www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV
Eliza-phestak

       

        Uda bethean harat bazoazin. Uda bat ederra, eta ederra bezala, ona; zeru urdin lilluragarriena, iguzki bero eta gozoa; gauak aldiz izar-ihintz baliosenaz goxatuak. Ogiak heldu ziren erhotuak, urhearen pare, fereka baten galdez bezala, eta itsasoan uhainak bezala, farra farra alderdi guzietara kurtuak haizearekin.

        Arthoak, bi-hiru aldiz jorratuak, ezin aski luzatuz ari ziren hek ere, eta, gauza segura,

 

                «Jon Doni Joanez gordaturen zutela oiloa,

                Jon Doni Petriz aldiz... ardia».

 

        Klok, klok, kuku-mauka ari ziren non nahi aphoak eta xixtuka.

        Oillanaldeari hurbil, aintzira batean, sugea sorro azpian sumaturik, igelak, ihien artean begi handi batzuekin kurumilkatuak, elgarri ari ziren:

        —Ikusi dukes?

        —Nor?

        —Lepho-lux (sugea)?

        —Nik ez!

        —Hik ez, nik ez!

        Eta guziak betan hasiko ziren gero, bethi'ta zaluago, hatsa galdu arte:

        —Hik ez, nik ez, hik ez, nik ez, hik ez, nik, ez...

        Eta gauzak eta jendeak, oro zorion osoan heldu ziren beraz, noiz eta, egun batez, han, Hartza-mendi, Mundarrain eta Itsasuko Athekak hartzen zituela, lanho itsusi bat hedatu baitzen, arratsalde erditan, zuri zuria lehenik, ilhun ilhuna gero, eta azkenean, dena hauts-kolore.

        Mustro bat iduri, kurumilkatuz bazabilan, bortuetako pozoinak oro bildu nahi balitu bezala. Eta orai, pozoin hetaz leher egiteko heinean hantua, pisu pisua heldu zen, zelaieri buruz. Eta Lapurdi guzian, ikharatu ziren jendeak, alimaleak eta kasik ere gauzak... Uztaileko lehen egunak ziren, eta, bazter guzietan, alhorrak, begiek ikus-ahala urrun, ogi urhezkoaz estaliak, sega xorrotxen beha zaudela erranen zinuten. Sega heldu zitzaioten egun, bainan zer eta nolako sega!...

        Hedoi izigarria heldu zen beraz, haize zirimola batek hartu eta zeramala alderdi orotara. Urrunera, burrunba, orroa ilhun ilhun bat soma zitekeen, lazta bat emaiten baitzioten guzieri. Eta gero, ximixtak jali ziren, hauts ikaragarriaren erditik. Zer ihurzuriak! Santa Barbara, urrikal gakizkitzu!...

        Lasterra ezin aski zalu eginez, etxerat, bordalderat, heiarat bazoazin jendeak, alimaleak; ixilik jendeak, marrumaz alimaleak, oro harrituak. Xoriak, hek, aspaldi ixilduak ziren, arbola ziloetan, berro zokoetan kukutuak, ez-deustuak ere!

        Lanhoak heldu ziren anhartean, bethi'ta izigarriago, ortzi-karrasken erdian. Arbolak lurreraino kurtu ziren, ile handi batzu bezala beren adarrak alde guzietara xixtuka luzatuz... Athe leihoak zapartakan abiatu ziren etxe guzietan, asko pareta zahar urratu, teilak airez-aire hegaldatu, eta... hedoia lehertu zen herriaren gainera...

 

* * *

 

        Itsasoa erranen zinuen orai etxe bakotxaren inguruan; harramantza itsusienak, orroa guziak han elgarretaratuak... Arratsalde erditan gau ilhuna, dorphea, zinez izigarria; ximixta hori eta gorriak iihunbearen argitzaile.

        Adarra lehertu baino lehen elizara lasterrez joanak, emazteki zonbeit, arrosarioak eskuan, othoitzean ari ziren, ikaretan. Laguntza bat zitzaioten aldare aintzineko argiak berak iduri zuen, hiltzera zoala hura ere. Lur-ikare batean bezala, daldara ilhun batekin, ikaratzen ziren eliza zahar zahar hartako paretak, eta, han, ezkiladorrean, ezkilak intzireka abiatu ziren.

