www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa  

XVI
Gerla! Gerla!

 

        Biharamunean oraino, Piarresek ez zezaken bere gogotik aldara, bezpera arratsean aitak egin zion behatze samurra. Gerla? Gerla, iguzki aldean zeren bethi bazituzten beren arteko eztabadak? Eztabada horiek zer zitzaizkoten frantseseri, Frantzian eskualduneri, eta Eskual-Herrian senpertarreri? Beren arteko makurrak beren artean xuxent zitzatela, eta deskantsuan utz deskantsuan bizi nahi zutenak!...

        Eta Piarres, bere grinak lan zerbeiten gainera hustu beharrez, kopeta zimur athera zen Oihanaldetik, haizkora bat eskuan.

        Main xuxen, inthari gora, bere makilaren gainean plegaturik heldu, agertu zen Azkenbordako Maria xaharra. Maiz aski entzuna zion Piarresek: «Oilaskoz ase, ala arthoz ase, asea zela bethi... ase». Bainan, Phesta biharamun hartan, arthoaz bertzerik igurikatzen zuken, beroaren bero, hala izerditan Oihanaldeko kaskorat hupatzeko. Ez bide zen burutik maingu gure Maria.

        Hainbertze gogoeta ilhunen artetik, hirria jali zitzaion beraz berehala Piarresi, erdi-burlan oihuka hasi baitzitzaion atso zaharrari: «Eup! Maria? Oihanaldeko kaskoaren aldi dugu holetan. Ontsa, ontsa. Ortzirale sainduz baino usain hobea usnatua dukezu hemen gaindi, Eliza-Phesta biharamunean... Eta, zer berri da behere hortan? Zer diote kazeta egunkari horiek irakurtzen dituzten aizinatuek?

        —Nik ez zakiat, Piarres, jaun horiek zer dioten edo zer irakurtzen duten egunkarietan. Bainan, kazetaz, bertzerik irakurturik badiat nik ene bizian, eta lur huntako kazeta guziek erakasten ez dituzten gauzak bazazkiak aspalditik, hi sortu baino lehen ikasirik. Nahi duk jakin Maria zaharrak zer dion? Goxo goxorik deus ez... ilhargiaren... ingurua dena odol duk egun hartan. Odola, odola! Espainiako errege zena hil izan zelarik orai hogoita hamar bat urthe, hola hola gorritu zuan ilhargia eta odolztatu. Orain ere, errege-hiltze eta gerla, holako zerbeit ikusi behar diagu...

        —Bakea emazu, emaztekia!...

        —Ez bakea, ez, Piarres, bainan bai gerla... Eta gero, bazakiat zer diotan. Zumabian ikusiak ditiat, barda oraino azkenik, sekulako bultoak... Argi handi batzu hala hala. Ah!.. Piarres, Piarres, ez zakiat, bainan badiat uste hire meza hura ez dugun bulta batez oraino ikusiko...».

        Eta, hinkili hankala, mottoa daldaratuz, bere buruarekin gora gora erasiaka, urrundu zen Maria...

        —Atso tzarra eta ez bertzea!... Horiek solasak erraiteko! Bihotz-altxagarriak egiazki!...

        Eta saingaka, hulubiaka Xuriko Oihanaldean ari zelarik Maria zaharrar edo bezperako ilhargi gorriari, Piarres, bere haizkora handia zangoetan, soldado-gudulari bat iduri zuela jadanik, xut xuta gelditua zagon hantxet, ipular-buruan, keeta handiaren aldean.

        Ez zen bada buru ahul eta ttutta hetarik. Sinhesten duteko egiak bazitzaizkon aski, bertzerik nola-nahizka iretsteko. Bainan, futxo, tenore hartan, gerlarik baizen ez aiphu bazter orotan!...

 

* * *

 

        Bizpahirur aste iragan ziren holaxet. Ogiak oro ederki sartu zituzten herrian. Ahapetik, aphal aphala oraino, eta holako beldur batekin bezala, bainan gerlaz bertze solasik ez zuten beraz aitak, Maria zaharrak, kazeta guziek! Hainbertzenarekin, berria hedatu zen, Otrixiako jaun handi bat, errege seme bat hil zutela han nonbeit, Zerbian!... Bainan, zer zoakoten hortarik oraino Frantziari, Eskual-Herriari?

