www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI
Larreko-gurutzera

       

        Maiatza ethorria zen bizkitartean. Baxe-Nabarren eta Xuberon, mendi guziak, Iropilen, Hartxilondon, Iratin edo Aphanizen, arthaldez estaltzen ziren tenorean, ardi-saldo banaka batzu bazoazin Lapurdin ere larre-bixkarretara. Pottokak irrintzireka entzuten ziren Senpereko oihanetan. Beltxak, gorrastak, oro nahasteka zabiltzan, jo harat, jo hunarat, beren ile harroekin eta buztan luzeekin. Ttikiak, aphalak, gehientsuak; bainan zaluak, nola! Lanik aski emaiten baitzioten jabeeri, hek eskuratu nahiz, ondotik jabe horiek zituztelarik.

        Bere ardi zonbeit bildu beharrez, nekaturik heldu zen Piarres. Ilhun-nabarra zen. Herria han zuen bere oinetan, oilo-amaren ondoan xitoak bezala, elizaren ondoan bildurik zaudela zonbeit etxe xuri xuri. Afal-tenorea hurbildua ere zelakotz, su-phizkia bakotxetik, xuxen xuxena zerura bazoazin khe arin eta garbi batzu, haizeak doi doia pitta bat makurtuak. Aberats ala behar, etxeko jaun ala bordari, su-phizkia bat ez duenik ez da Eskual-Herrian. Eta Piarresek, arrats hartan, lehen baino ere hobeki sumatu zuen, surik gabeko etxea arima gabeko gorphutzarekin emaiteko on dela doia. Khe gaixo hek maiteagoak iduritzen zitzaizkon gaur; bereziki Oihanaldekoa, bertzeek ez zuten zerbeit kausitzen ziolakotz.

        Etxe-ondoan, mindei batean errexiñola bat ilhargiari ari zen, kantuan osoki galdua, bere zintzur ttiki ttiki hartarik urhea bezalako zerbeit lehen izarreri igor eta igor. Ilhun-nabar guziez hola zen, zonbeit egun hartan jada; gau-erdi guziez hala hala, eta argi-haste guziez ere ba. Brixtakoan doi doia, eta behin, ikusia zuen Piarresek pareta-zoriaren iduriko xori gorrostaño bat, harro harroa lumak, aztaparren gainean luzaturik, hosto batzuen gibelean kukutua. Eta kantuz eman zitzaion muthil gaztea:

 

                Xori errexiñola ororen gehien,

                Bestek baino hobeki hark baitu kantatzen;

                Harek du enganatzen, mundua bai tronpatzen!

                        Ber' ez dut ikusten,

                        Bai boza entzuten!...

 

* * *

 

        Jainkoak munduaren lehen egunean hola manaturik, ari zen beraz xori-errexiñola, munduren mundu hola bethi ariko baitziren errexiñolak...

        Jainkoa! Bethi Jainkoa! Orotan ere den bezala, orotan ikusten zuen eta maitatzen gure Piarresek: Udaberriko uholde izigarrian, arrats gehienetako iguzki-sartze xoragarrietan, xori maite baten kantu urhezkoan. Eskualdunak odolean du hoi, eta Piarres zinez eskualduna zen.

        Urthe guziez bezala eta lan handiak hasi baino lehen, senpertarrak jainko handi horri buruz itzultzera zoazin, laguntza hoberenak harenganik beharrez. San Blas egunean jada, herriko konfardia guziak haren gerizan emanak zituzten.

        Ama on batek bezala, Elizak bazakien bere haurren gogoaren berri; eta, orai, udaberri-hastean, haur heieri galdatzen zioten ethor zitezen oro, zeruko saindu guzieri oihu egitera. Eta Piarresek maite zituen herriko proesione ederrak, bi hiru oren luze irauten zuten proesioneak.

        Maiatzaren lehenean, jada, lerro lerro izanak ziren Amotzko kapera zaharrean, meza balios bat han entzuten. Zonbeit aste goiti beheiti gero Errogazioneen aldi ziteken.

        Egun, Larreko Gurutzeari buruz joaitea zuten. Fede handiko gizonak lehenagoko senpertarrak! Herriaren lau bazterretan, herri haren guziaren alderdi orotarik gerizatzeko bezala, kurutzeak emanak zituzten gora landaturik: Urguriko larre muthurrean, Santa Barbara goren gorenean; Nañoarenborda aldean, Aantzen-bordako kaskoan. Hego-aldetik, Mendealetik, Ipharretik ala Iguzki-aldetik ethor zitezen ximixta-ortziak, kurutze bat han zuten, trebes emana, herriaren gainean lehertu baino lehen; kurutze hura, maiz, aski baitzuten, jin bidez gibeletat egiteko.

