www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV
Lanean

 

        Pottoka iraganarazteaz eta pilotan ala musean irabazteaz bertzerik bazakien Piarresek, eta berak amari erran bezala, aztaparretan min guti zuen gero, biharamunean, lanari lotzeko.

        Aboztuan harbien eraiteko edo sorhoen egiteko, aitarekin bera aski zen bethi, nihongo muthilen laguntzarik gabe. Eta, orgak mukurru gain gaineraino betherik, Gantxume bere anaia ttikiena orga-kaskoan belharraren erdirat jostetan arthikirik, Oihanalderat, behien aintzinean, akilua eskuan heldu zelarik, zinez egia... ederra zela gure Piarres! Erregetik egundaino ez baita ederrago sartu hiri nausian, bere errege-makila eskuan!...

        Piarresen loria, gero, buruilaren ondarrean edo oraino urrian, etxe ondoko paretati aztaparka lothuz, suge beltz alimale bat iduri luzatuz zoan mahasti zaharrean! Mahats-biltzaileak oro hirriz eta kantaz, arnoz hanpatu mulko urhezkoeri hortzez asikika, —haixtur edo kanit sista bezenbat hortz-asiki— gogotikago lothuak batik ixkiriot edo odre xaharreko mahatsari; otharreak, saskiak, zurezko untziak, leher egiteko heinean betheak! Eta ilhuntxean, gero, etxeko ala auzoko, oro Oihanalderat heldu, karrankaz orga handiak, kantaz oraino mahats-biltzaileak, azken sistako bat elgarri karkaraka igorriz, eta has-herri hura guzia airean emanez!

        Goizetik Garramun edo Zumalakardirat joanik, Piarresen eta haren aitaren lanak, han aldapa borthitzean, iratze gorria sega handiaz lurretat arthikitzeko, maltxotan gero emaiteko, eta azkenean, Ganix tarteko semeak harat ekarri orgetan sar-ahala tinkatzeko!

        Geroxago oraino, lasterrez, oro landan izanen ziren, artho-bizardun zohituen eta azken ilharren biltzeko; artho buru hetaz erranen baitzinuten, beren zango luzeen gainean ikusi eta, lehenagoko atxoen kiloak, ixtupaz edo beren ilez betherik, oro han landatuak gelditu zirela Oihanaldeko alhorrean.

        Etxe aintzineko iastorrean hedatu behar ziren artho zangoez bertzeak erretzen zituzten gero landaren erdian; eta Piarres eta Ganix, su handi haren aldean, beren sardiak eskuan, urrunerat ilhun-nabarrean ikusiko zituen arrotzak bazuken biharamunean zer konda; baizik eta, Senperen, bazirela oraino lehenago non nahi Lapurdi guzian kausitzen bide ziren sorgin itsusietarik. Hetarik bat —Gantxume ttikia— jauzteka erkatz-gider baten gainean ikusi zutela, beren begiez ikusi; bertze bi sorgin aldiz, sardi handi batzu eskuan, ifernuko su-handi baten harrotzen ari, putinka hek ere!...

        Hazilako aro ederretan, ogiak egiten ziren, urriko lehen igandean elizan benedikatu haziarekin ongi nahastekatu ondoan. Aitak, bi xotx elgarrekin bihurriz josirik, kurutze ttiki batzu moldatzen zituen eta, gero, han hemenka landatzen, alhorraren erdian. Piarres eta Ganix azienden biltzen ari ziren artean. Gantxume —Xuriko xanpa eta xanpa bere aintzinean— harat hunat lasterka zabilan, haziaren usainerat pisu pisua eta karrankaz ethorri beleak ohildu beharrez. Eta orai, bazoazin oro barnerat, uztailan bilduko zuten ogi ederra, Jainkoaren menturalat, han, kanpoan utzirik.