        Eta bizkitartean, bethiko Alemania higuina hor balitz, kataska horien gibelean, guzien akulatzaile? Joan behartzen balin bazitzaion? Herritik urrundu behar balin bazuen harek ere, eta gerlara joaiteko, amets bati bezala ordu arte, urrundik eta airera baizik behatu nahi ez zion gerlara? Gerlak izan zitezken beraz gure mendean oraino? Gizonak joan zitezken gizonen hiltzera, ihiztariak ihiziaren garbitzera bezala? Asma ere zitekela gehiago holakorik!

        Eta, hala hala, gerlak izan ziren lehenago, bethitik eta bethi... Berek nahi ala ez, gainean dituzten gaitzak oro ez askiz, gizona lotzen bethi gizonari, otsoa otsoari, diotenaz, lotzen ez zaiolarik!...

        Egun batez, Oihanaldeko kaskotik beha zagon beraz Piarres, herri maitea han zuela, oinetan.

        Elizari hurbil, doi doia xutik egoki, ikusten zuen jauregi zaharra, alderdi orotarik zilokatua eta xirak ehortzia, kolperik baizen ez baitzuen erakustekorik, eta kolpe hek, orduan, nahiago baitzituen kukuturik.

        Han ere gudulariak iragan lehenagoko aitoren-semeen denboretan, eta berrikiago, Senpereko sabel-gorrien eta Urtubiako sabelxurien egunetan!

        Duela ehun urthe, Wellington han iragana, Senperen, bere angles, español eta portugesekin, Soult marexalaren ondotik. Amotzeko zubian, Tontolokobordako mazeletan, Santa Barbarako muthurrean, hurbilago oraino Aantzenbordako kurutzearen ondoan, etsaiarekin borrokan arizan frantsesak! Serresen, Fausuko oihanean, Helbarrongo Olha inguruan, hortxet Muxkoenbordako patarrean, pentotak oraino izaki, orduko gudulariek altxatuak! Arbona, Arrangoitze, Basusarri, Milafranga, Mugerre, Baionako inguruak, oro kanoi-pezek irauli orduan eta uzkaili! Eta han, urrun, Ursuiko mendiaren hegaletan, Harispe jeneral eskualduna, Heletako kaskoetan, borrokan iragan Donapaleurat buruz, etsaiaren aintzinean ihesi...

        Holakorik bederen ez da aldi huntan ikusiko?... Kanore du!... Eta bertzalde, gerlarik nork nahi zuen Frantzian? Nondik behar zen beraz gerlarik?

        Piarresi halere ez zitzaion bihotza osoki sosegatzen, eta, bere buruarekin erasiaka urrundu zen handik. Ogi-jotzea zuten larunbatean, eta maxinarentzat egur xehatzea zuen muthil gazteak. Haizkora-phikoa xuxen zeraman Piarresek goiz hartan! Egur idor hek bezala, puskatu ahal izan balitu bederen otrixianoak oro!...

 

* * *

 

        Hiru edo lau egun iragan ziren berriz oraino. Kominione handia behar zen, lehenbiziko igandean berean, eta, herriko elizan, Othazehe jaun misionesta ari zen, Senpereko ehun bat nexka eta muthiko phesta hunkigarri hartarat moldatu beharrez. Lizartzako haur bat Erretreta hari jarraikitzen ere baitzen, harek ekarri zuen berria, erretor bikarioak ilhun eta kexu ikusten zirela, eta haurreri maiz galdatzen ziotela othoitz bat egin zezaten frantses herriarentzat!...

        Ortzirale arratsean gero, berantean, indarka eta lauzkatuz, Amotzetik ekarri zen ogi-jotzeko maxina handia, eta Oihanaldean, destenorean oraino, ari ziren biharamuneko puska guzien moldatzen. Gaxuxak, Mariek, ez zuten nahi deus erraitekorik izan zezaten Oihanaldeko langileek. Bainan, bertze urtheetan halako loriarekin egiten zen lanari, ixil ixila kasik lothu ziren, eta gogoa han nunbeit urrun.

        Thomasek, Piarresek, to tuntik ezin egin zuten, eta, larunbat goizean, ohearen gainean jo harat eta hunarat luzaz egon ondoan, oilarra kantuz hasi orduko, jaikiak ziren biak.

        Xixtu luze luze bat entzunik, langileak heldu ziren bizkitartean. Bainan, maxinan zerbeit makhur berehala gerthaturik, goizaren erditsutan bakarrik lothu ziren lanari. Beharrik ez zuten ere sobera ernatzerik bigarren ogi-jotzerik ez izanez egun hartan. Ahamen bat jan zuten beraz orok, denbora iragan, aztaparren xorroxteko bezaIa.

