www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII
Piarres merkatuan

       

        Merkatua zen Senperen, ortziraletan, hamabortzetik egiten den merkatu ttikia.

        Ttikia erran dut; bereziki hamabortzetik egiten den merkatu batentzat.

        Handiagorik egin ohi da lehenago Senperen, Ahetzeko bidea eta Arbonakoa bera, bat arras funditu eta bertzea ongi zilokatu aintzinean, edo Espainiako mugak hetsi baino lehen. Auzo herrietarik, Ahetzetik, Arbonatik, Uztaritzetik errekardari zonbeit; Saratik, Ezpeletatik, Hazparnetik, Makeatik beribil banaka batzu. Xerri tratulant ahutart bat; doniandar eta bertze, molde ederreko buxer parrastaño bat; Senpereko gizon eta emazteki andana bat, kabala, puailleria eta errekeitu zonbeiten erdian. Utsaleko zubiraino Iehen balin bazoazin ere kabalak, Saatenetik urrunago joan gabe eremurik aski bazuten orai guziek... Horra Senpereko merkatua.

        Gauza guzieri ohartzeko, maite zuen Piarresek merkatu zenbeitetan trikatzea, aroak jendea laguntzen ez zuelarik, edo lanak ttikituxe zirelarik. Ezpeletaraino joaiten ere bazakien, noizetik noizera, eta herri pullit hortako feria guti hutseginen zuen pottokez gogoa maiz hartua zuelakotz. Bere harat-hunatak egin ondoan, gogo onez bazoan, trinketean Dongaitz, Leonis, Puxat eta bertzeak goretsi beharrez, loriatzen baitzen heien ukaldi ederrak ikusi eta. Gero, Xilarrenean gazte lagunekin mus partida bat edo bertze         eginik, Ezpeletako haxoa etxe-arno hoherenez ithorik, ilhuntxean heldu zen Senpererat, paparoa berorik, kantu errepiketan, hozkariorik maiteenean. Eta artats hartan, bazen harramantza karrikan: oinezko eta zaldiko, karro, beribil eta pirripita; jendeak oro oihuka, Senpereko ostatuetan goxatu nahiak oraino, etxelakoan.

        Harrabots gutiagorekilakoa izaiten bide zen Senpereko merkatua... Bi orenak arte, karrikako jendeek beren pusketeriak hola errex eros zetzazten, deus ez ziteken sal han gaindi, eta astiro heldu ziren beraz senpertarrak eta bertzeak.

        Gero, hatik, karroak agertuko ziren, burdin harramantza izigarri batean, ixil ixila aldiz beribilak. Arbola azpietan, plazako etxeen aintzinean, saski eta otharreak zabaltzen ziren berehala; eta karrankaz oiloak eta oilarrak, karrasiaka oilaskoak, oihuka ahateak, jauzteka lapin beharri-luzeak, lerro emanak ziren lasto puska baten gainean, edo bardin lur eta harriaren gainean, aztaparrak bide luzean hanturik, minberaturik. Oihal xuri xuri batzuen gainean hedatzen ziren aldiz gasna, arroltze, baratzekari eta fruitu edo igali mota guzietarik. Bazar bat edo bi ere ikus zitezken, bixkotxa saltzaile batzuen erdian. Etxe-ezkin batean, mendi bat zapata altxatuko zen, xuri eta gorri —beltxak ere zonbeitño— jendea ez baitzen gutienik harat bildu behar, arratsalde hartan guzian.

        Eta hango kalaka orduan! Oro emaztekiak, alabainan! Auzo herrietako eta herriko berri guziak hegaldaka bazoazin ahotik ahora, ttiki ttikiak hementxet, handituak eta tarrotuak hortxet, alimale eginak haraxe orduka. Sasoin guzietako jende-jorrak... merkatuak.

        Jandarmak, argi argia harmatuak, harat-hunat bazabiltzan, beren buruaz pitta bat hartuak, halako jendetzeak nahi ere zuen bezala.

        Piarresek doi doia behatzen zion emazteki merkatuari; ez batere gehiago, pinpirinak iduri, orotaz ikusiak nahi ziren basandere batzueri, hirri eta hirri, beha eta beha, goiti eta beheiti, gelditu gabe, beren doterik hoberena bizkarrean, iragaiten hantxet ziren printzeseri.

        Behi bat, xaal bat ere laster heiatik khentzekoak zituelakotz, xerri-merkatuan harat-hunat bat egin ondoan, hantxet zagon, herriko-etxearen aldean, gizon multzo batekin solas eta solas, behi ala miga, zokor ala ergi, deneri ohartua.

