www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKALDUN ROMANTIKO BATEN ALDE

 

«Nire burua dakust Gipuzkoa edo Nafarroako
mendietan gaindi gudari-saldo bat darraitala,
bati barrandan bizi, gogoa beti gertu,
oldartzen, iges egiten, sasietan ezkutatzen,
indarka ibiltzen, etsaiaren baserriari su ematen».

Pio Baroja-k

 

        Orain euskaltzaleak ba ditugu, leenago. Euskalerriaren problemarik sortzen ez zuen garaietan, ez zirenak. Euskaltzale horietatik bakan zenbait —garbiak, zindoak... ameskorrak— euskera bein «goi mailako» kultura baten ekarle izan dadin alengintzen dira. Zoritxarrez erri euskalduna ez zaie orain artean jarraiki gora dijoan aldapa hortan: zaarrek jadanik alegiñik aski eginda, atsedena dute orain amets; nork gaitzetsiko lituke horrengatik?, «doatsu logale direnak, loak artuko baititu...», doakabe aldiz iratzarri nai dituena... Eta gazteak, Euskadiren geroaren itxaropena omen ditugun gazte maiteak? Ez dira gure auzo-errietakoak baño txarrago ez obeak: mutillak futbolzale, neskak dantzazale, sentimendu onez beteak guztiak.

        Zeruari esker euskaltzale batzu ba dira ordea realistago direnak. Erriak zer nai duen ikusita beren begi zorrotzez, ots «ogia ta jolasak» erri orok bezela, borondate onez saiatzen dira hoik Euskaldunari ematen, kulturzaleak beren bakartegian utziz jolasak beintzat ugari ematen dizkiote, bañan kontuz! ez nola-naiko jolasak, EUSKAL-jolasak baño: haiei zor diogu gure neska-mutil zintzoenek fandangoa dantzatzen ba dute rock'n roll'en ordez, eta gure gazte gotorrak pilotan ari ba dira futbolean bezain trebeki. Euskaltzale arrizale maitagarri horiek gutxiago izanaren komplexua kendu diote askori: haien irakaspenaren araura, dantzari, pilotari edo muslari on izaki, Euskaldun ona zera euskera tutik ez jakiñik ere edo euska-odol tantorik zure zañetan ez izanik ere; bañan bestaldetik, folklorekeriok erdeinatzen ba dituzu, sekulan ez zaituzte Euskaldun egiazkotzat edukiko euskeraz Axularrek bezain ongi ba zeneki edo lau saietsetatik Aitoren odoletikoa ba ziña ere.

        Bañan erriaren ogia ez dago azturik euskal politikariek agintzen baitigute, ongi guriñeztatua, gañera, biarko, gobernura eltzen direneko. Orduan ba ditukegu aurrerapen oikonomikoak, gizarteko zuzentza, bai eta erri baten zorionaren urrezko giltzak diren Auteskunde Aske ta Orokorrak... ots, lurreko paradisu bat izango da Euskadi! Bitartean arrotzen menpean bizi gerala Euskaldunak urrituz dijoazela edonongo kompotarrek hoien lekua arturik, euskera galtzen ari dela? Ez estu: gure egoera its horrek ez dezake iraun. Alabañan leenago aske, gure askatasuna lege-kontra kendu ziguten, ergo, legez itzuli bearko digute bein: hala eskatzen du errien arteko Zuzentzak. Eta ez da dudarik munduko demokratek orok lagunduko digutela askatasunerako bidean, ongi merezi baitugu ere: ez al gera betidanik, Arri-aroan asita XXgn mendeko demokraziaren printzipioen araura bizi izan, ez al gera iñoiz konkista gudarik egia ez duen erri bakarra, euskal-politikari legezale, zintzo horiei siñetsi bear ba diegu?

        Alde batetik politikarien legalismuak, bestetik euskaltzaleen folklorismuak, euskaltasun berri bat sortu digute azkenengo mende-erdi hontan: Euskaldun eredugarria gizon gotor bañan bakezale bat da, puska-ona, gaiztakeriarik gabeko, alai ta parregille, optimista «baikor ez dut esango, baitaki ezezkoa ematen bearra denean, adibidez euskal-kulturzaleek laguntza zerbait eskatzen diotenean..., auzo ona ots, notin bat oso atsegiña gizarte edo ereriarteko jolasetarako! Langille ta realista gañera, oraindar munduari egokitzen dakiena...

