www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Musika ixilla
Joan Inazio Goikoetxea, «Gaztelu»
1963

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Musika ixilla, Frai Luis de Leon eta Gurutzeko Juan Deuna. Auñamendi, 1963

 

 

aurrekoa hurrengoa

SARRERA

 

Orixek

 

        Gramatikan asi nintzanetik autemana nendukan, euskera lur aitorra zala izan-izate, ots, metafisikarako. Bai bi aditz-izenak, itzen alkarketa, bakanketa ta aldaskak beste oinbeste bide ikusten nitun erabateko gogaiak adierazteko. Betoz Vinson gure adixkide nolabaitekoa ta aren Perutxo Unamuno, besterik esatera. Baña ez nintzan baitaratu olertirako ere on zala, urteetan sartutxo nintzan arte.

        Urli egunean, euskal-olerki-bilduma batean, Luis Leonen Zeruko bizia arkitu nendun, euskeraz, poliki itzulia alaere. Nor ote dugu, esan ere nere artean, gizon ausarti ori, eta, Gaztelu iauna.

        Egia esan, eziña irudi zitzaidan gaztedaniko nire maisu ua gure izkuntza landugabean emaitea, eta ez nintzan artara saiatu ere, beste itzulkizun aski zailletan oitua banindagon ere. Eta arritu zitzaidana, Gazteluk zertanbait kendu egiten ziola iatorrizkoari.

        Sandi egunean, OLERTI deritzaion aldizkarian, Donibane Gurutzen Iainkorako Maite-eresia begi egin nizun, eta bi aldiz arritu. Nik ia eziñago uste nenduna. Ordun iruditu zitzaidan euskerara itzuli zitekela xuxen, eta ez traduttore traditore antzean. Nire aldian nik eskerrik aundiena eman nien bi olerki oriek euskeraz eman ezkero, eziñik etzitekela uste ukan nendun gure izkuntza ustez motel ontan.

        Oraindik ere nerau itzultzera erabaki baiño len, Maite-eresi ori gordiñegi zerizkidan gurerako, eta ez nintzan beiñere ausartuko, Gazteluk kutsatu ez banindu. Olako maite-leloetarako egiña zegon Gaztelania, ango idazleek Iaikora biurtu bai zuzten giza-maitekeriak ere. Orobat egin zuten musikan Moralesek eta Guerrerok.

        Alde batera, ez nau osotara arritzen Fitz Maurice Kellyk Historia de la Literatura Española-n diñonak: alegia, neurtitz oriek lizun gordin dirala. Baliteke, bai, ingelesez euskeraz bezala gordiñago gertatzea; baiña Iainkorako artu ezkero, gaztelaniz ez dute beiñipein, ilako lizunkeririk. Bestalde, Iainkoak berak emaiten digu eskubide beure liburuetan, batez ere Salomonen Leloen Lelo artan. Beraz, zergatik ez eman euskeraz ere?

        Aspaldi aundian, ikaslanak asi ta laister, baitara nintzan euskera bere zarpillean areago zoala iakingai batzuetan inguruko erderak baiño. Baiñan olerkirako oinbeste balio zezakenik ez nendun ametsik ere. Eta orduko itzuliak nenduzkan neurri bereberan Elizako goratzarreak, inguruko izkuntzek egin ez dutena eta egiñen ere neketan, naski.

        Gure euskera gaixo onek itzak luze eta eder ditu, itz-zati bakarrik ez du, gutxi batzuk baizik, eta alaere iritxi da gaztelania eta frantsesa iritxi ez diranera. Eta oraindik ere nola ausartu ni gaztel-olerkian aisa nagusi diranok euskeraz emaiten?

        Rousselot batek au esan zigun: eguzkipeko lirikurik aundiena Fray Luis Leon zala. Ez daukate gutxiagotzat Donibane Gurutz erdaldunik geienak. Entzun M. Pelayoren itzak: «Nork emanen dauzkit itzak nik nai nuken bezala Fray Luis Leon iasotzeko? Gizakien baiño aingeruenago diran Donibane Gurutzen eresiak lekutu ezkero, gaztel-lirikurik alderatzen zaionik ez dala banesa, ezer gutxi esan dudala uste nuke».

        Beraz, Gazteluk bi aundienetara io du; euskeraz poliki iantzi ditu bi aundien orien olerkirik onenak. Ez ote du ioko laister goiena gure izkuntzak?

Gu baiñon obeki itzuliko duztenak etorri ditezke, iakiña, ta iatorrizkoekin berdindu ere egin ditezkela dirudit, erabat gaintzea neke bada ere. Gutxi al lizake gure ele ederrarentzat, besterenak olan emaitea, geronetik aiek lako olerkarirk atera ez baledi ere?

        Zertan dauntza euskeraren doaiak olerkirako? Itzean eta mintzoan, au da, adierazian eta adierazpidean lenbizi. Gero, itz bakoitza bere mailletik bestera alda ditekela; eta doairik zailuena, izen oro aditz biurtu ditekela iokaeran, eta aditz oro izen, orobat, Campionek irakatsi zigunez.

        Uts bat du aundi xamarra gureak, aundiena ia esateko; itz luzeekikoa, errezago egin oi dugu itz-elkarketaz; baiñan aditz ele-biko orrek astuntzen digu izkera olerkirako. Besteak itz bakarrean emaiten duzten itzak, guk bitan eman bearra daukagu. Uts edo oker au zuzentzen dugu batzutan itz-ixiltzearekin bidez. Len lenagoko izkuntza zarretan egin oi zutena, guk ere egin oi dugu, ta ederki datorkigu. Gaiñera, orain berri xamar, asi zaiguz gure olerkariak iokaitz-ele-bakarrak emaiten. Ederki dago ongi egiten asmatu ezkero; baizik ere, itz berri oriek guriña kentzen diotela olerkiari. Ele-ixiltzeak ere, badu xorapide.

        Urrena, mintzaeran dago gure euskeraren aitor ona, batez ere sudur-izki esaten zaienetan. Urrenago, itz-urrenean datza gure izkeraren indarra. Oraingo izkuntzenen aldean, indar aundia emaiten dio adierazpideari, geroxeago dakuskegunez.

