www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Musika ixilla
Joan Inazio Goikoetxea, «Gaztelu»
1963

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Musika ixilla, Frai Luis de Leon eta Gurutzeko Juan Deuna. Auñamendi, 1963

 

 

aurrekoa hurrengoa

«LIRA» FRAY LUISENGAN

 

        Pizkundearoa, petrarkar olertikerari buru egiñik, aapaldi neurridunago, oratiarrago bat billatzen saiatu zan, eta «lira» dalakoa erdietsi ere. Garzilasok ekarri zun Españara, Bernartar Tasso, Torkuatoren aita zanagandik artuta. Bein bakarrik erabilli zun, ots, Gnidoren Lorean, bañan ondore aundiko izango zan gertari au gaztel-olertitzan.

        Fray Luis Leonek beste zenbait «lira» mota ere ba darabilzki (AbAb, aBaB, aBaBcC, aBbAcC, aBaBbcC), baña berekiko oda geienetan aBabB tankerakoa aukeratzen du. Onen ondoren, Donibane Gurutzak ere aapaldi orixe darabil bere Gau Illuna ta Barne-Eresi olerkietan, naiz Maite-sugar bizirako sei neurtizdun aapaldia auta izan (abCabC). «Lira»k, beraz, XVI'gn. mendeko iru olerkari aundienen, alegia, Garzilaso, Fray Luis ta Donibane Gurutzen bitartez artu zitun lurrak Españan.

        Damaso Alonsok diñonez, naiz B. Tassori, Garzilasori edo Fray Luis Leoni, oratiarrak irurak, Oratiren aldakera azkarrentzat oda egokia zeritzaien «lira», berebiziko eredua jarraibidearen araberako neurkera, araua erdiesteko. Gogoemazu nolakoa zan —Epodoetaz landa— Oratiren aapaldien egitura, ots, safiku, alkaiku ta bitariko askelepiarra; eta auek guziak lau neurtizdun dira. Ain zuzen ere, bost neurtitzeko aapaldi onek, «lira»k alegia, giartsu oi du esakuntza, ta neurtitza ere, bilbil eginda, gogaiez jori-jori elika oi da.

        Alaere, Fray Luisen odaren eskupe osoa ez datza aapalditzat «lira» dulakoan, atalkin auetzaz olertitza nola osatzen dunean, bata besteak guziarekin duten ar-emanetan baizik. Petrarkatar olertikerak aapaldien arteko ar-emana batez ere adimen arauz lotzen badu, ez ordea Fray Luisen odak. Emen beste lege bati dogokio aapaldien jarraiketa, naiz aurrezka, naiz aldakera ta mailka egokiz, beti ain bizi, ain eginkor.

        Ar ditzagun bi adibide:

 

        «Tajoren iragarkizuna»

        Bedi lenena «Tajoren iragarkizuna» deritzan oda. Fray Luisen onenetakoa ez izan arren, Oratienen antzekoena baita, ta egituraz eta aapaldien albañuz ertilan egiñ-egiña.

        Ezaguna da elestia. Errodrigo, godotar errege azkenak, indarrez goza izan omen zun Kaba anderaurena. Onen aita Julen kondeak, mendekuz, mairutarrei otsegin zien, eta auek Gibraltar itxas-ataka alden-beste igaro ta Guadaleteko gudaldian bisigotarren jaurgoa birrindu ere.

        Odan, ba dakusa ibaiak bere ertzean Errodrigo erregea, Kabaren besotan, ta lizunkeri ori dala bide arabitarrek España azpiratuko dutela iragartzen dio.

        Urratsean dabil Fray Luis. Izan ere Oratik, bere Nereiren Iragarkian, Erromako jatorri-ipui zarrak bide emanik, olako gertakizun bat itxuratu zun Troyako zarraskiari buruz. Nerei itxas-jainkoak ba dakusa itxasoz nola daraman Paris troyatarrak ebatsita, greziar Elene, eta arrapaketa orrengatik grekoek Troya uria ondatuko dutela iragartzen dio. Ezin diteke idekoago gerta.

        Olerki-egiturari dagokionez, auteman geneza, adibidez, 2'gn, aapaldiko ele-iraulketa (hipérbaton), alegia aditza galdekizunen tartean ezarriz; aapaldi bereko elkarkien-berriztea (polisindeton), edota 4'gn, 8'gn eta 13'gneko elkarki-kentzea (asindeton); 9'gn eta 12'gnean berriz ele-gainketa (enjambement). Bañan aapaldien urrenketari ematen dion ibilkerari oartzea ajola geiago dio.