        Ezti eztia lehenik, eta gero burrunbaka, hasi zen suzko maxina, eta berehala, Oihanaldean altxatu zen laborariak hain maite duen bethiko haro gozoa. Etxe ondoan erleak harrot ziren eta laster gero sosegatu, berena ere baino maiteagoko lana Oihanaldeko kofoin handian ezaguturik. Xixtuka iñarak hasi ziren eta alderdi guzietarat inguruka.

        Maxinaren berotzaile, athorra mahunketan, Xoilo ari zen, Afrikako moro beltz bat iduri zuela jadanik, maxinaren xuxentzen zikindua. Eta, lehenago Phesta-Berrietan atabal jotzen bezen deskantsuan ari zen, Xixtuk haren aldean pikatzen ziozkan egurrak labe gorrian sar eta sar, uhal bat hementxet xuxen, olio xorta bat hantxet eman.

        Selaurutik, tranpatik artiki maltxo-ezpaleri estekaren pikatzen, erne ernea ari zen aldiz Felix, manexek harrotzen zituela gero hek, berehala.

        Matxin eta Xabatene, apheza aldarean bezen xut, ezpal heien sartzen ari ziren, begiak argi, eskuak zalhu.

        Bere sardi-furtxa eskuan, debru bat iduri zuen Gaxienek lasto aldaratzen.

        Ganix, Pierre, Loran, gazteenak, hirriz eta lasterka lehenik, maltsokiago gero, lastoaren garreiuan ari ziren; eta lehenbiziko meta-lastoa bazoan altxatuz, altxatuz, erle-kofoin handi bat bezala. Meta lasto haren gainean, Martin gaizoa xutik hantxet zagon, Piarresek ederkixko laguntzen zuela, bizkar-sorbalda pullitenak lastoari eman beharrez.

        Tupin zahar bat gero kasko-kaskoan kapelutzat, eta horra meta-lasto jauna xutik, lagun baten edo bien beha egoki, oro pidaia bati lotzeko, jendeak oro lokhartu zitezkenean...

        Eta maxinaren sahetsean, huna zakuetan-emaileak, Thomas eta bertzeak, lerro lerro zorroak ogi ederraz bethetzen dituztela. Lanarekin borroka, joantxe bezala zaizko Thomas gaizoari bere grina pisuenak. Noizetik noizera halere behako bat samurra emaiten dio, han, meta-lasto kaskoan ikusten duen Piarres maiteari, eta halako intzire bat jalitzen zaio orduan bulhar barne barnetik.

        Bizkitartean, iguzkia badoa gora, bere bidean. Aboztuaren bia da, uda bethea. Bero ari du hazkarki eta erhauts bat eraikia da ogi-jotzetik, zintzurrak orori tapatzen baitiozkate. Meta-lastoaren gainerat iganik, Ganixek hedatzen du xahako handi bat, eta begitarte badu haren etxe-arnoak. Thomas harat hunat badabil, bere pitzer-arnoa eskuan. Kolpe bat ona emaiten diote, behin, bietan:

        —To, muthikoa, edateko aro duk!

        Eta, ukhondoaz doi doia kopeta xukatu ondoan, edaten dute langileek; basotik lurrerat ixurtzen dute gero baso hartako azken xorta, eta badoazi berriz lanerat, berriz iguzkirat, berriz erhautserat.

        Oren bat eta erdiak irian, xixtu luze bat berriz ere, eta lanetik gelditu dira oro.

        Eta, orain, han dagozi, deskantsuan, ongi beretua duten otruntzaren egiten ari. Lan borthitzak janari nasaia galdatzen, janariarekin... edari ona ere bai. Oihanaldean, bethitik, begitarte badute ogi-jotzaileek, eta deusen eskasik ez dute beraz aldi huntako langileek. Bainan, solas guti gaur, heien artean, eta hirri gutiago oraino, jan eta edan ari dira oro, bainan ixilik edo kasik.

        Bizkitartean, zigarroak erretzean, zalutu pitta bat ziren mihiak, eta bakotxak zakien hura edo aditu zuen hura erran zioten bertzeeri.

        Halaxet jakin zen, aintzineko egunetan, Lurden egin zen biltzar handian, oihuka oihuka othoitzez arizan zitzaizkola jendeak harpeko Ama Onari, gerla-mehatxuak barreia zitzan frantses Herritik urrun; eta Ybarnegaray deputatu gazteak, bere lagun eskualdunak Arrosarioko Ama-Birjinaren ondorat oro bildurik, erran ziotela goraki, zortzi egun gabe gerla bat izigarria eraikitzera zoala guzientzat, Jainko ona urrikaltzen ez balin bazitzaioten.

