere gabe, ezen Keltak ez ziren basati batzu; aitzitik, metafisika oso landua irakasten zuten aho-mihiz, oihan sakonetako zuhaitz sainduen gerizan, beren sazerdote druida zeritzaienek, Aitzinateko autoreen idazkietarik dakigun bezala lur handiko Keltez den bezenbatean. Druidak izaroetan ere baziren, Britanian eta Hibernian, eta haiei esker Goidelek beren oguzko kultura bat zedukaten; gainera, enda guduzale batentzat egoki den araura, epopeia eta kantu heroiko andana bat belaunetik belaunera heleraziak ezagutzen bide zituzten. Egia da hargatik mundu klasikoaren ukitzeak duela egiazko kulturaren hazia erein Irlandan. Oroz lehen Latinen ganik Goidelek idaztea ikasi zuten, egungo hizkuntzaren hiztegiak oraino erakusten duen bezala: «scriobhaim» = Scribo; «Leighim» = lego; eta beste hitzik anitz, idazteari dagokionez, latinetik datoz.

        Zer nahi den, beren burua Erromaren influentzari emana gatik, eta Latinen ganik ikasi bazuten ere zer den kultura, beren hizkuntzan dute Irlandarrek kultura hori mintzerazi nahi ukan, Europako erresuma erran delako «argituek» asko berantago segitu behar zuten bide bat horrela erakusten zutelarik. Etsenplutzat, XVI-garren mendean baizik ez du Frantzisko I-ak batez ere Villers-Cotterets-ko manamenduaz 1529-an Frantsesa ezarri Frantziako estatu hizkuntzatzat; eta ez ditzagula aipa nazione ttipiak, Euskalerria eta Bretaina bezala, beren hauzo etsaien mintzaeraren onartzekotz baizik Latinaren usantza utzi ez dutenak...

        Hala ere, Irlandara kultura bide izan da lrlandarrentzat; horrek ez du erran nahi den ttipien aiherkunderik bazutenik Latin handiaren eretzean. Aitzitik, eskoladun guztiek bazekiten eta bazerabilten herriko hizkuntzarekin batera, eta Irlandan izpirituaren bizia bi hizkuntzetan espresatzen zela erraitea zuzen litzake. Bai eta aski paradoxoki, Irlandarrei zor zaie Latinaren irautea Europan: Gallia, Italia, Hispania, Britania, hots, Europaren sartalde guztia Germanen menperat erortzen zelarik eta entelegu biei-oro denbora batentzat itzaltzen zelarik herrialde horietarik, Irlanda, bere egonguneari esker bazter zegoen Barbaruen inbasioneetarik, eta haren elizgizon eta beste letradunak aitzina joan ahal izan ziren Cicero-ren hizkuntza atxikiz, Cu Chulainn-enarekin batera... Eta German nagusi berriok beren autoritatea segurki sendoturik, berek ere kulturaren atseginak ezagutu nahi ukan zituztenean, Irlandarrak behar izan zituzten deitu Latinaren jakitea lur-handiko ikastetxetan berpiztekotz. Irakasle parte hau begiratu zuten Inlandarrek Goidel misionesten zabalkundeari esker, German guzuak Kristau erlisionerat eta, denbora berean, hunen lagun zetorkien grekolatinen zibilizazionerat Goidel izaro handian bil arteo; Goidel hauek baitzuten gainera kulturaren zaintzeko eta hedatzeko ardura beren gain hartu Europa, Afrika eta Asiako basatien aitzinean.

        Beste pondu batean ere Irlanda berezten da gainerateko Europar nazioneetarik: erlisione berriaren sartzeak ez du hemen herriko, tradizionea itzalerazi; kristau fraideek ez dituzte arbasoen ganikako ohitzak eta sinespenak satsu bezala eduki paganismuaren kutsua zekartelakoan, aitzitik piadoski atxiki nahi ukan dituzte beren idazlanetan; zor ezinago handian baigaitzaizkie horrengatik, Europako populu zaharren gainean argimendu jakingarririk anitz eman digutelarik haien gogo zabaldura dela zio.

