www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI
Oihanaldean

 

        Arrats hartan, orhoitzapen handi horiek hola gogorat ethorririk, pullitagoa, maiteagoa iduritu zitzaion Piarresi bere Oihanaldea. Xixtuketan aitarekin, tresna-gider berri egiten edo xahar xuxentzen, aldateian arizan ondoan, sartu zen beraz sukaldean, eta berehala, halako bat igan zitzaion bihotzerat.

        Bai, zinez, goxo zen Oihanaldeko sukaldean!

 

                Oi neguko arratsak, supazter xokoan,

                Xixtuka ari dela haizea kanpoan,

                Atheak hetsirikan, suaren ondoan,

                Elgarri kontra oro sukalde beroan!

 

                Elhurra zirurikan jausten da zerutik;

                Uria, xorta-xorta, teilatu gainetik;

                Arima herratuak intzirez kanpotik,

                Berotzera jin nahiz leihoen artetik!...

 

                Azantz bakar bat ez da kanpoan ageri...

                Xuriko ber bera da erausika ari...

                Zorigaitz, arrats huntan mendian denari,

                Tanpa, tanpa, bakarrik gauaz doanari!

 

                Zer goxoa beraz, gaur, gure etxeñoan,

                Kanpoan hotz bezenbat goxoño barnean!

                Esne lodi kaikuan, xingar gerrenean,

                Gaztenak pinp paderan, arno goporrean!

 

        Sukil eder bat erretzen emeki emeki ari zen; eta haren aintzinean kurturik, ama ikus ziteken, talo bat hurbil, bertze bat gibela, edo, oihal xuri marratuaren barnean, beren ttitta eta printz beltxekin, talo hek garbi garbia eta bero beroa eman, oren hartan ari.

        Oh! ama gaixo hura, nola eta zoin maite zuen Piarresek, munduko erreginarik handienarentzat salduren ez baitzuen, segur! Eta hala hala, zer ama ez zion emana Jainkoak! Zilarra bezalakoa! lehenik jaikia bethi, bethi azkenik etzana. Ez iduri eta, pitta bat gehiago egun guziez, higatuz bazoan, bethi bardin maitea, deusetaz errenkuratu gabe sekulan, higatzeko Jainkoak egin dituen ama on guziak bezala. Eta iduritu zitzaion Piarresi, bethi hola erdi-higatua baizik ez zuela ezagutu bere ama, haren lehen ile xuriari ez baitzitzaion ohartu ere sekulan!

        Bere ustez segurik, ama maite horren amodioaz bertzerik ez zuen ordu-arte bihotzean; eta ama hura, sukilaren su-biziak mathelak gorriturik xutitu zenean, (erle bat kofoinean bezala) sukaldean harat hunat ibiltzeko, semea beha eman zitzaion maiteki; eta gauza horri oharturik, loriatu zen emazte gaixoa bere seme handiaren amodioaz... Eta, deusik erran gahe, sukar bat bihotzean, othoitz hau egin zion Piarresek Jainkoari: «Luzaz agian duzu gurekin utziko, luzaz agian hemen ahantziko!...».

        Marie, su-ondoan hura ere, galtzerdi saretzen ari zen. Hola nik erran behar banu, ez zen baitezpada jendeek pullitak deitzen dituzten nexka gazte airos hetarik. Ez. Haren pullitasuna, kanpotik baino gehiago, heldu zitzaion barnetik; eta arima garbi garbi batek emaiten zioten haren gorphutz gazteari —eta bereziki begien maitetasunetan bereziena. Oihanaldearen gaineko zeru urdina bildua zuen hogoi urthe luzez begi hetan, eta zinez maitea zen Marie, bere euskualdun molde ederrarekin.