        Ona emen, labur, gure izkeraren barruko adieraztea, au da, gramatikarena; baiña barrungo itzaren adierazte ortaz gaiñera, badute izkera guziek beren mintzoa edo mihi-soiñua. Ontan ere gurea eder nabari da. Artu dezagun, esaterako, guk gaztetan ikasi genuzan izki-ixurkiak (garbiak) l, m, n, ñ, r eta batez ere orietan n, sudur-izki garbia, ez kinkuna, batzuk zintzurrean ito-erazten dutena. Gure an, en, in, on, un oriek askotan gertatzen baitira, zillar-eskil-otsa emaiten diote izkuntzari. Grekoek ere bi izki lagungabeen artean, n mintxo-eder esaten ziotena ipiñi oi zuten. Gaztelanizko neurtitz ederrenetan ere izki oriek dira nabari: Gero, xistu-izki esaten zaienetan, oso ugaria da euskera:

 

                la del que huye el mundanal ruïdo,

                prado de bienandanza.

 

Gero, xistu-izki esaten zaienetan, oso ugaria da euskera: s, z, x, ts, tz, tx.

        Bi eragaitz arkitzen diozat nik gaztelaniari neurtitzerako; bai eta inguruko beste izkuntzeri ere: puntua eta azentu astuna. Puntu ortan, gu ere kutsaturik gaude; geiegikoak gira, erdaldunak baiñon okerragoak. Neretzat puntua induri txar bat besterik ez da; emendioo baiño neke geiago du. Gaxte giñalarik, lenik greko-latiñezko neurtitzak ikasten eta neurtzen asi gintzan, eta ez genien ezeren utsik arkitzen. Aiek etzuten punturik. Eta zer neurtitz ederrak guretzat, batez ere gerok alakoak egiten ikasi genuenean. Ni euskal-bertsoak egiten gutxi edo asko asia nintzan; baiñan oso motel irudi zitzaizkidan, irakurteko beintzat, eta orain motelago berriz. Neurtitz aiek etzuten punturik, baiña guretzat mintzo ederra zuten, tuntunari edo igikerari begira.

        Aditu ukan dut, olako edo alako gogorakizun etzirela asmatuko puntuagatik izan ez baliza. Bedi; baiña zenbat geiagotan eramaiten du puntuak neurtizlaria nai ez dun tokira! Bestera baiño geiago. Gure euskera puntu ortan errexa da, errexik iñun baldin bada; alaere ez digu beti ta askotan esanarazten guk nai genuken uaxe; asko askotan gogaiari indarra kentzen dio. Gure olerkari bati puntuak ara zer esanerazi zion misiolari batengatik: Jesukristok baiño neke geiago eraman zula. Ezaguna da gaztelaniz arako bertso ua:

 

                Fuerza del consonante, ¿a qué me obligas?

                A decir que son blancas las hormigas.

 

        Eta, begira, izketa askatuan ari dirala, ustekabean puntu bat gerta baledie, kendu egiten dute, itsusi bailitzan. Bitxi da! Izketa askatuan oker dagona nola zuzentzen da, ugarituz, neurtuan?

        Ez diñot, ez, kantatzeko neurtitzetan puntua oso kentzekorik. Gure bertsolarieri ez dakit nik aiña esker nork emaiten dien; baiña neurtitzak irakurtekoan, askatu bear genuke kate astun ori. Gure Gazteluk puntua pixka bat utzi di, baiña en erabat, nik ortara eragin badiot ere. Guk asi degun bide au ibilten, asiko al dira laister gure ondotik datozenak.

        Arrunkeri aunitz asmatuko dutela ortik io ezkero? — Bai puntuekin ere; euskaldunak, bertso batzuk ondu al ukan ezkero, olerkari iotzen du beure burua. Eta, zein ez da gauza oratarako Euskalerrian? Obe genuke, euskeraz egiten diran neurtitzetatik euneko bost bakarrak egiñen balira! Bearrik aztuko dir geienak! Gauza arrunteri etzaie buru emanen, ez puntuz, ez ain gabe. Balio duten bertsoak bakarrak egiñen dute igeri.

        Oraingo izkuntza berriori, batez ere erromakume deritzaieneri, eragaitz aundia zaie indar-mintzorra, bai izketa neurtuan, bai askatuan ere. Itz bakoitzean eta beti itz-zati berean punpetakoa emanen ez balitza, eta mintzor ori naierara alda baledi, ez legoke eragozpenik; baiñan erdera oriek ez dakarte berenez. Alaere oztopo ori ezaguturikm mintzor gogor ori ixiltzen dute, aldatzen dute, mintzor oriek elkarrengandik bertanegi naiz urrunegi baldin badaude. Galiziar bati cuarénticíncu entzuten badiote, irri egiñen diote; baiña iende ikasixegoek ere, bidemodu ortara ioten dute baitaratzen ez dirala. Egun oro ari gira mintza-erraiñuz olako mintzor banaketa entzuten, naiz kenduz naiz geiagotuz. Esaterako, gogor lizake le dió tál gólpe en lá cabéza, tal gol orieri indarra kenduz eta la'ri emanez. Orobat porque los enemigos eta olakoetan bots itz-zati ta geiago azentu gabe gelditzen baitira. Orregatik esaten dute: porque los énemígos... Donibane Gurutzek badu neurtitz bat nik erderaz ezagutzen dudan itsusiena; ez baitu mintzorrik zortzigarren itz-zati arte:

 

                sino la que en el corazón ardía,

 

eta berealaxe bigarren azentua. Beste bat ez du oso polita, neurtitzak adierazte ederra ez balu:

 

                ún nó sé qué que quedan balbuciendo.

 

Bigarren eta irugarren zatibakarreri mintzorra kendu ezkero, biguintzen da. Oraindik ere qué que que- ori ez da belarri gozagarri; baiña barrungo itzari begiratu ezkero, ezin esan olerki eder orren neurtitz ederrenetakoa ez danik.