        Goidelen tradizionearen aldeko Elizaren onginahi bakana, kristau legea izaroan nola sartu zen kontuan hartzen badugu entelega daiteke. Garai hartan Irlandarrak errege batzuen pean zeuden: bazen «ard-ri», hots, «igoierrege» zeritzaion bat Tara hiriburuan; errege bat eskualde bakoitzaren buru; bai eta errege ttipiagoak («tuath») edo gizeli bakoitzaren gainean. Hargatik, erregeok ez ziren autokrata batzu; haien ahala mugaturik atxikitzen zuten gizarteko hiru erronka jatorrek zeduzkaten eskubide bereziek; erronka horiek, sazerdoteena (druida), gudariena eta ofizialeena baitziren.

        Druidak, batez ere, boteretsu ziren: haiek zedukaten ahalmen izpiritual guztia, erregeak ahalmen tenporalaren zati baten jabe baizik ez zirelarik, eta, erlisionearen araura, druiden peko zeuden; edozer deliberamendutan hauen aholkua hartu behar zuten. Erran gabe doa erregeek nekez jasaiten zutela teokrazia hori... Kristau misionestak ongi etorriak izan ziren beraz haientzat, eta errextasun handiak eman zizkieten druiden kaltetan eta ondorioz buruzagi tenporalen onetan beren propaganda aitzina eman ahal lezaten. Bai eta poeten onetan ere. Ezen baziren sazerdoteen erronkan, egiazko druidak baino mail beherago, «file» edo poetak. Patricius zuhurrak, druidak apaltzea gatik, fileak goratu nahi ukan zituen hierarkian, eta hauek, ezagutzaz beterik, kistau neofito suhartsu bilakatu ziren: elizgizon izendaturiko asko ere izan zen. Hargatik poeta egon ziren eta beren herriko tradizionea ez zuten arnegatu.

        Pondu jakingarri bat aipatu behar da hemen. Irlanda kristaueko autoreek ez dituzte aitzinako paganoen mitoak idazgaitzat erabili bakarrik egin hori beste herrietako idazkuntzan ere erideiten edo aurkitzen da bada, baizik poetek, neurtitzetan ari direlarik kristau direla ere ahanzten dutela badirudi askotan; ez soilki jainko eta jainkosa zaharraz amultsuki eta haietan osoro sinets balezate bezala mintzatzen direlakotz, baina gainera paganoen gizalegeak handiesten eta Judu-Kristauenak gaitzesten dituzten bertuteak laudatzen dituztelakotz gizandietan: nagusi-izan-nahia, berekoitasuna eta atsegalea. Ihor ez zen joera hortaz eskandalizatzen, eta eliz-gizon ziren poetak ere jarraikitzen zitzaizkion...

        Xehetasun luzeska, horiek ez dira alferretan, nire ustez, Irlandarazko literatura bere egiazko giza-giroan ezartzekotz; hizkuntza baten historia behar den argian ikustekotz, aldiz, haren literaturaren berri jakin behar bait da. Dugun beraz gain-so bat eman irlandarazko idazkuntzari lehen textuetatik gure egunetara arteo.

        Linguistek garaietan banatu ohi dute hizkuntza baten bizia. Irlandarari dagokionaz, eman hauek onartzen dira:

        — Irlandara zaharra, 600-garren urtetik 900-garren urterat.

        — Irlandara artekoa, 900-garren urtetik 1.600-garren urterat.

        — Irlandara berria, 1600-garren urtetik gure egunetara.

