www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX
Udaberria

 

        Egun hartarik, bihotza kantari bazabilan beraz Piarres Oihanaldekoa. Mundua mundu egin den tenore hartaz geroztik, Jainkoak berak gehieneri erakatsi kantu garbia jali zitzaion, bihotz xoko xokoan...

        Eta hala hala, handik laster, bazterrak oro kantuz hasi ziren hek ere, dudarik gabe Piarresen bihotzak bezala egiteko.

        Udaberria heldu zen, dena musker, ferde ferdea, dena maitetasun. Iduri zuen, han, bere barne hartan, zainak oro hantzen ari zitzaizkola Eskual-Herriko lurrari, eta lur harek, ama on baten pare, bere ditia emaiten ziotela gauza guzieri, guzieri betan. Mila harrabots suma zitezken jada, landa, sorho, larretan, axaletik hurbil, xinhaurri mixteriozko batzu, aztaparka, kanporat beharrez ari balire bezala. Sahatsak, zur-xuriak muskiltzen jada hasiak ziren, urbazterretan.

        Haize-hegoa firurikan heldu zen Nafarroako mendi handier behera, iguzkiaren musu bero bero bat berekin zakarkela, eta musu harekin mendiak maiteki mastakaturik, mendi heieri beren soin xuri pullita urtarazten ziotela. Nork erran du bada, Eskual-Herriko sorgin bat dela haize hegoa? Bai, sorgina; bainan sorginetan maiteena, uda-berrian, uda-azkenean bezala, oro maiteak egiten dituen sorgina.

 

                Hegoa firurikan mendi bazterretan;

                Odola harrotzen du orori zainetan:

                Dantza piko bat niro eman, lorietan!

                                        (J. B.)

 

* * *

 

        Bainan, sorginkeria guziak pekatu behar mundu huntan! Mendietako elhurrak oro huna orai, harrokeri beheiti burrunbaka, jauzteka. Eta behereko haran, ibar eta zelaiak hunkitu orduko, berehala, eta gaitzituak izan balire bezala, beltz beltza egiten ziren, eta hasarre gaitzean emaiten. Gaixtatuak zinez, oro bazeramazkaten berekin itsaso samurrari buruz, lurrak larrutuz asikian, arbolak errotik eremanez, errabia gorrian. Phago handi batzu, luze luzea heldu ziren, erroak aintzin, hainbertze urthez aztaparkatu zuten lur maitea berekin oraino garreiatuz.

        Osin-zilo handietarat heltzen zirenean, sahaska kurumilkatzen ziren, beren adar eta aldaskak ile handi batzu bezala luzatuz, ile hek elgarrekin nahasiz. Bet betan, xut xuta emaiten ziren, Basajauna iduri, leihorretarat berriz igan nahi balute bezala. Eta gero, ur handiak berriz hartuak eta iretsiak, zehatuak bazoazin, errobiak norat ere nahi baitzuen eta harat.

        Eta Piarresek, ur-bazterrean phago handieri begira bulta bat egonik, bere buruarekin egin zuen, zuhaitz handienak errobiak bezala, gizonik hazkarrenak —gogo-kontra balinbada ere— deramazkala biziak, edo hobeki Jainkoak. Eta ilhundura zerbeit sartu zitzaion bihotzean; bainan, gizonago sumatu zuen bere burua, girixtinoago bere arima. Jainkoak lur hunen gainean zabaltzen duen liburuan irakurtzen holaxet ikasten ari zen, egun guziez pitta bat gehiago.

        Urak sartu ziren gero, handik aski laster. Otsailean jada, usainik gabeko lore urdin brioletak heldu ziren non nahi, eskualdun lurra ikusi nahiz, zango mehar batzuen gainean luxatuz. Martxoan, Andredena-Mari lili ttikiak, xuri, hori eta gorri; hala hala, begi-handiak idi-mihiak, eta suge-belharrak. Neguan baino pullitago eta muskerrago beren buruak eginez, arbola ondoetan, intha bazterretan agerian emaiten ziren orai xirak eta gooldiak. Xira hoik partida zituen Piarresek, arbolaren odol-jale batzuentzat zauzkalakotz, eta puda ukaldi bat baino gehiago emaiten zioten, ahal zuen aldi guziez. Zonbat jende, lur gainean, xira bezala bertzeen gostuz bizi direnak, bertze hoier odola jaten diotela egun oroz!...

