www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERTERRETXEN KANTUAZ OHARPEN BAT

 

        Eukaltzale gehienek gogoz ba dakite dudarik gabe Berterretxen Khantoria, Zuberoako eta, irizlari zenbaiten ustez, Euskalherri orotako eres¡ zaharretatik ederrena, Mitxelenak bere Euskal Literaturaren Historian idazten duen bezala: «Oido de labios de un suletino, con su sobria melodía y su ritmo grave, es un autentico eco del pasado, milagrosamente conservado en la fragil memoria popular» (p. 42). Egoki litzake soinu-argitaldari batek disko batean ezarririk eman ba liezagu, Zuberotar batek behar den moduz kantaturik, azken urteotan bain ugari argitara ohi diren baserritar folklorekerien ordez. Bainan ez da hau ene mintza-gai.

        Euskalherri guztian hedatu den 15 ahapalditako versionea J. D. J. Sallaberry-ren Chants populares du Pays basque (1870) delako kantu-bildumari zor bide diogu eta euskaltzale mauletar honen gandik hartu dute gero argitara duten beste euskal-kantu bildumagileek, hala nola Jon Gorostiagak, Aita Onaindiak, Laffitte Etchemendy-k e.a. Nik Zuberoan ene etxekoen edo auzoen gandik orain artean entzun izan dudan versioneak ere, gizalditik gizaldira ahomihiz heldua ta ez liburuetatik hartua izana gatik, ez zuen Sallaberry-k dakarren versionetik arte handirik, kantatzalleak hitz edo neurtitz bat-edo-beste aldatu eta, zenbait aldiz ahaztu egin zitzalolakotz edo sekula jakin ez zuelakotz —ahapaldiren bat aldera utzi gora behera.

        Bainan egun batzu direla, ene aita eresi zaharra kantatzen ari zelarik, ohartu naiz 13 eta 14garren ahapaldien artean gainerako ahapaldi bat emaiten zuela, nik behintzat ezagutzen ez nuena eta Sallaberry-k ez dakarrena. Berterretx bera da mintzo bertan eta honela dio:

 

                «Ezpeldoian nintzanian

                Janak ba nian zer egina:

                Haritx bati esteki eta,

                Bizia han galdü nian».

 

        Aitak esan didanaz, bere haurzaroan ikasi, zuen Berterretxen kantua Allande Bidegain, Sohüta-Gollart-eneko etxeko-jaunaren gandik. Allande hori, ene amonaren ahizpa batekin ezkondua zena, 1850-garren urte inguruan jaio omen zen; Zuberotarra zen, bainan ez dakit haren leinuaren jatorria nongo zen. Noizkoa da, ta nork egina, kantatu ohi zuen ahapaldi gaineratiko hau? Kantu originalaren egileak berak, ala hurrengo gizaldietako bertsolariren batek, askotan gertatzen den bezala bertso herrikoietan? Hizkuntzatik ez da ezagun, jakina, oraingo zuberotar hizkelkian emana baitago.

        Halaz ere, hitz-altxorraren aldetik, hitz ohargarri bat dakar ahapaldi horrek: bigarren neurtitzeko janak. Nik ez nakien zer esan nai zuen (ez da «jan» aditza, jakina), sekula ez bainuen orain artean entzun, ez eta inon irakurri. Parisen galdekatu ditudan Zuberotar batzuek ez zuten ezagutzen eta Lhandek eta Larrasketek ez dute beren hiztegietan emaiten. Bainan, ene aitak dionaz, zuberotar hitz jatorra da ta «hatik» (= hargatik) bezalatsu erabilten omen da: esan naiduke, beraz, edo «halaz ere, orraitino», edo «egiaz, benetan». Adigarritzat bertso jostagarriok eman dizkit: «Janak eztüta trempü hun / Ardû hunez ase ondun»; eta oharpen hau idazten hasiz geroz Beñat Mardo-ren kopla batean hatzeman dut: «Lau egun Barkoxen, janak, / Dütinak igaraiten / Entzün gabe erexiak / Segür ezta phatitzen...». Nire susmoa da ja- errotik datorrela; beharbada «jadanik» da, laburturik? Azken hitz hau, ordea ez dugu Zuberoan usatzen, orain behintzat.