        Neurtitza nekagarri zaio belarri piñari, musikaz edo mintzoz, beti doiñu zurrunera, doiñu bakarrera erortzen baita. Neurtitzari, musika danez, diñot. Bestela, bai, neurtitzetan gogaia obeki lantzen da. Neurtitzak on dira oroitarazteko ere; baiñan ez da puntuaren bearrik ortarako ere, neurtitza ondo egiña badago. Mundu-gerriko deritzaionaren izar-mordoak gogoratzeko, latiñez ikasi nendun bertsoa, puntugabea, gogoratzen dut beti: Sunt aries, taurus...

        Izketa askatuan gertatzen diran mintza-iokorik ederrenak arturik ere, aiek beti berritu ezkero, nekagarri gertatzen dira. Zenbat ederregao da izketa askatuz elkar-izketa bat, galde-erantzuka! Berori egin diteke neurtitzetan ere: galde-erantzuka iardun. Orrela, ariñago lizake neurtitza, ta asko irabaziko leuke musikaz.

        Erderazko itz-neurketa indar-mintzorrak eta etenak egiten dute. Itz-neurkera gaizki egiña daukate: begi-iritziz, ez belarri-iritziz. Eta gu erdaldunen atzetik goaz. Zer diño neurtitzak lau itz-zati, zortzi, amabi, ukan edo orien aunizkote izan? Zergatik ez idatzi izketa askatuan bezala, eta ez lerro laburretan? Zergatik ahapaldia, eta onek lau lerro, sei, zortzi, amairu, gure bederatzi puntukoak bezala? Tuntuna ongi badoa, belarriari zer dio axolik. Irakurri bear dunarentzat bereizi bearra dago, bai; baiñan erabat edo dagokala, orrialde osoa betez, etenak bakandu litezke geixago izktea askatuan ez bezala.

        Berrizaleek egiñalak egin dute erderaz neurtitz berriak asmatzen. Alperrik ari dira. Begientzako bakarra ari dira geienean. Nai duten aiña irauli dezatela. Bi neurtitz duzte oberenak, oietan banatzen baitira obekienik azentuak, batez ere bigarren maillakoak: zortzi zatiko eta amaikakoa. Besteak beti bater datoz eta astunago dira. Menendez y Pelayok alexandri-bertsoari nagia esan zion. Ba zedukan etxean astunagoa:

 

                a las ármas, valiéntes astúres.

 

Nork egari iru itz-zati oro punpetakoa, ahapaldi bakarrean ere?

 

        Luis eta Ibane alderatuz

        Asi gaitezen itz-neurritik. Gezurra dirudina, bai izketa askatuan, bai neurtuan, Luisek alde aundia kentzen dio Ibaneri itz-urrenean. Gezurra dirudila diñot, Gaztela Zarrekoek itz-urren obea baitute Berrikoek baiño, eta Ibane Gaztela Zarrekoa zan, eta Luis Berrikoa. Norbaitek esan balezait latin antzerago ioten deula Luisek, areago esanen diot Jesusen Teresak eta ez latin-kutsuz; bai, aurki, euskal-kutsuz.

        Bi izkelgi artzen dudaz nik Espaiñian, itz-urrenari dagokionez: C ta CN (Gaztela Zaar-Berrietakoa). Bearbada, Erromako gudariek itz-urren berbera ekarri zuten. Zertatik bitaratze ori? Teresak euneko ogeita amabost aldiz, batzutan berrogei ere bai, euskerazko itz-urrena darabil; Luisek geienez, ogeita amar aldiz. Menendez Valdesek eta Cervantesek asko itz-urren berriagoa dute. Cervantesek eta gure egunotako Perez de Ayalak berdintsua: euneko amabostetan, goiena iota. Don Juan Manuel irakurri nendun euneko ainbata ateratzearren, baiña gaur gaurko itz-urrena du ark ere, nik irakurri argitaraldia gaurkoratua ez baldin bazegon, beintzat. Gaztela Zaarreko itz-urrena, batez ere Refranero Primitivokoa (ikus Menendez Valdes, Diálogos de la Lengua), euskeratik urbillago daukazu, eta M. Valdesek diñona, atxoak ardatzean ari zirala asmatua baldin bada, ezin izan latin ikasi zutelako. Ortaz, Bureban, orduko Euskalerrian, erderaz itzegiten asi ziralako ote? Euskal-itz-urrena latiña baiño latiñago baita.

        Luisek, batzutan geitxo okertzen du itz-urren ori, latinoek ere bezala. Ori ederki ipiñi diteke argitan, zenbaka, galdera egiñez, eta erantzuera dagokiona dan ikusiz, gure Azkueren araua betetzen dunentz ikusita. Ez da olako neurririk Kikeronen itz-urrena ere noiz dagon ongi, noiz gaizki igarteko. Luisek geienetan euskerari dagokionago du Ibanek baiño. Zergatik onek Teresak baiñon exkaxago? Ontan Luis, neurtitzetan Espaiñian iztunik onena izan da, ta geiago ua lakorik ez etorriko gaztelarrak Refranero Primitivoko itz-urrenera biurtzen ez badira. Alaere Baltasar Gracianek asko kentzen die gaztelarreri izketa askatuan, irixten baita itz-urren egokira 50%tara ere.

        Edozein idatzi, galde-erantzuka ez dagona, betiko egiten ari dira galdeeri erantzuna bezala artzen da. Izketa ortan, betiko erantzuera ortan, itzak ixil-galdean bezala ipiñi ezkero, ori da euskal-itz-urrena, ta diñotenez, japondarrena, turkoena ta latin zarrarena. Salustiok 97% aldiz du itz-urren euskalduna; Kaiserek 95% aldiz, eta Kikeronek 94% aldiz. Grekoa exkaxago zan: Platon ez da irixten 60%ra ere, galderak kentzen bazaizkio beintzat (auetan ez baita aldatzen itz-urrena); Demostenes irixten da 75% aldiz ere (Filipica I).