        Karrikan, bizkitartean, ezko-xirio benedikatuak, lerro lerro, phizten ari ziren, etxe guzietan. Ixil ixila, orok, erremu-saindu hosto bat eskuratua zuten, eta amak, erremu-saindu hartarik ahurtara bat arthikia ere zuen su-phizkiaren erdira, karrask karrask erre zadien han, eta bere usain borthitzaz bethe zezan eta geriza etxe guzia.

        Asko herrietako ezkilak, dan, dan, dan, othoitzean ari ziren ezkila-dorre zaharretarik:

 

                «Santa Anna, Santa Anna,

                Santa Maria Madalena,

                Mendietara, Mendietara,

                Jenderik eta abrerik ez den tokietara!».

       

        Ihurzuri karraska batek, su-phizkiari beheiti dena sartu baliz bezala, Oihanalde guzia ikaretan eman zuen, eta, ixil ixila, Gaxuxak bigarren xirio bat phiztu zuen mahainaren gainean.

        Eta uria heldu zen, phesiaka, Noeren egunetan bezala. Ilhunbearen ilhunbez, deus gehiago ez zen ageri sukalde handian.

        Oren-erdi bat holaxet iragan zen, eta gero, bet-betan, ikaragarriko karraska bat —azkena— egin zuen. Jaun erretoraren othoitzek behar bada barreiatua, —behialako konderan bezala, aphezaren zapata bat ostikoka ondotik zuela erranen baitzen—, urratu zen hedoi itsusia eta ihesari eman; uria athertu zen, eta iguzki hits bat doi doia berriz agertu.

        Xoriak, beren lumak inharrosiz, tiutaka eman ziren, iñarak zerurat airatu, athe leihoak zabaldu, jendeak, alimaleak jauzian kanporatu.

        Piarres, athe aintzinean, bortuetara buruz kurumilkaturik zoazin lanho itsusieri beha zagon, eta Jainkoari eskerrak eman ziozkan, zeren ogiak, arthoak, mahatsak, oro xutik gelditu ziren...

 

* * *

 

        Gauzak jin, gauzak joan, kalerna-dixiduak ahantziak ziren, eta Eliza-phestaz bertze gogoetarik ez zen herrian.

        Jadanik, Jon Doni Joane bezperan, bethiko suak phiztu ziren herrian, non nahi. Tiroak entzuten ziren Amotzetik, Ibarrundik, Hergairaitik, Plazatik; eta zinez egia zen, Jon Doni Joaneren sortzeaz jendeak oro bozten zirela, aingeruak lehenago mezutu ere zuen bezala.

        Oihanaldean, aintzineko urtheko erremuak egurrekin harat arthikirik, su ederra egin zuten athearen aintzinean; eta Gaxuxa lehen, Thomas ondotik, oro maiteki ibili ziren su haren inguruan, arrosarioa eta gainerateko othoitzak goratik erranez.

        Tartean, Piarres, Ganix, Marie, Gantxume bera, garraren gainetik, jauzian, karkaraka iragaiten ziren, lumarik suari utzi gabe batere.

        Egurrak errexe zirenean, Thomasek, Gaxuxak, pulliki bazterretik, —eta hirri goxoki egiten ziotela bertzeek—, adinak pitta bat gogortu eta pisutu zango batzu biraka altxatu zituzten suaren gainean, su hura benedikatu nahi izan balute bezala.

        Eta gero, itxindu lodi batzu Jon Doni Joaneren suan harturik, Thomas, Piarres eta Gantxume joan ziren, itxindu heien landa eta mahastietara besagainka arthikitzera, kurutzearen seinale bat bezala airean egiten zutela, hek botatzean... Jainkoak eta haren zerbitzari handi Jon Doni Joanek begira zetzatela Oihanaldeko kanpoak eta jendeak oro!

        Eta orai, orotan, garbiketan ari ziren, xoko-moko guzien xuritzen, eta kanpoko jauntzia ere berritzen zioten asko etxeeri.

