www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII
Uda-hastea

 

PHESTA-BERRIAK

       

        Kallak kantuz ari ziren ogi-petik, non nahi, elgarri hepaka, elgarren ondotik jostetan; Eriaroa zen, erre-aroa egiazki.

        Belharretan hasia zen jendea, eta nolako karraskan! bezala orotarat hegaldaka; ama gazteak hunkigarri, gizonak hazkar, lorios; neskatxak pinpirina batzu maiteak zinez beren harat-hunatetan; xahar zonbeit, pitta bat herrestaka gaixoak, bainan lan unhagarri harek gaztetuak, arratsean gero umatuak luzatuko baziren ere ohearen gainean.

        Argi-hastean eta ilhun-nabarrean bezala, eguerdian, ezkila-dorretik heldu zitzaioten Anjelus-zeinua, aingeruaren agurra, xutik hantxet erraiten baitzuten orok, iguzki-minari biziki ohartu gabe.

        Salbatzaile Jaunaren 33 urtheen ohoretan, hogoita hamahirugarren danda ezkila-joaleak airerat igorri orduko, haurrek otharre batean ekarririk, han zuten bazkaria, berho-sasi baten aldean, sagar-ondo aphal baten azpian.

        Otharrean amak ezarri oihal xuria hedatu zuen beraz Mariek, orduantxet segatu sorroaren gainean. Hurbildu ziren beraz langileak oro, eta arraiki hantxet eman, lerro lerro itzalean jarririk.

        —Atx hatik! Zein goxo den arbol azpi huntan!

        Eta hats-hartze luze luze bat egin zuten guziek, eta kasik guziek betan; hirriz eman baitziren, gauza horri ohartu zirenean.

        Eta gopor zabal batzuetan, gainerainoko eltzekari beroaren jaten hasi ziren ixil ixila, solasik orduan haizu ez balitz bezala.

        Thomasek, azken hurrupa gopor gorritik beretik hartuta, hirriz erran zion gero Gantxumeri:

        —Gauza ona ekarri daukuk hau, Gantxume!. —Bainan, Gantxumek, bertzerik baitzuen hatik gogoan, ez zion deusik ihardetsi; uli-xori bat sasian atxeman beharrez ari zen...

        Eltzekaria husturik, etxe arno zoria bat khendu zioten gizonek xahako beltzari; pitarra nahiagoz pitxerretik ari ziren aldiz bertzeak.

        Mihiak zalutu zitzaizkoten orduan orori, eta, xingar zafla bat kanitaren muthurrean, solas eta hirri maiterik bazuten gure langileek! Ilhar gizen gizen batzuen ondotik, etxean eginikako gasnaren jaten hasi ziren, ogi xuriaren eta erhi handiaren artean zerra eder eder bat luzaturik. Gantxumek berak, uli-xoria aspaldian utzirik, hortzik aski ez zuen jan behar zituen guzien jateko.

        Su egin nahi zuen kanpoan; burrunbaka ari ziren uliak; ttirrittak aldiz krizkolan, sasoinak erhotuak, ogi-arthoen erdian kixkailduak. Oilar kantu batzuetaz bertze harrabotsik ez zen batik nehon ezagun. Ederreneko oilar bat, mundu huntan egin ahala ari zen, han, ibar muthurrean: «Aberatsak, gu, u, u, u!», Handienekoak ihardesten baitzion berehala: «Gu ere ba, a, a, a!» —Gaineko-Etxekoaren aldi zen gero: «Gu, ontsa, a, a, a!». Eta Bazter-Zabalekoak errepikatzen zion kuxean: «Gu eza, a, a, a!».. «Marraka mehe bat azkenik, trenkatzerat doan zintzur baten marraka samina: Kak-Aphaleneko oilar hetikaren kantua: «Gu, probe, e, e, e!...».

        Bainan, gero, oilarrak berak ixildu ziren, bero handiak joak hek ere. Khe arin arin bat eraikiz bazoan ikaran, alhor, mahasti eta sorroetarik, irakitzen ari den pandero batetarik atheratu khearen idurikoa.

        Gantxume, Ganix, Marie, Xuriko luze luzea heien ondoan etzanik, xurrungan goxoki ari ziren, esku bat begien gainean.