        Egungo gaztelarrek ez dute sumatuko Luisen itz-urrenean euskaldunak aiña edertasun. Belarri-entzua galdu dute. Guretzat gaur gaurko diran esaerak, aieri zar-usai dakarkie.

        Zertzuk esaten ziguzten eskoletan ¡de sesenta minutos consta la hora! esatean, itzak itzul-iraulka zeudela. Nola galdetzen, bada? — ¿De cuántos minutos consta la hora? — Adi-iabe, aditzkizun, asmatu duten itz-urren ori irrigarri da. Ez du batere indarrik. Nundik etorri zera, zer ian duzu, Madrildik etorri naiz, ogia ian dut, etorri naiz Madrildik, nik ian dut ogia, erantzuten dute. Ez da or galdegiten zein etorri dan, ez zeiñek ian dun.

        Gaztel-itzurrena frantsesarekin berdintzen ari da. Guzia itzurreneketa berean esan oi dute, mintzorra aldatu besterik egiten ez dutela:

 

                nik iaten dut ogia (bestek ez)

                iaten dut nik ogia (ez dut uzten iateke)

                ogia iaten dut nik (ez besterik)

 

 

        Ele-iraulketa

        Galdera oiñarri artu ezkero, guk ez dugu ele-iraulketarik, oraingoek ala egozten badigute ere; ez duguz ipinten itzak aintzin-gibelka. Auek, bai, ondatzen dute itz-urrena, ta guretzat auek dute ele-iraulketa; framtsesek diñotenez, guk idien aurretik ipintzen omen dugu gurdia, ots, aien aldez-beste mintzatzen omen gira. Eta aiek, gure aldez-beste. Baiñan, nik bati esan nion: nor ote da oker ari dana? — Zuek, nik uste. Guk beti erabatera egiten dugu bidea. Naiz zutik, naiz buruz bera goazela, burubidez iokatzen gira; zuek, aldiz, bide erdia zutik egiten duzute ta beste erdia buruz beera, onela: d'ou venez vous? eta de Paris viens-je esan orde, je viens de Paris, diñozute, atzekoz aurrera. — Vous avez raison, esan zidan. Nolanai dala, auen bidemodua oso aula da, indar aundia kentzen dio esamañari, urardotzen du.

        Esan dudana naikoa dute erdaldunek Gaztelani Zarra oraingoaren alderatzeko, batez ere atsotitz zarrenekin. Latitarrak ere baduzte utsak, esamañ geiegi biurrituz. Galderak erakusten digu ederki. Gaur euskaldunok, Azkueren arauari esker, Kikeronek baiñon obeki dakigu zein itzurren dagon biurritua.

        Luis Leonek ere badu noizean bein itzurren ez-egokia. Nik arkitu diodan biurrena au du: y de su esfera cuando / la cumbre toca altísimo subido / el sol... Gaur onela esango leukete: y cuando el sol... toca la cumbre de su esfera. Eta Gaztelani Zarrez: y cuando el sol... la cumbre toca (¿qué toca?). Egia, bai, puntuak biurrirazten dio.

        Gure itzurren au, adierazterik ederrena io diteke; beraz, Luisek Ibani aunitz kentzen dio ortan. Zertan geiago? — Itzak eta izkiak begiratuki aukeratzen. «Aurpegira egozten didate, diño, itzak beuren tokian ipinten dudazalako; gaztelaniz ongi egitea, erriak bezala egitea dala uste baitute. Ez dakite, ongi itzegitea burubidezko eginkizuna dala, zer esan eta nola esan. Erriak darabiltzan itzetatik onenik derizkionak aukeratzen ditu idazleak, aien mintzoari begiratuz batzutan, izkiak ere bapanatuz, azkatuz, neurtuz, ongi antolatuz, esaten dutena garbi adierazteko ez-ezen, mintzo ta eztiro esateko».

        Iraizean aipatu duguz prado de bienandanza eta la del que huye del mundanal ruïdo. Ontan Ibane ez da ain kontuzkoa. Badeuz, bai, ahapaldi biribillak eta beteak. Ikus, esaterako, Maite-leloan 3 ta 4garren ahapaldiak: montes, riberas, flores, fieraz, fronteras; bosques, espesuras, verduras, vosotros. Metastasiok os biribil ori nai zuken italerarentzat. Iakiña, ez zan orien billa ibilliko, izkuntzak ala dakarrelako.

        Aztertu dezagun labur Ibane. Iru zatitan eman zigun ber mistika-olerki guzia. Iruetatik bitan esn diteke olerki-mota ori ikast-olerti dala, eta ez mistika uts-utsa. Orrela Iainkoarekin alkarrerazi nai dun arimari ari zaio. Beraz, bi nortzu ageri dira eta bata bestearekin nasten ditu. Gau illunean, «Maitea Laztan biurtua» ondo esana dauka Ibanek bere buruarengatik, baiñan ez irakasten ari zaionarengatik; oraindik lenbiziko asieran baitago. Izan ere, or diñon zentzu-galtzea ez da asiberriena baizik. Ez dut batere maite Gauean «y todos mis sentidos suspendía» bertso ori, batez ere, egungo lausokeriak ikusita. Olerkirako lillura aundiago du, baiña garbi diago lau tokitan Ibanek, olako aldi oriek etzaiezela gertatzen asiberri batzueri besteri, ta gaixo daudelako, edota beren griñak oso moteldurik ez dauzkatelako. Lau toki oriek irakurri nai baduzuz, auek dituzu: Noche osc. esp., cap.I, 3; Subida, lib. III, cap. I, 6; Cánt. esp. Canción XIII, 6; Cánt. esp. XIV, XV, 18. Iainkoa animagana gogoz gogo ez-baiña gorputzaren bitartez ixurtzen dalako omen da ori, or diñona. Areago, mistikuen artean au ere gertatzen da: grazi berberaren berri zearo emaitean, bitara adierazten dutela, beren kristau bizieraren ariora. Ago batean bi mingain luzten gisan. Ezaguten du S. Teresak eta onela diño: «parece que me contradigo, pues hace catorce o quince años que lo escribí». Cuartas moradas baño lenagoko iardunetan iatorri bat autematen du, «Iainkoagandiko atsegiñak» nondik datozen: Iainkoa urbil, alboan, ondoan sumatzetik alegia; baña Moradasetan, Iainkoa bere barruan sortuko lizaion gisan. Ortarako dakar alderakizun polita, bi ur-askaena: batean, antxe berton iaiotzen da ura; bestera, ur-bidetik dator, txurru egiñez, eta onela dira bakoitzak bere alegiñez erakarten ditun atsegiñak. Ikus, nai badituzu: Vida, XIV, 4; XV, 7; Camino, XXI, 2, XXI, 3; Conceptos, IV, 2; ib. IV, 4. Berrizkoak bapanatu ezkero, dozenatik gora dira. Bein junto cabe, biak batean emaiten deuz.