        Ez zaigu idazkirik heldu 600-garren urtea baino lehenagoko denboratik. Hala ere denbora hartako hizkuntza hein batean ezagut dezakegu geroagokoaren ikertzetik, bai eta «ogam», «ogom» (Irlandara berrian: «ogham» mintz. «ôm») deitzen ziren irakur berezi batzuetan dauden harridazkietarik. «Ogam» horiek pondu eta marra zut edo zeihar batzu ziren, harri baten kantoinean bernuzatzen zirenak. Germanen runen antza badute apur bat. Oinarri sendoko ustekizuna, ikur horiek Latin etorkiko direla da (runak ere hala direla erran izan da), eta haietan dauden harridazki gehienak antroponimu batzuetan baizik ez datza: harriaren erailkitzearen izena, genitibuan; gero, elkarrekilakoa darakusan hitz bat (erraiterako: seme, morroin, e.a.), eta eraikitzailearekilako (aita, buruzagi, e.a.) denaren izena, hauek ere genitibuan. «Ogam» harridazkiotako hizkuntza txit arkaikoa, da, et hitzen desinentza beteak erakusten dizkigu oraino, zaharrenetan bereren. Huna etsenplu bat:

        Colomagni avi Ducagnie; hitzez hitz, «Colomagnos-en bilobaren Ducagnos-en», erran nahi baitu: Colomagnos Ducagnosen bilobaren (harria).

        Ohargarri da etsenplu hortan Keltararen eta Latinaren ahaidegoa: -i genitibuak: avi; akusatibuan: ayos; ahaidegoa erakusten duen hitz bat (biloba edo ondoreko; lat: avus, ber erroa du). Irlandara zaharraz errantza hori:

        Colmáin auí Dochain lizateke, eta berrian: Colmóin uí Dochain.

        Irlandara zahar arkaikoenaren aroa bezain goizik, idazkuntza bat aski zabala erideiten da. Egia erran, orduko idazkiek ez dute balio handirik literaturaren eretzean; gehienak glosa batzuk baizik ez dira, Goidel fraideek istudiatzen zituzten Latinezko textuen marginan emanak. Idazki zaharrenetarik bat, Cambrai-n (Frantzian) hatzeman izan den homilia baten zatia da, VIII-gn mendeko azken urteetan ondua izana. Gero badira Würzburg-eko glosak San Kolombanen psalmu-argipen baten Latinezko laburtzapenaren gainean; Armagh-eko liburua hau, Irlandan berean idatzia, beste textu gehientsuak lurrandiko komentuetan hain ugari zeuden Goidel fraideen lumatikoak direlarik. Delako liburuak zenbait glosa edeiten ditu Irlandarazko, Sankt Gallen-go eta Torinoko glosak; Sankt Paulen-en (Karinthian) eriden izan den 850-garren urtearen inguruko eskuidatzi bat irlandarazko lau poema edeiten dituena, e.a.

        Ikusten den bezala, erlisionezko dira textu horietarik haboroenak, eta maiz hizkuntza jakintzaren aldeko balioaz besterik ez dute. Hala ere, idazki zenbait erideiten ditugu berantago onduak izan direnak, Irlandara artekoaren garaian, haietako hizkuntza, hargatik Irlandara zaharra baita. Galdu izan diren textu zaharrago batzuen kopiak dira, eta haietarik zenbaitek agiaz balio dute literaturaren aldetik ere. Hala nola, Lebar nab Uidre edo Behi Belizaranaren liburua (behi beltzaran larruz azaldurik dagoelakotz delako liburua), zatirik gehiena idatzi baitzuen Celechar-en seme Moelmuire, 1106-garren urtean hilak. Irlandara zaharrezko textu bat badakar: Táin bo Cuailnge, h.d., Cooley-ko behi lapurketa Goidelen epopeiarik aipatuena eta aipagarriena —Connaught eta Ulster-en arteko guduketak kondatzen dituena, bai eta Ulster-eko gizandia zen Cú Chulainn hospetsuaren eginak ere—.

        Irlandara artekoaren garaiko laneginak Leinstereko Liburua, jadanik aipatu dudan Lebor na gabala edo Inbasioneen Liburua. Mae Conglinne-ren Ikuspena, eta beste asko ere dira. Anitzetan balio handiko poema andana bat badugu gainera. Ez da, alabainan, poetak Kelten gizartean beti ohoratuak izan direla ahaztu behar; eta Fileak, leheneko olerkari ofizialak, XIII-gn menderako Engel Normanen inbasionearen ondorioz itzalirik badira ere, bardoek betetzen dute orain haiek utzi hutsunea. Handiki orok bere bardoa ba zuen, buruzagiaren bikaintasuna eta goieginak neurtitzetan ospatzea baitzen hunen lana. Eskolak ere baziren, haietan ikas baitzitzakeen neurtizlarigaiak poesia bardikoaren arau oso korapilatsuak. Baina alferretan litzateke orduko poeten izenak eman nahi ukaitea...