        Buxer-nausiak, buxer-muthilak, merkatuko jaun handi, errege handi kasik; Senpereko xaal onaren ondotik urrundik ethorriak. Ezin-hurbilduak, —hala nahi balin bazuten— harat hunat bazabiltzan, beren artean hitz hartu eskaintzaren egiten ari. Karrikaren bi buruetan, plazaren erdian, berehal berehala egina zen batzuetan tratua. Bertze batzuetan aldiz, bere aintzinean ekarri xaal pullita eskaintzaz gorago baliatu nahiko zuen jabeak. Orduan, joanen ziren buxerak; bazkari bat ona eginen zuten ostatuan, eta... arratsaldean. etsiturik azkenean, bordaria eroriko Zen goizean baztertu eskaintza hartara berera. Diru joriaren egiteko, xuhur, biziki xuhur athera behar zen xaala egun hartako merkatura.

        Eta orai, alimale gaixoak, —koka-ahala koka, karro handi batzuetara borthitz bothitza besotaraka arthikiak, bi burdina lodiren artean iraganak— begi handi eta zozo batzuekin guzieri beha, meu eta meu bazoazin Donianerat edo Miarritzerat, harat norapeit.

        Azienda maltso batzuen ondoan, xamar luze batzu soinean, makila laburra eskuan, tratulari zonbeit inguru inguru zabiltzan. Lephoan, bizkarrean, saietsean eskuzafla bat behiari igor, buztana altxa, makila laburraz kaska ttiki bat eman aziendari eta bardin behiaren jabeari, elhe maltzur batzu ezpain xokoan, liztafinak iduri zuten, dena keinu, dena oihu. Bi urhats egin orduko gibelerat, berriz harat bererat itzuliak, bertze tratulant bat, arranoa bezala beha egoki, hantxet ikusirik. Jean Kaskoin maiteak, bere xerrien inguruan, ez ahal zuen gehiagoko zinfoniarik, hek behi maltsoaren ondoan baino. Alimalearen jabea Larrungo pareta baino gehiago ez zen lehenik mogitzen. Esku bat behiaren gainean finkatua, zigor ttiki bat bertze eskuan, beha zagon liztafinari. Liztafinari, jabeari, behiari beha eta beha, ixil ixila han zauden ere Piarres eta haren lagunak, besoak kurutzaturik edo gerruntze gibelean emanik.

        —Nahi duk hunenbertze?...

        Orduan bakarrik mogituko zen harri pareta. Begiak argi argia, burua xut emaiten zen gizona:

        —Holako behia, horrenbertzetan!... Ez diok ongi behatu!...

        —Nahi dituk bost duro gainerat?...

        —Ez duk aski.

        —Bego beraz!...».

        Eta bertze tratularia han zen berehala, alegia eta deus ere ez aditu edo ikusi, hasten baitzen:

        —Behi pullita duk hau, Mattin...

        —En'ustez... Eta maltsoa, prestua! Pikokoa behar balin baduk, hartzak; laneko nahiagoz, ez duk hoberik atxemanen...

        —Ba, mendiko behiarentzat ez duk gaizki. Nahi duk hunenbertze?

        —Ez; berrogeita hamar libera ematzik gainera!

        —Berrogoi... Alo, hots, emak esku, eta goazen oro Mattintegirat...

        Buruaz keinu berriz eginik, eskua daldaran gora altxaturik, bere behiaz ongiz leherra oraino erranik, esku hura emaiten zion azkenean bordariak tratulariari, eta, saltzaile, erosle eta behatzaile, bazoazin oro ostatura...

        Behi gaizoa, zonbeit aldiz, hantxet egonen zen, nausi xaharrak utzia, nausi berriak ez oraino hartua, mu eta mu, artutsean destenoreak arte, eta bardin biharamun goiz arte, tokeroa karrika-xoko zonbeitetan galdurik. Eta urruntxagotik, hala hala burdinari estekaturik utzia izan zelakotz, xaal gaixo bat meu eta meu ari zitzaion behiari.

        Merkatu erditsutan, Xantiago, herriko muthilak pilota partida bat oihu eginik, errabotera joan zen lehenik Piarres.

        Jende parrasta bat bildu zen plazarat; bainan partida ahulxkoa iduriturik, ostaturat joan zen muthil gaztea, musean pitta bat deskantsatuko zelakoan. Bainon, errana zen guti deskantsatu behar zela arratsalde hartan.

        Bozkak hurbilduxeak ziren herrian, depotatu bat Pariserat igorri behar zelakotz.