        Aphirilaren beldurrez, eremu ederra eraiten zen gero bazka ferdez: olo, allubria edo zingila. Anhartean, harbi hostoak han ziren eta hosten ondotik harbi-buruak, Oihanaldeko aziendek goserik hiltzeko beldur guti baitzuten, beren heia idor eta beroan. Heia hartako laza handieri behiti irmi-armu sare bat ez zen dilindan ikusten, Piarresek sinheste guti zuelakotz arras, eztul tzar bat azienderi emaiteko baizik ez diren gingilleria zikin hetan.

        Segur, alimale guzien zoria ez dela bardina mundu huntan! Hetan ere, jendeetan bezala, ontsa direnak izaki; eta bertze batzu aldiz bethi herrestan: zakur begigorri eta mirakuiluz baizik xutik ez dagozin behi hetika!... Piarresen artha bere aziendentzat! Hogoi bat buru edo hurbil bazen han, heia garbi beroan, egun guzia etzanik, ñasta bethi beren sabel handietarat behin egorria ehun aldiz goiti berriz ekarraraziz, athe-leihoak neguko horma eta haizeari ongi hetsirik. Piarres han zabilan maiz, beren buru handiak doi doia makurturik, begi on handi batzuekin hari begira zauden Gorriari, Katzori, Xuriari eta bertzeeri fereka bat emanez, etzangia bat garbia hedatu beharrez, izaka eta errekak artharekin hustuz maiz aski, azpiak hala hala arduran eginez, asteazkenarekin eta ortziralearekin bardin, zorigaitzaren heldurragatik. Buru ahulak ez zituen egundaino maite izan herrian, eta bere aita zuhurrak bezala, hirri egiten zuen, zaragarraren kontra bere behiari norbeitek beharri bat zilatu ziolarik...

        Hala hala, superztizione ttikikoa bezenbat fede handikoa zen Piarres, eta, Kanderailu goizean, bihotz onez emanen zen buru-has, bere ama jiten zitzaiolarik heiarat, goizean jaun erretorak benedikatu xiriotik hiru xorta, Trinitate Sainduaren izenean, heia hartarat lehenik eta gero oilategirat edo xerritegira ixuri beharrez. Behin baino gehiagotan, lehenago, bere ama maitearen eskutik sorbaldaren gainean hartu zituen, haurrean, hiru xorta horiek, sukar mota guzien kontra; ongi baliatu ere baitzitzaizkon behar bada... Biziki pullitago othe zen, behi bat heian eri izanez, amoztar gizon bat bezala, auzo-herrirat, Sarako xara batetara, argi-hastea gabe joaitea, eta auzo-herriko xaratik argi-hastea gabe hola ekarri goosti-aldaska bere heian emaitea, behiaren sendarazteko?...

 

* * *

 

        Heiako erreka eta izakaz bertzerik ere garbitzen zuen Piarresek. Bere galtzak galtxoin ilezkoetan sarturik, bazoan, berho-sasiak pudarekin haiotzarekin xuxenduz eta pikatuz, erreka-estaliak eta bertzeak artharekin hustuz; bardin —behi bakar bat uztarrian emanik— erreka-ziloetan adareta sartuz eta luze luzea lerraraziz... Bitxia gerthatzen ere baitzitzaion, egun batez, adareta hola zeramalarik. Intha mehar mehar batean, lohiaren, basaren gainean lerratuz zoazin beraz Gorria, Piarres eta adareta, noiz eta ere, ingurune batean, bekoz beko egin baitzuen bere auzo, Goaña, Litzartzako alabarekin. Gorria zalukara zoan, adareta ere ba, Piarres ere ba eta bidea hertsia zen..., bazterrerat jauzi baten egiteko artea do¡ doia izan baitzuen hantxet Goañak; eta biak, Piarres eta Goaña, elgarri beha gelditu baitziren, gorri gorria eginak...