        Thomasek, Piarresek, pipa eta pipa kanpo ederrari beha luzaz egonik, lo aire bat ezin garraituz bazuten lanik aski. Halako gozo batek hartua zioten bihotza: urtheko lanak urhats onean bazoazin, Jainkoari eta aroari esker, Petrietako eginak zuzketen belharrak oso; artoak, behin jada jorraturik, bi, hiru aldiz behar bada jorraturen ahalko zituzten oraino...

        Eta, arthoekin borrokan lokhartuak, hantxet zauden orai bi gizonak, beren lur maitearen gainean luze luzea etzanak biak, lur hura lotarik ere ezin utziz, hari josiak oraino eta gainean kurumilkatuak...

        Pazko ondoko phesta handiak lerro lerro jin ziren eta hala hala iragan: Jon Doni Salbatore, Mendekoste, Trinitate. Eta Phesta-Berriak ziren orai, eskualdunek hain maite dituzten Phesta-Berriak.

        Lehenbiziko igandean, proesione ederra egin zen, bethi bezala, Olhako kapera pullitera; mundua han aurkitu baitzen, Senpereko bazter zabaletarik amodioz bildua.

        Handik ortziralean gero, Jesusen Bihotz Sakratuaren egunean, Paxkal zenak, auzaphezak, herria eskaini zion Erregeen Erregeari, han, elizaren erdian. Eta gauza hunkigarria zen egiazki, eskualdun auzaphezaren ikustea, aldareari hurbil, xaia eder baten gainean belhauniko, bere herri handiaren Jainko jaunari emaiten ari zitzaiola, herri haren guziaren aintzinean! Ikare batek inharrosi bezala zuen Piarres, auzapheza xutitzearekin, gizonak oro betan hasi zirelarik selauruetan:

 

                Munduak bazaitu ukatzen,

                Orotarikan urruntzen,

                Eskualdunak zaitu bilatzen,

                Bihotzetikan maitatzen.

 

                O! bai, gu, Eskualdunak

                Zuri gaude denak;

                Zuri ukho daudenak!

 

        Eta muthil gazteari iduritu zitzaion, argien erdian; bere eskualduneri amultsuki begira zagola Jesus...

 

* * *

 

        Eta gero, beraz, Otabako igandea zen. Gazteria katolikoan buruzagietarik bat nola baitzen Piarres, bere lagunekin bazkaldu zen lehenik jaun erretoraren etxean. Hamar bat gizon gazte aurkitu ziren han, herriaren lau hegaletarik ethorriak, oro etxeko-seme onak, bi-hiru urthe luzez soldado ibiliak. Hirri onik egin ere zuten, goxoki bazkaldurik, kafe bero bero baten aintzinean hiru soseko puroak piztu zituztelarik. Manex eta Mixel persuka hasi ziren, hein bat pulliki, errota-zainaren alde batto, lurgintzaren alde bertzea. Jaun bikarioetarik bat lothu nahi izan zen hura ere lan berari, bainan bide-erditan gelditu zen gaizoa, hirugarren persua ezin bururatuz...

        ...Branda! Oren bat aintzinekoa!... Jada! Battitta, Paxkal!, Piarrex, ezkila-dorrean ari ziren ari! Ez ziren bethi bethi berdintzen, bainan eder zoan halere bi ezkila handien zeinua; ozena batto eta gozoa osoki, erlats maite batekin bertzea.

        Persuak eta puroak utzirik, xutitu ziren gizon gazteak eta joan, beren aphaindura ederren emaitera. Karrika dena erasia ari zen egiten; haur andana bat oihuka, zapartaka; atabal eta turrutak alde orotarik musikan; athe aintzin guziak aphaintzen hasiak, pazotak mihiseentzat tanka tanka lurrean sartzen; emaztekiak mihise heien moldatzen, ixkilimak ahurrean, eskuan, ixkilimak oraino ahoan, eta —zinezko mirakuilua— mihiak halere aintzina kalakan!...