        Paparo-gorriez bertze xoririk ageri zen orai bazterretan. Tiu, tiu, tiu, okila, sistakoan, bazabilan arbola batetarik bertzera, ametz-ondoeri mokoaz kaskaka, larru-axalaren azpian mamutxa zerbeit atxeman beharrez, edo orobat —behar bada— arbola baten barnean mila urthe huntan preso gathibu omen dagon basa-anderea handik athera beharrez...

        Xuri eta beltx, fika batzu, beren buztan luzearekin bethi leiretan ari, hasiak ziren zur-xuri baten kasko kaskoan beren ohantze handia egin beharrez. Alderdi guzietara beha lehenik egon eta, heldu ziren biak ondo hetara, eta gero hetarik batto, jauzi eta jauzi, adarrez adar bazoan, aldaska ttiki batez, mokotara bat belharrez edo lasto horiz kafe-ohantzea moldatzen zuela eta hedatzen. Eta bere laguna, bertze zuhaitz baten gainean finkaturik, karrankaz emaiten zitzaion, deskantsuz ar zitekela lanean, eskolako muthiko tzarrik ez zela han gaindi ezagun... Ez zituen Gantxumek ikusten!...

        Iñhara bat firurikan iragan zitzaion aintzinetik Piarresi, eta orhoitu zen muthil gaztea ez duela iñhara batek egiten udaberria!...

        Eta, hala hala, gibelerat egin bezala zuen udaberriak. Kanderailu bero, negua... gero, maiz gerthatzen ohi den bezala. Mendeala heldu zen abre, itsusi, izigarri. Hosto handirik gabeko arbolak, lurreraino kurturik, intzireka ari ziren ibar-kaskoetan; eta, burrunbaka, heien adar beltzen artean zirurikatuz heldu zen haizeak bazuen orro eta ziztu, Jainko handiaren organoak oro betan ari zirela erranen baitzinuten. Urite itsusiak egin zituen: uharrak uharren gainera, baazuza xeheak, harri larriak ere ba. Urthe hartan, Ihauteriz, nekaitz itsusienaren erdian ibili zen Gaxien putzu egilea, bere gerren luzean puskaz zer nahi gain gaineraino sistaturik: Xingar eta arroltze, bat edo bertze...

        Eta, gero, bet-betan, goiz batez zirimola hura guzia tanpez huna gelditu zitzaiotela. Ixiltasun handi bat erori zen kanpo heien gainera, eta primadera-xori ttiki ttikienen kantu arinak berriz aditu ziren. Uli-xori eta xirrixkilak, errege-pittittak, sasiz sasi abiatu ziren, eta berriz phiztu ziren bazterrak, erhotuak, galdu egunak oro gibeletik atxeman nahi ukan baluzte bezala.

 

                Andredena Maria Martxoko...

                Behiak larrean aseko,

                Kaikua esnez betheko.

 

        Horra zer zion Piarresek, bere behiak larrerat Andredena Maria goizean ereman zituelarik; eta Katzok ez zion batere ihardetsi:

 

                «Muuu! Muuu!

                Kontu Erramu!...».

 

        Erramu iragan zen, eta Gorriak, Katzok eta bertzeek, xahako xuri eder eta handi batzuen iduriko errapeak ekartzen zituzten, arrats guziez, Oihanaldeko larre gizenetarik.

 

* * *

 

        Egun batez, zortzi orenak irian, sekulako birrinbili barranbala eraiki zen bet-betan. Santiago, herriko muthila, bere atabalarekin, harat-hunat bazabilan karrika buru batetik, bertzera: plan ran plan, plan ran plan!... Piarrex, bixi bixia, samin samina, eliza-dorrean ari zen bere ezkilari joka: dan dan dan, dan dan dan... Eta alderdi guzietarik heldu ziren orai gizonak, zoin bere sardiarekin edo palarekin.

        —Non da su?

        —Hantxet, Erreka-Luzen!

        Jotzen ezkila, dardaratzen atabala entzunik, egun hartan aski bederen bazutela eginik, bordalderik ez zutela berdin Erreka-Luzen, plazatarrak gozo gozoa gelditu ziren karrikan, athe aintzinean kalaka gorrian bulta bat goxaturik. Guarda zonbeit bazoazin bizkitartean eta jandarma zonbeit ere bai, Olhaso-kaskoari buruz.