        Ixil ixila gelditu ziren orduan Oihanaldeko langileak oro. Hamar bat muthil gazte baziren han, lehen lehenetarik joan behar zirenak, Frantziak hel egiten balin bazioten sekulan! Eta, begiak xorrotx hantxet zauden, urrun, harat norapeit begira, deusik ikusten ez zutela. Ikararik ez zuten, ez eta ere heriotzearen beldurrik, bainan bai halako ilhundura bat bihotzean, nor bedera bere etxe-xokoaz orhoitu eta...

 

* * *

 

        Xixtuka berriz maxina abiatu zelarik bizkitartean, ixil ixila itzuli ziren oro, zoin bere ogi-jotzeko tokira. Bainan, goizean ere baino kar gutiagorekin lotuak ziren lanari; eta, Xoilok bere orratzari ez bethi aski hurbildanik behaturik, gogoa galdurik ari zelakotz hura ere noizetik noizera, gelditzerat egiten zuen maxinak. Intzire-dolamen bat aditzen zen orduan; lotarik iratzartzen bezala zen su-berotzailea. Xixtuk xehatu egurrak, ongi jakin ere gabe zer ari zen, sartzen ziozkan labeari; eta, abre bat iduri, berea berriz izanik, arroaz emaiten zen lehenagoko behien orde lan gogorrean ari zen tresna gorritua.

        Arratsaldea bazoan holaxet. Iguzkia Helbarrongo kaskoeri hurbila aphaltzen ari zen, gorri gorria, aintzinagoko gau guziez ilhargia bezala. Sei orenek jo zuten herrian, eta azken maltxoa eskuan jada hartua zuen Xabatenek, noiz eta ere, betbetan, jendeak, etxeak, kanpoak oro harrotzen zituela, harrabots bat altxatu baitzen, han, herrian, zinez ikaragarria, lazta bat emaiten ziotela berehala orori...

        Dan, dan, dan, eliza-dorretik, ilhun ilhuna, hasperen bat erranen baitzen egiazki, ezkila nigarrez ari zen bere senpertar maiteeri, eta mixteriozko haro bat eraiki zen berehala zoko guzietarik...

        Dan, dan, dan! Dan, dan, dan!... Su-deia ari zen bethi'ta ilhunago. Sua ba, eta su ikaragarria, eta ez gehiago Zirikolatzen edo Garramunen, bainan bai Euskal-Herrian, Frantzian, kasik lur guzian!...

        Oihanaldeko gizonak, zuri zuria egin ziren; elgarri beira eman ziren, hitz bat ere gabe... Nigar bat jali zitzaioten zenbeiti. Beren meta-lastoaren gainean, Martinek, Piarresek kurutzearen seinale bat egin zuten ithoka.

        Atalasean, xuri xuria hek ere, agertu ziren Gaxuxa, Marie, Goaña Lizartzakoa...

        Hainbertzenarekin, atabala karrikan ari zen, zinez izigarri tenore hartan. «Plan, ran, plan! Plan, ran, plan!»...

        Zurubietarik jaustera zoan Piarres. Atabalaren ukaldi bakotxa bihotzean sartzen zitzaion, erdi erdiraino. Behatu zioten bere aitari, bere amari... Eta ama hura, bi eskuak begien gainean emanik, nigarrez ari ikusi zuen semeak. Marie, Goaña, ama gaixoaren aldean xutik han zagozin. Beren amodioa baizik ez ziozoketen eman Gaxuxari, eta guzia hura emaiten zioten, hari besarka lothuak maiteki...

        Nigar batean gelditua zen maxina, nehork begiratzen ere ez ziola gehiago.

        Begiak zorrotz heldu zen orai Thomas bere langileetara:

        «Hots, muthikoak! Oro baino gorago duk Jainkoa. Lagunduko gaitik!...

        »Gorphutzak behar dik berea; ahamen bat iretsiko bederen duzue, eta, gero joanen zaizte, zoin bere alde... Engoitik, zuen etxe horietan ere zuen beharretan dituk...».

        Eta gero, itzuli zen aita bere seme maiteari buruz, eta, ezti eztia, halako ikare bat mintzoan, erran zion:

        «Zoazi, Piarres, eta jakinazu sobera baizik ez dakigun berri madarikatua. Eta, harat ernatzerik balin baduzu ez ahantz jaun erretoraren etxean iragaitea dukezula lehenik...».

        Hitz bat erran gabe, xoko batean bere soinekoa harturik, athorra-lephoa hetsi zuen doi doia Piarresek, eta herrirat buruz urrundu zen gero berehala, xorrotx xorrotxa begiak harek ere...