        Idazki didaktikorik ere erideiten da Irlandara artekozko idazkuntzan; bereziki Tigernach entzutetsuaren Annalak Clonmacnois-eko abade izandako hau 1088-garren urtean hil zen). Beste jakintzek ere beren langileak badituzte; oroz lehen, sendakintzak: poetak bezenbat ohoratzen ziren «liaigh», h.d., sendakinak Irlanda zaharrean, eta poeta familiak bezala, sendakin familiak baziren, osagailuak eta formulak aitarengandik semearengana helerazten zirelarik.

        Baina 1367-garren urtean Engelandar buruzagiek eragotzi egiten dute Irlandara ikastetxe guztietan, eta ordudanik, jakintzaren kontzeptuak areago ezin, dituelakotz zabalki expresatu, erorbidea jo du ordudaino, hain sendo, izan zen hizkuntza horrek. Literatura hutsezko laneginak baizik ez ditu geroago ugari eman. Egia da hori ere, delako laneginek egiazko balio bat dutenean, ez dela guti, eta hala izan da Irlandan.

        Hala ere, era orotako jazarpenak gaindituz, —jendealdatze presondegi, isun gizeraite (1654-garren, urteko martxoaren lehenetik landa Shannon hunaindian hatzemanik izanen zen Irlandar oro heriopean zegoen) eta abar—, jakintsu batzu jarraiki ziren herriko mintzaera beren idazkietan eta irakaskintzan usatzen. Gizon bihoztoi horiei esker, hizkuntza berriaren garaiaren hatsarrean. Irlandarazko kultura bizi da oraino. Besteen artean, 1633-garren urtean Norman etorkiko apez batek —Ceffrey Keating izenez— herriaren historia idatzi zuen latinez eta Irlandaraz, eta gaitzeko lan horrek idazkuntzarako hizkera berriaren oinarriak eman zituen.

        Eskola bardikoek ere iraun zuten, orain lastola batzuetan. antolaturik, baina nabari da baldintza horietan ezin ukan zezaketela, lehenagokoen arrakastarik. Gainera, poeten laguntzaile eta ongigile ziren handikiak gehiago, deus ez ziren. Horrengatik, bardoen antzea gatzoztu zen izigarritan, eta orduko neurtizlariek bertsolari deitura hobeki hartzen dute, ezen ez egiazko poetena. Baserritar bilkurak alegeratzekotz koblak egiten zituzten orain, baserriko gertakari xumeak zituztela kantagai. Hargatik, gizon jakintsuago batzuek neurtizketa bardikoaren arauak tink begiratu nahi ukan zituzten, eta XVII-garren ehunurtekoan oraino ikusten ditugu, eskola zaharreko poeta batzu, hamarren bat urte iraun zuen zeingehiagokan, Irlandako familia handi hoien ohoretan neurtitz oso klasikoak ontzen... «Iomarbháigh no bh Fileadh» edo «Toeten eztabaida» deitu izan da zeingehiagoka aipatu hori. Beste poeta batzuek —populuak entelega ahal litzan— neurtizketa bakundu edo sinplifikatu nahi ukan badute ere, hala eta guztiz egiazko antzelariak izan dira, eta haien bertsoak aipamen bat merezi dute; batez ere Brian Merriman-en «Cuirt an mheadhon oidhche», edo «Gauerdiko Gortheak» (1808). Irlandara berriaren garaiko idazki hoberenetarik bat da hau, azken menderdiko berpizkundea aitzin.