        Gero, Maite-eresian, «no viviendo dondo vives» ori ere bere buruarengatik ondo esana luke, baiñan ez irakasten ari zaionarengatik; bein ikutu orietara iritxi ezkero, ez baitu animak galarazten ainbesteraño olako ikuturik.

        Bigarren, Maite-leloa, irakas-olerki zalako eten bearra zedukan lenegoagandik eta baita «Entrándose ha la Esposa» artatik, an elkartu baitziran maitez. Etzigun ala egin; baiñan artean, «Nora zaitut kuku» artatik asita laister, ontasunean aurrera bazoan ere, atsegaitza agertzen du lenbiziko amabi ahapaldietan. Gero bi maiteak erabat elkartu diranean, «Entrádose ha»tik azkenera ez da ageri atsekaitz ori. Baiña Maite-sugar bizi deritzon leloa orren osagarri da, ta an berrirotzen du zerura-nai ori.

        Olerki onek (Maite-leloak) obe luke azkeneko emezortzi ahapaldiak kendu baledioz, ederki bukatzen baita 22-garrenean. Luzeegi egiten da Oda bezala artu nai ukan ezkero, ta atzartasuna xogorrerazten du Maiteagandik. Olerki orrek badu batasuna azkeneko emezortzi ahapaldiak kendu baledioz, eta orduan ez dakit zein obetsiko nuken, Luisen A la vida del cielo ala Cántico espiritual. Maite-sugar bizi du Ibanek olerki iatorra, biotz-eresi nasgabea. Alaere geiegiko idurikizun oriek ikas-mistika diralarik, ez dira bizi-mistika gertatzen irakurlearentzat.

        Luis ala Ibane, bietan zein dan olerkaririk onena galdegin bageneza, neke da erantzuten. Ematekotan, nik Luisi emanen nioke aritz-abarra. Batez ere, bakoitzaren lana ikusita.

        Erabat obea al da? —Gauza batzutan, ez. Neurtitzez neurtitz eta ahapaldiz ahapaldi, bakarka artu ezkero, Luis ez da irixten Donibaneren ondora, ta besterik iritxiko danik etzait iduri aurrera ere, dozenaka ahapaldietan.

        Zertan agertu da, bada, obea Luis? — Neurtitzen eta ahapaldien bildumak biribiltzen. Luisek, antziñakoen erara, oda deritzenak egin oi ditu; Ibanek ez, Gau illunean eta Maite-sugar bizian bestetan. Olakoak egin baleuz, esker obea emanen nioke. Maite-eresia puskaki xamarra du, ta lirika ta ikastolerkia naste emaiten deuzalako, indar aundia kentzen dio.

        Ibaneren alde ona au da, batez ere: azentuak obeki banatzea. Musikatzeko ere obeki datoz, mintzo-azentuak eta musika-azentuak ederki artzen baitute elkar, Luisenak ez-bezala.

        Norbaitek esan dezake beti batago izanen dirala Ibaneren neurtitzak. Ez dago erabatasun ori kentzerik izkuntza berrietan; baiñan on baiño kalte geiago du Luisen bixikotasun orrek, azentuak okerrago banatzen baititu, edo urbillegi elkartuz, edota urrunegi bakanduz. Mintzor-banatzerik oberena, amaika silabadunetan, au da: 2'gn, 6'gn, eta 10'gntan; eta zazpikoetan, 2'gnean eta 6'gnean. Gaiñerako ioko guztietan, azentuak ez daude ain ongi banaturik, geiegi naiz gutxiegi diralako. Adibidez: Él vá, y en pós dochósas; lau azentu zazpi silabetan. Iakiña, ozen esatean, va orri gogortasuna kentzen zaio, doiñua kendu ezkero; bestela bertso gogorra da. Prádo de bienandánza: emen lau silaba daude dagozkala, azentu gabe. Ez da batere eder ori ere. Gurean ezin liteke mintzatu, iru aldi oro doiñua aldatu gabe. Ibanek ere baditu olakoak: entre las azucénas olvidado: bost silaba azentu gabe.

        Beraz, Luisen bertsoa gogorrago ta astunago da berez. Baiña gaztela izkuntzari dagokiona da. Zertako ipiñi azentu geiago ta aldatsuagoak, gero irakurtekoan kendu bear ba'dira? Orregatik ontan ni Ibaneren aldera etortzen niza.

        Luisek, aldiz, (ikus, esaterako, La vida del cielo ta A la Ascensión), asi ta buka Iesukristogandik zintzil bezala garamatzi, sogortu gabe, biotzean alako berotasun bat sortarazten digula. Lirikuz geiago da, beraz, eta mistikuz ere, niri barrunago sartzen zaida.

        Ibane zorrotzegi epaitu dudala esanen didazu, irakurle. Etzait iduri. Ordaiñez aren alde beste zerbait ba'nesaizuke. Iñongo gizonen bertsoak baiño maiteago dudaz Ibanen zenbait zati, izketa askatuan, Cánticotik eta Llamatik artuak. Neretzat ez da olako bertsorik munduan, gizon soillarenik. Zoaz Llamara, ta an irakurrazu «oh toque delicado» aren iruzkiña. An buruz buru Iainko-Semearekin ari da («oh tú, Verbo»), ta alde batera bezala uzten deuz geiegiko idurikizun eguzkialdeko oriek. An, bai, irakurlearen barrua berotzen dula.