        Herri guzia han zen orai, eliza ederrean. Mendian ur-errekak osinera bezala, baratzean erleak kofoinera bezala, hirian jendeak jostetara bezala, bethitik badoazi eskualdunak... herriko elizara. Eta eliza hura bethea zen, jendez kankarrikatua, beheretik eta gaineraino, harri-lauzetarik eta kasko kaskoraino. Zeruko Sainduak berak multzoka jautsiak ziren aldarearen ingurura, dena urhe eta zilar. Harri hek, selauru hek belhaunez higatu zituzten hilak, lehenagoko eskualdunak berak, ez othe ziren han, hek ere? Zerutik ethorriak —ezen, eskualdunik ez diteke zeruan baizik— musu batean elizaren aldeko hil-herrietan beren hexurrak ferekaturik, ez othe dira lorietan biltzen lehenago berak eginikako eliza maiteetara? Heien, hatsa, heien othoitzak han geldituak dira, pareta lodi heien artean, bizien hazkurri hazkar zinez eta egiazki. Zonbat hunkigarri, itsentsuz, othoitzez, nigarrez eta bozkario goxoz emokatu toki sainduak! Bihotzean gizonaren odola bezala, elizan egiten ohi da zinezko eskualdunaren odol garbia. Eskual-Herriaren bihotza beraz... eliza.

        Bainan gehiago bada oraino eliza hori eskualdunarentzat. Herriaren arima herritarren arimek egiten dutela baitiote, Eskual-Herriaren arima han dabil hegaldaka, gure eliza zaharretan, eskualdun egiazko guzien arimak harat bethi biltzen ohi direnaz geroz. Zerua eta lurra, Jainko handia eta gizon ez-deusa, aingeruak eta sainduak, hilak eta biziak, han elgarretaratzen dire, etxe batean etxe hartako burhasoak eta haurrak oro bezala.

        Oihan bat oso osoa gosta den hegazpe haren azpian, xuri xuria kisuz estali harri heien artean, intzireka gizonek leherturik dauzkaten haitzez eginikako selauru hetan, jendearen belhaunek zilatu lauza zabalen gainean, bethi badabil eskualdun arima.

        Eskualdun arima horren ondotik, arima hori jakin beharrez erhotuak ikusten ditugun arrotzak, maiz aski ibil ditezela lehenik eskualdun elizetan. Han ibiltzen diren eskualdunak bezenbat luze, dagotzila elizan. Eskualdunek harat eramaiten duten bihotz berarekin. Jar-alki beren gainean, etxe-harri beren gainean jar ditezela eta belhaunika. Eskualdunekin batean; eskualdun arima badakikete orduan, edo hurbil. Handik altxatzen den arima hura ongi adituko dute gero hala hala, etxean, oihanean, errepiran eta landan, merkatuan edo errebotean. Ordu arte... ez, sekulan elizetan hegaldaka dabilan arima gabe, arimarik gabeko gorphutz bat baizik ez delakotz Eskual-Herria...

        Eskual-Herriko eliza zahar maiteak, zaudete xutik, zaudete gure eskualdunen arimez betheak, hantuak eta berotuak, edo Eskual-Herriaz eginen da sekulakotz!

 

* * *

 

        Bezperak hasiak ziren beraz airoski, eta apuñatik ari ziren han zirenak oro. Bainan, sukar bat bazabilan airean, eta, noiz nahi, haurrek eta jendeek berek, atheari buruz makurtuak zituzten begiak.

        Eta huna hor, bet-betan, guziek igurikatzen dutena. Atabal, tinbala, turrutak errepikan heldu dira, aldean dira, hor dira. Athe handiak karrankaz zabaldurik, huna sartzen ari Senpereko gazteria ederra.

        Kantuak, organoak, oro ixildu dira; emaztekiak xutitu beren jartokietan, begiak ezin aski luze eginez; haurrak, neskatxak berak —eta ez bethi ttikienak— gibeleko alderat itzuliak. Gizonak, selauruetan bi plegu eginak, behiti beha eta beha daude. Beren ohorezko jar-alki ederrean, jaun mera, jaun axuanta xutitu dira, lephoak luzaturik, buru eder murriztu batzu lepho heien gainean. Beattarrak nehon ez dagozke; aphezak berak durduzatu dira, den mendren bat bederen.

        Eta aintzin aintzinean, muthil gazte eder baten eskuetan, gora gora, xut xuta, «Borthitz eta on», haren pleguetan urhezko hitz batzuek dioten bezala, huna gazteriaren bandera sedazkoa.

        Huna, banderaren aldean, haren goresteko eta gerizatzeko bezala, lau Zapur alimale, beren ardi-larru beltz handiak kaskoan, haizkora eder batzu sorbaldaren gainean, athorra eta galtza xurietan, sedazko gerrikoak gorri gorria athorra xuri haren gainean.