        Hargatik, ezagutu, behar da Engelerak duela ordukotz Irlandararen lekua hartu kulturaren alorrean, eta herriko hizkuntza —sentimenduzko edo, beste zioak gatik— oraino darabilaten idazleak, geroago eta urriago ageri dira. Zer izan ere haien talentua, ezin molda dezakete egiazko literatura bat, hots, izpirituaren ekintza osoa besarkatzen duena, Irlandara zaharraren eta artekoaren garaietan izan zen bezala. Alta ugari dira oraino egun orozko mintzaeratzat Irlandara darabiltenak, nahiz hizkuntza ofiziala Engelera izan. XVIII-garren mendearen lehen erdian, kasik 8.000.000 bizitzaile baziren izaroan: horietarik erditsuek herriko hizkuntza bazekiten. Irlandara Derry-tik (iparraldean) Waterford-erantz (hegoaldean) doan marra baten haraindiko eremu guztian mintzatzen zen, lekot hiri handietan.

        Baina eremu hedatu hortan ere, jende ttipiak baizik ez ziren Irlandaraz mintzatzen, batez ere lurginak. Denbora hartan, ordea, izugarrizko makur batek jo zituen Irlandako laborariak. Jakin behar da, ezinago erromeski bizi zirela laborar¡ horiek: Engelandatik jin «Tighearnai talmhan» edo «Landlord» lurjabe hihuingarrien etxetiarrak ziren guztiz gehienak; hobeki erran, atzerritar nagusi horien jopuak. Eta haien lanaren ekoizpenak lurjabea aberastenago zuelarik, berek behar gorrian zirauten. Lursagar eta esne zuten janari bakarra, herrian hain ugari ziren abelgorri eta ardiak zergen ordaintzekotz eman behar zituztelakotz. 1846-garren urtean eritasuna lotu zitzaion lursagarrari, eta hunen ondorioz gosete ikaragarri batek despopulatu zuen herrialde guztia: bi urteren artean 1.000.000 jende inguru gosez hil zen, eta beste 1.000.000 batek herria utzi behar ukan zuen, beste lurraldeetan —Amerika, Australian, e. a.— bizimolde jasangarriago, baten bilatzekotz. Ondoko urteetan beste bi miliunek ere herbesterako bidea hartu zuten, hala nola 8.000.000-etarik 4.000.000-etara. apaldu baitzen Irlandarren kopurua hamar urteren buruan.

        Hain gogorki probaturik izan aren zorigaiztokoak, Sartaldeko baserritar irlandesak ziren ororen lehen. Miliunka hiltze eta herbesteratze horien ondotik, beldurgarriki tupitu zen beraz irlandesen kopurua, eta herrian bizirik gelditu zirenek ere pentsu bat baizik ez zuten alatzen: ahal bezain laster joan handik, eta bizitzeko baldintza hobeagoak beste nonbait bil... Berak ez baziren ere, esperantza zuten beren haurrak bederen baliatu ahal izanen zirela salbabide hortaz. Hortarakotz, ordea, Engelera jakin behar zen: Estatu Elkartuetan edo Kanadan edo Australian bizitzekotz, Irlandara ezertarako ez zen; eta zio, horrengatik herrikoa bazter utzirik, gurasoak beren haurrei atzerriko hizkuntza irakasten hasi ziren.

        Hori zioten bestalde Irlandar populuari aholkatzen orduko gidari abertzaleek berek, Daniel O'Connell handiak (1775-1847) batez ere, ezen ikusten zuten Engelera ez jakiteak zituela Irlandarrak jopu batzuen mailean atxikitzen atzerritarren eskupeko: atzerritar etsaia, beraren izkiluz, garaitu beharra zen, hau da, beraren hizkeraren bidez. O'Connell eta haren jarraikitzaileen guduketari esker, Irlandarren bizi baldintzak geroago eta hobekitu ziren ondoko urteetan, eta, azkenekotz, Irlanda berriz bere gain jarri da, mendetako Engelandarren uztarria egotzirik. Hargatik, hizkuntzak ez du orduan galdutako eremua atzera bildu ahal izan, aitzitik, orain duela ehun urte baino askoz ttipiago da egun Irlandaldunen kopurua...