        Goiz hartan beraz, iguzkia agertu baino ere lehen jaikia zen Piarres. Athe handia ideki zueneko, gauza maite maite baten aintzinean aurkitu zen. Etxearen aldeko eltzaur-ondoaren gainean, xuri eta beltx, lerro lerro emanak, hamar bat iñhara ttuttuttaka hasi zitzaizkon; bainan hain pulliki! Eta berehal-berehala gogoratu zitzaion Piarresi, aintzineko urthean Oihanaldean laketu iñharak zitezkela, han, arbola gainean, beren atherbeen galdez erasiaka. Heiako athea zabaldu zioten beraz; eta xori maiteak, orduan berean, karrasiaka eman ziren, eta gero, oihuka, haur batzu bezala, heia beroan trumilka sartu; handik berehala, loriatuak, kurumilkatu baitziren beren lehenagoko ohantze pullitetan... Eta Piarresek loria bat bazuen bihotzean, ikusirik Oihanaldea jendeeri bezenbat goxo zitzaiotela alimale eta hegaztineri. Bai zinez Jainkoaren etxea zen heien etxea, Maria zaharrak erran ere zioten bezala!

 

* * *

 

        Eta orai, herriko gizonekin bazoan Piarres, Urguriko landa sorhoen erditik, aldapa xutari gora, Larreko Gurutzeari buruz.

        Goiz goizetik, Urguriko neskatxa zonbeit Larre kaskorat iganak ziren, mahain, lore eta hostoila asko berekin zeramazkitelarik, kurutzearen aphaintzeko. Eta aphaindua ere zuten jada ederkixko, Utsaleko zubian kurutzea agertu zelarik. Kurutze hoi, hogoita hamar urthe hartan bederen, Pettanek zeraman, bethi bardin hazkar, bethi bardin kartsu, beattar handienari zonbeit aldiz doi doiako bat uzten ziola, besoak pitta bat deskantsa zitzaizkon.

        Ezkila-dorrean, bethiko Piarres, herriaren zaintzale xaharra, unhadurarik batere sekulan ezpalu bezala, binbili eta banbala ari zen, proesionearen akulatzen.

        Eta Pettanen ondotik bazoazin haurrak, bazoazin emaztekiak, gizonak, aphezak, neskatxa kantariak:

       

                Sancte Petre, ora pro nobis,

                Sancte Petre, ora pro nobis!...

 

        Nehor guti atzarrarazten zuten Urgurin, urguritarrak oro proesionean baitziren. Eta bazoazin, Kanderatzean harat, Kandelarraldean harat. Suge handi bat bezala luzatuak ageri ziren, mendiari jada lothuak. Eguzkia gainean zuten; kanturik ere ez baitzioten egiten, halako baten berri bazakitelakotz aspaldi.

        Arrosarioan ari ziren orai goratik; eta gero, tartean, zeru gain hartarik heieri beha zauden saindueri oihuz emaiten ziren Paxkal auzapheza, Josep eta bertzeak oro:

       

                Sancte Dominice, ora pro nobis.

 

        Ardi multxo bat alhan ari zen, mendi mazelan, belhar bat ahoan proesioneko jendeari beha emaiten baitziren, begi handi zuri batzuekin. Pottoka batzu ere harat hunat bazabiltzan; burua gora gora altxaturik bulta bat egon ondoan, tira-ahala lasterrez, alderdi guzietarat ohildu ziren, erhotu bet-betan balire bezala.

        Bordalde baten ondoan, elhorri-xuri aldaska baten gainean, xori pullit bat, buztan muturretik eta mokoraino harrotua, kantuz eman zen, bere goizeko othoitza senpertar fededunekin egin beharrez.

        Bidexka mehar mehar bati gora, othaska horitu batzuen artetik, kaskorat heltzen ari zen orai Pettan, xuri eta gorri aldean zituen bi beattarrekin. Eta, beren arrosarioak bethi eskuan, buru-has bethi iguzki minaren azpian urhats ezti gozo batean, kantuz heldu ziren gizonak, den mendrenik hatsantuak ere ez baitziren: Onmnes Sancti et Sanctae Dei, intercedite pro nobis!