        Huna sei atabala, tinbala handi ederra, hamalau turruta pullit, bost turruta lodi oraino, eliza guzia ikare-daldaretan emaiten baitute, jende guzia zangoetarik eta ile-kaskoetara hantxet inharrosten dutela.

        Huna bederatzi aintzindari; kapitaina lehen, eskuinetarik; bere lagunak aldean edo oraino ondotik, kapelu eta jauntzi gorrietan, galtza xurietan, dena urhe gainetik eta behereraino. Esku-larru xurien artean tinko daukaten ezpata argia bezen xut heldu dira, denak urhats berean, begiak xuxen, ederrak ezin gehiago.

        Huna, azkenik, hiru-hogoi eta zonbeit muthiko gazte lerden, galtza xurietan, kapelu eta jauntzi ederretan hek ere, beren eskualdun makila zaluak eskuineko sorbaldari josiak. Lerro luze luze hartan, lehenbizikoak eta hala hala azkenak, beren aintzindariak bezen xuxen heldu dira: hortako berexi diren gazte gotorrenak, oro urhatsean, soldado zahar batzueri dohakoten bezala. Erditsu hartan, gazteagoko batzu oker airetto batean doatza, eskuineko zangoa ezkerrekoarentzat hartuz zonbeit aldiz. Bainan, Jainkoaren eretzera, ontsa egin nahi duenak ez othe du bethi ontsa egiten?...

        Jainko handi horren armada pullita lerroan emana da orai elizaren erdi erdian, musikariak aldarearen aintzinean, zapurrak eta banderaria aldare haren aldean: «Conpagnie! Halte! À droite et à gauche, front!...

        Repos!».

        Piarres, bigarren aintzindari ere delakotz zonbeit urthe hartan jada, bristi brasta, harat hunat badoa soldadoen aintzinean, hetarik bat edo bertze hobeki oraino xuxendu beharrez. Elizan, jendea sosegatuxe da edo nonbeit han, eta, gazte hek oro kantuari lothurik, airosago oraino badoazi bezperak.

        Bainan, Mañifikata ethorri denean, huna berriz beharrientzat, eta begientzat ere ba, phestetan maiteena. Musikari guziak han dira, aintzin aintzinean, eta tinbalak, atabatek, turruta hek orok xoratua daukate jendea. Noizez geroz maite hola othe du eskualdunak turruta soinua? Eta mendietako artzaineri xirula utzirik, ez othe du, maiteagoz, beretua turruta? Nik ez dakit. Bainan, zerbeit holako erran ziteken arratsalde hartan, Jan Battitt, Paul, Ganix, Pierre, Mattin eta bertzeeri jendeak hala beha eta beha ikusita. Piarresen anaia, Ganix, han zela hura ere, erran gabe doana; bainan matheletan ez zuen gehiago turruputunik, eta ezpain mehe mehe batzuekin ari zen, ari! Ez baitzukeen bere tokia bertzeeri uztekoa!

 

* * *

 

        Zilarrezko kurutzearen ondotik, elizatik kanporat oro atheratu zirenean gero, zer ikusgarria iguzki ederraren azpian! Nexka muñuña batzu lehenik, beren bandera pullita aintzinean, bertze bandera ttiki batzu eskuetan, aingeruek bezala sorbaldetan hegalik bazutenez othe behaturen baitzinioten; andreen lerro bat gero, zinez sekulakoa, arrosarioak eskuan, beren mantelina ederretan kukutuak baino gehiago pullakixko aphainduak. Ondotik, mutiko andana bat gaitza, beren errient girixtinoekin; gazte koxkorra batzuetarik hainitz, gizon gothorrez oraino gehiago, San Blasen eta Jon Doni Petriren banderaren ondotik, oro arrosarioak eskuan. Beren bikario maiteak erdian, kantuz eta othoitzez bazoazin, urhats ederrean. Soldadoak heldu ziren gero, beren aintzindariekin, beren musika xoragarriarekin, Frantziako bandera lehen, makilek, ezpatek, urheriek dir dir egiten zutela iguzkira. Beattarrez sekulakoa bazen, zoin beren puskekin edo banderekin; isentsulariak biranazka. Lore botatzen, iguzki sainduaren aintzinean, baziren oraino dotzena bat muttiko ttiki, otharre pullit batzu eskuetan, xuri eta gorri beren ondotik bezala.

