www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
Etxea

 

        Bai zinez maite zutela guziek beren etxea, zinez maite zuela Piarresek bere Oihanaldea! Han baizik ez zuen onik. Kontrabandan ar zadien edo oraino lanean, etxearenzat ari zen, etxe hura zuen bethi gogoan. Doi doia zakien bere deithura: Piarres Oihanaldekoa zen, eta hori zitzaion, bertze gehiagokorik gabe. Mendixka baten kaskoa baizik ez zen lehenik Oihanaldea. Bainan, gero, emeki, kaskoari sorbaldak eman ziozkaten eta bulharrak, hemen larre bat uzkailiz, bardinduz han pentoka zerbeit, arbola zaharrak errotik atheraz, mahasti-aihenak aldapari gora herrestan iganaraziz.

        Hots, erresuma ttiki baten errege hil zitzaioten Aitaxo. Bezperan oraino, azken aldikotz ohean etzan baino lehen, bere erresumaren ingurua sukar-daldara batean egin zuen, lanean ihartu bere esku maiteekin fereka bat emaiten ziotela uztaileko ogi-buru pisueri. Ikusten zituen gauzak oro bere begien zola-zolan bertze mundurat eraman nahi balitu bezela, guzieri beha eta beha egon zen luzaz, begi hek ezin asez. Heian gero sartu zelarik, etzanik han zauden behiek, maitetasunez, marruma gozo bat egin zioten, beren gatheak inharrosiz... etxeko xakurra eskuperat ethorri zitzaion hura ere, fereka baten galdez, eta baratzeko loreen aintzinean burrunbaz betherik sumatzen zituen kofoineri agur bat —azkena— erranik, hotz-ikara batean sartu zen etxean lehenik, eta gero... ohean. Egun bat bethetzen den bezela, bethea zuen aitaxok bere bizi luzea; eta haren aita azken aldikotz luzatu zen ohe berean, ohe-zerutik beheiti heldu ziren oihal gorri beren artean, luzatu zen aitaxo, bethitik maitatu zituen Jainko handiaren eta Ama onarenganat joaiteko...

        Eta Jainkoarengana joan ere zen aitaxo; bainan aita, ama gelditu ziren, gelditu bethiko beren etxea, Aita eman zen aitaxoren zizeluan, eta bethi bizi zen Oihanaldea, errege-makila doi doia eskuz aldaraturik, hilak, eta biziak, elgarren aldean aintzina bizi, etxe berean bethi, Oihanaldean. Aitak, egun batez, Oihanalde hoi utziko zion bere seme Piarresi, Piarresek gero bere gehienari, hunek hala hala bere premuari: gathe batean erhaztuna erhaztunari bezala, izanen ziren premua premuari aztaparka lothuak. Haurride gazteagoek, hek, etxe-zati zerbeit doi doia harturik, zoin bere alde eginen zuten, etxe hari trabarik ez ekartzeko; alde orotarat hedatuko ziren, behar balin bazen Ameriketarat hegaldatuko, eta handik askotan oraino etxea amodioz lagunduko...

        Bai, egiazki, hilen eta biziena, hango berekoen eta urrungoen etxea zen Oihanaldea. Zonbat aldiz, hari behatuta, ez zitzaion Piarresi etxe hura oilo-ama bat iduritu, oilo-ama batek hegalak bere xitoen gainera bezala, etxeak bere bi hegalak hedatzen zituela, hil eta bizi, ororen gainera!

        Bertze aldi batzuez, jende bat iduritzen zitzaion zela etxe xuri hura, mendealari bizkarrez itzulirik, bere leihoetarik, begi handi batzuekin bezala, iguzkialderar beha zagon jende bat. Eta zinez, hala hala, nork egundaino jenderik maitatu othe zuen, Piarresek bere etxea maite zuen bezenbat? Itsutuki maite zuen, eta bihotz-erraietatik. Bururen buru, aspaldi ikasiak zituen saratarraren kopla ederrak, eta loria zen haren entzutea, akhilua eskuan, behien aintzinean kantu-errepiketan heldu zelarik:

 

                «Ikusten duzu goizean,

                Argia hasten denean,

                Menditto baten gainean,

                Etxe ttipitto, aintzin xuri bat,

                Lau haitz ondoren erdian,

                Xakur zuri bat athean,

                Ithurriño bat aldean;

                Han bizi naiz ni bakean.

 

                Nahiz ez den gaztelua,

                Maite dut nik sor-lekua,

                Aiten aitek hautatua.

                Etxetik kanpo zaut iduritzen

                Nonbeit naizela galdua;

                Nola han bainaiz sortua,

                Han utziko dut mundua,

                Galtzen ez badut zentzua!».

 

* * *

 

        Oro maite zituen etxeño hartan, oro etxe inguruan: landa, sorro eta mahasti gizenak, xoriz bethe berho-sasiak, xilo batean gordatuz erasian kur kur kur ari zen ithurria, zeru urdina etxearen inguruan. Aireak, haizeak harrotzen ere zioten Oihanaldeko lur, hosto eta loreen usain berezia, auzoko lurrek ez zuten usain berezi hura: hola bederen iduritzen zitzaion Piarresi. Lur hura bihotzez maitatzea eginbide handia zitzaion. Ez othe zuen Jainkoak ahurtara bat lurrekin moldatu Lehen gizona? Ahurtara bat lur ez zirena oro bilhakatu behar egun batez?...