        Eta, oren laurden bat gabe, ithoka zerbeit janik, alderdi guzietarat ohildu ziren Oihanaldeko langileak oro. Herrian, ezkila, atabala bethi ari ziren: bihotza ereman nahi zioten guzieri.

 

* * *

 

        Oren bat eta erdiren buruan, Piarres Oihanalderat heltzen eta, Lulaiko patarrari behera jausten sumatu zuen Letxero Arrangoitzkoa, bere turrutarekin halako aire hits bat emaiten ari: La Générale!... Etsaia ja hurbil hurbila emaiten ohi den airea!...

        Eta, goxo izan zitzaion, orduan berean, kañixkaz zangoetarat ethorri baizitzaion Xuriko, bere xakur maitea, fereka bat eman zion, eta, etxean ikusi eta aditu guzietarik zerbeit jakin izan balu bezala harek ere, sekulako erasian ari zitzaion alimale gaixoa.

        Sukalde handian sartzearekin, nahiz bero ari zuen oraino kanpoan, oro elgarren ondoan supazterrean jarriak kausitu zituen. Aitaren aldean jarri zen bera ere, nahiz ongi nahiagoko zuen amarenganat hurbildu. Ez zen menturatu, ama maite hari sobera bihotzmin ez emaiteko.

        Haren belhaunetarat ethorri ziren berehala, begiak nigarrez hanturik, Gantxume, Frantxa, Xaneta, Ganix, Marie ez ziren beren hartarik mogitu. Itxindu bat eskuan, suaren harrotzen ari ziren biak. Othoitzean ahapetik, ezpainak doi doia higituz ari zen aldiz Gaxuxa, begien gainean esku bat, bertzea arrosario higatu batzuek inguratzen ziotela.

        Bulta bat ixil ixila egon ondoan, aitak ezti eztia behaturik, hasi zen beraz Piarres, eta erran zuen nola, hura herrirat heltzearekin, jandarmak paper handi batzuen hedatzen ari ziren, han hemenka, paretetan. Paper xuri haren kaskoan, bi bandera baziren kurutzean emanak, eta bandera heien azpian larri larri hauk:

        «Ordre de Mobilisation Générale».

        Jandarmak, aphezak, herriko gizonetarik zonbeit han ziren, erran baitzioten hek, Zerbiaren alde emaiteko, Rusiak bere soldadoak bilduak zituela. Alemaniak ere bereak egin zituen orduan berehala. Eta, orai, Frantziaren aldi zen, Rusiako bere adixkideen hola sustatzeko, bi erresumen arteko alientziak nahi zuen bezala.

        Ez zen beraz gerla ere, oraino bederen; mobilisazionea bakarrik... Frantzia, Rusia ari ziren gerla hura baitezpada urrundu edo barreiatu beharrez.

        Bainan, Thomasek burua daldaraturik, aithortu zuen Piarresek beldur handia zuela harek ere, Alemania horien oronen gibelean zitekela eta Alemaniak gerla nahi zuela baitezpada...

        Intzire bat jali zen orduan supazterretik, Gaxuxa, Ganix, Marie zauden xokoetarik. Haurrak nigarrez ari ziren Piarresen aldean...

        «Hots, haurrak, urrikal zaizte bada Piarresez! Gaurko afariari ez baitiogu nehork min handirik eginen, belhauniko guziak, eta arratseko othoitz bat ona erran dezagun berehala!...».

        Eta arrats guzietako Jainkoarekilako solasak hedatu ziren sukalde handi guzira, bertze aldietan baino aphalago bakarrik, eta nigar bat edo bertze jalitzen zitzaiotela orori noizetik eta noizera.

        Othoitz maiteak eztitu zioten pitta bat bihotzmin pisua. Haurrak, Ganix bera ere, —ez errexki— bainan oherat joan ziren halarikan ere, aitari hitzemanarazirik goizik atzarraraziko zituztela biharamunean, Piarres nehorat urrundu gabe.

        Eta Piarresek baietz erran zioten harek ere, baietz segurki. Bakarrik, sekulan ez eta, aldean iragan zitzaizkolarik oherat joaiteko, alegia fereka bat emaiten, tinko-tinkoa hartu zituen besoetan, eta musu bat eman, ebaska bezala. Ez zioten berehalakoan bertzerik emanen!...