        Jon Doni Petri bezperan, oilo eta oilasko gutiago zabilan baratze eta iphularretan, biphildurik xuri eta gorri, luze luzea, kukurustak dilindan emanak zirelakotz mahain gainean. Han hemenka, oilategi batzu hustu ere zituzten... axeriek. Zirikolatzeko axeriak othe ziren? Ala, bi zangoekilako bertze axeri batzu, hek ere, oilo, oilasko edo bardin oilar zonbeit gabe, Jon Doni Petrietan egon nahi ez zirenak? Hori zakiena ixilik egon zen Senperen; eta diote, azken judizioko egunean, ebastaileak eta galtzaileak elgarretaratuko direlarik, asko oilo eta oilasko senpertar hegaldaka ikusiko direla han, ohoinen aztaparretarik beren jabeenganat lorietan gaki!... Ai, Maria, ez zaitan goxo izanen! Ez alaxede!...

        Zapartaka ezkilak bezperan arizanik, —atabal eta turruta—Ganix eta haren lagunek karrika guzia airean arratsean emanik, igande goizean, lehen igandea ere zelakotz eta Eskual-Herrian bakarrik hola ikusten ohi den bezala, Senpereko gazteria, kurutzea bulhar-gainean, hurbildu zen mahain saindura. Arratsaldean dantza-lothu zikinetarik urrun, jokoan, musean, errabotean, kanta errepiketan, fandango arinetan deskantsatuko ziren gazteak, han ziren, goizean, aldare aintzinera, beren Jainkoa hartu beharrez, ihurtzuri-azantz batean selauruetarik jautsiak.

        Eta Piarres eta haren lagunak zinez eder ziren tenore hartan.

        Elizatik atheratzean, atabal parrapata baten ondotik kadira baten gainera igana, han zuten Xantiago, herriko muthila, goratik erraiten ziozkatela hiru egun hetako pilota partidak. Eta haro handi batean ohildu ziren han zirenak oro.

        Meza-Nausia gero, berantxago, pinpirinan aphaindu eliza ederrean, hiru aphezekilako meza-nausi xoragarria. Auzo herrietarikako erretor jaun batek handizki goretsi zioten beren Patroina. Eta, aldarearen gainean, argien erdian, Dabit ihiztariak aiphatu bizar nasai eta legunean, hirri maite bat bazuen Jon Doni Petrik bere herritarrentzat, errepiketan haek hasi zitzaizkolarik:

 

                O Jon Doni Petri,

                Beha guri!

                Othoitzean ari,

                Gaude zuri.

 

* * *

 

                Zeruan hoin handi zarena,

                O Senpereko Patroina,

                Izan zazkigu ona,

                Maita zazu Eskualduna!...

 

        Jaun bikarioa eskearen egiten ari zen, pazote bat bezen xut, hirri bat ordainduz sos bat emaiten zionari, milesker zorrotz bat aldiz, bi eskuetan kokotsa sarturik, bizkarrez egoiten zitzaionari. Ez zen gero jostetarik harekin!...

        Eta, Anjelus ozen bat zeruraino igorririk, athera ziren guziak, bazoazila batzu hameketako poxi baten egitera, bertzeak etxera berehala. Eta, hiru egunez athertu behar ez zen Manesa hasia zen jada, para, para, para, haurrez leherra ban baitzuen berehala inguruan.

        Arbola azpietan, buhame batek lerro lerro botoila zonbeit emanik, gazte koxkorro batzu ari ziren botoila heieri zurezko erheztun batzu sartu beharrez... Eta, holaxet, begien hesteko artean, bizpahiru libera sartu ziozkaten... buhameari bere moltsa luzean.

 

* * *

 

        Bazkari ederra zuten Oihanaldean, Gaxuxa, Marie, auzoko emazteki bat lagun, lehenbiziko meza entzunik, ongixko bermatuak ziren goiz hartan guzian. Ezkaratz handian, mahain eder bat plantatua zen hantxet. Mahain haren gainean xuri xuria, marra urdin batzuekin, hedatua zen, etxean irunik, Iñazio ehaileak eho dafaila handia, gauazko izar-ihintzean xuritu dafaila.

        Mahainaren inguruan, Thomasen bi aldean eta hari parrez-par eman ziren bazkaltiarrak, hemen gizonak, han emaztekiak, osaba, matanta, aitaxi, amatxiak, itiki eta handi, bizpahiru ahaide-aralde; Oihanaldekoak azken buruan emanak ziren oro, lanean ari zirenez bertzeak. Gaxuxa hura, Eskual-Herriko bethiko moldeak hola nahi ere duen bezala, xutik han zabilan, orori begia zadukala, etxekandre zabal eta maitea egiazki.