        Marieren altzoan katixima hedaturik, alki ttiki batean jarriak, Frantxa eta Xaneta, biitxi maiteak, noiz Jesukrixto ethorri zen mundura, ari ziren tira-ahala, jaun-bikarioak bezperan hitzeman saindua biharamunean bildu beharrez. Eta, bere galtz-erdiak bethi eskuan, orratz xorroxka erhi-muthurretan, Mariek maiteki xuxentzen zituen haur gaixoen behaztapatzeak, hirri bat jin baitzitzaion ezpainetara, Frantxak, durduzarik gabe batere, eta bere ile pullitak buruaz gibelerat igorriz, galdatu ziolarik: Oihanaldeko heia bezen handia zenez Betelemeko heia txar hura?...

        Kaikua eskuetan harturik, eta zazpi urtheko bere arrebaren ahapaldiari hirriz hura ere, Betelemekoa baino handiagoa segurki zen heiarat joan zen orduan Piarres, eta behien deizten hasi berehala. Katzori, Gorriari eta bertzeri tafla gozo bat eman zioten bizkar gainean, eta alimale maiteak marrumaz ari zitzaizkon oro: Muu!

        —Ba, behia, ba!...

        Ganix anaia gazteari oihu egin zion, ethor zadiela haren laguntzera. Bainan, Ganixek hamasei urthe zituen oraino, eta, dudarik gabe, lanik aski segurik bazuela egun hartan eginik, aldatei zokoan, brozelari kontra xutik emanik, mundu huntan egin ahala... turrutan ari zen, jaun erretorak gazte multxo bati eman turrutetarik bat ahoan, bere mathela gorriak zart egiteko heinean haizez hanpaturik. Ez ziozkan jaun erretorak ikusten bere mathela turruputunak! Eta ari zen, ari, Phazkoz herri guziaren aintzinean bere lagunekin gero agertzeko, turruta eta atabalak, plazako xakurrak oro ihesari emaiteko heinean hori horia argituak, kapelu gorritan, ezpartin eta galtza xuritan! Jan Battit eta Ganix beren atabalari lagunekin, bertze Jan Battit eta Paul turrutariekin, baziren gero pitta bat! Eta Senpereko haurrak, emaztekiak, gizonak berak, lorietan beha egoiten zitzaizkoten, bezperak erran eta, arbola azpi hetan sei zazpi lerrotan emaiten zirelarik. Eta Phesta-berriz, gero! Ai, Jainko zerukoa!... Mañifikateko aire hurt, denen aintzinean, herriko atabalari zahar guziak, begiak eta beharriak harmaturik, heieri beha, noiz huts bat eginen zuten!...

        Eta jo eta jo ari zen Ganix. Butrun, Amotz, Olhaso, Branja, Emak-Hor, Biba Gu, Bibi eta berek hola izendatu bertze asko aire, lerro lerro bat bertzearen ondotik emanez, tturrutt eta ttutt zonbeit, tartean, beltzuri batekin eskapatzen zitzaizkola. Piarresek gaurgoiti etsitua zuen haren bereganat ekarraraztea.

        Aho xilora Ganixi begira, Gantxume ttikia, bere xaal hauts-kolorea gaur ahantzirik, nehun ez zagoken, tokiaren gainean jauzteka.

        Tartean, Ganix akituxe zelarik, hartzen zion turruta eta, begiak kanporat jalirik, lephoko-zainak tiran tiran emanik, ithoka ari zen hura ere... Hamar urthe haizik ez zituen oraino; bainan, hamasei urthetarat helduko zelarik, turruta handi eta lodia galdaturen zion jaun erretorari, pa, pa, pa, basaren egiteko!

        Behiak deitzirik, eta kaikua sarrixago edanen den esne lodi gizenaz betherik, sukaldean Piarres sartu zeneko, Aita jin zen hura ere, alimaler jatera emanik eta heiako athe-leihoak ongi hetsirik. Bethidanik zaukan: hotza partida dutela behiek, jendeek bezenbat bederen, edo gehiago. Gaztenak, pin, pan, paderan tiroka ongi erretzeko artean, haurrak, katixima ahantzirik, hirri-karkaraz zagozin denboran, bere bethiko tokian, zizelu-xokoan jarri zen. Eta bi eskuak surat, pafa pafa deskantsuan ari zen orai, lurrezko pipa labur bat ahoan, pipa hartarik kurumilka zoan kheari beha, khe hura batere ikusi gabe, begiak han nonbeit galduak. Sukilaren aintzinean, karraskan errez zoazin aldiz othe adarrak...