        Mingarri da, beraz, Ibanek Luisek bezalako bildumak edo xortak ez egin izatea. Orduan, bai, nagusi zitekela. Oda bat badu taiu politekoa, Un pastorcico solo está penado. Olako sailtxo bat egin ukan balu, irakurriago liteke Ibane.

 

        Mistiku ote Fray Luis?

        Luis lirikuz geiago dala esan dizut, eta mistiku danez barrunago sartzen zaidala. Mistiku al da gero? Ez dezagun eletarik itzaz; nik esan nai dudana, Iainkorako bertsoetan geiago berotzen nauala Ibanek baiño.

        Emen datorkigu Damaso Alonso, dudan ipinten edo ukatzen, Luisek ez zula ukan ikutu mistikurik. Bi uts egozten dioz: patxararik eza, asarrekor izatea, animako minkaiztasuna, ta asegaitza ta asekaitza.

        Asarrekor zala? Berdin dio. Iainkoak, edozein gogaro dun gizonari ixuri oi dioz bere doaiak eta Luis baiño oituraz gaiztoago izan diran gizonak ukan dute ukitu ori. Orra Platon, okermin lotsagarri batzuen menpean egona, Maierek diñona egi bada, ta itxurak ala dira, Iainko-ukitu ori ukan zunik eziñ ukatu. Praile iakintsu bati ioan nintzaion bein, Platonen zati eder bat irakurtera, an ukitu orietako bat aurkitu nulakoan. Irakurri nion. Berriro irakurrerazi zidan astirogo, ta azkenik au esan: «Kristaurik geienak ez gira ortara irixten». Ba-zitun praile onek bost liburu mistikaz idatziak. Griña itsusi ua gora bera (obe ukan ez balu), Iainkoa eskuzabal agertu zitzaion Platoni beure doaietan.

        Badakigu Luis zartzaroan kristau bikaindu zala; otoitzean oso ekiña zala, beure burua motelarazten gogotik ari izan zala. Bestela, Anai-autsiengatik alakoak esanda (obe bearrez, S. Agustiñen bizi-araua ongi bete zedin), etzuten Erki-Buru egiñen, naski. Zeruko bizia azken aldera idatzia diteke. Kristoren Izenak idatzi ondoren, beintzat, aietan (Pastor) ez baitakar «ez makil, ez abail».

        Urrena, ukitu orrek, mistiku izaiteko, ez omen du utzi bear animagan asegaitzik eta asekaitzik, eta Luisek bai omen deuz. Nik aditzea dudanez, bestera dago egia. Irakurri ere badut iñoiz edo bein, minkaiztasun ori, betiko aberria erdi-ikusteak eta atzerri ontan oraindik egon-bearrak emaiten dun gazi-geza dala, ta ori sumatzen ez bada, iduritu txarra artzekoa dala ukitu ortaz. Mundu ontan, Iainko-ikuslerik bikaiñena ere, beti asegaitz gelditu oi da, berela beste bizitzara egan ezin egin dulako. Or daukagu S. Pablo, bat aiña mistiku. Ukitu oriek ukan ondoren, zer diño? — «Askatu nadin gorputz ontatik, Kristorekin gerta nadin».

        Ez dakit Ibanerena ala Teresarena ote dan (bieri egotzi oi zaie) arako «bizi naiz, ez nigan biziz». Ori esan duna Iesukristo bizi du;Iesukristorekin bat egiña dago. Eta ez badago, gezur andi da, olerkiaren beste ainbeste bezala. Ta egi baldin bada, zergatik eratxikitzen ere «ez iltzeak iltzear nauka?» Il egin nai emen ere, obeki esan, betiko bizira ioan nai, Kristo ikusi nai ater-unerik gabe. Orobat Maite-sugar biziaz aitatu dana.

        Beraz, eta ondarrean, Luis Iainkorako olerkietan atsegaitz ageri bada ere, eziñ esan orregatik bakarragatik, ukitu mistiku ori ukan ez zunik. Ukan ote zun, gero? — Olerkietan ez da errez erabakitzen. D. Alonsori baietz iduri zaio, Salinasi opa ukan zion Oda artan, eta ez Zeruko bizian. Niri, ostera, aldez beste. Onek askoz geiago berotzen nau. Irakurri bedi era berean Kristoren Izenetan daukan adierazpide berbera (Pastor), eta baietz esan nezake. Baiñan, Esposo deritzaion iardun artan, badu animaren gaiñezkaldi bat, oso neke iduri baitzait gertatu etzaionak Iainko-ukituaz alako aztarren zeatzak emaitea. Alderakizun baten bidez adierazten du Luisek Iainkoak animari egiten dion ikutua. Iainkoa su bezala egiten du, ta anima egur eze bezala; «Suak erasoten dio subillari, eta berotu ala, se geiago artzeko gai egiten du. Ta su artu ala, kea gora asten zaio, noizean bein tiro batzuk boteaz, ur-negarra dariola, ta burruka ontan, sua gero ta indartzenago da, ta kea gar biurtzen bat-batean; baiña garra berela itzali oi da, ta berela berriro itzali, iru ta lau aldiz. Azkenean, suak subil osoa erasoten dula, ta nagusi zaiola, guzia batean ateratzen da gar egiñik, eta garrak bonbon subilla bizkor bildurik, egurra su dirudila uzten du.