        Mahainerat, kaldan oraino, ekarri ziren Mariek salda begiduna, hori horia, etxeko oilo ederrenek joritu salda. Nekatzaileak maltxur maltxurra erraiten obi du halako saldaz, dela «aphez-salda»... Lehenago, behar bada... Orai, aspalditto huntan, badugu uste, eltzekaria maizago derabilkan aphezak, ezenez oilo-salda.

        Kurutzearen seinalea orok eginik, ixil ixila, bezperan erre etxeogi mamitsua eskuan, ufaka jan zuten beraz salda gizena, bihotza atxeman baitzioten orori. Oihanaldeko arnotik gero, zorro handiko pitxer-botoila beltz batzuetarik bethe ziren basoak. Hustu ere ziren batik zalukala. Hazpandar batek, omen, baitzion egun batez, bere baso-barneko azken azken xorta hurrupatu arte ez zuela sumatzen lehen lehenbiziko xorta, hertzea luzexko hazpandarrek izanez, badut uste Oihanaldeko bazkaltiarrek hazpandarren ite bazuten egun hartan. Ezen, basoak maiz aski hustuak ziren mahainaren gainean. Bainan laster bethetzen ziren hala hala.

        Oro betan mintzo ziren orai ezkaratzean, etxe-arno urhezkoak trenpuan goxoki berehala emanak.

        Salda begidunaren ondotik, ethorri ziren oilo gizenak, axaleraino gauza hoberenez orratuak, hari xuria zapartatazteko heinean hanpatuak. Tomate gorria bazen tira, nahi zuenarendako. Barnea kilikatu nahi zuela, agertu zen xaalki saltsa bat hauta, ogi-zerrak eta erhi-muthurrak oro bardin ontzen zituela, Napoleon Handiari lehen bezala.

        Errakia gero: oilaxko pullit pullit batzu, zangoak goiti kurumilkatuak, untzi luxean; xikiro azpia ondarrean, Thomasek, kanit handi batekin, xerraka xerraka, ezpainak mehatuz pikatzen baitzuen, eta kanit muthurrarekin emaiten ilhar zuri eder baten gainean.

        Eta bazen haro eskaratz handian! Ganixek maiz xutitzea zuen pitxer borobilaren berriz bethetzeko. Oseba Beñat, athorra paparoa idekirik, zikiro hexur bat eskuan, kantuz hasia zen:

 

                Nik badakit, zaharragoek erranik,

                Arno onak ez duela parerik!

                Orai ere balin banu hartarik,

                Edan niro basoa betherik!

 

        Eta guziek errepikatzen zioten, hire, lau bozetan:

 

                Orai ere balin banu hartarik,

                Edan niro basoa betherik!...

 

        Esne-opila gainerateko esneki goxoarekin, pastiza begietarik eta... ahotik ezin utzia mahainean agertu zirelarik, Gantxumeren, Frantxaren, Xanetaren eta bertze haurren loria! Jan ahala jan... ari ziren, zati eder bat esku bakotxean, pozi alimalea ahoan. Mahai inguruan, paper xuri batzu, mokanes garbi xuri batzu ere pulliki pulliki xabaldu ziren. Bazkaltiarrak orhoit ziren beren etxeetan utzi haurttikiez eta... handiez ere orobat; eta Oihanaldeko orhoitzapena bazeramaten pastiz ederretik.

        Kafe beltx beroaren eta pattanttun garratxaren aintzinean pipa eta pipa ari ziren gizonak.

        Berorik, urririk eta jarririk, han zuten edari goxoa. Eta kantuz oro berriz hasiak dira, egundaino bezala:

 

                Uso xuria, errazu,

                Nora joaiten zira zu?

                Espainiako bortuak oro

                Elhurrez betheak ditutzu...

                Gaurko zure ostatu

                Gure etxean baduzu,

                Gure etxean baduzu!...

 

        —Hots, Mañifikateko bederen behar diaguk elizzarat, Jon Doni Petri egunean. Mus partida bat beraz berehala, gu, aita-semeak, aitatxi-osaben kontra. Bazaiztea?... Marie, kenatzu puska hauk mahain gainetik, eta kartak hunarat, berehala!