        Norbeit izaitekotz, gizona zen egiazki Oihanaldeko Thomas. Berrogoi eta hamabortz urthetan han harat bazoan orai, berrogoi urthetan bezen hazkar bethi. Larrua lanean ximaldua segurki, bainan begiak argi, kopeta zabal, eta kopeta haren gibelean, kaskoetan xuxenena. Guti, arras guti sartu zen behin ere bertzeen egitekoetan. Halare, gizon zuhurra egiazki zelakotz, jende asko ethortzen zitzaion Oihanalderat, argi zerbeit haren ganik beharrez. Herriko gizon egina zuten aspaldiko urthetan, eta Paxkal jaun merak adixkide segurragorik ez zuen nahi bere biltzarretan.

        Oihanaldean, gauzak oro haren erranetik zoazin, eta erregerik ez zen Thomasi nausitasun maiteenean joanen zionik. Faraon bere jar-alkiaren gainean bezenbat bazen hura Oihanaldean, lehenago iragan nausiek argi argia higatu zizeluaren gainean. Solas alfer guti zoan aita maitatu haren ahotik, mehatxu gutiago oraino; hitz bat, keinu bat; aski baitzen hura ororentzat... Eta, berehala hemen erraiteko, nehork ez zuen aita hura Piarresek bezen gora ekartzen bihotzean...

        Gaztenak erreak ziren bizkitartean. Bi, hirur aldiz paderaren athe ttikia burdina batekin idekirik eta berriz hetsirik, padera hoi bi eskuez azkenean harturik, haren barneko oñ-oña beltxak hustu zituen amak, suari batetara, gaitziru handi batean hedatu estalki ilhun batetara. Esku-zartaka eman ziren Frantxa eta Xaneta, oihuka Gantxume. Xuriko hurbildu zen hura ere, bainan, muturra errerik, zalukara joan, mahain-azpian gattuarekin aztaparkatzera...

        Gaztenak pitta bat hoztu artean, aita bere zizeluan, Piarres eta Ganix mahainean, eltzekariari lothu ziren, kurutzearen seinalea eginik hiruek, lehen ahamenaren aintzinean. Eltzekari ona egiten zen Oihanaldean, gauzarekilako eltzekaria; eta, bakotxak berak hartuz bere neurria, gogo onez ari ziren beraz hiru gizonak. Baso bat arno gero, beren etxe-arnotik; gaztena gozoak, urik gabeko esne lodia... Bertze zertaz gutiziatuko ziren oraino? Erregek berak ederkiago jaten othe zuen eta edaten, bere jauregian?

        Emaztekiak, haurrak hasiak ziren aldiz gaztena jaten, suari hurbil oro, kadira aphal edo alki ttikien gainean. Ezpain-kokotsak, sudur-mutturrak hala hala beltz beltza eginak, Gantxume, Frantxa eta Xaneta burlan ari zitzaizkon aitari: erne zitezen; bertzela, bat ez zitzaiotela ixtantean geldituko!

        Eta aitak, zurezko mailu batekin bere gaztenak leherturik, kondatu zioten, lehenago, haren haur denboran, Olhaso gain hek guziak gaztena ondoz ihaurri zirela. Bainan, zorigaitzez, Baxenabarren menditarreri bezala, gaitza lothu zitzaioten heieri ere Senperen. Eta orai, bakar ondo batzu ziren xutik gelditu, Amotzen, Helbarron-Usondoko paretan, eta Oihanaldeko bixkarrean... Eta, zinez dolu zuten hortaz gure haurrek eta Gantxume mintzo zen jada, Oihanaldeko bazterrak oro gazten-ondoz landatu beharrez. Nork zakien eta, gaitz itsusia ez othe zenez oraikotik mugaz handirat sekulakotz iragana?