        Ondoko egunetan, Ehaltzeko-bordako Piarres zaharrarekin, mahats moxten ari zelarik, gogoa dena hartua zuen oraino intha hertsi hartan gerthatu zitzaionaz. Guttiak egin zuen gero, ez baitzion hantxet Goaña gaixoari minharrarazi!... Halako su bat heldu zitzaion oraino ere mathela koskoetarat neskatxa gaztearen oihuaz orhoitu eta. Beharrik zen Goaña laboraria, gaztea eta zalua. Eta, gero, ez zen batere hasarretu, hirriño batekin gorritu bakarrik, Piarres bezala...

        «Zer hari haiz, Piarres? Hire haixturrek gainekoa egin behar eta behereko begia pikatu dautek eta!...». Eta Ehaltzekobordako Piarres, Jon-Doni Petrirenaren iduriko bere buru ederra daldaratuz, begiak hirriz, maltzur airetto batean beha eta beha zagon gure Piarresi. Eta hala hala, sekulan ez eta, zer zuen bada gaur, bere mahats-haixturrekin, Irulegitik ekarrartzi aihen hoberenak hain gaizki moxteko?...

        Piarres, arrats hartan, xixtuz sartu zen Oihanaldean, eta amak, bere ama-begi samurrez behaturik, bertze arratsetan ez zuen zerbeit ezagutu zion bere haurrari, eta berant arthe othoitzean egon ere zen, su-ondoan arras hoztu arte berant.

 

* * *

 

        Abendoa, urtharrila bazoazin hola. Ongarriak hedatzen ari zituzten sorho guzietan, beltz beltza, dena khe, dena lanho, lasto mutzitu batzuz ihaurriak. Onkailu ona, osoa hola lehenik eman eta, xori-ongarriak hedatuko zituzten, bertze urthe batez, edo bertze lur batzutan, bazterrak oro betan erhoturik ezarri gabe, zuhurki eta jakituz.

        Eta orain, sukilak heldu ziren etxerat Oihan-xutetik, Errekaluzetik, jaun handi batzu iduri, alfer eta nagi, luze luzea emanak orgetan; kopeta zimurtuz, adarrak beheiti makurtuz, belar klaska handi batean ekartzen baitzituzten Katzok eta Gorriak. Sukilak etxean sartzen... eta lehen elhur-lumak xuri xuria erortzen: eta erran gabe doa, Gantxume, heiako athetik, oihuka hasi zela berehala:

       

                «Elhur-melur,

                Ez nuk hire beldur,

                Badiat etxean artho'ta egur!».

       

        Xemartin ethor ziteken Amotzetik, urde gizenaren hiltzera, Gantxumek lagunduko zuen, buztanetik xerria bi eskuz atxikiz. Amattok bihotzean min zuen ba pitta bat, bere tturrinari lephoan egin sakiaren aintzinean emaiten zuelarik kolore gorrizko pandero ederra. Hain maite zuen Iturrin, hainbertze ferekatu eta hatzkatu zuen, hamar hilabethez, bere lepho gizenaren gainean, bere bi beharri handien artean! Hainbertze puska onez hazia ere zuen, hainbertze artho-bihiz pullitua, borobildua, gogortua!... Bainan, Piarresek burla maite zerbeit erranik, arintzen zitzaion amari bere bihotzmina, hirri bat ere ethortzen azkenean ezpainetara... Ororen buruan, Jainkoak gizonarentzat eginak ez othe zituen alimaleak?