        Eta musean hari ziren, Thomas eta Piarres alde batetik, aitatxi eta osoba bertzetik. Haurrak jauzteka atheratu ziren kanporat, aitatxi-amatxiek eman sosekin jostatu beharrez, sos hek eltze-itsu gorrietan eman baino lehen. Bazkaltiar emaztekiak jarri ziren aldiz supazterrean.

        Bezperak ondoan, mundua bildu zen errabotearen inguruan. Leoniz eta Puxant ari ziren Dongaitz bi anaien kontra. Partida bat ezin gehiago ederra. Behaxtegi eta bertzetik han ziren, bethi bezala beren urruñar pilotarien alde diruz hanpaturik ethorriak. Diru gehiagorekin oraino itzuli behar ziren etxerat, ezen bost kintzez joan zuten dongaitztiarrek...

        Partida bururatu orduko, harhesiaren gainean xutik, bi gizon eman ziren kantu errepiketan: Ganix eta Matxin persuka. Eta, berehala jendea trumilka bildu zitzaioten aldera, loria bat begietan.

        Jaun merak hitz bat gora gora erranik, kapelua eskuan, boz goxo batean, jadanik hasia zen Ganix:

       

                Jaunak, hean guziak gure aditzera,

                Eskualdunak koblaka hemen entzutera...

                Jaun Merak hola nahiz, noa erraitera

                Arnoa baino hobe nola zautan Ura.

 

        Esku zarta zonbeit aditu ziren, Ganixen goresteko, eta Ganix, beltxaran bere ile eta muztatxen azpian, handi handia itzuli zen Matxinen aldera.

        Ttiki ttikia, ile luxe eta legun batzuekin, hirri maite bat ezpain xokoan, hirri maltzur bat begietan, kapelua bere eskuarekin murdukatzen zuela harek ere, zalu zalua —zaluegi behar bada— tik eta tak lothua zen Matxin Ganixen urari.

 

                Badut uste gaur Ganix ai den jostetaka,

                Arnoa baino hobe einez ur-barrika;

                Hameka aldiz Ganix Matxinek badauka

                Senperen ikusirik arnoan ithoka.

 

        Hango hirriak orduan, eta esku zartak; Matxinek bere persua akabatu ere gabe, halako zerbeit bazuten asmaturik han zirenek orok. Eta beha zauden bakarrik, nola koblariak bururatuko zuen eta zer tankakoarekin, guziek buruan birilkatzen zuten gogoeta. Begiak ñir ñir atseginez argituak, azken azken liztafin sista igurikatzen zuten, laugarren phondu bakotxean. Eta Ganix eta Matxin zinez hazkar ziren hortan, Ganixek hobekixago zeramala solasa, gehixago ere bazakielakotz behar bada; bainan edo zein sail har zezala, gainean berehala zuen Matxin, bere asmu xorrotxarekin. Biba Ganix, biba Matxin! Eta zinez, pilota partida batean bezala ez bazen, bertze hainbertze bederen loriatua zagon hango jendea.

 

                        GANIXEK

                Baditake arnoa dautazun ikusi,

                Jaunak egin gauzarik ez baitzaut itsusi;

                Bainan gauza bat, Matxin, zuk behar onhetsi:

                Bathaioko uretan ginela ikuzi.

 

                        MATXINEK

                Bathaioan, hala ela, ura baliatu,

                Baliatzen oraino, Jaunak nahi baitu...

                Bainan, Gorphutz Sainduan, hark ura baztertu,

                Eta katitz barnerat arnoa hedatu.

 

                        GANIXEK

                Jainko horrek munduan lurrak egin diiu,

                Ibar zelaiak ere non nahi moldatu,

                Ahutaraka aldiz mendiak altxatu...

                Hiru aldiz gehiago urak tuo largatu.

 

                        MATXINEK

                Ur sobera edanik, uhalde handian,

                Itho ziren jendeak mundu zabalean;

                Noe zen bakarrikan salbatu untzian...

                Aihena landatzeko bere mahastian.

 

                        GANIXEK

                Oxala behin ere ezpalu landatu!