 

* * *

 

        Haurrak lokhartuak ziren jada bulta hartan, eta bi gizonak xutik zauden bethi sukaldearen erdian. Gaxuxa, Marie, ixil ixila eman ziren berriz suaren ondoan, Oihanaldeko su-phizkia maite hartarik laguntza bat igurikatzen balute bezala ortino. Noiz othe berriz bilduak aurkituko ziren errota-harri handi haren inguruan?...

        Thomasek orduan ahapetik, bere mintzoaren entzuteak berak izitzen balu bezala, galdatu zion Piarresi:

        —Eta, jaun erretora ikusi duzu, haurra?

        —Ba, aita. Eta bihotza ongi hazkartu ere dauku harenganat bilduak ginen gazte guzieri. Ixil ixila, dirue zerbeit ere uste dut eman dioten gutarik zonbeiti, orori aldiz harrarazi dauku, abituak galtzen ere baginituen, medaila bedera. Huna nerea. Ongi hitzemana dauku ez ginituela bere gazteak ahantziko, eta othoitz onik eginen zuela aldarean guretako... Guziak kofesatu gaitu gero, eta bihar goizean, lau oren beretan emanera dauku komuniatzera.

        —Ongi, haurra. Bainan, berehala urrundu behar zauzku beraz?

        —Bihar goizean berean, aita. Gogoz ongi dakitan mobilisazioneko manuak bigarren egunean galdatzen nau Donibaneko garalat, geldi-tokirat, zazpi orenetako, handik gero berehala Baionarat jotzeko, berrogoita bederatzigarren nere lehenagoko erreximendurat. Ikusiko duzu zuhaurek, aita...

        Eta gelatik berehala ekarri zuen Piarresek bere soldadogoako liburu horia. Liburu hartan orri gorri gorri bat erakutsi zion orduan, eta handik irakurtu bigarren egunean berean nola behar zen etxetik urrundu.

        Zuri zuria egin zen Thomas gaizoa, eta bere jartokitik xutitu aldiz Gaxuxa...

        Hain xuxen, norbeitek jo zuen athean, eta gizon handi bat sartu zen sukaldean:

        —Gau on!

        —Bai zuri ere...

        Eta, berek ongi jakin gabe zertako, etsai bat iduritu zitzaioten tenore hartan hala ethortzen zitzaioten arrotza. Beltzuri bat egin zion Thomasek.

        —Barkatu, hola orai heldu banitzauzue. Bainan, ethortzekotz, orai ethorri behar nuen.

        —Zer nahi zinduen, jauna, gureganik?

        —Huna. Agustin beratarra naiz. Atzoz geroz badakigu Espainian...

        —Aleman tzar horietarik beraz!...

        —Ez dut ukatuko. Arratsalde erditan abiatua naiz etxetik, eta bidean heldu nintzalarik, aditu ditut hemengo zuen ezkilak, atabalen tarrapatak. Senperen bezala ari ziren Saran, Urruñan, Hendaian, eta dudarik ez da, Frantzia guzian... Ez nauzue behar bada ni ezagutzen. Bainan, nik ezagutzen dut Piarres. Hameka aldiz ikusi dut partida nekeenen irabazten. Tokatzen zaizkit, Piarres... Gerla izigarri bat hastera doa. Galbideak oro utzirik, nahi duzu nerekilan ethorri?... Zu bezalako gizon gaztearentzat bada toki gure etxean! Berrehun pezeta zureak dituzketzu, hilabethe guziez...

        Beren xokoan xutitu ziren Gaxuxa, Marie. Ama, aita, arreba han zituen muthil gazteak, etsaiari betan ihardokitzeko haren aldean emanak...

        Bainan, ez zuen Piarresek laguntza beharrik. Ezpainak ikaratu zitzaizkon pixka bat, bi ukamiluak ere bildu beren baitharik... Oihurik gabe bizkitartean, bainan idor idorra ihardetsi zion:

        —Zertarat ethorria zira gaur, deus nehork galdatu gabe? Ala laido egiten zaioten gizonetarik batentzat daukazu Piarres Oihanaldekoa?... Ez, jauna, ez! Eskualdun lurra ez dut nahi galdu...

        —Eskualdun lurra badukezu oraino gurekin...

        —Ez ordean gurea.

        —Zurea ere badukezu, zonbeit urthe goiti beheiti, amiztia bati esker.

        —Hobenduna da amiztiaz behartzen. Amiztiarik gabe nahi ditut —ahal bezenbat berant— ene aita-ama gaixoak lagundu Oihanaldeko eliz-hilherrietarat, eta amiztiarik gabe, egun batez, nahi naiz etzan nihaurek zaindu eliz-hilherri horietan... Anhartean, zuhaurekin eta zuhaurentzat atxikazu zure diru madarikatu guzia. Nere lagunen odolaz gorritua ikus niro bethi. Ez dut nahi!