        Eta gizon-gazte kantari multzo baten ondotik, huna, aphezaren eskuetan, Sakramendu-Saindua. Urhatsez-urhats heldu da, haren barnean kukutua dagon Jesus ona lehenago Jerusalemeko karriketan bezala. Ospe handiagorik egiten ahal othe diote bere eskualdunek? Lau gizonek, manteleta beltxetan, eskularru xuritan baderamate Jainko-Gizona gerizatzen duen pabillona. Pabillon horren aintzinean, aldean, beattarrak oraino eta oraino, beren esku-argiak eta xirioak eskuan; lau zapur handiak, beren haizkorak bethi bizkarrean.

        Eta orai, ostia xuriaren segi, auzapheza, herriko gizonak, arrosarioak eskuan hek ere, Jesusi hurbil hurbila, ohorezko tokian.

        Azkenik, Mariaren haurren lerro xuri ederra, bere bandera bereziarekin, Birjinen Erregeari gorthe egiteko bezala, Jesusen alde aldean emana. Lizartzako Goaña han da, neskatxa kantari heien erdian, bihotza lorietan, Jainko maiteari hain hurbil gaur hola delakotz. Othoitz karsuenak badoazko bihotzetik ezpainetarat, eta —enganatzen othe da?— iduri zaio: Jesusek, bere osti xuriaren barnetik, begi handi batekin bezala behatzen diola... haren geroari. Zer eta nor ikusten othe dio, gero hartan?... Eta, bet-betan, gorri gorria egiten da neskatxa gazte ona, han, iguzki sainduari hurbil, lerden eta xuxen bazoan aintzindari gazte hetarik batez orhoitu eta. Ez ahal zitzaion Jesus amultsuari gaitzitzen, holako gogoeta bat ethortzen baitzitzaion, haren ondo ondoan!!! Bihotzak lasterrago jo zion beraz haur gaixoari; bainan, gero, kolpez sosegatu zitzaion bihotz hura, arima zola zolan iduriturik, begi on on batzuekin behatzen ziola Jesusek haren gogoeta garbiari...

        Ezkila errepiketan, atabal eta turruta soinuetan, kantu ederrenetan, bazoazin beraz, karrika handian harat. Gorri gorria hemen, xuri xuria hantxet, paretak, athe-leihoak, etxe-aintzin guziak, oihalez, mihisez, hostailez eta lorez ederki aphainduak ziren oro. Non nahi, leihoetan, haizeak alde guzietara zerabilzkan xirioak; kurutze batzu, sainduen iduri pullit batzu xirio heien erdian, Jesus Jainko-Gizonaren ikustera etxeetarik jali nahi balute bezala hek ere.

        Haurrak, emaztekiak, gizonak, neskatxa eta gizon gazteak, oro kantuz ari edo bederen othoitzean, ogi pitta baten idurian gorderik heldu zen Jainkoaren ohoretan! Orok sukar bera bihotzean, duda-muda ttikiena gabeko sukarra!

        Sukar hori orok izaki eta, ez zuen beraz gutienik sumatu behar Oihanaldeko Piarresek. Gazte zen; nornahiri bezenbat laket zitzaion ergelkeriarik gabe jostatzea, hirri-egitea. Bainan, muthiko tiesoa zen egiazki, eta zinez jainkotiarra. Eskualdun esnearekin batean, xurgatu zion amari bere eskualdun fede handia.

        Thomas bere aitak bezala, odolean zuen fede hori, erraietarik, errotik sinhesten baitzioten Jainkoari eta harek, lurrean, bere orduan utzi Elizari. Haur-elhe guti behar zen harekin gauza sainduez. Nehork sekulan, ostatuan edo merkatuan, solas lodi eta gizen zerbeit arthik zezala haren aintzinean..., bertze asko muthiko zozok bezala, mando-aho alimale bat hirriz kirrikan idekitzeko orde, Piarres jazartzen zitzaion berehala; ez oilar-xalaparta bat bezala, bainan mendi-pareta bat bezen hazkarreko hartza bezala. Phesta-Berri Otaba hartan berean, ikas-bide behar zen bere laguneri, berehala erraitera goazin bezala.