        Lenengo aapaldia ondoren, gertaeraren begitaratzea dana, olerki osoa iragarkizun da. 2, 3 ta 4'gn aapaldiak mailka datoz, eta 5'gna geldiune orotarazle bat da, bertan olerkariak iberitar ingurune guzira edatzen ere ditu beltzuraz begiak, zorigaitza datorkiolako. Baña, berela, asierako «ba» gertalitzaz bigarren aapaldiko ariari eltzen dio berriro. Orain ikuspegia askozaz orapillotsuago ta biziago izango da.

        7, 8, 9 ta 10'gn aapaldietan sen aundiko azaltzen zaigu Fray Luis, jarraibideari aldegiñik. Oda erdiko ikuspegi ain igikor, azkar ta bizi onek, espaide-gaitasunez goiena jotzen du gaztel-olertitzan. 10'gn aapaldia goraldi (climax) burua da. 11'gn aapaldia, zurruna, larria, biribilla da. Ustekabeko aldakeraz, ibaiak aserre oles egiten dio erregeari, bere zorokeria utzita iskilluak artu ditzan (12). Eta bertan 13'gn aapaldi arrigarria, ain eragille ta leyakor. Eta oraindik goraldi-erpiñean, eiagorazko aapaldi bat (14'gna): beraldiaren (anticlimax) asiera da.

        15'gn aapaldian, Tajo aitaren aoz, gizakien oñazengatik ezaxol, itxaso aldera emaro darion Guadalkibir ibaiari dagokio olerkaria. Azkeneko aapaldiak (16'gna), Oratiren azkenarekin bat datorrela, alabearrezko biotz-ikara sartzen digu, «ai» ta «ene aberri kutun» oietaz bakarrik apur bat biguntzen dalarik. Eztago ezer besterik erantsi bearrik: ezpain-berdin da barnegiro-ontzia.

        Beraldiaren eskupea aitor-aitorra da, diño D. Alonsok. Zarata baño gutxitzea nola eragikorrago dan jatiea dana. Oratik bere-bere dun eskupea; baita Fray Luisek ere.

 

        «Bakarraldia»

        Bigarren adibide au ere, ain urbildik ez arren, Oratiren Beatus ille odaren antzeko da. Egituraz, alegia; gogamena berriz eztu azaleko loturaz eioa;

banan-banan eta tipil datoz atalak, eta auen albañua irakurlearen adimenean eotzen da: kezkaz bizi da mundua; nik pakea nai det; beraz, mundutik alde biziko naiz.

        Laugarren aapaldia ondoren, tupustez, Izadira itzultzen da, 5'gna; 6'gn eta 7'gnean, mendira, iturrira, ibaira iges egitearen aldeak azaltzen ditu, eta 8'gnean olako alde onak gozatzea erabakitzen.

        Bereala, azaleko loturarik gabe, baratzaren azalkizun ezaguna lau aapaldietan (9, 10, 11 ta 12'gnak): bat-batean eguzkitara zabaltzen dan leioa da, eguratsez ain goxo. Eta berriro, ezustez, baratz-ikuspegia suntzitzen eta, onen orde, galdu-zorian dagon ontzi baten irudia, ekaizpean (13 ta 14'gnak). Nai gabe, zinemako irudien alkarketa-egitura datorkigu burura. Odaren goraldi-goiena da.

        Iru azken-aapaldiak (15, 16 ta 17'gnak), beraldi dira; bidez arren, berriro ere ba dakar begitara naste ta guduko ikuskizuna. Oar zaiozu azkeneko aapaldiaren sotiltasunari, aurreko neurtitza berrirotzean («Itzalpean etzanda»).

        Au du berarizko Fray Luisek, azalkuntzari dagokionez, bere olertigintza geienean: goraldi-beraldien igidurako joera.

 

        «Salinasi» Oda

        Eta orain Fray Luisen ertiaren barne-itzari edo giroari bagagozkio, ondo korapillotsu dala esan bear, bai sustraiz, bai asmoz: mezuaz ere bere-bere degu. Olerti bizi, sentikor, leyatsua berarena, naretasun eta erakundearen adierazle arrigarria.

        Bere ereduakin, ots, Oratirekin alkar jo bageneza, txastamen ideko arki oi degu bietan; baña gogamenari dagokionez, Fray Luisek askoz eragiten du Orati. D. Alonsok ain zuzen diñonez: Bai txindarra latindar olerkiaren gizabidezko neurridun mundua! Bai bera bezelako biotz sakon, orotariko susno-ekarle, Fray Luisena! Onen olertigintza alako igesgura ezikaitza, burrukari itzuri-egin nai bizia nabari zaigu.