        Heiekilan batean kasik, beren makilak eskuan, bazoazin ere jaun erretora eta jaun bikarioa. Berriki orduan ethorria ere zelakotz, erretor gaizoari, hirri-egiteko bezala, ez ziona jaun bikario maltzurrak sinhetsarazi edo bederen sinhesterat utzi, baizik eta Erreka-Luzea bordari on batzuen bizitegia zitekela? Ez zion hola erran, nahi baduzue, bainan, ondo ondoraino enganatzerat utzi zuen, eta lorietan!

        Su-tokirat zonbeit gizonekin jada helduak, haizkorak eskuan, zapartaka lanean ari ziren oihan-zainak. Suari berea eman behar zitzaion, tokiaren gainean suntsi zadien; eta gero, su hori behar zen geldiarazi, inguruan lasterrez eginen zioten muga batean. Jainkoak itsaso handiari bezala, behar zitzaion erran: «Horradino ethorriren haiz; ez ordean urrunago!».

        Zorionez, ur-erreka ttiki bat erasian heldu zen oihanbizkarrari behera, suari harek eginen baitzion ezin iraganen zuen muga hezea. Erreka haren hunaindian, oihan-zainek hola manaturik, eman ziren gizonak oro, beren sardi, pala eta ostaila bustiak eskuan. Bere sotana gerriraino altxaturik, bikario gaztea aldean eman zitzaioten.

        Jaun erretora ere nahi izan zen moldatu heien erdian. Erremu-igandekoa ez bezalako ostaila handi bat eskuan, han zagon, tente potente, bertzeek eginen zutena berak eginen zuelako ustekerian. Bainan, Piarresek, frango maiteki kendu zion ostaila izigarria, eta bertzeak oro, hirriz, oihuka eman zitzaizkon: «Ez, jaun erretora, ez! Ez zinakike! Bego lana guretzat. Nehork min har baleza halere, atsegin dugu gurekin hor baitzitezke. Herriko erretorik egundaino ez ahal da ikusi Erreka-Luzen edo Zirikolatzen, su hiltzerat hola ethorri erretorik bederen...».

        Haize-hego burrunba izigarri batean heldu zen bizkitartean sua, su bat zinez lazgarria. Oihanak, han, imitua bezalako zilo handi bat egiten ere zuelakotz, itsaso bat erranen zinuten. Dena su, dena gar, dena khe! Haizeak bultaka kurtzen zituen su-lama ikaragarriak, eta gero, berriz, ametz handienak baino gorago altxatzen ziren, erhotuak, ziztuka, ortzi ilhun ilhun baten karraska berarekin. Berhoak, sasiak, ametz gazteak, haitz-zaharrenak berak, errabian inguratuak ziren, setiatuak alde orotarik eta gero xirtxikatuak, iretsiak, burdinolhetan lur ilhunak erakitzen ohi diren bezala. Ifernua ez othe zen, han, zilo handi hartan?

        Eta orai, suzko itsasoa han zuten, hogoi urhatsetan, pareta gorri gorri bat bezala heldu, zinez izigarria. Bero bat eraikia zen ezin jasanezkoa, bafadaka heldu zen beroa. Gizonetarik bat gibeletik su-lamek inguraturik, doi doiak egin zuen ez baitzen hantxet gelditu, begien hesteko artean. Beharrik aski tenorez oihu egin zioten lagunek eta esku eman ere zalukara. Eta jaun erretorak orduan ikusi zuen, jostetarik etzela suarekin, eta zuhur eta erdi izan zirela haren jendeak, gibelerat maiteki igorri hala zutelarik. Doi doiak ere egin zuen bertzalde, ez baitzen Leon gaizoa othoitz zerbeiten beharretan hantxet aurkitu, hain hurbil danik suak inguratu zuelarik...

        Bizkitartean, haizkoraz arthiki arbolen aintzinean, hautsi, kraskatu bezala zen su izigarria. Bere buruaren jaten ari zen orai tokiaren gainean, ur-errekak han geldiarazia, ostaila, sardi eta pala ukaldika gizonek zapatua, lehertua. Han, bere gibelean, azken arbolak —handienak— karraskan ari ziren ondarreraino suntsitzen. Ortzi-azantza ematua zen. Hazkurririk gehiago aintzinean ez kausitzen, eta azken hexurren murxatzen ari zen orai su ikaragarria, ñastaka, intzireka; milaka phindarrak igortzen zituen halere, noizetik eta noizera, bere parra osoki iragana ez balu bezala.