        Ez zen, nahi baduzue, handi handi hetarik. Senpertarra zen Piarres, eta senpertar mota ez da baitezpada kalamanka. Izaitekotz ere —burlari xangarin batzuek nahi luketen bezala— belhaun-buruak omen lituzke handixkoak; behar bada, bere lur-gizenetarik atheratzeko frango aski bermatu behar delakotz eskalapoinen barnean. Egia denez hoi? Ez nakike erraiteko, behin ere ez baitiotet nik belhaunik neurtu; are gutiago aiphatu xangarinek...

        Piarres ez zen beraz handia. Bainan arbola-ondo bat ez zen hobeki bere erroen gainean landatua, nola hura bere zango... zankarren gainean. Kaskoin ergel batzu, soldado hura Baionan zelarik, hiru baten kontra hari egun batez atrebiturik, hiruen artean inharrosi ere ez zuten senpertar haitz gaztea; hiruak lau hatzez gora bota baitzituen azkenean Piarresek. Zango eta ixtazain kazkarren gainean, gorphutz bat lerdena, belhar-zama handienek sorbaldetan doi doia plegatuko zioten gorphutza. Ile beltz eta eder batzuen zolan lepho bat zabaltzen zitzaion, Zantzon zenaren lephoaren idurikoa, nehor gutiren ahurrean ohatuko zena. Bere mustatxa pullita, eskualdun egiazko guziek bezala. Baionan, soldado ile-moxtaileari utzia zion, bere bi urtheak han eginik Oihanalderat itzuli zenean. Bizarrik gabeko begitarte arrai batean, aho-ezpain maiteenak; bi begi beltx, jendeari begira zank landatzen zirenak; kopeta bat azkenik, sudur xuxen pullit baten gainean, eskualdun errabot bat bezala, kapeluaren azpian ederki neurrian zabaltzen zitzaiona. Horra, ia bezen xuxen, nolakoa heldu zen Piarres, Phesta-Berri egun hartan.

        Karrika guzia iraganik, Moxkoeneko aldarean gelditua zen proesionea.

        «Conpagnie! Garde à vous! Présentez armes!»... «Tantum ergo» kantatzen zuten orai guziek, aldare pullitaren aintzinean.

        Eta, karrosa batean Baionatik edo Miarritzetik ethorririk, Laffiteneko ezkinean geldituak, huna sei zazpi gizon gazte, hasten direla kantuz hek ere, eskarnioka eta hirriz, elgarri keinuka. Jaun erretora, aldarearen aintzinean jada belhaunikatua, gorri gorria egia zen, Ostia Sainduari arthiki burla sumaturik. Bere gazteari behatu zioten, eta, Piarresek, ahapetik kapitainari zerbeit erranik, berekin hartu zituen Martxel, Pierre, Koxe eta Leon, lau zapurrak. Hitz bat erran gabe, keinu bat egin zioten doi doia; eta lauak eman ziren karrosaren bi aldetarik, haizkora handiak sorbaldan, zinez izigarri bere bizar beltzekin. Piarres bera, burua xut, ezpata xuxena ahurrean, begiak bipil bipila, hanxet zagon, zaldien aintzinean!...

        Ba eta gure gizonxkilak zalukara ixildu, on bazitzaioten eta ez!... Hetarik batto flakatu ere zen hantxet. Herri guzia aintzinean iragan zitzaioten gero, halako hirri maltzur batean; eta orduan bakarrik, mainguka bezala urrundu zen karrosa herresta, Sarako alderdia...

        Musika errepiketan sartu ziren aldiz senpertarrak beren eliza maitean; eta, orai, ortzi-azantz batean, selauetarik beheiti heldu zen bethiko eskualdun aire zaharra:

 

                «Bai bihotzaren erditik,

                Dezagun kanta gogotik!...».

 

        Bertzeak oro baino gogotikago kantuz ari zen Piarres, bere Jesus onari eman zion maitetasunaz loriatua.

 

* * *

 

        Ilhuna jautsi zelarik herriaren gainera, Piarres aintzin, muthil gazte andana batek igurikatu zituen miarriztar kokillotak. Minik egin gabe batere, nahi zioten ikare-daldara pitta bat eman, jendetasun zerbeit hiritar kasko arin hetan sarrarazteko dina, doi doia.

        ...Bainan, usain txarra usnaturik, San Iñazion barna, Azkainen barna, xitun xitun, ixil ixila, bertze bide batetarik itzuli ziren gure kaskoinak. Eta, hola hobe izan zen behar bada guzientzat...

 

aurrekoa hurrengoa