        Piarresek bazakien zer egin bozkatze heieri buruz. Eskualdun astekariak errana zion nor ziren heien aintzinerat agertzen ziren bi gizonak, eta gizon hetarik zein behar zuen hautatu eskualdun girixtinoak. Bertzalde, herriko gizon zuhurrak han ziren, gau guzia etxez etxe bardin ibilirik, bozka bezperan helaraziko baitzioten, biharamunean herriko-etxean eman behar zen papera. Bozka egunean gero, oro joanen ziren, burua xut, barnean kilikarik batere gabe, mezatik landa, beren eginbide handiaren xuxen bethetzera. Bazter-nahastaileek ez zuten heiekin deus egitekorik; eta nehor guti zen, dire puska batean edo krakada batean truk, bere eginbide hura salduko zuenik. Eta halakorik batere balin bazen herrian, aire utziko zuten hura... krakadarik gabe. Xahar xahar bati edo bertzeri kafe bero bat emaiten zitzaion doi doia, urrunetik ahitua zeren zen ethorria, eta behar bada herrestaka. Arratsean gero, ilhuneko jendea etxerat itzulirik —nola bozkatu ziren herrian jakin ere gabe, gehienak—bertze igandetan bezen ixil zauden Senpereko bazterrak oro.

        Bainan, merkatu egun hartan, arno ttotta batek burua nahasirik, eta arno harek barneko mina kanporat jauzarazirik, bazen Mattintegian halako gizonxka bat, dena ttarrapatta, ondoko igandeetarik batez behar ziren bozkez baizik ez baitzen hura mintzo. Tetele batez edo biez kanpo, ez zion nehork behatzen ere.

        Tetele hek hari beha sumatzeaz kukurustatua, bere buruaz, bere ttartapattaz dena hartua, xotatua, mahainari joka ari zen:

        —Hura gorria zela gero, gorria... arno ona bezala, eta gorriek baizik ez zutela haren bozik sekulan izanen!...

        Piarres Oihanaldekoari auzoko mahain batean oharturik, oihuka hasi zitzaion betbetan, dixiduka:

        —Errak to, Piarres... Zer diok, hik, zuria?

        Piarresek, mogitu gabe eta ez-adituarena eginez, bere laguneri:

        —Mus, exku...

        Gure Gorria, erhotua zeren ez zioten behatu ere nahi, xutitu zen; eta, traba egin nahi zioten tetele parea besoez bazterturik, badoako Piarresi aintzinera:

        —Gorra haiza, Piarres? Ez duka nik errana aditzen?...

        —Paso ttikira...

        —Zer, paso ttikirat eta handirat!... Oro bardinak zaizte zuri horiek guziak... jaun merak, aberats horiek eta aphezek sudurretik bethi eremaiten zaituztela!

        —Pareak ba eta inbido... Utz nezak hortik, musean artzera, Antton! Hi bezala, sudurretik norbeitek ni ere ereman behar eta, nahiago diat aphezek eta gizon zuhurrek ereman nezaten, ezen ez eta hi bezalako gizonek... Biga gehiago paretara!...

        —Zer erran duk, Piarres?...

        Eta, begiak beren ziloetan biraka, Antton besotik lotzen zaio Piarresi...

        Ah! baia?... Piarresek, xutituta, dabla, dabla, bi paso emaiten diozka gorri atrebituari, eta hantxet, lau hatzez gora igortzen du mahainaren azpira...

        Ahal zuen bezala xutitu zen gizon herresta. Haren lagunak arizan zitzaizkon alegia berriz jokatzeari traba egin nahiz. Antton bera, ezin errexitua izan balitz bezala zapartaka hasi zen. Bainan, gero, bera bezala gorri nahi zuen sudurra... minberatua sumaturik, ematu zen, Piarresek gehiago behatzen ez ziola; eta oihuka urrundu zen, bertzaldi batez oraino atxemanen zuela zuri debrual... Moxkor maitagarri batzu, kantu eta kantu ari ziren xoko batean, Antton Gorriri eta haren kalapiteri ohartu ere gabe: «Gazte nintzanian, denbora batian»...

 

* * *

       

        Piarres, bere mus-partida puxka bat airera bururaturik, goizik itzali zen etxerat. Eta, afaiten biak ari zirelarik, aitari erran zion, ostatuan, ontsa nahi gabe, zer gerthatu zitzaion. Eta, Thomasek, lur huntan diteken gizonik prestuena zelarik, hitz hauk erran ziozkan doi doia:

        —Ontsa egin duk, eta hire orde, bertze hainbertze eginen nian... Aphezak ez dituk aho-mihietan guk erabiltzekoak; eta hobe gindikek segur, heien erranetik ibil baginte bethi...

 

aurrekoa hurrengoa