        Phindar heien hiltzen, oren batez oraino egon ziren gizonak; eta gero, izerditan, joan ziren zoin beren etxeetara, pala eta sardi berotuak bizkarrean. Heien gibelean, eta bizpahiru oren lehenago oihan heze ederra zen tokian, ez zen gehiago hauts zuri eta beltz alimale bat baizik ageri, eskuetan zinez erre nahi zuen hauts itsusi bat. Tiut eta tiut, intzireka, alderdi guzietarat hegaldaka zoazila, ikus zitezken oihaneko xori maiteak, beren ohantze tokiak galdurik, osoki ohilduak. Jandarmak, oihan-zainak han zauden, ur-errekari hurbil xut xuta, zer nahi gertha ere geldituak. Jaun erretora jautsi zen herrirat, bere bikario maltzurrarekin eta ongi nekatuak ziren guarda zonbeitekin. Bere gostuz ikasia zuen gaur goiti, etxe gutixko zela Erreka-Luzen. Burla zerbeit egin ere zioten maiteki bidean. Bainan, gero, orok elgarrekin, arno-xuri on xorta bat lorietan edan zuten aphez-etxean, eta bakeak frango errexki egin ziren.

        Piarresek, Oihanaldeko muthurretik, behatu zion berriz oraino Erreka-Luzetik heldu zen khe beltz itsusiari; eta, egun hartan, ongi buruan hartu zuen, zer kalteak ekar dezazken batzuetan, bazka berriaren jinarazteko phiztu den su ttiki ttiki batek. Non phiztu den jakiten ohi da; ez ordean non den geldituko, edo zer desmasiak eginik bazterretan!...

 

* * *

 

        Aphirila jina zen, eta ez (urthe hartan) hain biribila. Nehor guti zagon etxean... hila.

        Gerezi ondoen gainean, pinpirinak idekitzera zoazin. Elhorri beltza, elhorri xuria geroxago, lore pullit pullit batzuz estali ziren; merxikak gorri gorria egin bazterretan. Kukua kantuz ari zen oihanetik; Piarresek zalu zalua miatu zuen bere moltsa... Eta diru zerbeit han kausiturik, hirri bat jin zitzaion ezpainetara: urtheko diru bazukeela beraz etxean, erran zahar maitearen arabera. Eta hala hala, pottokaz leherra ez zena bethi heldu Zugaramurdiko gain hetara? Pottoka hetarik zonbeit ez zituena, berriki oraino, lephorainoko uretik hantxet iraganarazi, zubiaren zain guardak zaudelarik!... Bazterrak ere ez zirena oro xoragarri heldu, Oihanaldearen inguruan?... Bai, kantazak, kanta, kukua: kuku, kuku!

        Ithurriak, ur-errekak, erasiaka heldu ziren mendiari beheiti, mixteriozko gauza maite maite batzu, negu luze hartako gauza maite batzu, mur, mur, mur elgarri salatuz.

        Mahasti haintzurrean ari ziren orotan, Ibarrarteko paretan, Xerrendan, Amotzen, Helbarronen, Ibarronen; eta gorri gorria egin ziren herriko mendi-paretak. Thomas, Piarres, Ganix karraskan hasi ziren hek ere Oihanaldeko kaskoan, bertzeak bezenbat izan beharrez.

        Berho-sasietan, arbola guzietan, xoriak ari ziren hek ere, sukar batean, beren ohantze ttikien moldatzen. Maiatza heldu zen; beraz ernatu behar! Kardinale pullit pullit batzu, xuri eta gorri beren moko ondoak, hori eta beltx beren hegalak, multxoka bazoazin merxika ondo batetara lehenik, bertze batetara gero, elgar atxemanka, sekulako erasietan: petti, petti, petti.

        Mahasti-lerro batean, xoxo eder batek, bere moko horia doi doi idekitzen zuela, Ganixi ikasi Phesta-Berrietako turruta aireak xixtu eta xixtu xoxo lagun maite bati emaiten ziozkan.

        Liztor itsusi batzu, maltzur-maltzurra heldu ziren, etxe-mahatsari hurbil, hegazpe zoko batean beren kafe-ohantzeak egin beharrez: urrian gero, mahatsez zer aseak, zer horditzeak ez zituzten bada eginen!

        Zer iguzki-sartzeak, arrats guziez! Dena urhe; gorri gorria; urdin urdina gero, lilluraturik behar baitzen egon, heieri beha eta beha! Eta —baitiote, gure laborariek behako bat ere sekulan emaiten ez diotela holako ikusgarrieri— Piarres ikus ziteken han, mixteriozko gauza heieri beha, luzaz egoki... Gogoetan gelditurik, bazagon hantxet, heien egileaz, Jainko handiaz orhoitua; orhoitua ere, bera munduratu gabe, gauza hek, toki berean, harek bezala ikusi zituzten eskualdunez... Itsasoan uhainen ondotik uhainak bezala, hilen ondotik bethi heldu biziak; eta oro, Jainko beraren oinetarat, lerro lerro gaki, gauza eder heien guzien egilearenganat!...