        —Berautzu ez othe zautzunez urrikituko, eta han nonbeiteko hilherri zonbeitetarat ez othe zarenez eroriko...

        Sua begietan, eta bere ama-bihotz bihotzean asikia, beratarraren alderat itzulia zen Gaxuxa:

        —Aski hola, gizon abrea, aita baten, ama baten bihotzminaz hoin guti axolatu gizon abrea!... Eta, zuk, Piarres, jakin zazu hila nahiago zaitugula zure aitak eta zure amak, ezen ez eta bethikotz desohoratua!...

        Nigar bat jali zitzaion orduan emazte gaixoari. Ama nigarrez ari zen, eta ama hura itzulia zen su-phizkiaren gaineko kurutzelika ttikiari buruz:

        —Gizon horrek erran duen izigarrikeria ez duzu onhetsiko, Jainko on eta maitea. Gure Piarres ekarriko daukuzu etxerat!...

        Thomas, zuri zuria egina, itzuli zen bere lagun maitearenganat, samur samurra, bainan maiteki erraiten ziola:

        —Barkatzen dautzut, Gaxuxa, zeren aintzindu zazkitan. Nere aldi orai...

        Eta beratarrari athea erakutsi zion, erranez:

        —Aski hola! Jin bidetik zoazkit eta zalukara, zuhurra balin baduzu...

        Eta, Thomasek bere besoa hola hedatua oraino zaukalarik, hitz bat gabe, athera zen gizona eta gau ilhunean berehala suntsitu.

 

* * *

 

        Hamek'orenek jo zuten, han, urrun, herriko elizan. Asaldatuak bulta bat egonik, jarri ziren berriz oro supazterrean.

        Nigarrik ez zuten gehiago, bihotza gogortu bezala baitzitzaioten guzieri, halako gudu saminean. Bainan bihotz harek tanka onik egiten zioten bulharretan.

        Bizkitartean, lerro lerro bazoazin orenak, eta gaua labur iduri zitzaioten guzieri. Nahi ala ez, puxka zerbeit behar zen moldatu Piarresentzat, jateko pitta bat ere bidekotzat.

        Xutitu ziren beraz oro, eta ixil ixila harat hunat abiatu sukaldean, ganbaretan.

        Hainbertzenarekin, jo zuten berriz ere athean. Kopeta zimurtu zitzaioten guzieri, bainan begiak arindu ere berehala. Sartzen ari, herabe herabea, ikusi zituzten Lizartzako andrea eta haren alaba Goaña. Jainkoak igorriak ziren tenore hartan, beratar higuinak egin laidoaren eztitzeko bezala. Eta, loria bat jin zitzaion berehala Piarresi bihotzera.

        —Jainkoak dauzuela gau on!... Ez gaizki har, zuenganat hola atrebitu baigira. Gure gizonak berak igorri gaitu orai berean, erranez: Zoazte Oihanalderat, eta errozute adixkideak hetaz orhoituak daudela gau huntan. Errozue Piarresi hazkar eta gora atxik dezan bihotza, gu guzien amodioak begiraturen duela galbidetarik. Gure Joset ttikiak komunione handia du bihar, bainan ez da bihar phestarik izanen gure etxean; ez da sori. Oherat joana da erranez, bihar Jesus bihotzera jautsiko zaiolarik, ez duela ahantziren bere Piarres maitea....

        Eta goxo izan zitzaizkoten solas hoik Oihanaldekoeri; hunkituak oro ziren, eta lañoki erakusterat eman zuten hala ere zirela.

        Bideko pukak bilduxeak ziren, eta oro jarri ziren, azken aldi bat oraino, su-ondoan.

        Eta luzaz, luzaz, solasean maiteki hantxet egon ziren, gogoan zuten ere baino bertute gehiago batek bertzeari erakutsi beharrez: «Laster bururatuko zen gerla madarikatua!... Gerlarik ez zen behar bada oraino batere izanen; edo han, Alemaniako mugan ziren soldadoak berak askiko ziren, Baionatik Piarres mogitu ere gabe!...». Jainkoak errexki barkatzen dituzke holako hinka txarretan erraiten ohi diren gezur maiteak eta haur elheak...

        Hiru orenak!... Ikare batean, ametsetarik bezala atzarri ziren oro; xutitu zen Piarres eta bere ganbaralat joan.

        Handik laster, berriz agertu zen sukalderat, igandetakoz emana, oinetako berri berri batzu zangoetan, soldado-gai zinez ederra... ederregia!