        Arbola frutadunak arthaturik, sagar. udare, merxika-ondo zonbeit landaturik, lur-sagarrak martxoan, beterrabak ere aski goizik martxoan edo aphirilan Oihanaldekoak egin baino lehen, asko esku-ukaldi emaiten zioten beren auzo guzieri, baitzakiten hola, ordainak igurika zetzazketela hek ere auzo berenganik. Lotak baitziren orduan oraino herrian, Erreka-Luzetik, Oihamunetik, egur-aldi ederrik ekartzen zuten ororen artean. Aspaldiko urthetan, jada, gaitz itsusi bat ametzeri, haitzeri lothurik, joanak ziren kapetatzeko lanak, eta tantaiak aldiz inkantean emaiten ziren, herriko moltsaren joritzeko, zerbeit behar-ordu handi agertzen bazen ere. Ah! lehenagoko Senpereko oihanak!!... Jendeak bezala, herriak ere kasoiltzen, kasko-zuritzen othe dira bada? zerbeit holako behar zen izan, ezen herriko asko Attonen buru gaineko ileak zerbeit baziren oraina, Senpereko ibar-muthurretako haitz edo ametz batzuen aldean. Aldaperi gora elgar ezin atxemanez ari, ikus zitezken zuhaitz bakar batzu, beltza, aspaldi zaurituak, besoez gabetu mamu handi batzu, doi doia xutik oraino egoki zirenak, ondoaren gainean ihartuak... Segur, lehenagoko senpertarrek ez lirotela ezagut beren ohiko herria!

        Urthe oroz, sukil eta erro horietarik eginikako Iotaren jaun erretorari garraiatzeko, dotzena bat lagun biltzen ziren, Zaldiferran batzuetan, Goixbiden bertze batzuetan, edo han nonbeit Orizanen. Eta, Iñazio zurgina kapitain, Jan Batitek, Frantzoak eta Nikolasek oihanean ondotik pikatu sukil handiak, Piarresek eta haren lagunek terrententen ekartzen zituzten karrikarat, panpalina soinutan, etxe-sartze batean obi den hartamantza guziarekin. Eup! Frantxixko! Eup! Pettan!... Eta, egur alimaleak jaun erretoraren korratlean ahalik eta hobekiena ohatu ondoan, orga tinkatzeko burdinak eta gatheak orgetan emanik, hartakotzat ethorri beren haur zonbeitekin igortzen zituzten aziendak etxerat; eta, eskuak beherean pitta bat garbiturik, athorra-lephoa hetsirik, beren jauntziak soinean emanik, hamikatuak jartzen ziren hain ongi merezitua zuten otruntzaren aintzinean. Jaun erretora heien erdian. Eta, kurutzearen seiñalea eginik, ixil ixila salda-begiduna eskuetan airean husturik, batzuetan untzitik beretik azken xortaño hek hurrupaturik, lehenbiziko basoa ondoraino husturik, hasten ziren itzain maiteak oro, guziak betan elheketa. Eta loria zen egiazki heien orduan entzutea. Beren mahain-oihaia pulliki —zikindu gabe— bazterrean emanik, edo belhaunen gainean hedaturik, ari ziren ari! Oro unhatuak, ongi unhatuak, akhidurak eta behar bada lehenbiziko arno xorta harek matheletan gorrituak, elgarren kitzikatzetik ez ziren athertzen. Batek zortzi sukil ekarri; bertzeak, sei; baina gaitzak, egundaino nehork holakoik ez baitzuen oraino orgetarat altxatu! Frantxixkok Pettan kitzika, Pettanek Frantxixko eta bertze zonbeit ere bardin. Xarlex hirriz bazterretik, Martzel hala hala; Ximun aldiz, ohartu gabean, mahain azpirat, gelditu gabe, thu eta thu. Jaun erretora hirriz bertzeri, bainan beltzurika Ximuni... Hots, hiruzpalau oren goxoak iragaiten ziren, nehor ohartu ere gabe denbora bazoala, jan, edan eta hirri. Damurik ez zen han Xuriko, Piarresen xakurra, mahaian azpirat uste gabetarik edo bertzela erori hexurren biltzeko! Gasna bat hauta gehientsuek bazterreru utzirik —gasna etxean ere aski maiz jaten zutela—, kafe on bat lehenik, pattanttunik gabeko koñaka gero guziek edanik, Iñaziok hasten zuen Baztanaldeko kantu pullit bat, Jan Batitek aldiz Senpereko bat ederragoa oraino, eta, zazpiak eta erdiak irian, bazoazin guziak etxerat... Goxo zen jaun erretoraren etxean..., bainan goxoago oraino beren etxean!

 

aurrekoa hurrengoa