www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak eta eresiak
Jose Mari Iparragirre
1839-1881, 1987

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerkiak eta eresiak, J.M. Iparragirre. Hiria, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

EGUALDI IZUGARRIA

 

Ernio gainetikan

Aitzkorri mendira,

Gaur ikaragarrizko

Tximistak badira!

Nekazariak diote

Egualdi au zer da?

Munduaren akabera

gaur eldu ote da!!

 

Ara mendia bera,

Urak nun datozen,

Ala ere gizonak

ez dira bildurtzen:

Nola biziko geran

Ez dute pentsatzen,

Arto eta gariak

Badira ondatzen!!

 

Aurra atoz onera

Ama onak dio

Jaunari erregutu

Beti bear zaio;

Munduan gauza gutxi

Guk degu balio...

Pentsa ezazu ongi

Gaur gerala jaio!

 

Nere begi aurrean

Pasa da tximista,

Aritz bat or egin du

Zati... mila puska!

Atoz ene maitea,

Zu nere biotza

Jaungoikoagana beti

Izan esperantza.

 

Begira eguzkia

Nun degun ikusten,

Aizeak asi dira

Oraintxe onduten;

Asi bertan ezkerrak

Jaunari ematen,

Ara gure gizonak!

Orra nun datozen.

 

Ama eta umeak

Etxeko atean,

Zoraturikan daude

Aita ikustean.

Musu eta laztanka

Etxe barrenian,

Zori ona nun dago?

Ortxe... baserrian.

 

Egon baserritarrak

Soseguz pakean

Eguzki argia da

Ernio alderan;

Eta denbora txarra

Etortzen danean,

Gizonak bear du izan

Kalma biotzean.

 

                        (1878)

 

aurrekoa hurrengoa