        Oihanaldean lehenago hil zirenen izerdiek ez othe zuten emokatua lur-eremu hura guzia? Erdi-saindua bederen ez zena beraz ondotik ethorriak zirenentzat? Haren aintzinean, egun batez, kondatu baitzuten. Aitaxo lehenago ez zela sekula auzoko lurrera iraganen, eskalapoinetako lurra bere lurretara eroraraziz baizik, hirri egin zuen orduan Piarresek. Bainan orai, Aitaxok bezala ez arras berak eginikan ere, iduri zitzaion halako gauza maite batez hirririk bederen ez zela behar gehiago. Eta, zonbeit aldiz, ustegabetarik bezala, ez othe zitzaion gerthatu, bere buruarekin egon baitzen, zein othe zitezken aitaxok hala begiratu lurmokorrak?

        Bai, apheza aldarekotzat bezala, lurrarentzat eginak ziren laborariak. Ez ziren, bizirik lur-bilhakatu behar; bainan, arima hegaldaka bere gain utzirik, zango besoak lur hari behar zituzten josiak, lur harekin borroka behar ziren bizi; eta biziari ukho eginez urruntzen ziren beraz, herritik hiritar zoazin eskualdunak. Besorik aski lurrak ez izanez, ogirik aski izanen othe zen geroan jendearentzat, herritik joan eskualdunentzat eta bertzeentzat?...

        Eta orhoit zen Piarres, lurraren amodio hoi aitaren ganik zaukala guzia. Egun batez, iguzki minarekin ari ziren biak gaineko landa handian. Hatsaren hartzeko doia gelditurik, beren herri maiteari beha eman ziren beraz ixil ixila. Haize-hegoak eskuak hunkitzeko heinean hurbil ekarriak, han zituzten, aintzinean, Larrune-Mendia bere harri peña handiekin, herriko oihan, hariztegi eta phagodi ilhunak. Hurbilago, itsasora buruz luzatuz zoala, ohiko ibar gizena; zur-xurien erdian aldiz, ur-handi maitea, elizari agur bat erranik, ihesi gero han harat zoana. Eliz-hilherriak xuri xuria han zituzten, bizien amodioaz alderdi guzietatik inguratuak.

        Han ber-berean hasten zitzaioten gero beren erresuma: luzatuz arthoak, urheztatuak ogiak, itsasoko uhinak iduri, farra-farra alde guzietarat haizeak harrotuak. Aitaxok iguzkira landatu aihena aztaparka heldu zitzaioten ondo ondora, hilak phizturen zituen odola harri-arte guzietan bildu eta xurgatu beharrez thematua.

        Ixil ixila bethi, loriatuak biak, han zauden aita-semeak, noiz eta ere, bieri betan zimurtu baitzitzaioten kopeta... Hantxet, landa bazterrean nor zen han agertzen, heien lurrean? Orori beha, begi ozarrean nor da jaun hori, heien alhorrean? Eta egiazki erran ziteken bazterrak oro, gaitzituak,'S beba zaudela liek ere. Ilan higatu arbasoak ez othe ziren, lur-mokar hakotxaren gibeletik, hasarre altxatzen ari, arrotzaren behatzeak asalduretan emanak?... Eta, begia ilhunik, Iandari beheiti abiatu zen aita.

        «Zertan zabiltza hemen, jauna? Arrotzari begitarte egiten diogu eskualdunek; bainan, gaur, ez dakit nihauk ere zertako, arrotza baino gehiagokoa sumatzen zaitut zu... Zer behar duzu heme gureganik?».

        Makila txar bat eskuan firurikatuz, urheztatu bi hortz itsusi kirrikan erakutsiz, mintzo zen orai arrotza: «Zenbat behar dautzut eskaini zure etxaldeaz?... galdatu guzia izanen duzu berehala. Begikoa zaut toki hau, jauregi bat ederraren hemen altxatzeko... nahi duzu aberastu?...».

        Ikare batek hartua, begiak jali behar zitzaizkola iduri, ikaragarri egin zen aita. Burdin-sardia bi eskuz harturik, bazoan arrotzari buruz... «Zoazkit hemendik eta zalu, zuhurra balin baduzu! Bertzenaz, errozgora, hortxet, gizon hil bat zira... Atxikazu zuretzat zure diru zikina, bainan bego gure herria... gure!».

        Piarresek bi urhats egin zituen aitaren parrean emaiteko, bainan eskualdun zaharra bera aski zen mundu baten izitzeko: zuri zuria egina, jaun arrotza bazoan, eta zalu, landa handiari behera.

        Bere sardia eskuetan, mendi kaskoan xut xuta, han zagon Oihanaldeko nausia, ihesi joan jaunxkilari gibeletik oraino oihuka:

        «Jauregiak! Jauregiak?... Eta etxeak ez othe gure haurrentzat? Hirian goseak hil behar naski guziek? Gure haurrek behar ditek gure herriko lurra!...».

        Eta arrotzaren ondotik, sainga eta sainga, mugaz han harat bazoan Oihanaldeko xakurra, herriaren etsaiak herritik urrun urrun ereman beharrez!...

 

aurrekoa hurrengoa