 

* * *

 

        Urtheko lan handiak hastera zoazin, eta laster. Etxean, gauzak oro moldatzen ari ziren lan heieri buruz. Tresneri, giderreri, uhaleri azken begi-ukaldi bat emana zioten Thomasek, Piarresek; eta orai, arthoen egiten ari ziren.

        Egin zezala gero.

 

                Maiatza urite,

                Errearoa erhauste,

                Urthea izaiteko ogite,

 

        Anhartean, maiatzeko uri uharrak jautsi baino lehen, arthoak xitamiru eginen ziren. San Mark egunean, nihon bilha ibili gabe, aziak han zituzten emanak, erran xaharrak nahi duen bezala. Thomas, Marres, Ganix, trenpurik hoberenean, zoin gehiagoka lothuak ziren lanari, eta Marie, Oihanaldeko alaba maitea, bederazka bederazka artho-bihiak erainez ari zen, mixteriozko arrosario bat erraiten balu bezala beren alhor gizenaren gainera. Udaberriko loria guzia han zuten gainean. Eta sarri, udazkenean, zer arthoak selauruetan!

        Senpereko uztarik ederrena arthoa izanagatik, bizkitartean, ez ziozkaten arthoak beren ogiak ahantzarazten; eta Oihanaldean, ez bazen bethi martxoko urguilu-jorrarik edo maiatzeko lasto-jorrarik egiten, sekulan ez zuten hala hala aphirileko behar-jorrarik huts eginen.

        Bainan, zer loria ere, lanetik oro leherturik Oihanalderat itzuli ondoan, amak amodioz moldatu eltzekari onaren gostuz jatea, biitxi maiteen eta Gantxumeren hirri karkara pulliten erdian! Zer loria, bereziki, Gaxuxak laboria edo errealdia egin zuen egunetan! Xuxen, han ziren olhata ttikiak haurrendako, handiagoak gizonentzat, barne guzia orori kilikatzen zioten usain goxo bat zariotela. Amak kandatzen ere zuen, orduan, Ahur-hutsean gerthatu mixterioa, begiak xuri xuria, beha paratzen baitzitzazkon, aldi bakotx, Oihanaldeko haur maiteak oro.

        «Beraz, basherri batean, bertzorduz, larunbat egun batez, etxekandre bat ari zen laboriaren egiten. Hor heldu zaio atxo xahar xahar bat. Eta atxo xahar harek galdatzen dio hean zerbeit emanen dion, Jainkoaren izenean? Etxekandreak, orhe pitta bat harturik, emaiten du bere palaren buru buruan, eta, labean orhe hura sartu orduko ogi eder bat egiten zaio labe haren barnean. Harriturik, eta ogi hura eskalearentzat ederregi kausiturik, bertze orhe miko miko bat, puskaz ttikiagoa, emaiten du suan; eta orhe mikoa egiten da berehala... ogi bat, aintzinekoa baino ere edarragoa; doi doia labetik atheratu ahal izan baitzuen, eta ere gutiago eman baitzion hura eskaleari. Hirugarren aldikotz, bi erhien artean, doi doia, hartu zuen beraz arhe pitta pitta bat; eta orhe hura labean hantu zen, hantu, hainbertzetaraino non labea bethe baitzuen eta hantxet tapatu; eta etxekandreak —ongi nahiko zuelarik— ezin eskuratu zuen gibelerat.

        »Atxo xaharra egin zen orduan andre bat xoragarri-ederra, eta etxekandreari mintzatu zitzaion, erranez: "Ni naiz Ama-Birjina, eta larunbata nere eguna da. Zeren handiegi neretzat kausitu ditutzun olhata hoik, ez da ogirik eginen gehiago etxe huntan...". Eta hitz horiek erraitearekin, suntsitu zen Ama-Birjina. Eta, geroztik harat, Ahur-huts erraiten diote jendeek etxe dohakabeari. Eta, ez da ogirik gehiago egin Ahur-hutsean... Haurrak, Oihanaldean, bazterrerat eman dadila, bethi, Ama-Birjinaren eta eskale gaixoen ogia!...».

 

aurrekoa hurrengoa