        1855-garren urtean, Gosete Handitik landa, 1.100.000 mintzatzen ziren oraino herriko hizkuntzan, haietarik 313.000-k baizik ez zekiten Engelararik.

        1955-garren urtean, Estatuak eginerazi duen zenbakundearen araura, jaiotzatiko mintzatzaileak, hots, Irlandara gurasoen ganik ikasi dutelakotz dakitenak, (native speakers), 37.000 baino gehiago ez dira.

        Irlandara oraino mintzatzen deneko eskualdeei «Gaedhealtach» erraiten zaie. Hamarren bat gaedhealtacht badira, gehienak Sartaldeko itsas bazterrean sakabanatuta. Huna nun dauden eskualde hauek:

        Ulster: 12.000 mintzatzaile edo hor inguru, Donegal-Co izeneko bazterrean.

        Connaught: 5.000 bat, Iparraldean, Mayo-Co-an.

        Hegoaldean: 12.000 bat, Cois Fhairrge deitu eskualdean. Beste ehun, zenbait izaro ttipietan.

        Munster: 5.000 bat, Kerry Co-ko sartaldean, Dingle-ko eskualdean.

        Bat edo bi mila, Cork Co-an (West Muskerry).

        Leinster: zenbait mila Ring-eko eskualdean (Waterford Co).

        Badira orain 3.250.000 biztanle Irlandan (Eiren), gutiz gora behera. Haietarik ehundik bat (% 1) baino gutiz gehiago mintzatzen dira tradizionalki Irlandaraz, eta haien kopurua egun oroz ttipituz doa. Hizkuntza zahar hori oraino ez duela hain aspaldi herri guztian erabiltzen zela oroitzen bagara, eta Aitzinateko garaian lurrandiko eremu zabaletan ere mintzatua izan dela, dirudienez, bai eta Euskaratik landa hura dela gure egunetara arteo biarik iraun duen Europa Sartaldeko mintzairarik zaharrena... deus ez da hunkigarriagorik gaedheltacht batean egonaldi bat egitea baino. Munduaren birraldakuntzari ohartu gabe beti ere arbasoen mintzoaz mintzatu ohi diren laborari, marinel edo beste jende bakun horien artean hizkuntzak hilzorian nola dauden ikusten da.

 

        3. Berpizkunde

        Erran dut hogei eta hamazazpi mila jaiotzatiko mintzatzaile badirela. Hala ere herriko hizkuntza dakiten Irlandarrak hanitzez ugariago dira. Baina Ikastetxean ikasi dutelakotz dakite, ez gurasoen ganik; edo bestela, beren baitarik daukatelako Irlandarak izan behar duela herriko hizkuntza nazionala, eta ez etsaien Engelarak.

        Alabainan, sorterritzaleak oro ez dira O'Connell edo joan den mendeko beste nazionalisten ondotik ibili, hizkuntzaren hauzian bezenbatean. Haiek Irlandara osoro itzal ledin nahi zuten. Ergelkeria litzateke haien gaitzestea joera horrengatik: ziorik hoberenak eta ohoragarrienak bazituzten horrela pentsatzekotz: denbora hartan, Gosete Handiko urte izugarrietan, irlandar enda hiltzera zoan, eta hau hitzez hitz hartu behar da, ez da aski erraitea baldintza ekonomikoak ikaragarri zirela. Versailles-eko hitzarmenaren ondotik Alemanian, edo zenbait lapurkeria dela kausa orain Euskal Herrian diren bezala. Milion bat Irlandar gosez hil ziren, eta orduko nazionalistek enda hau salbatu nahi izan dute oroz lehen, eraile etsaiak, erran nahi baita Landlord berekoi urrikalgaitzak alegia, nolazpait garaituz. Ez da beraz handi irlandararen problemaz axolatu ez badira milaka jende hiltzen zekusatelarik bazter orotan, irudi zitzaien zorakeria bat zela linguistikako joku batean indarrak higatzea.