                Lehen lehen aldian, bera zen moxkortu;

                Bere haurretarik bat aitaz zen trufatu,

                Aita harek baitzuen han madarikatu.

 

                        MATXINEK

                Emagun soberaxko'ta jakin gabean,

                Noek edan zuela egarri batean;

                Bainan, negurriz norbeit jokatzen denean,

                Deus hoberik othe da lur hunen gainean?

 

                        GANIXEK

                Arnoarekin ez da saldarik moldatzen,

                Ez eta boketarik sekulan xuritzen;

                Arnoarekin ez eta errota ibiltzen,

                Ez eta portuetan untzirikan sartzen.

 

                        MATXINEK

                Saldaren ondotikan ura edanazu...

                Indar guttiren jabe izanen zira zu,

                Boketatik sekulan eginen ez duzu,

                Untziak portuetan galduren ditutzu.

 

                        GANIXEK

                Arno higuin hortarik gizonen-hiltzeak,

                Erreka zola jorik, etxeen galtzeak,

                Aharra gaixtoenak, galbide guziak,

                Emazte-haur gaixoen nigarrez-hartzeak.

 

                        MATXINEK

                Arnoak egin mina arnoak sendatzen,

                Zure emazte hoier nigarrak xukatzen...

                Gaixto egarrituak du gizona hiltzen,

                Gizon moxkorra aldiz kantaz duzu artzen.

 

                        GANIXEK

                Ez duzu ukaturen, idorte handitan

                Uria goxo dela gure alhorretan;

                Urik gabe ez laite deusik mahastitan;

                Ura galdegin beraz, zuhaurren onetan!

 

                        MATXINEK

                Urik aski bederen zauku atheratzen,

                Ilhabethe osoak ezpaitzau athertzen!

                Uriak ez bezala iguzkiak ontzen...

                Dena urhe arnoa baitauku ezartzen.

 

                        GANIXEK

                Erranen duzu ere, arnoak eria

                Laster pixkorturikan duela zarria...

                Urean'ta arnoan, behar negurria...

                Ez othe zautzu hori gauza ageria?

 

                        MATXINEK

                Eskuak beraz, Ganix, gu biek elgarri!

                Aithormen'man dezagun Jainko handiari;

                Zuk ura arnoari, arnoa nik urari,

                Eta biek elgarren osagarriari!...».

       

        Orduan, orduan, esku zartak eta alde orotarik! Bi koblarieri beira gaxura edaten egonik, jendea, noizpeit, solas-burrunba batean barreiatu zen, aditu gauza pullitez gogoa oraino hartua. Sari bat ederra eskuratu zuten persulari maiteek, eta biak bazoazin orai, hango gizonen artean, edozein bi senpertarren idurikoak bilhakatuak.

 

* * *

 

        Manesa ari zen, inguru inguru, bere xingola, xahar-berriak firurikatuz, zilhar eta urhe, mirail eta girgilleria. Zurezko zaldi, asto, elefant eta bertze alimale batzuen gainean, sorgin-karrosa batzuen barnean, hirri eta hirri, bira-bira iragaiten ari, ikusten ziren haur ttiki batzu, eta ere... haur handiago batzu, ahalketuak pitta bat, panpina josteta hartan mota guzietako paper txar batzu elgarri botaka hala deskantsatzeaz.

        Piarresek begian aintzinean ez zezaken ikus josteta ergel hoi, eta zinez urrikari zituen, hiru egunez, goizeko oren bat arte, musika zirin-zirin hura karrikan pairatu behar zutenak.

        Urrunago joanik, inguru bat egin zuen beraz plazan, baso bat hustu soldadogoako bidartar adixkide batekin, eta, gero bere lagunekin joan zen Dominixe Mundutegikoaren etxean afaltzera.

 

* * *

 

        Astelehen goizean, berant-aire atzarri zen Piarres, iguzkia gora jada zelarik.

        Thomas eta biak, joan ziren, eskualdun ohidura zaharrak nahi duen bezala, herriko hilentzat phesta-biharamunean emaiten den meza nausirat. Hil eta bizi, herri guziaren phesiak izaiten ziren Jon Doni Petriak, eta Oihanaldean sobera atxikiak ziren beren hilen, holako egun batean hek ahanzteko.