        Adiskide maiteak, ba da ordu euskaltasun irriegingarri hori arbuiaturik beste baliosogo baten moldatzeari buruz abia gaitezan. Nork ez dakus, nork ez du somatzen hori gure endaren iñakin edo karikatura bat baizik ez dela, eta eredutzat aurkezten diguten Euskaldun gorputz sendo ta biotz eztia gure beerapenaren igali ustela dela? Gorputzaren indarra doain ederra noski, jo-muga guren batera eldu bearrean diardun gogo bortitzari laguntzeko; berez, ordea, alperrikako da ezer ez da: athleta uts dena ez da abere bat baño geiago. Langilletasuna ez onbidei bañan gaizbide da aberastunaiak sorturik denean gure realisten artean gertatzen den bezala, ezen ondasunek ez ba dute gogoa zikintzen, ondasunen billatzeak bai ordea. Eta sobera Euskaldunen optimismu merkea biziaren ukatze bat da, bizia tragoidia bat baita eta ez komoldia, gudua eskatzen baitu eta ez bake ta atsedena, eta gizon edo erri baten elburua ez delako zoriona izan bear, aunditasuna baizik.

        Adimenar uko eginda, ametsetan ari naizela esango dute noski abertzale realistek, edo izen egokiago batekin deitzeko, razionalistek, beren ideologia XVIIgn mendeko frantziar «pilosopu» engandik bildu dutenak. Bañan adimena baño gorago ezartzen dut ametsa, arimaren errañu eta deia baita. Adimenak aldiz, uste duelarik egia billatzen ari dela, mytho batzu baizik ez ditu erabilikatzen hala nola, erriketaz mintzo baigera, gizandiaren aurrerapena, bakea gizonek bear duten gauzarik, garrantzikoena balitz bezela, legearen nausigoa e. a. Ba da ordu gure ideologiaren iturburuak razionalismu estu hortatik kanpoan billa ditzagungure, erriari buruz amets aundiak egitera ausart gaitezan, itz batez, ba da ordu razionalista adimentzale izateko ordez romantiko izan gaitezan. Hala izan ziran sekula euskaltasunaren garra, piztu izan dutenak: Aita Larramendi, Agostin Chaho, lenengo gudu-buruzagi karlistak, Arana-Goiri ta beste bakan zenbait. Zoritzarrez, horien ondotik etorri izan direnek; beren burua horien «ikasle» bezela agertu nai dutenek zein nai zuzenbide politikotako izan ditezen euskal-Igikunde batendez «euskal» alderdiak eskeintzen dizkigute erriaren salbabidetzat, hau da, gauza estatiko, geldikor batzu gure endaren abioa eragozten dutenak.

        Gogo razionalista mythozale ba da, romantikoa mystikazale da: mystikaren bidez eltzen da mundu irudikor honen atzean den egiazko izateraño, ots, Arimaraño, eta hartan indar arturik berriz ere inguratzen da munduari buruz, bañan ez geiago haren jopu, baizik haren nausi bezela, ta mundua moldaberritzen du bere ametsaren araura. Geu euskal-mystikoak izan gaitezan beraz, abertzale realistek gure lepotik iseka egiñik ere amets-egilleak geralakoan. Alemaniako romantiko aundi batek, NOVALIS olerkariak esan bezela, adimena, oldozmena «somatze itzali bat da soilki, bizi auldu, marguldu bat». Gure ametsaren bidez aldiz, egiazko euskaltasuna ezagut dezakegu, gure arbaso aundiek Erdi-Mendetan Munduari erakutsi ziotena. Eta odol-garbiko Euskaldun horiek ez ziran ez auzo on, ez bakezale, ez jasankor, bañan aitzitik bortitz, urduri, guduzale ta aundi-izan anaiak: hainbat obe horrelakoak izan direlako, askoz eredugarriago baitukegu orduko Peru Abendañoko bat oraingo Perrando Amezketarrak oro baño.

        Arbaso indartsu ta indartzaleok ez dira il betiko —izan denik ez baititeke il, bañan beti izan ere bai da— ta garai-berriko mundu ekaizale ta atsedenzale honen morroin izan nai ez den Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten ba dizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia. Dei horri ez diezaiogula gor egin! Gezurrezko euskaltasunaren mythoak aldera utziz, berriz ere izan gaitezan, leenago izan giñan bezela, «Vascones inquieti», Euskaldun urduri ta biurriak.

 

aurrekoa hurrengoa