        Huna orai Larreko Gurutze ederra, mahain ttiki bat aldare bat bezala aintzinean emana, dena lore, dena hostaila ferde, bi besoak zabal zabala, proesioneko jendea eta heien gibelean hedatzen den herri guzia maiteki besarkatu nahi balu bezala. Kurutzearen erdi erdian, Jesusen orde, kurutzefika bat emana da, mahainaren gainean, xirio benedikatu batzuen artean, Ama-Birjina xuri xuri bat, lore-untzi pullitenak. Alde aldean kadira bat, marra urdin batzuekilako lonjera xuri bat, bere litsak dilindan; oihalaren gainean, molde ederreko untzi hori handi bat, guziek, harat heltzean, ur benedikatu xorta bat han hartzen baitute arhi-muthurretan, kurutzearen seinale nasai baten egiteko.

        Eta horra non diren oro mendi-kaskoaren gainean bilduak, kurutzeko hurbil hurbila, eskuinetik gizonak, ezkerretik emaztekiak, aphezak kurutze haren aintzinean; herritik proesioneari beha zaudenek erranen baitzuten kurutze handi hura jende heien guzien gainean landatua zela:

 

                Oi kurutzea, oi kurutzea,

                Kurutze saindu maitea!...

 

        Eta eskualdun kantu zaharra, hantuz eta zabalduz ere hedatu zen bortu heien gainera, herri guziaren, Eskual-herri guziaren amodioa eskaintzen ziola, bertze mendi-kasko baten gainean, besoak zabalik, guretzat hil izan zen Jainko-Gizonari. Mendirik ez zen egun karraskatzen; kalbarioko ilhunbe izigarririk ez zen jautsi Larreko Gurutzearen gainerat. Larruneko harri ilhunetarik altxatu ziren bakarrik lau edo bost arrano handi, inguru eta inguru zeru gorenean eman zirenak, herri bat othoitzean ari ikusteko bezala...

 

                A fulgure et tenpestate!

 

        Erremu hostoa eskuan, herriaren lau alderdietarat ur benedikatuaren hedatzen ari da apheza; eta hango jende guziak, belhauniko emanik, boz batean, boz ilhun eta hazkar batean ihardesten dio:

 

                Libera nos Domine!

 

        Kurutzea eskuraturik, kurutze harekin Senpere guzia inguratu eta besarkatu nahi balu bezala, aphezak egin ditu lau kurutze handi uhartzearen gainerat:

 

                Ut fructus terrae dare et conservare digneris...

                Te rogamus, audi nos...

 

* * *

 

        Oro xutitu ziren orduan, eta, bazoazin jada, zoin bere alde. Emaztekiak jarri ziren sorro motzaren gainean, beren xokolat mutturraren jateko; bonbona eta oñ-oña bixiño hetarik ere baitzituzten ekarririk, hirriz elgarri eskainka ari ziren. Haurrak, jauzteka othe lilituen gainetik, nihon ez zagozken. Gizonak, xutik, multzoka emanak, beren zigarrottoen erretzen ari ziren, sasoinaz errenkuratuak, arratsaldean berean eginen zuten lanaz mintzo. Piarresi oihu egin zioten hetatik zonbeitek: kitzikatu ere zuten maiteki aintzineko igandean galdu pilota partida batez.

        Kurutzearen aldean —eskualdun etxekandre hoberenen bethiko moldean xutik egoki hek ere— kurutze haren aphaintzaleak, beren mantelinak buruan, eskuak muntto munttoa bilduak, Kalbarioko emazteki sainduak iduri, aldarearen zain hantxet zauden, hirri maite bat ezpainetan.

        Urguritar zonbeit gizon, ohidura zaharrenak hala nahi ere zuen bezala, herabe herabeak hurbildu zitzaizkoten, erretor, bikarioekin; Pettan, Paxkal gaizoa, Josep eta beattarrak ondotik. Edari ontto bat agertu zen orduan, kurutzearen aphaintzaleek mendi-kasko hartarat bethi bezala ekarririk; bixkotxa idor zonbeit ere hala hala, untzi xuri batean lerroka emanak. Eskual-Herriko asko tokietan liranja, katalinbrox eta bildotxak bezala, pokadu ttiki hoi eskaintzen ohi zen bethitik Senperen, proesionetako kurutzeen aldean.