        Beste ikusgune batetik ohargarri zait ahapaldi berri hau: Zuberoako jendearen ustez Berterretx nola hil zen, nola erho zuten, jakin erazten digulakotz. Haritz bati esegirik bizia galdu omen zuen zuberotar aitor-semeak. Bainan ez zen noski urkatua izan: ba dakigu lehenago, kristau herri gehienetan —Islam-lurretan ez bezala— gizon odol-garbikoak ez zituztela urkatzen hiltzera epaiturik zirenean, bainan lepo egiten, gaizki itsusiegirik egin ez ba zuten bederen (eta eretz hortatik Zuberotarrak oro aitor-semetzat joiten zituen herriko Foruak). Beaumont-eko kondeak ez zukean halaz ere beldurkunderik izango bere etsai amorratuari urkamendiko herio lotsagarria paira eraztekotz, bainan kantuaren hurrengo ahapaldiak diosku: «Ezpeldoiko alhabak... Berterretxen odoletik ahürkaz biltzen ari da». Beraz zauri batetik odola ixuririk hil zen Berterretx, ez itotzez.

        Heriotze-mota horrek gogoratzen du bitxiki erromatar konkistaren aurreko Galian usantzan zegoen giza-sakrifizio bat, Lukan poetaren eskoliasta bati eskerrak ezagutzen duguna. Alabainan latin poeta horrek Galiarren hiru Jainko nausiak aipu ditu bere Pharsala-n: Teutates, Taranis, —horrensque feris altaribusEsus» (=«Esus ikaragarria, basa-aldare batzuen bidez...», ematzen dutela, alegia) eta eskoliastak dio, neurtitz horren azalgarritzat: «Hesus Mars sic placatur: homo in arbore suspenditur usque donec per cruorem membra digeressit». (= Esus Marti honela ematzen da: gizon bat zuhaitz batetik zintzilikatzen dute odola galduz gorputza akitu artean). Egia da beste lekukotasun zehatzik ez dugula sakrifizio mota horren gainean, eta uharteetako Keltek ez zutela ezagutzen, dirudienez, Galesherriko ta Irlandako mythologiak ikertzetik ageri den araura. Bainan ba dakigu eretz askotan beren gisako ohiturak eta ohikundeak zeuzkatela lehorreko Keltek. Onhar dezakegu, beraz, Galiarrek —Germanen edo Germaniako Kelten eragintzaz beharbada?— Esus beren baso ta gudu-jainkoa ohoratzea gatik gizonak sakrifikatzen zizkotela, zuhaltzei esegi (zuhaitzak, eta batez ere haritzak, Kelten arbola sagaratuak, baitziran Jainkoaren basaaldareak), ez ordea lepotik urkaturik bainan besoetatik edo gerritik loturik edo nola ere baitzen, eta gero zaurituz, non eta nola ez dakigu, hala non biktimak odolhusturik hiltzen baitziran.

        Euskalherrian ere aintzina holako gisa-sakrifizioak izan ote ziran, oihanetako jainkoren bati eskeiniak; gero, herria kristautu ondoren, erligino-kutsua galdu ba zuten ere, usantzan egon ziratekeanak hiltzera epaitutakoak erhaitekotz? Berterretxen kantu osotuak hori uste izaitera haizu uzten gaitu, ene aburuz. Ez da ahaztu behar, Barandiaranek gure folklorea ikertuz idoro duen bezala, Euskaldun zaharrek Indi-europarren kulturako elemendu hanitz jesan zituztela; eta auzo izan dituzten Indi-europarren artean, Latinen aurretik, leihorreko Keltak izan dira, ez beharbada lehenak, bainan bai kultura landuena izaki beste herri bati gehienik eragin zezaioketenak. Ez litzake beraz handi aspaldiko Euskaldunek Kelten erliginoa parteka jesan ba lute, ez noski druiden metaphysika intelektuala, bainan herri komunaren polytheismuko itxurak eta mythoak, hala nola baso eta gudu-jainko bat giza-sakrifizioz ematzen zutena.

 

aurrekoa hurrengoa