        Gehiago dena, herriko mintzaira handicap bat zitzaiola populuari, bizitzeko borrokan bait zebilen, aitzineko zatian aipatu ditudan arrazoinak gatik. Nahiz Mundu Berrian bizitze, aisago baten erideiteko, aurkitzekotz, nahiz lurjabeen sistema guduketa politikoaren bidez erauztekotz, engelera zuten Irlandarrek behar! Horrela uste zuten behintzat jende zentzudun gehienek, nahiz bakan batzuek hizkuntza hain beneragarri baten zori gaitzaren gainean zenbait nigar-malko ixuri.

        Baina XIX-garren mendeko azken erdian nazionalismua aitzinatuz zoan araura eta herriaren egoera ekonomikoa geroago eta sendotzenago zen bezala, legezko zen herriko kizkuntzaren aldeko aburu drastiko horiek aldatzea. O'Connell-en ondoko herrizaleak, Irlandarak salbatzea merezi zuela aldarrikatzen hasi ziren, eta hizkuntza nazionaltzat hartu behar lizatekeela herria bere gain jarri ondoan. Zenbaitek zioen hark izan behar zuela herriko hizkuntza ofizial bakarra... Emeki-emeki higikunde bat sortzen da Irlandararen berpizteko helburuaz. Higikunde horren agergarri ezagutuenetarik bat «Connradhna Gaedhilge» edo «Irlandararen biltzarra» da (engeleraz: Gaelic League), 1893-garren urtean eraikia. Haren eraikitzale eta lehen buru, Dubhghlas deh-Ide (Douglas Hyde) poeta handia izan zen. Biltzar horrek elkartu zituen berpizleak, eta gaitzeko lana burutu zuen lehen urteetan: argitalpen, hizkuntza leitzione, idazkuntzako zeingehiagoka, eta abar... (Irlandako hizkuntza higikundeaz, irakur Lizardi euskal-berpizlearen iritzia, in Errialdeak eta Abendak, ITZ LAUZ, 167-170).

        Berpizkunde asmo horiek nola bihurtu dira eginetan? Lehenik, geroago eta zabalago izan den toki bat irabazi du Irlandarak irakaskintzan, eta hori ez da gutxi. 1834-garren urtean Engelandarrek Lehen mailako eskolak eraiki zituzten Irlandan, haur guztiek baitezpada segitu behar zituzketenak. Herriko hizkuntzaren hileraztekotz, zituzten eskola horiek, eta uste izateko da, alabainan, gehiago, ez litzatekeela Irlandararik apur bat goizikago bortxazko ezarri ukan balute irakaskintza beren eskupeko izaroan. Zer nahi den, eskolak bazirenaz geroz, ikastaldietarik batzu Irlandaraz egin zitezen haietan, eta halaber beste ikastegi guztietan, eskatu zuten berpizleek.

        1908-garren urtean herriko hizkuntza haizu uzten da, Lehen mailako eskoletan. Urte hortan berean Unibertsitate Nazionala eraikitzen ahal dute katolikoek, eta Irlandara beharrezko da hartarako sar-etsamenean. Ber urtean, nahibadako uzten da «Leaving Certificate» delakoa iragaitekotz.

        Irlandarazko irakaskuntzaren aldeko higikundeak are indar gehiago irabazi zuen Saorstat Eireann, h. d., Eireko Estatu Askea sortu izan zenean (1921-1922), hunek hartu baitzuen herriko mintzaira hizkuntza ofizialtzat Engelararen ber heinean.

        1922-garren urtean Irlandara ikaskizun da Lehen Mailako eskoletan: gutienik astean hiru ordu irakatsi behar da; ikastetxe zenbaitetan egunean ordubeteko lekua ere emaiten zaio; Gaedhealtacht eskualdeko eskoletan, aldiz, irakaskuntza oro hartan egin behar da.

        1926-garren urtean, Bigarren Mailako eskoletarik ehundik larogeik (% 80) ikastaldi guztiek Irlandaraz emaiten dituzte; ehun istudiantetarik hogei eta bostek hizkuntza hortan erantzuten dute «Leaving Certificate» delakoan.