        »Ala berean, Iainkoa animari urbiltzen eta elkartzen zaionean, eta bere eztitasuna emiten dionean, dastatu-ala geiago opa du, ta griña onekin gaiago egiten da atsartzeko, ta gero ta geiago asetzen da, ta atsegiñ au poliki poliki geitzen danean, lenbizi ikara eragiten dio anima guziari, ta gerora samurrerazten. Eta tarteka zizpuru samur batzuk entzuten dira, ta ezarian, malko txit gozoak iarioten dira oarkabe. Aurrera, bat-batean pizten da maitez ta argiz egindako gar antzeko bat, eta bereala itzaltzen da, ta negar-zotiña berritzen;pizten da beste ez dakit nolako argitasun bat, eta negar gozoa ugariago da. Ola dabilla anima, beregandik erabat ateratzen da, eta bere buruz gaiñetik igorik, eta bere barruan eziñ egonik, maitasun samurra dario, ta alde guzietatik urtzen da, ta ez du aditzen, ez esaten, olako itzak besterik: argi, maite, bizi, atseden oso, bazterrik ez duzun edertasun, on neurrigabe ta txit ezti, urtu nadi guzia ta Zu biur nadi, Iauna.

        Iaunak! Au ukitu mistikua ez bada, ta Luisek bere buruagan sumatua, ez dakit nik zer dan ukitu ori. Iñon diran aztarrenak eta zantzuak emaiten ditu, beintzat. Asi Moisesengandik Loiolako Iñazioganaiño, ukitu ori sumatu dutenak berdintsu mintza oi dira. Eta zeñek asmatu du Luisek bezain ongi adierazten?

        Azkenik, Luisek berak ere aitortu omen, etzula olako ukiturik ukan beregan. Ez dio axolik. Badira bat baiño geiago, ukitu orietakoak ukan eta konturatu ez direnak. Gure Aita Kardaberazen bizitzan au esaten da: bi urte egon zala ukitu orietaz baitaratu gabe, edo zer ziran iakin gabe; baiñan animako gurasoak, Santa Teresaren olako leku irakur zezala agindu zionean, orduan ezagutu omen zun, arek ere ukan zitula (Ardores de un serafín, I, 115).

        Gerta ere zedioken, orduko Ikasgu nagusietan aburu iakiña baitzan, otoitz aundira sartzeko, lenagotik ezagubideak illunbean gelditu bearrak zirala, ta Luisek olakorik beregan sumatu ez, eta ikutu egiazkorik ukan zunik ez siñestea.

 

        Azken oarra

        Luzetxo doa Sarrera au, olerkari ta mistikuengaz aburuka zabaldu nadin, olako lanetan egiñ oi dana, ez beti zuzen ere. Bi idazle umo autatuko ditut nere gogaieri leku emaiteko: H. Bremond Apaiza, ta J. Maritain. Lenengoak, La poésie et la primière dalako liburuan, Pascalen esangune batetik oiñarri arturik, biotzak baditu arrazoi, arrazoi iritxi ez detzakenak, beste goragoko ezagubide bat asmatzen du: mistikuetan la pointe fine, animaren erpiña; olerkarietan ikusbegia. Begira, ordea, biotzaldiekin, batzutan egi ateratzen badira, besteetan gezurrezkoak baitira.

        Ez dugu entzin bear osotara mistikuen ikuskari batzuetaz. Iainkoagandik badira ere, batzutan gezur gertatu baitira, Iainkoak burutarazia oker artu zutelako. Igarleren bat ere izan da, eta artaz mintzo da Donibane Gurutz, Iainkoak idaroki diona oker artu duna.

        Esker ona eman bear diegu, bai, naiz olerkarieri, naiz mistikueri; baiñan ez duguz Iainkoetsi bear. Mistikuen begi-kaldu ortaz galdegin ere da, orren bidez mistikuak geiago ikusten ote dun Iainkoaz siñest-egiak diotsona baiño. Ez, iñolaz ere; geienik egiten duna, ta ez da gutxi, egi ori beregan bizi egitea du; au da, mistikuak ez du beure adimenez ikusten adimen orrek fedeak argiturik esaten diona baiño. Gaiñera, mistikuaren ikuste ori ez da begiz ikustea, itza zorrotz artu ezkero; ikus bezala egitea da, S. Tomasek esan zuna.

        Ez naiz asiko, Moisesek eta S. Paulok, esate baterako, mundu onatan iraizean bederik Iainkoa zer-dana ikusi ote zuten. Aitortu diteke, nere ustez, mistikuak ez dula lekutzen siñismena, au da, gogai soilla, iainkoarekiko artu-emanetan. Iainko-ikuste au onela itzez muga diteke: «berekin gauzakan Iainkoagana ernai ta maitez egoitea, siñismena argi dugula».

        Maritainek gaiñera «egite eragiñak» aipatzen ditu, bestek aragiñak; baiñan auek ere ez dira guziak bestek eragiñak, ikuste ori ere egiz ikustea ez dan bezala. Iainko-ikuste ortan lilluratu diteke, Bosgarren Egonlekuetan dagona ere. Nola erantzi guk gure gogaia noizko-nongoetatik Iainkoaren betieran sartzeko, Tertulianok ziñona? Seguruago deritzat S. Agustiñen irakatsia, au da, iñon ez dula Iankorik arkitzen bere oroimenaz landa.

Iainkoaz oroitu ta artan atseden, naiko da, nolabaiteko ikuskari oriek alde batera utzita, naiz adimeneko ditezela. Ederki diño Bibliak: «Gogora nendun Iainkoa, ta atsegiñ artu».

        Otoitzaldian egiñ oriek oro «bestek eragiñak» balira, kristau zintzoak ez leuke batere meriturik. Gutxienik esker ona eman bear dio Iainkoari, ta bere aldetik maitatu.

        Gure egunetan ioera aundia dago, batez ere olerkariak geiegi gorestea. Obeki esan, beurak goresten dute beuren burua, besterik baiño geiago bailiran. Bakar batzuek leku, milla xoxokeri asmatzen dute, berak beurak ere eziñ ulertuzkoak. Obe lizake olako oriek izaro galdu batera baztarrerazi litezen, an elkar goretsi dezaten, elkarren bekaitzak uzten badie beintzat. Apalago izan bear lukete, mistiku iatorren antzera.

        Ia, bada, gure ondorengo gazteok! Aztertu ongi gure euskerak dauzkan adierazte alderdiak. Ez egiñ muziñ arau-bide zearoari. Ar zazute bat zerontzat zerbait lotzen zautena, askorik ez bada ere, zeuren buruak ongi ezteko. Iarrai Gazteluri, ta zabaldu bideak oraino, euskal-olertia guziok nai dugun erpiñeraiño igo dedin.