        Mezatik lekora, jende gaitza bildu zen berriz ere plazara. Plaza hetsia zer den ez dakite oinon Senperen. Gizonak ziren oro kasik. Neskatxa gazte zonbeitez bertze emaztekirik ez zen han ageri, arras guti baizik; salda begidunaren moldatzeak sobera lan emaiten zioten beren etxeetan. Eta hirixka batzuetatik kanpo (sehiak han gehiago ere badituztelakotz), hola bide da Eskual-Herrian, goizarekin jokatzen diren partidetan. Urtheak ditu, ez dutela pilotariek beren soinekorik atxikitzerat eman andere gazte hetarik bati. Beren lagun bat aski zaiote lan horrentzat. Bertzerik diotenak... Kaskoinak dire eta ez eskualdunak.

        Iguzki guti begietan Senpereko plaza ederrean, goizeko hamekak eta erdietan; bainan, itzal ere arras guti, pilotariek bederen. Izerdi uharretan ari ziren beraz Piarres eta haren bi lagun senpertarrak, hiru azkaindarren kontra, urhatsez urhats, kintzez kintze, elgarren bethekoak.

        Piarresek bizkitartean hiruzpalau saka bihurri eginik, gaina hartzera zoazin senpertarrak, eta eraiki zen han oihu, eraiki zen trebes! Musikariek Uso xuriaren airea eman zuten hek ere, Piarresen goresteko. «Hogoitabortz eta hogoitabat, berrogoita bortzetara».

        Emak hor, Piarres! Hogoi libera hamarri!... Ehun libera hiruetan hogoiri!...

        Bet-betan, Piarresek pilota bat besogainetik leherrarazi hain xuxen zueneko, hamabi orenek jo zuten, eta berehala gero, Anjelus ezti ezti bat jautsi zen ezkiladorretik. Eta han zirenek orok —eskualdunak ez ziren arrotz gaizki-ikasi batzuez bertze guziek— pilotariek lehen lehenik, kapelua khendurik, beren bethiko othoitz maitea egin zuten.

        Eta berriz lothu ziren pilotari, errabia gorrian: Kondatzen ohi baita, lehenagoko denboretan, Senperen salda plazarat ekarrarazi zutela pilotariek, eta salda han jan zutela plazaren erdian, beldurtzeko zen, aldi hartan oraino, holako zerbeit ikusiren zela. Ezin trenkatuzko kintzeak bazoazin, luzatuz, luzatuz...

        Bainan, ez; oren bat irian, Piarresek erhautsi zituen azkaindarrak eta hogoita hemeretzitan utzi berak berrogoita bortzgarren kintzea beretzen zuela.

        Saldari buruz joan ziren orduan guziak, buruak aphal eta mina sabelean batzu, xoratuak bertzeak.

 

* * *

 

        Arratsaldean eta biharamunean oraino, partida ederrak ikusi ziren errabotean; eta, ehunka plazarat, sekulan unhatu gabe, ethorririk, erakutsi zuten Senpereko eta auzo-herrietako eskualdunek, pilotarik gabeko phesta ederrenari begitarte guti eginen diotela bethi Eskual-herrietan.

        Baionatik ethorri musikariak ari ziren orai, karrika buru batean, dantza-lothu kaskoin batzuetan jendea arrarazi beharrez. Gizon adinetako bihi bat ez zen ageri han gaindi. Eta, herriko neska-muthil bakhar batzuez kanpo, auzo-herrietarik eskapatu xangarin zonbeitez landa, gazteek ere nahiago zuten plazari behako bat eman eta, harat hunat besoz beso itzuli bat edo bertze egin ondoan, elgarrekin ongi deskantsatu ostatu barnetan, ostatu aintzinean. Musean, kantu-errepiketan, bardin zozokeria maite batzuetan ari ziren, elgarri koplaka. Eta Aranaz-etik eta Santa-Grazi arterainoko kantu mota guziak entzuten ziren han, bizpahiru orenez.

        Plazako itzuliaren egitean, berak nahi ere gabe, ohartu zen Piarres, Lizartzako Goañarik ez zela han gaindi nehun ageri. Eta berehala orhoiturik, gogoratu zitzaion, bere lagunekin, eskol-etxe girixtinoan zitekela. Herriko jende gisakoenak han ziren ezen, Harretxean, Zubietako Debrua zelako antzerki edo komedia pullit pullit baten ikusten, hirri gozorik eta esku-zarta onik entzuten baitzen barne hartarik atheratzen.