        Irlandako goi-ikastegietarik, ordea, Galway-ko Unibertsitateak soilki du Irlandara usatzen; Belfast eta Cork-ekoek, eta Dublin-go «University College» eta Ikaskuntza aitzinatuetarako Institutak Engelera darabilte.

        Irakaskuntzako ahalegin horietarik landa, berpizleak entseiatu dira Irlandarazko literatura berri bat sorteraztera. Hastapen apal samarrak ukan zituen, baina geroago eta zabalduragoz joan da, hala non erran baitaiteke —hizkuntza beti eri handi badago ere, nire artikuluaren azken zatian egiaztatuko dudan ariora—, idazkuntza bederen aski bizi eta sendo dela egungo egunean. Idazle berriok beren guneko hizkelkian ari dira gehienetan, Irlandara zahar eta artekoaren garaiko idazleek hizkuntza. bategin bat erabili bazuten ere. Horregatik eskualde arauz sailkatu ditut.

        MUNSTER.— Eskualde hortako hizkelkian idatzi duten idazleetarik aipatuena, Aita Peadar o Laoghaire (Father O'Leary) da noski. Baserritar senar-emazte eli baten seme hau 1839-garren urtean jaio zen; gurasoak irlandar bikainak zituen eta hizkuntza ezinago obeki ikasi ahal izan zuen beraz; apeztu ondoan ere, Gaedhealtachi-eko herrisketan egon zen gehienetan. Literaturako higikunde berriaren suspertzaile izan dela erran daiteke. Lan andana bat utzi du, haietarik hauek baitira ezagutuenak: Séadna, eleberri bat; Mo scéal féin edo bere bizitzaren kondaira, alde askotarik txit jakingarria: besteren artean, Gosete Handiaren berri emaiten du, bai eta nazionalismuaren berpiztearen gaineko xehetasunik ere; bestalde, itzulpenik ainitz idatzi zuen: Biblia, Quijote, Irlandara artekozko textu batzu, e. a., oraingo hizkuntzarat bihurtu zituen.

        Munster-eko beste autore balioko bat An Seabhac da, ipuin laburren idazle eta eleberrigilea.

        CONNAUGHT.— Eskualde hortan baditugu Padraig ô Conaire, kondaira humoredunak idatzi dituena, hala nola M'asal beag dubh h. d, Ene asto txipi beltxa (Gaedhealtachteko bazterren ezagugarri baitira asto beltx edo uherrak...), bai eta lan benagoak ere, erraiterako Seacht mbuadh an eírghe amach' edo «Jazarraldiko zazpi garaitak guduketa, nazionalistaren gainean».

        Martin ó Caidhm, idazle bat oso berrizalea hizkuntzaren aldetik, sekulako eztabaidak sorrerazi dituena bere Cre na cille edo «Hilerriko buztina» izeneko eleberrian ageri den bezala.

        ULSTER.— Seamus ó Grianna ipuin labur idazlea baizik ez dut hemen aipatuko.

        Erran gabe doa autore ezagutuenak izendatu ditudala soilki, askoz gehiago, baitira Irlandarazko irakurgaikinak; haietarik ainitzek, bereziki idazle gazteetan, merezi dute ezagutzea. Itzultzaile on andana bat erideiten dugu, hizkuntza landu klasiko edo berrietan dagozen maisu lanak Irlandaraz emaiten dituztenak. Olerkaririk ere bada ugari, bide den bezala, hala nola nire aburuz hoberenetarik den bat baizik ez aipatzekotz, Sean ó Riordain gaztea Eirebeall Spideoie erran delakoa, «Papogorriaren buztana» izendun bildumaren ontzailea. Kazeta eta aldizkari saldo bat bada gainera, guztiz edo gehienik Irlandaraz argitaratzen direnak: «Comhar», «Ar Aghaidh», «Feasta», «Aiseiri» «Dearcach» «Deirdre» «Inniu» «Rosc» «An Scathan» e. a.

        Bestalde, irlandatzale batzuek «Dub Leabhar» edo liburu-klub bat moldatu dute, 2.500 harpidedun dituena, Irlandarazko argitalpepenak hobeki sal ditezentzat.

 

aurrekoa hurrengoa