 

 

ITZAK NOLA NEURTU

 

        Ontan ez gatoz erara Gaztelu ta ni. Nire ustez, bultzaratxo esaten zaion bide-modu ori ez dagokio euskerari, ez baitu indar-azentu nabarmenik. Niretzat euskeraz etena aski da neurtitzari beure ariurria emaiteko. Izan ere zer da igikera edo tuntuna? Etenak mugatzen du mintza-neurrien sailla, neurri ori oso zurruna ez izanik ere. Izketa neurrigabean ere, aiserako azentua emaiten dugu beti; azken-silaban, ordea, berez du euskerak mintzo biribillagoa, ta ez du eskatzen indarrik eman dadion. Au aski da, nire aburuz. Ongi autemaiten du Kikeronek etengabean ez dagola tuntunik, eta norbaitek beiñere etengabeko arnasa baleu, itsusi leukela atergabe mintzatzea. Beraz, tuntunak etena du doairik bearrena. Badut adiskide bat, izketan oso nekagarria, ez baitu arnasa berritzen, osotara bukatu zaion arte.

        Izkuntza berriekin nasirik, nekez egiten dugu bertso bat, esateko balio dunik, ozenki esateko, alegia. Logaedicos esan oi ziotena, batez ere Askelpiadelene ederki datorkigu, naiz bakarrik, naiz Alkaiurenarekin naste. Adema Zaldubiren Azken-afaria ezkero, neurkera ortan saiatu gira zerbait. Alaere bertsoa beti bertso, ots, beti batera erorten dala.

 

 

ITZULKIZUNAK

 

        Bi itz itzulkizunengaz. Xoragarri zaizkit niri, ta ala zaizkiekela, nik uste, gaiñekoeri. Zearo zintzo egiñak, eta ortatik asi bear da. Oso tokigune gutxitan ez dira irixten iatorrizkora. Gero adieraziko dugu. Itzultzaleak ez du errua beure; izkuntza da irixten ez dana, oraindik ez baitaukagu ongi egiña gauza guzietarako.

        Erabat esan, iatorrizkoa berdintzen du eskuarki, ta ez bakan ere, kentzen dio, gure adierazte ugariari ta gure mintzo-mintxoari esker. Gazteluk ezagutzen deuz adierazpide guzi oriek, eta aietaz ongi baliatzen da. Esangunea kutun dauka, ta musikari begiratuz, ahapaldi bikain bikaiñak ateratzen deuz. Damurik, ez deu utzi alde batera puntua. Erdal lirari iarraituaz, geitxo lotzen zaio, azta arindu badio ere. Bein osotara utzi du puntua, Virgen que el sol más pura artan. Olerki au itzul-errexa bada ere, au itzuli du aulenik, euskera ez baitago egiña Andere Mariren doaiak azaltzeko, ari deiak egiteko.

        Orain eman dezadan olerki bakoitzarengaz iritzitxoa:

        Bakarraldia.— Zearo ongi itzulia dago. Ahapaldi bat bakarra ez da arkituko, iatorrizkoa baiñon exkaxago idurituko danik. Itz-urrenean gureak kentzen dio, ta batez ere mintxotasunean. Lerro batean bakarrean ez da irixten iatorrizkora: la del que huye del mundanal ruido, iru l ta iru n oieri esker.

        Prantzisko Salinasi.— Aurrekoa bezain zeatz itzulia. Auteman beza irakurleak 4, 5, 8'garren ahapaldiak, bereiziki mintxoak.

        Zeruko bizia.— Itzulkizun onek goiena ioten du. Ez dut ezagutzen itzulkizunik, aitorrizkoagandik oin garai ateratzen danik. Lerro batean ez da irixten, prado de bienandanza. Alare ikus bedi, zoruntasun-belardi urbiltzen zaio mintxoan, bi n, l bat eta r baititu onek ere. Itzulkizun au «eziña garaitua» esan ledi.

        Diego Olarteri.— Gau narea. Beste itzuliengaz erabat esan duguna esan diteke; baiñan auteman bediz 2, 8, 10, 14, 16'garren ahapaldiak.

        Taioren Iragarkizuna.— Aukera ditezke 7, 9, 10, 15'garren ahapaldiak; 13'garrena ez diteke indar osoan euskerara biurtu, ez baitugu ioka-itz ele-bakarrik. Alaere aditzak ixilduz, erdi-aditz, erdi-aditzonod, eiagoraen bitartez, diteken bezain ongi itzuli digu.

        Bakardiari.— Olerki onek ez du bear aiña izen on Luisen olerkietan. Itzulkizunak lagundu dezake iatorrizkoa obeki aztertzen. Ez dakit zeintzuk ahapaldi aukeratu. Bitez 1, 2, 5, 8, 9 ta 12'garrenak.

        Pilipe Ruizi.— Beti lena berriz esan gabe, begira 2, 3, 5, 7, 8, 9 ta 10'garrenak.

        Kristo zerura.— Olerki au bere lekutik aterea dirudi, Liburu Sainduak gaudentes itzuli zirala esaten baitu: pozetan. Baiñan beste oiñarri bat eman dion ezkero, ortan gauzak dakarrena da. Ahapaldirik ez aukeratzearren, guzia kopiatu liteke.

 

«ORIXE»K (G.B.)

 

        OARRA.

        Zenbait egun aurretik, Donibane Gurutzen itzulkizunetzaz eskuz jarritako bere iritzia galdu edo oarkabe ausi egin zulata, olaxe joan zitzaigun ustekabe gure «Orixe». Gure ele-maisu zanaren ilburuko lana esan diteken au neretzat egin zulako, nere esker ona azaldu bearrean natzaio. Bestalde, Fray Luisen Joan Grial Jakitunari oda ta Donibane Gurutzen Maite-sugar biziren ondotik datozten kopla-saillak, «Orixe» il ezkeroztik itzuliak dira. (Egillearen oarra).

 

aurrekoa hurrengoa