        Amak orduan, eskuak ikaratzen zitzaizkola, athorra xuriari josi zion oihalezko sakela ttiki bat, eta sakela hartan lerro lerro eman hogoi-liberako urhe zonbeit.

        Goaña ere hurbildu zen eta, begietara behatzen ziola, erran zion Piarresi:

        —Amak onhesten daut Lurdeko Ama-Birjinaren medaila zilarrezko hau eman dezazudan. Onhartuko duzu eta bethi zurekin erabiliko, nere orhoitzapenetan. Zorion ekarriren dautzu...

        Piarresek hartu zuen medaila, eta gorri gorria Goaña egiten zela, musu eman zion medaila hari, hogoi-liberako urheekin hura sakelan eman baino lehen.

        Argi bat hartu zuen gero berekin, eta harrabotsik egin gabe batere, sartu zen haurrak lo zauden ganbaretan. Eskuaz argia kukutzen zuela, behatu zioten Ganixi, Gantxumeri. Zimurdura bat bazuten biek kopetan, beren Piarresez gogoa harturik lokhartuak zirelakotz. Musu bat eman zioten muthil gazteak. Ez zagoken eman gabe, sukaldean bere ustez azken aldikotz besarkatuak jada zituelarik...

        Frantxa, Xaneta, elgarri besataraka lothuak, hirriz lotarik ari ziren aingerueri... Eta hek hala garbi ikustean, seguratu bezala zen Piarres, bizirik heienganat ekarriren zuela egun batez oraino Jainko maiteak, haur ttiki garbien adixkide bethi gelditua den Jesus maiteak... Zerbeit argiri oharturik bizkitartean, atzartzerat egin zuten haur gaixoek, eta ikaratu zen Piarres. Zalu zalua, musu eman zioten heieri ere beren ile pulliten gainean, eta ixil ixila atheratu zen ganbaratik...

        Eta orai, urrundu behar zen, eta urrundu lehen bait lehen... Aita nahi izan zuen besarkatu, bainan Thomasek erran zion berehala:

        —Keetaraino segitu nahi zaitut, haurra.

        Ama hartu zuen orduan bihotzari kontra: «Ikus arte, ama!». Eta nigar bat jali zitzaioten bieri...

        —Ikus arte, Marie! Ongi arthaturen dituzu aita, ama, haur maite horiek! —eta bere bi besoen artean tinkatu zuen nexka gazte prestua...

        Lizartzako andreari, Goañari eman zioten gero eskua. Eta, esku hura bere eskuetan harturik, ikare maite batean erran zion Goañak:

        —Itzuliren zira, Piarres; itzuli behar duzu, Oihanaldekoengatik, Lizartzakoengatik. Gure aingeruek begiraturen zaituzte...

        Eta, athearen ondoko ur-benedikatuarekin kurutzearen seinale handi bat eginik, aitaren ondotik, (sukalde maiteari, jende gaixo heieri azken aldikotz behatzerat ezin menturatuz) Oihanaldetik athera zen Piarres. Han urrun, Donianeko alde hartan, soldadoz betherikako trein bat sumatu zuten xixtuz joaki Baionarat buruz...

        Ixil ixila bazoazin bi gizonak. Keetaren ondorat heldu izan zirelarik, gelditu zen Thomas:

        —Ikus arte, Piarres. Jainkoak begira zaitzala! —eta, tinko tinkoa, aita-semeek elgar besarkatu zuten ilhunpean...

        Bakarrik bazoan orai Piarres. Jauzteka, ondotik abiatu zitzaion Xuriko; bainan Thomasek oihu hala eginik, intzireka, herrestaka itzuli zen xakur gaixoa, bere nausi gazteari gibelerat behatzen ziola guziengatik...

        Bihurgune batean, azken bihurgunean, aldi bat oraino gelditu zen Piarres. Oihanaldea nahi zuen ikusi eta bere begien zolan hartu eta eraman harat, gerla-toki ilhunetarat.

        Behatu zuen beraz, eta xuri xuria ilhargi ondarraren azpian, ikusi zuen bere etxe maitea. Keetaren ondoan, beltz beltza xutik, ikusi zuen ere bere aita...

        Hasperen bat jali zitzaion, bat bakarrik; eta lasterrez bazoan orai, karrikako etxeen erdian, geriza bat iduri zitzaion elizarat, han haren beha zagon Jesus onarenganat...

        Sukalde batean, Oihanaldeko kaskoan, emazte batzu nigarrez ari ziren...

 

aurrekoa