        Eta hola nahiago zuen Piarresek, berak ere ez zakiela zertako...

        Arratsean gero, astelehen hartan eta biharamunean hala hala, afal ondoan, bazen oraino zalaparta karrikan. Senpertar gazteak, eskualdun egiazko zirelakotz ere, hiritar dantza arinetan baino gehiago loriatzen ziren —beharrik— fandango eta fandangilloetan. Zangoak ez jakin non finka, emazteki batzu bezala nardaturik artzeko orde, nahiago zuten, erhiekin zartaka, oinak arin arin altxatuz, hatsak eta oro joan arte, tokiaren gainean, zume batzu bezen zalu itzulikan ari.

        Arin, arin! Eta fandango bat, sekulako erhautsean bururatu orduko, bertze bati lotzen ziren, eta bardin hari berari: «Berriz, berriz!». Xuberotarrak dantzariak direla... bai eta alafetako senpertar belhaun-buru handiak ere!... Piarres ari zen, ari, mundu huntan egin ahala, goizean edo bezperan partida neke batean lehertua izan ez balitz bezala.

        Bainan gazteez bertzerik ere bazabilan han jauzika. Gizon adineko zonbeit ari ziren hek ere, lehen izanik, orai ez ditekela... ahantzirik. Hetarik bat, gizon ederra, kara onekoa, ikustekoa zen egiazki, molde pullitenean bira eta bira gozoki. Eta erran zioten Piarresi, zonbeit urthe lehenago, dantza jauzietan, lapurtar, xuberotar, bidarraitar, xibandiar eta bertze egiazko dantza eskualdunetan behar zela ikusi xuberotar guarda ondoa... «Ala Jin...! bai!».

        Eta dolu zuen Piarresek, eskualdun dantza maite hek zeren ez ziren gehiago ikusten Senperen, Xuberoko eta Garaziko herrietan oraino bezala, musikariek aire hek ez jakinez, edo gazte senpertarrek hek ez ikasirik.

 

* * *

 

        Arratsean, ongi berantu ere gabe, Oihanaldean Piarres sartu zelarik, aita atxeman zuen, aitatxi osabeekin solasean ari. Eta, ohartu zen muthil gaztea, karrikako alegrantziaz bertzerik bazela han sukalde hartan.

        «Hor zaitugu, Piarres? Ongi egin duzu. Eta goiz aldetat ethortzea baino pullitago da zuretzat, tenorez gaur etxeratu baitzira...

        »Gauazko phestak ez dira bethi ikusi Senperen, eta ene haurrean, ez zen holakorik aiphu. Eta hala hobe zen. Bazterzabalak ditu gure herriak; eta, asko etxerat-itzultze, urrun urruneko etxeetarat bederen, ilhunbean, bitanazka, daukat direla arimentzat galbide segurrak. Hala ez duzu ikusiko ez Marie orai, ez geroan —agian— gure Frantxa eta Xaneta».

        Begitartean zain bat bakarrik mogitu era gabe, Thomasek begietarat behatu zion orduan Piarresi, eta gero hau erran:

        «Badut uste, Lizartzan ere, Oihanaldeko bizi-modu berak dituzten...

        »Hots! Goazen oherat! Uli beltz bat bezala, gogorat gaur-guzian heldu zaut, ostatuan, arratsalde huntan aditu solasa: baizik eta kazeta egunkariak mintzo direla, han urrun, iguzkialdean, gerlabide zerbeit eraikirik balitekela...

        »...Balinba holakorik ez ahal dugu gainean!...».

        Eta, bertze aldietan baino maitetasun gehiagorekin behatu zion aitak semeari; eta gero, zizelu xokoan ikare batean xutitu zen aita hura, Piarres bere ganbaralat zoala ikustearekin:

        —Jainkoak dautzula gau on, Piarres!

        Eta ilhundura bat jin zitzaion muthil gazteari bihotzera, zeren, ordu arte, bethi, harek zion erran aitari:

        —Jainkoak dautzuta gau on, aita!

 

aurrekoa hurrengoa