        Gurari ori garbienik adierazten digun oda, bere adiskide Salinas, ereslari itsu bikaiñari eskeñi ziona da. Oda au bear bezela aditzeko, asieratik pitagoritarren burutapen-aztarnetan errotzen dala jakin bear: anima, alegia, lendanik erakunde izan eta, zigor baten pean edo, soñarekin uztarkide gerta izan zala ta gorputzean, illobi batean edo kokatua dagola; ortik ere sôma, sêma, «soña», «illobi», grekoen esana; edota, alako espetxe batean ere datzala gizona. Pitagoritarrek anima garbitzeko musika erabilli oi zutela ere, gorputza garbitzeko sendagarria erabilli oi danez.

        Zein musika? Zerutar lekune edo gurpil edo oboetarikoa, alegia. Lekune diralako oiek, ibilliz ibilliz, doñua sortarazten dute. Amar omen ziran zeruko izarrak (amarra zenbaki betea zalako) eta, beren ibilleran, bakoitzak doñu berezi bat sortarazten eta guziak esaneziñezko musikaz alkartzen omen. Zer dalata gizakumeak eztute entzun oi musika ori? Izan ere, etengabea, ixillunerik eza dalako. Arotzak era bere maillu-otsa eztu entzuten.

        Lenengo lau aapaldiak, beraz, maillaldi baten beste oinbeste koska dira, bosgarrena berriz (argitaraldi batzutan eztatorrena) mailburuko: Jainko-begiestea dana. Eta Jainkoa da ereslari goren, munduko eratzalle bikain ori; mundua, berriz, aren eskuetan derauntsan alako zitara aundi bat. Agustin doneak ere munduko erakundea soñulari garai baten kantutzat jotzen du: «velut magnum carmen cuisdam ineffabilis modulatoris».

        Pitagoritarrek mundua oro kopuru ta kidetasun dala uste zuten, eta ori ezta ezertan musikan bezanbat nabari oi. Orrexegatik ikasi zuten lau-aridun ereskiña (tetrakordio), eta tartekidea (sinfonía) zenbakizti arauz eratu ere. Aine aburuz, izar bakoitzaren igidura ez omen da berdiña, eta bakoitzak doñu bestelako bat sortarazten omen du, zitara-ari bakoitzena ere ezberdiña dan bezelatsu. Eta doñu ezberdiñ oiek oro alkartuz, orotariko erakundea sortzen omen da.

        Au dalata, argi ta garbi nabari da Fray Luisen zitara-irudia. Izan ere, animak, musikaren bidez, bere jatorrizko eratasun eta ezaguerara egiten du, eta orrela sorburu lenena, ots, Jainkoa begiestera irixten da.

        Seigarren aapaldia alkartzea, bat-egitea da. Animak, munduko erakunde gorenarekin alkartuz, erantzuki ideko bialtzen dio orotariko musika orri, ari ondo eztitu bat bailitzan bere eiñean. Eta gero gozamena, atsegiña, zorabioa (7'gn, aap.).

        Urrengo aapaldia (8'gna), bein senti izandako ederraren oroipen mingarria da. Gero (9'gnean), bere lagun olerkariak ontasun oiek gozatzera deitzen ditularik, anima berriro ere goi-begiestera igo dedin eta bertan betiko koka, bere adiskide Salinasi are ta musika ta eratasun geiago eskatuz bukatzen du (10'gna). Azken aapaldi au, Fray Luisen azkenak oro bezela, neurriduna da, negar-jariozko dardara gordea igerri zaiolarik.

        Oda onen egiturari dagokionez, Tajoren iragarkizuna bezin orapillotsu eztala esan bear, bañan ontan ere betetzen da olerkariak Oratigandik ikasitako legea. Lenengo zazpi aapaldiak munduko eratasunakin bat-egiterako mailladi-koska dira, azkeneko irurak berriz zentzun lizunerako jetxiera.

        Labur esan: alkarte ez alkarte bitartera biltzen da Fray Luis Leonen ertigintza osoa. Beti gozakaitz, beti minbera bizi da olerkaria, ta iñoiz eztialdirik, erakunderik edo sophrosynerik badazau, bizitzan lortu eziña dan urruneko ikuskari baten antzeko du.

 

aurrekoa hurrengoa