        Kurutze aphaintzaleak laudatu zituen jaun erretorak beren lana hain maiteki eginik, eta orai kanpo ederrari beha zauden guziak. Bixtak ereman ahala urrun, ageri ziren: itsasoa urdin urdina, zelaiak lanhoz hartuak, Baiona-aldeko bixkar-muthurrak, Bokaleko suak, Katedraleko orratz xuriak, Miarritzeko argi-dorrea, Gethari, Bidarte, Donianeko ondarroa, Santa Barbara, Arta, Ziburuko etxeak gero, Bordagain, Sokorri eta Urruña eta Zubernoako etxe xuriak. Baigura menditik eta Larrunerat, mendiak heldu ziren, bortuko alimale handi batzu bezala elgarri gainka. Atsulai hegalean, xuri xuria ezagun zen Arrantzeetako kapera, Lapurdi guziari begiratzen ziola. Hurbilago eta mendiaren oinetan, Ostolapetik eta Laputsagaraia artean, bertze Santa Barbaratik eta Espainiako mugaraino, Senpere guzia hantxet bazoan alderdi guzietarat, bere landa, sorho eta oihanekin, kantonamendu bat bezen handi zabaldu. Eta aphezak, gizonak, orori beha zauden, urrunean ikusten ziren etxeeri zoin beren izenak emanez. Ibarronen harat, uli beltx bat baino gehiago ez ageri, otomobil bat bazoan, ixil ixila lerratuz. Eta jaun erretorari jin zitzaion gogorat, mendi gain hetarat, bortu hetarat iganen zen eskualdunari gauza guttiño batzu idurituko zitzaizkola bathi otomobilak eta gainerateko gizonen tresna berrienak: itzaltto batzu doi doia. Puskaz handiagoa zen Jainkoa bortu hetan, eta bertze itzalik zuten harek egin mendi ederrek!...

 

* * *

 

        Bizkitartean, iguzkia bazoan bethi eta gorago zeruan, eta herrirat itzultzeko, Amotzen gaindi inguru handia egin behar zen oraino.

        Jaun erretorak esku-zarta bat eginik, oro berriz bildu ziren Kurutzearen ondorat. Agur bat egin zioten oraino bihotzetik: O Crux, ave, spes unica, eta bazoazin orai, lerroan berriz emanak, Amotzerat buruz, haitztegi bati behera, ezker, eskuin utziz borda xahar xahar batzu:

 

                A fulgure et tempestate, libera nos Domine.

 

        Xoilotegitik laster, huna Xirripitako erreka pullita, bere haitzekin, bere ithorrotx maitearekin, haurrek hurrupa bat hartu baitzioten, han iragaitearekin.

        Martieneko errekari gora huna orai non direr abiatuak, Tontoloari, Martiene-Xikiari hurbil, Elixamendiri lothuak. Amotzko zeinu arina bulta hartan jada ari zen. Piarres Blankart ez zagon lo goiz hartan!

        Buxtingorriko bixkarrerat heltzean, Pettanek eztitu zuen bere urhatsa, eta proesioneko jendeak gauzetan maiteena ikusi zuen aldi bat oraino, toki berean, bethitik ikusten ohi zen gauzetan maiteena.

        Amotzko kaperatik doi doia atheratua, Manex zaharra —urthe hartako klabera— bere kurutze zilarreztatua eskuetan, buru-has heldu zen, Buxtingorriko intha hertsian hunat. Bethiko keeta beraren aldean gelditua zen orai Pettan, geldituak ere oro haren gibelean. Eta Manex heldu zen, bere urhatsean bethi. Eta huna (elgarretaratu direlarik), Amotzko kurutzeak, pitta bat trebes airean bera emanik, musu batean besarkatzen duela Senpereko kurutzea, haurrak bere ama besarkatzen duen maitetasun berarekin... Hainbertzenarekin, gizonak kantuz ari ziren berriz ere:

       

                Oi Kurutzea, oi Kurutzea,

                Kurutze saindu maitea...

 

        Eta, orduan berean, bi kurutzeak aintzin, inthari behera joan ziren oro, Santa Madalenaren kapera zaharrean airearen benedikatzeko, sar-athera bat laburra egin beharrez... Kanpotik landa goxo zen, han, barne hartan! Amotztarrek beren eliza maitea aphaindurik emana ere zuten, garbi garbia, aphezeri, herritarreri ongi-ethorriaren egiteko. Piarres zaharra eta bethiko Mattin ez ziren gutienik loriatuak goiz eder hartan! Santa Maria Madalena, norbeitek lehenago xuri, gorri eta urdin ezarririk, othoitzean bethi, han zagon, bere bortuan, bi makilekin eginikako kurutze baten aintzinean nigarrez belhaunkatua...

        Bederatziak eta erdiak irian, beren dorrean ezkilak zapartaka ari zirela berriz ere, itzuliak ziren eliza-nausira, azken benedizione batean goiz hartako beilaren bururatzeko. Bi oren eta erdi, buru-has iguzki saminaren azpian egon ziren beraz Piarres eta haren lagunak; uri-uharren azpian bardin egonen baitziren, gain hartako Jaun Handiak erauntsiak hala igorri baliozkate...

 

aurrekoa hurrengoa