 

* * *

 

        Piarresek pitxer handi baten bethea minata ekarririk, danga danga edan zuten guziek, eta, haurrak, lerro lerro bazoazkon orai amari, ixtorio eder bat haren ganik beharrez: «Ixtorio bat, ama, eta luzea, dakizun pullitena?»...

        Beren gopor-esneak hustuak zituzten guziek. Pipa eta pipa ari ziren berriz gizonak. Ganix, eskalapoin gantzola bat itzatu beharrez, bere bethiko xokoan emana zen, Phesta-Berrietako aireak, xixu eta xixtu... xirurikatuz.

        —Ixtorio bat, ama, ixtorio bat!

        —Huna beraz, haurrak: «Bertze orduz, bazen bele zahar, zahar bat, zahar-okitu bele bat. Hegal bat bazuen luzea, biziki luzea; bertzea zuen aldiz laburra, biziki laburra... Bigarren hegal hoi izan balitz lehenbizikoa bezen luzea, luzeago ziteken, haurrak, gure belearen ixtoria...».

        —Ba! bethi ixtorio bera erraiten daukuzu, ama! Bertze bat, bertze bat, othoi!

        —Hots, huna beraz, bertze bat, haurrak; bainan gero, hatik, aski, gaurko: «Behin bazen errege bat. Errege harek bazituen bi alaba. Alaba hetarik bat beztitu zuen xuriz, bertzea gorriz...». Nahi duzue berriz?

        —Ba! berriz ere bethi gauza bera!

        —Bertze bat, ama, bertze bat. Bi horiek aspaldian badazkigu eta...

        —«Beraz, haurrak, etxe batean, non nahi sartzen omen zitzaizkoten laminak.

        »Arrats batez, oherakoan, etxekandreak, uste gabean, lakha bat ahoz beheiti emanik, lamin bat atxeman zuen, biharamunean, lakharen barnean ithoa; ontsa harritu baitzen, sinhesten ahal ere duzuen bezala.

        »Nola ez baitzen laminik lur-sainduan ehorzten, zilo bat baratze zolan eginik, han eman zuten lamina; eta, biharamuneko, dena ausin egina zen lamina ehortzi zen tokia; egundaino geroztik ezin garbitu baitzuten toki hura».

 

* * *

 

        Amak bere ixtorio pullita bururatua du orai. Oro ixil ixila daude sukalde maitean. Tarte batetarik ari, ottia da bakarrik ezagun, hatsantua, lehertua, su-harri handiaren azpian. Azken othe-adarrak intzireka, tiroka, xixtuka ari dira su-phizkian, Oihanaldeko pandero ederrak, beren kobre hori edo gorriekin, untzitegiko zureria pullita, sukaldeko aska handia, bethiko kutxa zaharra dirdiretan emaiten dituztela. Xingar azpi xurien, lukainka eta bipergorri soka luzeen itzalak zein bitxi egiten duen han, paretan! Ezagun da; bururaino errerik, laster hilen dira orai itxinduak. Ixtantean, gauzak eta jendeak ilhunbean ditezke sukalde handian...

        Gantxume, amaren altzoan lokartu da hantxet, eta, ametsetarik, laminekin ari da borrokan. Frantxa eta Xaneta, bi aingeru maite bezala, Marieren ondoan, sorbalda sorbaldari kontra, beren buru pullitek elgar hunkitzen dutela, lokartu dira hek ere...

        Zizelu xokotik, orduan berean, ezti-eztia huna non mintzo den aita:

        «Hots, haurrak, gure othoitza erraitekoa dugu gaur oraino. Iratzar hortik! Haize eta uri, horra zer diteken gaur kanpoan; eta haizearen ondotik, behar bada, elhurra bihar goizean!... Eman gaiten guziak Jainko Jaunaren gerizan!...».

        Oro xutitu dira berehala, zoin bere tokian, eta, arrats guziez bezala, goratik, jada, begiak bere arimaren gainerat hetsirik, hasia da Marie: «Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean...».

aurrekoa hurrengoa